71. ALDIZKARIA - 2018ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

617/2018 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 20ko 116/2017 Foru Dekretuaren bidez (244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 22koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren 2017ko eskaintza onetsi zen. Bertan, besteak beste, unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu huts batzuk onetsi ziren, funtzionario araubidekoak eta B mailakoak.

Kontuan izanik zer xedatu den abuztuaren 30eko 215/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33.1 artikuluan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 3. artikuluan (foru dekretu haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua), bidezkoa da horiek lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela onestea.

Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak ezartzen duenez, lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez beteko dira.

Aipatu araudiari jarraituz, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez bete daitezela onestea, baita deialdiaren oinarriak ere.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu hutsak (B maila) lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta deialdia jakinaraztea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari, Gizarte Prestazioen Zerbitzuari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari eta Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari, eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko martxoaren 19an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

UNIBERTSITATEKO ERDI MAILAKO TITULUDUNEN (LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA) LANPOSTU HUTSAK LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu hutsak (B maila) lekualdatze lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 12ko 130/1998 Foru Agindua, merezimenduen baremoei buruzkoa.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdi honetan, hasiera batean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) 10 lanpostu huts sartzen dira, ebazpen honen II. eranskinean zehazten direnak.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean egindako lanpostu eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostu horiek deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokatze prozesu batean sartzeagatik, burutza utzi duten funtzionarioei edo jardunera itzuli direnei esleituak izateagatik edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen duten lehiakideek hutsik utzitako lanpostuak ere sartuko dira.

2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiakideek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko baldin eta “iraungitzeko” lanpostuak direlako bete behar ez badira edo antolatzeko arrazoiak direla-eta bete behar ez badira.

2.6. Lehiakideren batek lehiaketa honetan lanpostua lortu eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, eskuratutako lanpostuaren izena hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta, bidezko denean, berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da.

2.7. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den lanpostu hutsak hautatzeko epean, deitutako lanpostuen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze honetan parte hartu ahal izateko, betebehar hauek bete behar dira eskabideak aurkezteko epearen azken egunean eta adjudikatutako lanpostuaz jabetu arte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoa izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) B mailan egotea.

c) Unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu baterako izendatu izana.

3.2. B motako gidabaimena eduki beharra ezarrita duen lanposturen bat eskuratu nahi izanez gero:

–B motako ibilgailuak gidatzeko baimena esleiturik duen lanpostu baten titularra izatea edo horretan aritzea 3.1 puntuan ezarritako epean, edo

–B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

3.3. Behar diren hautapen probak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoan euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartu direnek, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, hutsik dauden eta hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak bakarrik aukera ditzakete.

Nolanahi ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ez zuen lanpostu bat eskuratzeko.

3.4. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan adjudikatutako lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.5. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten langile finkoek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.6. Lanpostu huts bati behin-behinekoz atxikita itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa adjudika dakien.

3.7. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute inskripzio-eskaera, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Halaber, eskabideari erantsi beharreko merezimenduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, lehiakide bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen frogagiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Betebeharrak frogatzea.

B motako ibilgailuak gidatzeko baimena esleiturik duten lanpostuak eskuratu nahi dituztenek telematikoki aurkeztuko dute, izena emateko eskabidearekin batera, baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa. Baldintza hori duen plaza baten titularra den edo plaza bat betetzen ari den lehiakidea salbuetsirik egonen da.

4.3. Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu eta telematika bidez igorri beharko dira, lekualdatze lehiaketa honetan izena emateko eskabidea aurkezteko epean.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

6.–Epaimahaiko kideak.

6.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako kalifikazio epaimahaia:

–Epaimahaiburua: María Cristina Melón Vital andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko burua.

Ordezkoa: María Sagrario Cilveti Gubía andrea, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Mariano Gallo Fernández jauna, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: María Carmen Mayo Garate andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Gloria M.ª Alcate Moriones andrea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Gizarte Prestazioen Zerbitzuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezkoa: Araceli Esandi Santesteban andrea, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko Laneko Medikuntzako mediku espezialista.

6.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

6.3. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduak.

7.1. Aurreko 4.1 oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu behar dira, eskabideak aurkezteko epean. Dena dela, Administrazio Publikoan emandako zerbitzuei eta Nafarroako Administrazio Publikoak emandako ikastaroei buruzko frogagiriak, salbu hizkuntzak jakitearen gainekoak, ez dira aurkeztu beharko, organo deitzaileak zuzenean igorriko baitizkio kalifikazio epaimahaiari.

7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

7.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta Interneteko helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze lehiaketan azkenean sartzen diren lanpostu hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzeko epea Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ezarriko da; Nafarroako Gobernuko iragarki oholean argitaratuko da, bai eta Interneten bidez ere, helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematika bidez aurkezteko, lehen aipatutako helbideko esteka erabiliz, eta nahi lituzketen lanpostu hutsak aukeratzeko.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Lanpostu hutsak aukeratzeko epea amaituta, lehiakideak ezin izanen dio uko egin aukeratutako lanpostuari.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, izangaiek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko lanpostu hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Lehiaketan lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz adjudikatuko dira lanpostu hutsak. Birkokatutako lehiakideen kasuan, ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuaren 11. artikulua aplikatuko da.

Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak eskaeran adierazitako lanpostuen artean adjudikatzen zaiona berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua adjudikatuko die lehiakideei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Lehiakideek adjudikazioari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non ez duen organo deitzaileak, ebazpen horretan, beste data bat ezartzen jabetza hartzeko.

9.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie adjudikatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hau ez da aplikatzekoa izanen lanaldi partzialean diharduten langile finkoen kasuan; horiek, lanaldi osoko lanpostu bat eskuratzen dutenean, funtzionario bihurtuko dira. Funtzionarioen araubideko edo estatutupeko langileek, merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko. Kasu horretan borondatezko eszedentziara igaroko dira funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

10.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen direnek gaur egungo xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.1 eta 2.c artikuluan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2018ko martxoaren 19an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean aitortua duen antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. Honako a) letra honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3. Ikasturte bateko iraupena frogatzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko beharkizunak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barrenean antolatuak sartuko dira.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2) Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera bakarka edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, herrialdekoa edo nazioartekoa den ere.

3) Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: puntu bat gehienez ere; epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1. Atal honetan aipatutako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2. Baremoaren b) atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez.

c) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan, 2 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 4,6 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean, eta 2,76 puntu bitarte destinoa eremu mistoko lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak c) atal osorako:

Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu modura baloratzerakoan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak espresuki antolatutako azterketen emaitzak ere erabiltzen ahalko dira; azterketa horiek bost zailtasun maila dituzte, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

II. ERANSKINA

Unibertsitateko erdi mailako tituludunen (laneko arriskuen prebentzioa) lanpostu hutsak

LANPOSTUA

DEPARTAMENTUA

ESPARRUA (LEKUALDAKETARAKO)

HERRIA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HIZKUNTZA

GIDABAIMENA

SEXU
DELITUEN
ZIURTAGIRIA

1664

LEHEND., FUNTZ. P., BARNEKO ETA JUSTIZIAKO DEP.

FUNTZIO PUBLIKOKO ZN

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

B

8285

LEHEND., FUNTZ. P., BARNEKO ETA JUSTIZIAKO DEP.

FUNTZIO PUBLIKOKO ZN

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

B

8600

LEHEND., FUNTZ. P., BARNEKO ETA JUSTIZIAKO DEP.

FUNTZIO PUBLIKOKO ZN

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

B

10204

LEHEND., FUNTZ. P., BARNEKO ETA JUSTIZIAKO DEP.

FUNTZIO PUBLIKOKO ZN

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

B

10226

LEHEND., FUNTZ. P., BARNEKO ETA JUSTIZIAKO DEP.

FUNTZIO PUBLIKOKO ZN

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

B

36572

HEZKUNTZA DEP.

UNIBERTSITATEEN ETA HEZKUNTZA BALIABIDEEN ZN

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

B

38033

HEZKUNTZA DEP.

UNIBERTSITATEEN ETA HEZKUNTZA BALIABIDEEN ZN

IRUÑA

NGko FUNTZIONARIOA

B

1666

OSASUN DEP.

OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INST.

IRUÑA

O-NOZeko FUNTZIONARIOA

B

1667

OSASUN DEP.

OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INST.

IRUÑA

O-NOZeko FUNTZIONARIOA

B

71161

OSASUN DEP.

OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INST.

IRUÑA

O-NOZeko FUNTZIONARIOA

B

Iragarkiaren kodea: F1804251