71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

130E/2018 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, lehiaketa publiko baterako deialdia egiten duena ehiza-barruti intentsibo baten eraketa baimentzeko VII. nekazaritza-eskualdean.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 16.2 artikuluan ezartzen du aprobetxamendu intentsiboko ehiza-barrutiak eratzeko baimena ematen ahalko dela ehiza-haztegietako espezieak ehizatzeko. Faunaren aldetik balio handirik ez duten eremuetan eginen da, eta era berean, beharrezkoa izanen da ehiza antolatzeko plana aurkeztea, baimena eman aurretik.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamenduaren 24. artikuluan garatzen dira barruti intentsibo bat ezartzeko bete beharreko baldintzak. Ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen aipatu erregelamendua. Besteak beste, honako hauek aipatzen dira:

1. Aprobetxamendu intentsiboko ehiza-esparruak eskualdekoak dira. I, II, III, IV, V, VI eta VII. nekazaritza-eskualdeetako (arloko arautegian ezarri dira) lurralde-eremuan bost ehiza-esparru intentsibo ezar daitezke gehienez, eta eskualde batean ezin da egon bat baino gehiago.

2. Aprobetxamendu intentsiboko ehiza-esparruaren eraketa Ingurumenaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez adieraziko da. Honen ondorioetarako, lehiaketa publikorako deialdia egingo da ehiza-esparru intentsiboa eratzeko eskaeraren bat aurkezten den eskualdeetan.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuak jakitera eman du eskaera bat jaso dela ehiza-barruti intentsibo bat eratzeko “Erriberabarrena” VII. nekazaritza-eskualdean, non, gaur egun, ez dagoen inolako ehiza-barruti intentsiborik. Gainera, ehiza-barruti intentsibo bakarra dago Nafarroako Foru Komunitatean, “Nafarroako Erdialdea” V. nekazaritza-eskualdeari atxikia. Hori horrela izanik, aurretik azaldutako guztia aintzat hartuta, bidezkoa da lehiaketa publiko baterako deialdia egitea ehiza-barruti intentsibo baten eraketa baimentzeko “Erriberabarrena” VII. nekazaritza-eskualdean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3. artikulua eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua aplikatzearen ondoriozko eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Onestea lehiaketa publikoa egiteko deialdia, ehiza-barruti intentsibo baten eraketa baimentzeko “Erriberabarrena” VII. nekazaritza-eskualdean.

2. Aipatu lehiaketa publikoa garatzeko oinarriak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean agertzen dira.

3. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean hura jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2018ko otsailaren 23an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Lehiaketa publikoa egiteko deialdia, ehiza-barruti intentsibo baten eraketa baimentzeko “Erriberabarrena” VII. nekazaritza-eskualdean

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lehiaketa publikoaren bidez esleitzea “Erriberabarrena” VII. nekazaritza-eskualdean ehiza-barruti intentsibo bat eratzeko baimena, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat.

Bigarrena.–Derrigorrezko betebeharrak.

1. Ehiza-barruti intentsiborako proposatzen den lursaila “Erriberabarrena” VII. nekazaritza-eskualdean egonen da kokatua eta, gutxienez ere, 300 hektareako azalera izanen du. Azalera horretan, ehiza-jarduerarako egokiak diren lursailak baizik ez dira sartuko, eta inola ere ez Nafarroako eremu babestuen sareari dagozkion eremuak, ez eta Natura 2000 Sareko tokirik ere.

2. Lursailak ez du izanen ehiza-balio nabarmenik. Ez dira sartuko eper gorriarentzat edo erbiarentzat erabilgarriak diren eremuak, potentzialtasun txikiagokoen kasuan izan ezik. Ezin izanen du usoa edo birigarroa ehizatzeko posturik izan. Informazio hori txosten tekniko egokiaren bidez emanen da.

3. Aurreikusitako jarduerek bateragarriak izan beharko dute eremuan dagoeneko finkatuak dauden gainerako erabilerekin.

4. Ehiza-barruti intentsiboaren sustatzaileek kotatu beharreko lursailaren jabe guztien berariazko lagapena eduki beharko dute.

5. Ehiza-barrutiaren indarraldia 10 urtekoa izanen da eratzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, luzatzeko aukera egonen da, betiere jabe interesdunen baimenarekin eta baimena emateko baldintzak bete ez direla egiaztatzen ez bada, kasu horretan beste lehiaketa publiko bat deituko baita.

6. Ehiza-barrutiak, bere jardueren artean, animaliak ehizatzeko modalitate ezberdinak biltzen ahalko ditu, ehiza-haztegian nahiz gatibu hazitako animaliak, hain zuzen ere, espezie hauetakoak: basahatea, galeper arrunta, faisai arrunta, txoloma, etxeko haitz usoa, eper gorria eta, soil-soilik txakurrak eremu hesituetan entrenatzeko, basurdea. Era berean, txakurrak entrenatzeko jarduerak edo ehizarekin lotutako beste edozein garatzen ahalko da, populazio autoktonoak ukitzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Balorazio baremoa.

1. Lursailaren balioa biodibertsitatearen kontserbaziorako: mehatxatutako espezierik ote dagoen eta zenbat ale dauden.

Balorazioa: ondoko tarte honetan kokatuko da balioa:

Ez badago mehatxatutako espezierik ez aurreikusitako jarduerekiko sentikorra den espezierik: 4 puntu.

Mehatxu maila handiko espezieen presentzia ohikoa bada eta aurreikusitako jarduerekiko sentikorrak diren espezieak badaude: 0 puntu.

2. Lursailaren balioa ehiza-aprobetxamendurako.

Balorazioa: ondoko tarte honetan kokatuko da balioa:

Ehiza-baliorik ez: 3 puntu.

Ehiza-balio maximoa, bigarren oinarrian ezarritako mugen barnean: 0 puntu.

3. Eskaintza teknikoaren kalitatea. Proposatutako jarduera kopurua, zehaztasuna eta koherentzia barrutiaren funtzionamenduan. Zehaztasuna jarduera bakoitzaren deskribapenean. Osasun kontrolaren programa.

Balorazioa: ondoko tarte honetan kokatuko da balioa:

Jardueren eskaintza zabala, behar bezala zehaztuak eta koherenteak. Osasun kontrolaren programa zehaztua: 10 puntu.

Deskribapen eskasa, inkoherentea. Osasun kontrolaren programa ez eraginkorra edo programarik eza: 0 puntu.

4. Proposatutako aprobetxamenduaren izaera soziala. Baimen kopurua eta prezioak. Baimenen portzentajea eta prezioa eskualdeko ehiztarientzat eta Nafarroako gainerako ehiztarientzat.

Baimen eskaintza berdinarekin, eskualdeko edo Nafarroako ehiztarientzako baimenak %10ean handitzea: 0,5 puntu.

Baimen eskaintza berdinarekin, eskualdeko edo Nafarroako ehiztarientzako baimenen prezioa %10ean jaistea: 0,5 puntu.

Atal honetan 4 puntu emanen dira gehienez.

5. Inola ere ez dira onartuko balorazio baremoan 10 puntu baino gehiago lortu ez duten hautagaitzak.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa galarazi gabe. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 60 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskaerak.

Bosgarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaerek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera, II. eranskineko ereduari jarraikiz.

b) Ehiza Antolatzeko Plana, honako datu hauek bildu beharko dituena:

1) Administrazio-datuak: ehiza-barrutiaren mugak, titularraren identifikazio datuak eta aurreikusitako aprobetxamenduak.

2) Espezieen hasierako egoera: barrutian dauden ehiza-espezieak eta horien garrantziaren balorazioa.

3) Aurreikusitako aprobetxamenduaren deskribapena, espezieak, horien jatorria, osasun kontrolaren programa, kontrol genetikoaren programa eta gatibu dauden animalien bizi-kalitatearen programa.

4) Zonifikazioa: aprobetxamendu bereiziak dauzkaten eremuak eta eremu bakoitza erabiltzeko arauak.

5) Egiturak eta instalazioak: ehiza-barruti intentsiboan aurreikusitako egituren eta instalazioen memoria teknikoa.

6) Osasun kontrolaren programa.

7) Finantza-programa: diru-sarreren eta gastuen berrikuspena planak indarrean dirauen aldian.

8) Kartografia 1:5.000 eskalan: barrutiaren mugak, planaren zonifikazioa.

9) Sinatzen duen teknikariaren aitorpena, bere gain hartuz Ehiza Antolatzeko Planean sartutako datuen egiazkotasuna, eta kudeaketaren titularraren aitorpena, dokumentuaren edukia onartuz.

c) Txosten teknikoa kotatu beharreko lursailen ehiza-balioa deskribatzeko, deialdi honen bigarren oinarriko 2. puntuan jaso den bezala.

d) Ehiza-barruti intentsiboan zein lursail sartu nahi den, horren titular diren pertsona guztien ehiza eskubideen lagapenaren idazkia, bertan adierazita eskubide-lagapena egiteko arrazoia eta epea. Lagapen bakoitzean jabetza bakoitzaren katastroko erreferentzia sartuko da (poligonoaren zenbakia eta lurzatia).

e) Zilegi izanen da agiriekin batera beharrezkotzat jotzen diren beste elementu guztiak ere aurkeztea, eskaerak hobeki aintzat hartzeko.

Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen finkatutako baldintzak, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ezean edo osatu gabe edo oker egiten bada, espedientea behin betiko ezabatuko da, eta eskaera ezetsitzat joko da.

Seigarrena.–Organo eskudunak.

Ingurune Naturalaren Zerbitzuko batzorde tekniko batek baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak. Ondoko kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Salomé Hernando Chicote, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataleko burua.

Kideak: César Martínez Eslava, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Ataleko Ehiza Baliabideen Bulegoko teknikaria; Idoya Alfaro Piñero, Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Ataleko Ekosistema Mediterraneoen Bulegoko burua eta Tania Bernaldo de Quirós Miranda, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1802738