221. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2711/2018 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez arautzen baitira nekazaritzaren sektorean kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak. DDBN identifikazioa: 421627.

Krisia hasi aurretik hona, jarduketak egiten dira nekazaritzaren sektorean lan kontratazioa bultzatzeko, nekazaritzako enpresek sasoikako kanpainetan dituzten beharrei erantzuteko.

2018ko maiatzaren bukaeran, guztira 33.336 lagun zeuden langabe gisa izena emanik Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Horietatik, 1.891 lagun ziren lehen sektorekoak eta 1.275 lagun nekazaritzako elikagaien industriakoak.

Nekazaritzako sektorean izena emanik dauden pertsonen kopurua egonkor samarrak dira; nolanahi ere, azkenaldian, Nafarroan, langabeen portzentajea jaitsiz doa. Nabarmentzekoak dira, halaber, sektoreko enpleguaren berezitasun handiak: oso-oso sasoian sasoikoa izaten da, behin-behinekotasuna handiagoa da, kontratuen iraupena txikiagoa izaten da, noizean behinkakoak izaten dira, laneko arrisku indize handiagoa dute, etab.

Inguruabar horiek berariazko neurriak eskatzen dituzte kontratazioa sustatzeko eta kalitatezko enplegua bultzatzeko.

Arlo honetako azkeneko deialdiaren (abenduaren 30eko 3016/2016 Ebazpena) helburua zen nekazaritzako lanbide elkarteei diru-laguntzak ematea, kontratazioak sustatzearekin lotutako jarduketak egin zitzaten nekazaritza sektorean nekazaritzaren sasoian sasoiko kanpainetan.

Aipatutako deialdian diruz laguntzen ziren nekazaritzako lanbide elkarteen bidez egindako kontratazioak eta nekazaritzako langileentzako laneko aholkularitza. Kontuan harturik diru-laguntza hauek kudeatzen izandako esperientzia eta egungo egoera ekonomikoa, komeni da orain arte aplikatzen ziren oinarri arautzaileak berrikustea. Horrenbestez, ondoriorik gabe utzi zen aipatutako deialdia, urtarrilaren 4ko 1/2018 Ebazpenaren bidez.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egoki deritzo diru-laguntza emateari nekazaritza sektoreko langileak kontratatzeko, bereziki errenta bermatuaren hartzaileak kontratatzeko. Halaber, bidezkoa da jarduketa diruz lagungarri gisa jasotzea nekazaritza sektoreko kalitatezko enpleguarekin lotutako sentsibilizazio, zabalkunde eta dibulgazio jarduketak eta nekazaritzako enpleguan lana aktibatzeko hainbat neurri.

Deialdia hobetzeko elementuen artean dago, besteak beste, sinplifikazioa, bai ordainketak egiteko proposatutako justifikazioan, bai diru-laguntza onartzeko prozeduran; arinagoa eta egokiagoa izanen da, kontuan izanik ez dagoela konparazioa egiteko elementurik, lehian baloratu beharrekorik.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du, non, besteak beste, eskatzen baita deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak ezartzea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokakoa izanen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioaren araubidea baimentzen duenean.

Nafarroako Gobernuak, 2018ko martxoaren 7an egindako bilkuran, erabaki zuen banakako ebaluazioaren araubidea baimentzea deialdi hau tramitatzeko, nekazaritza sektorean kontratazioak sustatzearekin lotutako jarduketak egin ditzaten nekazaritzaren sasoian sasoiko kanpainetan.

Azaldutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nekazaritza sektorean kontratazioak sustatzeko diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. 80.000 euroko gastua baimentzea nekazaritza sektorean langileen aldi baterako kontratazioak egiteko, 2018ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: “Nekazaritzako enpleguari arreta emateko programetarako laguntzak” izeneko 950001 96100 4819 241108 partida.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea nekazaritzako enpleguarekin lotutako sentsibilizazio, zabalkunde eta dibulgazio jarduketetarako, 2018ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: “Nekazaritzako enpleguari arreta emateko programetarako laguntzak” izeneko 950001 96100 4819 241108 partida.

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko urriaren 29an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

ERANSKINA

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauek araututako diru-laguntzen xedea da nekazaritzako lanbide elkarteei honako hauekin lotutako jarduketak finantzatzea: kontratazioen sustapena; sentsibilizazio eta zabalkunde ekintzak, eta, oro har, jendearentzako informazio ekintzak nekazaritza sektorean, kalitatezko enpleguarekin eta deklaratu gabeko enplegua erregularizatzearekin lotuak.

Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Jarduketa diruz lagungarriak eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

Jarduketa diruz lagungarriak Nafarroan egin beharko dira, eta honako hauek izanen dira:

a) Nekazaritza sektoreko langileekin egiten diren aldi baterako kontratazioak, baldin entitate onuradunak bitartekari izan badira.

Hauxe izanen da diru-laguntza: egindako kontratu bakoitzeko 35 euro. Kontratua egiten denean pertsona kontratatua errenta bermatua jasotzen ari bada, zenbatekoa 50 euro izanen da.

Jarduketa honengatik gehienez 50.000 euroko diru-laguntza izanen da denera, urteko deialdiaren kargura.

b) Biltzarrak, jardunaldiak, mintegiak, sentsibilizazio eta zabalkunde ekintzak eta, oro har, jendearentzako informazio ekintzak, nekazaritza sektoreko kalitatezko enpleguarekin loturik eta lana aktibatzeko hainbat neurri.

Baldin biltzarrak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta abar badira, eta jendea bertaratu behar bada, gutxienez ere 10 lagunentzat egin beharko dira.

Jarduketa hauengatik gehienez 10.000 euroko diru-laguntza izanen da denera, urteko deialdiaren kargura.

Aurreko 2a) oinarrian jasotako jarduketetarako diru-laguntza ordaintzearen ondorioetarako, pertsona bakoitza bitan konta daiteke gehienez jarduketaren hilabete naturaleko.

3.–Diru-laguntzaren onuradun diren entitateak eta betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradun izateko, nekazaritzaren lanbide elkarteek 2. oinarrian zehaztutako jarduketak egin behar dituzte eta kasuan kasuko proiektua gauzatzeko behar adinako gaitasun teknikoa eta egitura eduki behar dute.

Diru-laguntzen onuradun diren entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritzako lanbide elkarte gisa legez eratuak izatea.

b) Lantoki bat Nafarroan izatea.

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

4.–Aurrekontuko zuzkidura.

Nafarroako Aurrekontu Orokorretan nekazaritza sektoreko kontratazioak sustatzeko programa kudeatzeko onesten den partidaren kargura finantzatuko dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak, urtero, aurrekontuetan dagoen gehieneko diru-muga agortu arte.

5.–Egin beharreko jarduketek bete beharreko baldintzak.

Aurreko 2. oinarrian aipatutako jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Kontratatutako pertsonei alta eman beharko zaie Gizarte Segurantzan.

b) Aurreko 2 b) oinarrian jaso diren eta diru-laguntza eskaeraren xede diren jarduketek ordaindurik behar dute eskaera aurkezteko unean.

Entitate eskatzaileek Nafarroan gauzatu behar dituzte jarduketa guztiak.

Baldintza horietatik baten bat betetzen ez bada, diru-laguntza eskaera ukatu eginen da.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

Aurreko 2b) oinarrian azaldutako diru-laguntza horrekin entitateak egindako gastuak ordainduko dira, zehazki:

a) Langileak:

Proiektuaren koordinazioa, langile teknikoak eta administrazio laguntza ematekoak.

Hiru kasu horietan, dedikazioa lanaldi osokoa ez bada, dagokion zati proportzionala lagunduko da diruz.

b) Ekintzak egiteari lotutako gastu zuzenak; horien artean, azpikontratazioak diruz lagungarriak izan daitezke.

c) Zeharkako gastu orokorrak. Gastuak onartuak izateko, aipatu beharko da, eskaera aurkezteko unean, zein irizpideri egozten zaizkion, eta, betiere, jarduera benetan egiten den epearen barruan eginak izan beharko dira. Onartuko den gehieneko zenbatekoa ez da izanen proiektuari egotzitako langileen gastuen %10 baino handiagoa.

Erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueraren %100 arte azpikontrata dezakete hirugarrenekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan xedatuaren arabera.

7.–Eskaeren aurkezpena eta epea.

Hilabete naturalean guztira egindako jarduketengatik eskatuko da diru-laguntza.

a) Diru-laguntzaren xede diren jarduketak egin eta hurrengo hilabete naturala izanen da eskaerak aurkezteko epea, eta hilabete horretako azken egunean bukatuko da epea, baldin dena delako gasturako baimena argitaratu bada. Bestela, epea hilabetekoa izanen da baimen hori argitaratzen denetik hasita.

2018ko urtarrilaren 1etik ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte egiten diren jarduketetarako, eskaerak 15 eguneko epean aurkeztu beharko dira, argitaratze egunaren biharamunetik hasita.

Aurreko urteko urritik urte horretako iraila arte egindako jarduketak izanen dira diruz lagungarriak, salbu 2018. urterako, non diru-laguntzak emanen baitira urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitarte egindako jarduketetarako.

b) Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, entitateetako batek eskaera aurrez aurre aurkezten badu, eskatuko zaio zuzenketa egin dezala, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz.

c) Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.–Aurkeztu beharreko agiriak.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diru-laguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.navarra.es) eskura daiteke.

b) 3. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen direla dioen erantzukizunpeko adierazpena.

c) Entitatea eratzearen eskritura edo akta, estatutuak erantsita, baita entitate eskatzailea ordezkatzen duenaren ahalorde nahikoa ere, salbu ordezkaritza ahalmen hori estatutuek berek ematen badute.

Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak badauka. Halakoetan, entitate eskatzaileak identifikatu beharko du zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen zaion lehenbiziko aldia baldin bada.

e) Erantzukizunpeko adierazpena edo ziurtagiria, adierazteko aurreikusitako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa ez dela handiagoa jardueraren kostua baino.

Gainera, 2 a) oinarrian azaldutako ekintzetarako:

f) Kontratatutako pertsonen zerrenda alfabetikoa, kontratatuaren hasierako eguna agertzen duena, eta errenta babestuaren hartzaileak diren adierazten duena.

g) Diru-laguntza eskaeraren xede den kontratu bakoitzaren komunikazioa.

Eta, gainera, 2 b) oinarrian azaldutako ekintzetarako:

h) Deialdiko 2b) oinarrian jasotako jarduketen deskripzio zehatza, gehi dagozkien behin betiko fakturak eta ordainketen frogagiriak. Deskripzioak honako hauek azalduko ditu, gutxienez: ekitaldiaren edukia, eguna, ordua, lekua, hizlariak, xede den publikoa, iraupena eta kasu bakoitzean aipagarritzat jotzen den informazio guztia.

i) Langile gastuen justifikazioari dagokionez, diruz lagundutako jarduerari lotutako langileen zerrenda izenduna, adierazita identifikazio datuak, lanaldia eta egozpen portzentajea. Orobat, aurkeztuko dira nominak, Gizarte Segurantzako kotizazio buletinak eta PFEZaren atxikipenei buruz Ogasunean egindako aitorpenak.

j) Baldin biltzarrak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak eta antzekoak egiten badira, bertaratu izanaren frogagiriak, bertaratuek sinatutako sinadura orrien bidez, eredu ofizialaren arabera. Eredu hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eskura daiteke, edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.navarra.es).

2. Eskaerak adierazi diren betebeharrak betetzen ez baditu, dagokion instrukzio unitateak entitate eskatzaileari eskatuko dio zuzendu dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinarazi eginen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. apartatuan xedatu bezala.

3. Diru-laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4. Halaber, eskaera aurkezteak berarekin dakar entitate eskatzaileak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea erakunde eskudunei informazioa eskatzeko, egiazta dezan aipatu entitateak betetzen dituela zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta ebazpena emateko behar diren beste edozein. Entitate eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, kasuan kasuko agiriak erantsi beharko ditu.

9.–Instrukzioa eta tramitazioa.

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da prozeduraren instrukzioaz eta tramitazioaz arduratuko den organo eskuduna.

b) Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

c) Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

10.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Deialdia ebaztea.

a) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, instrukzio organoak egindako proposamena jasorik, ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzen den.

Ebazpena, arrazoituta, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere bi hileko epean eman eta jakinaraziko da. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak ebazpena emateko duen betebeharra.

b) Eskaeren gaineko ustezko edo berariazko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Berariazko ebazpenik ematen ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

12.–Diru-laguntzaren ordainketa.

a) Jarduera gauzatu ondoren, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta ordainduko da diru-laguntza.

Bidezko egiaztapena egin ondoren, ordaintzeko, hala egokituz gero, eta espedientea ixteko ebazpen egokia emanen da.

b) Aurreko puntuan ezarritako epean justifikaziorik izan ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

13.–Onuradunek bete beharrekoak.

Oro har, onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diru-laguntza edo laguntza emateko oinarri izan diren jarduketak egitea.

b) Jarduketa egin dela frogatzea, eta diru-laguntza ematean eta horren gaineko ebazpenean ezartzen diren betekizun eta baldintzak betetzen direla ere bai.

c) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

d) Diru-laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea eta egiten diren kontroletan laguntzea.

e) Nafarroako Gobernuak eta Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak egiten dituen kontrol lanak onartzea.

f) Diruz laguntzen diren ekintzen kudeaketarekin eta gastuekin zerikusia duten frogagiriak auditoria eta kontrol organoen eskura edukitzea lau urtez, aurkeztu eta gero.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legedian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Jarduketak sustatu eta zabaltzeko adierazpen guztietan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundu dituela agerraraztea.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzaren gainean eskatzen dion informazio guztia ematea.

j) 5/2018 Foru Legearen 3.c) eta 12. artikuluek diru-laguntzen onuradun diren entitate pribatuei ezarritako gardentasun betebeharrak betetzea (5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa).

14.–Diru-laguntzen jarraipena eta kontrola.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

15.–Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Nekazaritza sektoreko kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak bateragarriak dira helburu bererako ematen ahal diren bestelako laguntza edo diru-laguntzekin.

Nolanahi ere, ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa behin ere ez da izanen, bakarrik edo beste administrazio publiko batzuekin edo Espainiako edo atzerriko entitate publiko edo pribatuen diru-laguntza edo laguntzekin batera, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

16.–“De minimis” laguntzak.

a) Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

b) Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortuko dituzte.

17.–Jakinarazpena eta publizitatea.

Ebazpenak administrazio prozedura arautzen duen legerian aurreikusitako moduan jakinaraziko zaizkie entitate interesdunei, eta Nafarroako Atarian argitaratuko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Laguntza onartzearekin batera, entitate onuradunak berariaz onartzen du bere datuak argitaratzea aipatutako web-orrietan.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

18.–Ez-betetzeak eta diru-laguntzaren itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, baldin programa gauzatzen ez bada, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Emandako diru-laguntza osoa itzuli beharko da, halaber, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak betetzen ez badira.

Diru-laguntza hartzen duten entitateek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

19.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak eta aplikagarri den gainerako araudi administratiboa aplikatuko dira.

20.–Datuak babestea.

Diru-laguntza hauek gauzatzearen ondorioz lortzen diren datu pertsonalen tratamendua honako hauen menpe egonen da: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoa, hartan xedatuaren aurkakoa ez den orotan; eta une oro arlo honetan indarrean dagoen araudia.

Diru-laguntzen xede diren jarduketetan, haietan parte hartzen dutenen edo hartzaile direnen baimena lortu beharko dute entitate onuradunek haien datu pertsonalak tratatzeko, eta aipatutako erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan aurreikusitako informazioa eman beharko diete.

Iragarkiaren kodea: F1813179