71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESPRONTZEDA

Herri-larreen aprobetxamenduaren adjudikazioa, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez

Esprontzedako Udalak, 2018ko apirilaren 9ko osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hastea Herri-larreen aprobetxamenduaren adjudikazioaren prozedura, herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez. Larre horiek Udalaren jabetzakoak dira batzuk, eta Esprontzedako jurisdikzioan dauden partikularrenak beste batzuk (Ejido, 2. zenbakiari dagozkionak). Hona hemen haien mugakideak: iparraldean, Torralba del Río, Otiñano eta Mirafuentes; mendebaldean, Bargota; hegoaldean, Armañantzas; ekialdean, Desoio.

Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan eta Esprontzedako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat.

1. Onuradunak. Familia unitateak izan ahalko dira herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidezko herri-larreen aprobetxamenduaren adjudikazioaren onuradunak, titularrak baldintza hauek betetzen baditu:

–Adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.

–Udal erroldan inskribatua izatea, 3 urte lehenagotik.

–Urtean 9 hilabetez bederen egiazki eta jarraian Esprontzedan bizitzea.

–Esprontzedako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

–Azienda Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emana izatea, eta ustiapenaren liburuan agertzea.

–Udalaren baimena edukitzea, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

2. Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak: eskubidea badutela uste duten herritar interesdunek eskaerak aurkeztu beharko dituzte ediktu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egun naturaleko epean. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

–Dagokion Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroko frogagiria, erroldaturik dituen abelburu kopurua zehazten duena.

–Nekazaritzako Gizarte Segurantzan afiliaturik dagoela eta ordainketak egunean dituela frogatzen duen agiria.

–Kalteetarako erantzukizun zibileko aseguru polizaren kopia, adjudikaziodunak kontratatua aseguru konpainia batekin.

3. Aprobetxamenduaren baldintzak.

–Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren prozedura bukatu ondoren, adjudikaziodunak, adjudikazio erabakia jakinarazten den egunetik 5 eguneko epean, adjudikazioaren 8 urteei dagokien diru kopuru osoaren %2 utzi beharko du fidantza gisa.

–Adjudikazio epea 8 urtekoa izanen da, adjudikaziodunarekin dagokion kontratua formalizatu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 189. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

–Kalkulatzen da herri-larreen prezioa 4.200 euro izango dela urtean.

Prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak izaten duen igoeraren arabera egokitzeko, erakunde eskudunak urte bakoitzerako onetsitako indizeen arabera.

Esprontzedan, 2018ko apirilaren 9an.–Alkatea, Ángel María Fernández.

Iragarkiaren kodea: L1804870