176. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Aldaketa, Lerateko badian (Allozko urtegia) ibilgailuak aparkatu eta bainatzeko eremua erabiltzea arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2018ko ekainaren 7an egin osoko bilkura berezian, hasiera batean onetsi zuen aldaketa Lerateko badian (Allozko urtegia) ibilgailuak aparkatu eta bainatzeko eremua erabiltzea arautzen duen ordenantzan.

Hasierako onespenaren iragarkia 2018ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 29an.

Jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsitzat jo da eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behin betiko testuarekin batera.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak ezartzen du ordenantzek ez dutela eragin juridikorik izango, beren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen ez den bitartean eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitatekoak toki entitateei egin dituzten egintzak edo harturiko erabakiak deusezta ditzaten eskatzeko duten ahalmena erabiltzeko epea amaitu ez den artean.

LERATEKO BADIAN APARKATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Gesalazko Udalak badu jada ordenantza bat Lerateko badian aparkaleku bat egiteko sustapen publikoa egiteko, sarbideak antolatzeko xedez, baina beste bat egin behar da, honako azpiegitura hau arautzeko eta bizilagun eta bisitariek erabiltzeagatik natura eremu batean egon daitezken arazoak saihesteko xedez.

Hori dela eta, ordenantza honen onespenarekin, arautu nahi da aparkalekua eremu horretan, eta bidenabar beste zenbait gai, hala nola: zaintzailerik gabeko bainatzeko eremuak, txakurrak edukitzea, suteen prebentzioa, aparkatzeko tasak, zaborren bilketa eta salmenta ibiltaria.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da Lerateko badiaren eremuan aparkaleku publiko bat egiteko sustapenaren ondorioz eratorritako aisiarako erabilerak arautzea.

2. artikulua. Kontzejuaren eskumena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluan xedatuarekin bat, kontzejuen kudeaketa eta administrazio organoei dagozkie, besteak beste, honako eskumen hauek:

–Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haien aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

–Mugarteko landabideak kontserbatu, mantendu eta zaintzea, baita Kontzejuaren interesekoak baino ez diren erabilera eta zerbitzu publikoko gainerako ondasunak ere.

–Bideen garbiketa.

Lerateko Kontzejuarekin sinaturiko hitzarmen baten bidez egin zen lurraren lagatzea Lerateko badiaren azpiegiturak egin eta badia ustiatzeko.

Aparkatzeko dagoen lurzatia zaintzea Udalari dagokionez, beharrezkoa da haren erabilera arautzea.

Gelditzea eta aparkatzea

3. artikulua. Arau orokorrak.

1. Gelditu eta aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa trabatuko, ezta arriskurik sortuko ere aparkalekuaren gainerako erabiltzaileei; zainduko da ibilgailua non uzten den eta begiratuko, gidaria kanpoan delarik, mugitzen has ez dadin.

Aparkatzeko uzten den tokia zoladuran mugaturik dagoenean, markaturiko esparruaren barnean aparkatu beharko da.

Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan.

2. Jendea hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, ibilgailua 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea da gelditzea. Ez da gelditzetzat hartuko zirkulazioaren beharrak direla eta halabeharrez edo une batez geratzea.

3. Hiriarteko autobusak, berriz, espresuki baimentzen dituen geralekuetan baizik ez dira geldituko bidaiariak hartu edo utzi ahal izateko.

4. Aparkatzea da ibilgailu bat bi minutu baino gehiagoan ez mugitzea, zirkulazioaren eraginez ez bada.

5. Gidariek ez dute zilegi ibilgailua geldirik eta motorra pizturik dagoela uztea, ibilgailu barnean gelditzen ez badira.

4. artikulua. Ibilgailuak, autobusak, kamioiak, autokarabanak, atoiak, edukiontziak eta karabanak.

Debeku da ibilgailuak, autobusak, karabanak, atoiak, edukiontziak eta erdi-atoiak aparkatzea Lerateko mugarteko bide guztietan, berariaz prestatua dagoen aparkalekuan egin behar baita.

Parkinetik kanpo aparkatu ahalko dute soilik honako hauek:

1. Lerateko Kontzejuak emandako berariazko baimen-txartela daukatenek; ibilgailuaren kanpoaldetik leku ikusgarrian jarri beharko dute baimena.

2. Lerateko Kontzejuak baimendutako salmenta ibiltarira bideratutako ibilgailuak.

3. Hamabi egunerako eta arratsaldeko 15:00etatik aurrera erabiltzeko Udalak ateratako bonoa daukaten windsurflariak, windsurf dartsena inguruan egokitutako eremuan, eta behar den tasa ordaindu ondoren. Ibilgailuaren kanpoaldetik leku ikusgarrian jarri beharko dute baimena.

4. Ibarrean erroldaturiko bizilagunak, baimena ematen zaion ibilgailua Gesalatzen alta emanda dutenak, behar den tasa ordaindu ondoren. Ibilgailuaren kanpoaldetik leku ikusgarrian jarri beharko dute baimena.

Agerian jarri beharreko baimena ez jartzeak, zehapena ekar dezake.

Seinaleak

5. artikulua. Ezartzea.

Lerateko Kontzejuak aginduko du kasu bakoitzean beharrezko diren trafikoko seinaleak ezartzea, kentzea eta ordeztea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera beraiek doazen bideetan aurkitzen dituzten erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

6. artikulua. Aplikazioa.

Lerateko sarreretan jarritako seinaleek, banaka edo karteletan bildurik, Lerateko Kontzejuaren mugape osoan arautuko dute aparkatzea.

Arau-hausteak

8. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Ordenantza honen aurkako egiteak eta ez egiteak arau-hauste administratibotzat joko dira eta bertan jasotakoaren arabera zehatuak izango dira.

2. Udalaren eskumenekoak ez diren arau-hausteak dagokion administrazio eskudunaren esku jarriko dira.

9. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Arau-hauste arina izango da ordenantza honetan xedatua ez betetzea, trafikoari buruzko araudian edo aplikatzekoa den beste araudi batean arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badu.

Zehazki, arau-hauste arina izango da ordenantza honetan araututakoaren arabera aparkatzeko ezarritako lekutik kanpo aparkatzea.

Zehapenak

10. artikulua. Motak.

1. Arau-hauste arinak 100 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak, berriz, 200 euroko isunekin.

Zakurrak edukitzea

Zakurren jabeen betebeharrak

11. artikulua. Zakurrak edukitzea.

Lerateko badian dabiltzan txakurrek behar bezala identifikatuta eta txertatuta egon beharko dute, eta horien erantzuleek katez edo uhalez eraman beharko dituzte.

Gainera, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliei nahitaez muturrekoa jarri beharko zaie, 50/1999 Legeak xedatutakoaren arabera.

Arau-hauste eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Lerateko badian zakurrak kate edo uhalik gabe eramatea.

b) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

13. artikulua. Arau-hauste larriak.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea.

14. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

Arau-hauste larrietan berrerortzea.

15. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso larriak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

Espresuki debekatutako jarduerak

Jarduera debekatuak

16. artikulua. Kanpaldi librea.

Espresuki debekatzen da kanpaldi librea egitea Lerateko Kontzejuko mugape osoan.

Kanpaldi librea da lege eta erregelamenduek arautzen dituzten turismoko kanpalekuetatik kanpora hauetariko bat edo gehiago paratzea: aterpe mugikorra, karabana, autokarabana, kanpadenda edo aise garraiatu eta desmuntatzen den gisako elementua. Kanpatzeko elementuak dira aise garraiatzen direnak eta zimendurik ez dutenak.

Nolanahi dela ere, debeku da aparkalekuan gaua ematea eta aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

17. artikulua. Ingurua garbitu eta mantentzea.

Guztiz debeku da lurrera botatzea paperak, plastikoak, botilak, janari hondarrak eta bestelako hondakin organiko edo inorganikoak; hondakinak sortzen dituzten pertsonek jaso eta gorde beharko dituzte, edo, bestela, paperontzietan, edukiontzietan eta espresuki horretarako diren lekuetan utzi.

Arau-hauste eta zehapenak

18. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Kontzejuaren mugapean kanpatzea, horretarako espresuki baimendutako tokietatik at.

b) Aparkalekuan gaua ematea.

c) Aparkalekuan aulkiak, mahaiak eta halakoak jartzea.

d) Paperak, plastikoak, botilak, janari hondarrak eta bestelako hondakin organiko edo inorganikoak lurrera botatzea, paperontzi, edukiontzi eta espresuki horretarako diren lekuetatik kanpo.

19. artikulua. Arau-hauste larriak.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea.

20. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

Arau-hauste larrietan berrerortzea.

21. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 60tik 150 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira; larriak 151tik 600 eurora bitartekoekin, eta oso larriak 601etik 3.000 eurora bitartekoekin.

Zehapen-prozedura

22. artikulua. Prozedura.

Prozeduraren instrukzioa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera egingo da.

23. artikulua. Azkar ordaintzea.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzen bada, uko egingo zaio alegaziorik aurkezteari eta ebazpen espresa eman beharrik gabe bukatuko prozedura. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

32. artikulua. Eskumena.

Lerateko Kontzejuko buruaren eskuordetza bidez, Gesalazko Udaleko alkatearen eskumena da ordenantza honetan jasotako arau-hausteak zehatzea, kontzejuko langileei ordenantza honetan jasotakoak antolatzeko eta betetzen direla kontrolatzeko ematen zaien ahalmenaren kaltetan izan gabe, organo eskudun zehatzaileari antzematen diren arau-hausteen berri emateko ahalmena baitute.

ERANSKINA

Lizentziak, baimenak eta aparkalekuak emateko tasak

Aparkatzea:

Prezioa eguneko:

–Turismoak eta autokarabanak: 2,50 euro.

–Motozikletak: 1,50 euro.

–Ibarrean erroldaturiko bizilagunendako aparkalekuan aparkatzeko txartela daukatenek, ibarrean alta emandako ibilgailuarekin: 5 euro.

–Aparkatzeko txartela daukaten windsurflariendako, egokitutako eremuan: 20 euro, hamabi egunetarako eta arratsaldeko 15:00etatik aurrera erabiltzeko.

Aparkalekurako zehaztutako prezioek dagokien BEZa barne dute.

Muetzen, 2018ko abuztuaren 20an.–Alkatea, María Vicenta Goñi Azanza.

Iragarkiaren kodea: L1810558