199. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

419E/2018 FORU AGINDUA, urriaren 4koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez laguntzak emateko araubide bat ezartzen baita, joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako gastuetarako, osasun laguntza jasotzearren Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora bideratzen diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko pazienteentzat.

Uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretuaren bidez, arautu ziren osasun laguntza jasotzera beste autonomia erkidego batzuetara bidaltzen diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren pazienteen bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako dietak.

Aipatu foru dekretu hori Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 5.14 artikuluak xedatzen duena garatzeko eman zen. Artikulu horrek ezarri zuen Foru Komunitateak beste osasun prestazio batzuk jartzen ahal dituela, Osasun Sistema Nazionalaren guztientzako zerbitzuen zorroaren prestazioen osagarri gisa. Azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeak, Nafarroan osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoak, indargabetu zuen 5.14 artikulu hori. Hori horrela izanik ere, bidaietarako, ostaturako eta otorduetarako laguntza hauek guztientzako zerbitzuen zorroaren prestazioen osagarriak izaten segitzen dute.

Irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak arautu zuen Osasun Sistema Nazionalaren guztientzako zerbitzuen zorroa. Dekretu hori Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legea garatzeko eman zen. 16/2003 Legearen 8. quinquies artikuluak eta 1030/2006 Errege Dekretuaren 11. artikuluak ezartzen dutenarekin bat etorriz, autonomia erkidegoek beren zerbitzu zorroak onesten ahalko dituzte, eta gutxienez Osasun Sistema Nazionalaren guztientzako zerbitzuen zorroak eskaintzen dituen zerbitzuak edukiko dituzte.

Gainera, 2.5 artikuluak ezartzen du bermatu behar dela Osasun Sistema Nazionalaren osasun prestazioak eskuratzen ahalko direla sistemaren erabiltzaileak nazio lurraldearen edozein tokitan egonik ere.

Denboraren joanak eta Foru Komunitatetik kanpoko zentroetara desbideratzeagatik gastu ezohikoak dituzten pazienteentzako prestazio osagarri hori kudeatzean edukitako esperientziak erakutsi dute gomendagarria dela arau berri bat onestea prestazio hori arautzeko, tramitazio administratiboa erraztuz eta gardenagoa eginez, halako moldez non pazienteek eta laguntzen dieten pertsonek ezagutzen ahalko baitute zein diren finantzatzen diren kasuak, kontzeptuak eta zenbatekoak.

Dagoen araudia kontuan hartuta, arau hau irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren garapena da, eta horrenbestez foru aginduaren lerruna eduki behar du. Horregatik, aipatutako uztailaren 30eko 212/2001 Foru Dekretua indargabetu egin da urriaren 3ko 83/2018 Foru Dekretuaren bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da laguntzak emateko araubide bat ezartzea, joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako gastuetarako, osasun laguntza jasotzearren Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora bideratzen diren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko pazienteentzat.

2. artikulua. Aplikazio eremua eta onuradunak.

1. Honako hauek izanen dute foru agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzeko eskubidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren norbanakoaren osasun txartela izanik, osasun laguntza hartzera Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko zentro batera bideratzen diren pazienteak, baita horiei lagun egiten dien pertsona ere, honako kasu hauetan:

a) Osasun arreta araubide anbulatorioan jasotzeko bideratzen direnak.

b) Osasun arreta ospitaleratze araubidean jasotzeko bideratzen direnak.

c) Esaten zaienean osasun zentro batetik hurbil egon behar dutela, egoki den tratamendua eta/edo esku-hartzea jasotzeko zain.

2. Laguntzatik kanpo gelditzen dira arreta Nafarroarekin muga egiten duten erkidego autonomoetan jasotzen duten pertsonak, betiere elkarrekiko osasun arretarako lankidetza hitzarmen izenpetuekin bat jasotzen badute arreta hori.

3 artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzetarako eskubidea izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko medikuen txosten bidez justifikatuko da osasun arreta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo ematea. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen da pazienteak berak eskatuta Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko zentroetara bideratzea.

b) Aldez aurretik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak edo unitate administratibo parekatu batek baimendu beharko du Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko osasun arreta.

4. artikulua. Joan-etorrietarako gastuengatiko laguntza.

1. Osasun arreta zer herritako osasun zentroan ematen den, harainoko joan-etorrietarako gastuak kobratzeko eskubidea izanen dute bai pazienteak bai hari lagun egiten dionak.

2. Aurkeztutako garraio erregularreko txartelen zenbatekoak ordainduko dira, foru agindu honen I. eranskineko a) atalean ezarritako gehienezko mugarekin, destinoko herriaren arabera.

Justifikatzearen ondorioetarako, txartel jatorrizkoak edo kopiak aurkez daitezke. Kopiak aurkezten badira, zalantzarik izanez gero, jatorrizko txartelak eska ditzake Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak, konparatzeko.

3. Garraio txartelik aurkezten ez bada, foru agindu honen I. eranskineko b) atalean ezarritako zenbatekoak ordainduko dira, destinoko herriaren arabera.

5. artikulua. Ostatu hartzeko gastuengatiko laguntza.

1. Ospitaleratu behar izanez gero, lagun egiten dion pertsonak eskubidea izanen du ostaturako gastuak ordain dakizkion: osasun arreta zer herritako osasun zentroan dagoen, herri horretan ostatu hartzekoak.

Benetan justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, gehienez 40 euro eguneko ostatu hartzeko gastuengatik, eta gehienez 900 euro 30 egun naturaleko aldi bakoitzeko.

2. Osasun arreta araubide anbulatorioan denean edo beharrezkoa denean osasun zentrotik hurbil egotea, ostatu hartzeko laguntzarako eskubidea sortuko da bakar-bakarrik baldin frogatzen bada beharrezkoa dela destinoko herrian gaua igarotzea.

Benetan justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, gehienez 40 euro eguneko, pazientea lagundua egon nahiz ez egon, eta gehienez 900 euro 30 egun naturaleko aldi bakoitzeko.

3. Jatorrizko agirien edo kopien bidez frogatuko da ostatua. Kopiak aurkezten badira, zalantzarik izanez gero, jatorrizko agiriak eska ditzake Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak, konparatzeko.

6. artikulua. Mantenurako gastuengatiko laguntza.

1. Mantenurako gastuengatiko laguntza honako hau izanen da, asistentzia araubidearen arabera:

a) Ospitaleratzeetan, 12 euro eguneko laguntzailearentzat.

b) Asistentzia anbulatorioetan, ez da laguntzarik emanen mantenu gastuetarako, salbu frogatzen bada beharrezkoa dela destinoko herrian pasatzea gaua. Kasu horretan, gehieneko laguntza 24 eurokoa izanen da, barnean direla bai pazientea bai laguntzailea, betiere ostatu hartzeko gastua frogatzen bada.

c) Osasun zentrotik hurbil egon behar izanez gero, gehienez 24 euro ordainduko da eguneko, pazientea lagundua egon nahiz ez egon, eta gehienez 360 euro 30 egun naturaleko aldi bakoitzeko.

2. Mantenurako gastuak ordaintzeko, ez da beharrezkoa izanen frogagiriak aurkeztea.

7. artikulua. Laguntzen bateraezintasuna.

Foru agindu honetan joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako ezarritako laguntzak bateraezinak dira xede bererako beste edozein prestazio, laguntza edo diru-laguntza publikorekin.

8. artikulua. Eskaerak eta justifikazioa.

Gastuen itzulketa gisa ordainduko dira joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako laguntzak, osasun arreta jaso duen pazienteak eskatuta, edo haren legezko ordezkariek eskatuta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuari, zerbitzu horrek propio ezarritako ereduaren bidez (Nafarroako Gobernuaren web-orrian egonen da).

Osasun Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkez daiteke eskaera hori, edo beste edozein erregistro ofizialetan. Ahal dela, agiriak eskaneaturik emanen dira.

2. Laguntza sortzen duen gertaeraren ondoren noiznahi aurkez daitezke eskaerak.

3. Eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pazientea zer osasun zentrotara bideratu den, hark emandako frogagiria, non adieraziko baitira zer egunetan egon den ospitaleraturik eta/edo jaso duen arreta anbulatorioa.

b) Joan-etorrien eta ostatu hartzearen frogagiriak, foru agindu honen 4. eta 5. artikuluetan ezarri bezala.

c) Behar denean, medikuak sinatutako frogagiria, adierazten duena osasun zentro horretatik hurbil egotea beharrezkoa dela.

9. artikulua. Diru-laguntza onartzeko eta ordaintzeko ebazpena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez onartuko eta ordainduko dira laguntzak.

Xedapen iragankor bakarra.–Jadanik hasitako prozedurak.

Foru agindu hau argitaratu baino lehen Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuan aurkezten diren joan-etorrietarako, ostatu hartzeko eta mantenurako laguntzak uztailaren 30eko 212/2001 Foru Aginduan aurreikusitako araubidearen arabera ebatziko dira.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2018ko azaroaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko urriaren 4an.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

I. ERANSKINA

Joan-etorrietarako gastuengatiko laguntzen zenbatekoa

DESTINOKO HERRIA

a) Gehieneko
zenbatekoak,
txartelak aurkeztuta

b) Zenbatekoak,
txartelik aurkeztu gabe

ALACANT

265 euro

155 euro

BARTZELONA

210 euro

150 euro

BILBO

60 euro

60 euro

BURGOS

65 euro

65 euro

MADRIL

210 euro

100 euro

MÁLAGA

300 euro

200 euro

OVIEDO

120 euro

105 euro

DONOSTIA

30 euro

25 euro

SANTANDER

90 euro

85 euro

SANTIAGO DE COMPOSTELA

130 euro

130 euro

SEVILLA

310 euro

205 euro

TOLEDO

250 euro

115 euro

VALENTZIA

280 euro

120 euro

VALLADOLID

90 euro

90 euro

ZARAGOZA

75 euro

75 euro

1.–Taulako zenbatekoen barnean daude pazientearen eta laguntzailearen joaneko eta etorriko bidaiak:

a) Gehieneko zenbatekoa, garraio erregularreko txartelak aurkezten direnean (trena, autobusa...).

b) Zenbateko finkoa, garraio erregularreko txartelik aurkezten ez denean.

2.–Zerrendan agertzen ez diren hirietarako joan-etorrietan, Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak ezarriko du laguntzaren zenbatekoa, honako irizpide hauek aplikatuz:

Aurreko a) ataleko gehieneko zenbatekoak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko dira treneko sariak: turista, joana eta etorria, bi lagunentzat. Aurreko b) ataleko zenbatekoak kalkulatzeko, oinarritzat hartuko dira Iruñetik destinoko herriraino dauden kilometroak eta bidesariak, mugatzat harturik a) ataleko gehieneko zenbatekoak.

Iragarkiaren kodea: F1812088