71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

14/2018 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Vesta velutinari buruzko jarduketa plana onesten duena

Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 64. artikuluak espezie exotiko inbaditzailetzat hartzen ditu bertako espezieak, habitatak edo ekosistemak, agronomia edo natur ondarearen erabilerarekin loturiko baliabide ekonomikoak arrisku larrian jartzen dituzten espezie eta subespezie exotiko inbaditzaileak. Horren ondorioz, espezie exotiko inbaditzaileen katalogoa sortu zen. Bertan sarten dira baldintza horiek betetzen dituzten espezieak, dokumentazio teknikoak edo zientifikoak hala gomendatzen badu.

Abuztuaren 2ko 630/2013 Errege Dekretuak espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoa arautzen du, eta espezie horien hedapenaren aurkako borrokarako jarduketa esparrua zehazten du.

Aldi berean, 64. artikuluak espezie exotiko inbaditzaileen Espainiako katalogoan dauden espezieak kudeatzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazten laguntzeko nazio mailako estrategiak egitea aurreikusten du, eta lehentasuna ematen die fauna, flora edo mehatxupean dauden habitat naturalak zaintzeko arrisku handiena dakarten espezieei.

Kurumino asiarra edo beltza (Vespa velutina) 630/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsitako espezie exotiko inbaditzaileen zerrendan dago. Horregatik, espezie hori kudeatzeko hartu behar diren neurriek hura ez zabaltzea eta, ahal bada, desagerraraztea izan behar dute helburu.

Ondorioz, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak, ikusirik onespena eman zutela Natur Ondarearen eta Biodibertsitatearen Estatuko Batzordeak, 2014ko azaroaren 14an, eta Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak, 2015eko apirilaren 16an, onetsi zuen “Kurumino asiarra edo liztor beltza (Vespa velutina ssp. Nigrithorax) Espainian kudeatzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazten laguntzeko estrategia”.

Estrategia honek oinarrizko erreferentzia esparru bat izan behar du aipatu espeziea kontrolatzera eta desagerraraztera bideratutako neurrei eta jarduketei heltzeko, Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 64. artikuluan adierazten denari jarraituz. Aldi berean, 630/2013 Errege Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, administrazio eskudunek, kasua bada, espezie katalogatuak kudeatzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazten laguntzeko neurriak hartuko dituzte. Hartara, aipatu kontrolari, kudeaketari eta desagerrarazteari begira, harrapatzeko metodo eta baldintza egokienak baimenduko dituzte.

Nafarroan 2010ean sartu zen kurumino asiarra (Vespa velutina) 2010ean sartu zen, eta gaur egun foru lurralde osoan dago zabaldua. Nolanahi ere, haren presentzia-maila zonen arabera desberdina da. Aldi honetan guztian, hainbat ekintzarekin lortutako esperientzia praktikoari esker, espezie horren aurkako borrokan eraginkortasuna areagotzeko neurriak har daitezke hainbat arlotan: komunikazioa, informazioa, ikerketa, koordinazioa eta exekuzioa. Egoki da, beraz, plan baten bidez koordinatutako ekintza sorta bat egin eta onestea estrategia nazionalaren babesean aukera emanen duena aipatu espeziea desagerrarazteko neurri eraginkorrak aurkitu, komunikatu eta gauzatzeko ekintzak ordenatzeko.

Arrazoi horregatik, inplikatutako hainbat erakunderi kontsultak egin eta udalekin, Basozaintzarekin, suhiltzaileekin eta departamentu interesdunetako hainbat unitaterekin (hala nola Lan Osasunaren Institutua) koordinazio bilerak egin ondoren, “Kurumino asiarrari edo beltzari (Vespa velutina) buruzko jarduketa plana” garatu zen. Txosten honekin batera aurkeztu da, adostasunerako agiri gisa espezie horren aurkako borrokan jarduketak bateratzea errazteko.

Adierazitakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren eta Ingurune Naturalaren Zerbitzuaren txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1 Kurumino asiarrari edo beltzari (Vespa velutina) buruzko jarduketa plana onestea, espezie hori borrokatzeko, kontrolatzeko eta, ahal bada, desagerrarazteko irizpideak eta ekintzak bateratzeko erreferentziako dokumentu gisa. Plana eranskin gisa erantsi da.

2. Ebazpen hau igortzea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Ingurune Naturalaren Zerbitzuari eta Basozaintzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 23an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan.

Iragarkiaren kodea: F1802441