71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

80/2018 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, kirol jarduerak arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko zenbait harkaiztitan.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 1. artikuluak dio arau horren xedea dela Nafarroako naturgune guztiak arautzea, horien babesa, kontserbazioa eta hobekuntza bermatzeko eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarea eratzeko. Hamaikagarren artikuluak debekatzen du natura erreserbetan kirol antolatuak egitea eta kanpatzea.

Natura erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onetsi edo eguneratzen dituzten foru dekretu askok ezartzen dute debekatuta dagoela espazio horietako malkarretan kirol eta jolas jarduerak egitea eta airean hegan igarotzea kiroleko aireontziekin, ultra-arinekin edo bestelako gailuekin 500 metrotik behera.

Aldi berean, Hegaztien Babesgune Berezien (HBB) barneko basa fauna babesteko eremuak (BFBE) deklaratu zituen apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuak eskalada egiteko debekua ezartzen du zenbait BFBEri buruzko araudian.

Horrenbestez, naturagune babestuen berariazko araudiak harkaiztietako kirol jarduerak arautzen ditu. Hala ere, beharrezkotzat jotzen da zenbait harkaiztitan ere hori arautzea; hain zuzen, egindako jarraipenen ondorioz espezie babestuen presentzia antzeman duten harkaiztietan edo espezie horientzat onuragarriak izan daitezkeenetan.

Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko maiatzaren 19ko 2/1993 Foru Legeak arauketa hori babesten du. Lege horrek honako hau ezartzen du 4.1 artikuluan, besteak beste: “Administrazio Publikoek basa fauna zaintzearen alde eginen dituzten jarduketak honako irizpide hauetan oinarrituko dira: a) Espezie bakoitza bere habitat berezkoan gerizatzeko neurriei lehentasuna ematea, honez gain, habitat horretatik kanpo neurri osagarriak ezartzeko ahalbidea kontutan hartuko delarik; d) Sustatzen diren jarduera eta jarduketek berezko habitata zaintzen ote duten begiratzea, hori babestu, berreskuratu edo hobetzeko arriskurik egon daitekeen kasuetan”.

Foru lege horrek hauxe ezartzen du 34.1 artikuluan: “Natur ingurunean gauzatzen diren kirol, aisia eta turismo jarduerek errespetatu beharko dituzte ingurunea eta landa esparruaren eta bere ingurugiro-balioen ezaugarriak, basa faunarenganako begirunea barne dela”; artikulu beraren 2. puntuan honako hau dio: “Arau bidez zehaztuko da zein baldintzatan egin daitezkeen kirola eta aisia nahiz turismo jarduerak, natur ingurunean egiten direnak, bateragarriak izan daitezen ingurugiroaren babesarekin, oro har, eta Basa Faunaren ziklo biologiko eta berezko habitatekin, zehazki”.

Aurretik aipatu den jarraipena 2000tik egin, 2010ean errepikatu, eta 2013tik osatu da azterlan xehatuen bidez. Horri esker eta Nafarroako ia harkaizti guztietan, hobeki zehazten ahal da zein eremutan ezarri behar den arauketa, ugatz eta Bonelli arranoen (biak galzorian dauden espezieak dira) eta sai zuri, arrano beltz eta belatz handien (horiek guztiak zaurgarritzat jo dira) presentzia kontuan hartuta.

Horren ondorioz, eta espezie horien kontserbazioa eta kirol jarduerak egitea bateragarri egiteko asmoz, egutegi bat ezartzea proposatzen da, espezie horien ugalketa aldia eta azken urteetan izan duten jokabidea kontuan hartzen dituena. Egutegi hori espezieen jarraipenaren ondorioz eguneratuko da.

Arauketa hau ezartzen da aplikatu beharreko beste araudi batzuk ezertan eragotzi gabe. Izan ere, harkaiztietako jolas jarduerek lurren titularraren baimena behar dute, eta Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak arautzen ditu horiek –zehazki, 64. eta 65. artikuluetan–.

Ebazpen honek proposatzen duen arauketa urtekoa da. Gainera, 2018an, harkaiztietako sektoreak finkatuko dira, arautu beharreko eremuen mugak zehazteko asmoz. Horrekin batera, kontsultarako plataforma bat egonen da erabiltzaileen eskura, eremu horietako fauna espezieei buruzko informazio eguneratua duena.

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak proposaturik, eta kontuan izanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 35.3 artikuluan xedatutakoa,

EBATZI DUT:

1. Harkaiztiei lotutako kirol jardueren arauketa orokorra ezartzea. Arauketa hori ezartzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriko egutegi dinamiko baten bidez zehaztuko da zein egunetan baimendu edo debekatzen diren kirol jarduerak arautu beharreko malkar bakoitzerako. Espezie babestuei buruzko informazioa eskuratu ahala eguneratuko da egutegi hori.

a) Urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra eta abenduaren 1etik 31ra kirol jarduerak arauturik dituzten malkarrak:

–Arrollandietako harkaiztiak.

–Udalerri hauetako harkaiztiak: Burgi, Garde, Erronkari eta Bidankoze, salbu Arandariko erreka-zuloa.

–“Arabarko” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuko harkaiztiak.

–Artxugako, Zarikietako, Idokorriko eta Itzagako mendilerroetako eta Aretako mendietako harkaiztiak.

–Ugarrongo arroilako lekune naturala.

–“Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuko harkaizti guztiak, honako koordenatu hauen artekoak izan ezik: X: 646547 Y: 4722831 puntutik X: 649243 Y: 4722744 puntura. Arbaiunen ibai-ibilgua ere salbuesten da.

–Aralarko mendilerroko harkaiztiak Malloetan (Koxkapeko erreka / Azpillaondoko erreka-Aizkorriko zuloa-Errekabeltz, Aranbeltz erreka / Katatxoko erreka-Aizegiko erreka-Beteluko erreka-zuloa barne), honako koordenatu hauen artean daudenak: X: 578850 Y: 4764752 puntutik X: 582944 Y: 4761383 puntura (Araizko eta Beteluko udal-mugarteak).

–Luzaideko Gaztitxarra harriak.

–“Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuko harkaiztiak.

–Baigura (BFBEa-6).

b) Martxoaren 1etik irailaren 15era kirol jarduerak arauturik dituzten malkarrak:

–Etxabarriko Harrietako harkaiztiak.

–Ardaizko arroila / Txintxurrimearko harkaiztiak.

–Elkoatz. Harkaizti osoa.

–Ilurdozko erreka-Arralaka ibaiko harkaiztiak.

–San Fausto (Eraul): Lazkua: Lazkuako behatokiko iparraldeko sektoreak, eta behatokiko gurutzearen gainekoak (X:576807 Y:4729235 puntutik X:577218 Y:4729980 puntura). Bargagorria: Berria, Akerzulo eta Erreka sektoreak, erreka-zuloa barne (X: 577150 Y: 4728491 puntutik X: 577295 Y: 4727887 puntura).

–Untzueko Harria: harkaizti osoa.

–Bihaizpe: haitz txikiko mendebaldeko aldea.

–Irañeta-Madalen haitza: harkaizti osoa.

–Araitz: Balerdiko hegoaldeko mazela.

–Arteta (La Sima): malkar osoa.

–Etxauri: Ziritzako “Gradas” aldea, tarte honetan dauden goiko eta beheko malkar guztietako bideetan: ezkerreko Kale Borroka sektoreko haitzulotik eskuineko Kale Borroka sektoreko Indar Extralurtarra bideraino (hori barne).

–Lezaia: malkar osoa.

–Lezaia-Euntzelaiako ibai-bidea (X: 589799 Y: 4740915 puntutik X: 589247 Y: 4738347 puntura).

–Eulate-Aranaratxe. Harkaiztia (X: 563433 Y: 4737002 puntutik X: 563001 Y: 4737103 puntura).

–Axkin Arrondo: malkar osoa.

c) Urtarrilaren 15etik uztailaren 31ra kirol jarduerak arauturik dituzten malkarrak:

–Genbe. Malkar osoa. (X: 587961 Y: 4738645 puntutik X: 588983 Y: 4739072 puntura). Burongo erreka-zuloko / Lutoko errekastoko / Oiantxikiko errekastoko ibai-bidea, bi puntu hauen artean: X:588384 Y:4740499 eta X:588724 Y:4738559).

–Mortxe: malkar osoa.

–Aneskulako errekako ibai-bidea.

–Basakaizko errekako ibai-bidea.

d) Otsailaren 1etik ekainaren 30era kirol jarduerak arauturik dituzten malkarrak:

–Meano: Kalandrakas sektorea.

–Lapoblación: Monte del Tajo sektorea.

–Untzueko Harria: harkaizti osoa.

–Peñarroya-Larragoa: Gore sektoretik mendebaldeko mugaraino dagoen harkaizti osoa (X: 558860 Y: 4737183 puntutik X: 560394 Y: 4737461 puntura).

–Eulate-Aranaratxe: harkaiztia (X: 563433 Y: 4737002 puntutik X: 563001 Y: 4737103 puntura).

–Arteta (La Sima): malkar osoa.

–Kopako harri (Tartalo sektorea) (X: 600336 Y: 4792494 puntutik X: 600302 Y: 4792323 puntura).

4. Arauketa horren jarraipena egiteko eta haren ezarpenak eragindako emaitzak eta balizko hobekuntzak ebaluatzeko, aldizkako bilerak deituko dira hainbat eragilerekin.

5. Arauketa honetan eta egutegian aipatutako harkaiztien zerrenda espezieei buruzko jarraipenen ondorioz aldatzen ahalko da. Aldaketarik egonez gero, horren berri emanen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orrian.

6. Horrez gain, aldaketak berariaz igorriko zaizkie Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalari, Pirinioaldea Kudeatzeko Atalari, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeari, Nafar Espeleologi Batzordeari, DENA elkarteari, Ingurumena Zaintzeko Atalari, Foruzaingoaren Ekologia Babesteko Brigadari eta Guardia Zibilaren SEPRONAri.

7. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atalari, Pirinioaldea Kudeatzeko Atalari, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Atalari, Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundeari, DENA elkarteari, Ingurumena Zaintzeko Atalari, Foruzaingoaren Ekologia Babesteko Brigadari eta Guardia Zibilaren SEPRONAri , behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orrian.

Iruñean, 2018ko martxoaren 20an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1803997