176. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Ordenantza, Autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituena. 21. ordenantza.
Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2018ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aipatu ordenantza. Iragarkia 2018ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 5ean, eta jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi da. Haren testu osoa ondotik ematen da.

Antsoainen, 2018ko abuztuaren 21ean.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

21. udal ordenantza, Antsoainen autokarabanak eta etxebizitza-ibilgailuak aparkatzea eta gaua pasatzea arautzen dituena

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da autokarabanen eta etxebizitza-ibilgailuen aparkamendua arautzea kanpaldietarako, aldi baterako zein ibiltari izan, Antsoaingo udal-mugartean, bertako natura baliabide eta espazioak zaindu eta pertsonen segurtasuna eta aparkalekuetan behar den errotazioa eta banaketa zuzena bermatzeko asmoz, eremu publikoen erabiltzaile guztien artean.

2. artikulua. Ibilgailuen barnean gaua pasatzea.

Oro har, eta berariaz kontrakoa baimendu ezean, debeku da ibilgailuen barnean gaua pasatzea udal-mugarte osoan, helburu hori duten eremuetan izan ezik, ordenantza honetan arautu gisan.

3. artikulua. Kanpaldi librea debekatzea.

Autokarabanak aparkatzeko eremu erreserbatuan kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzeak zehapena ekarriko du. Hurrengo artikuluetan zehaztuko da zein den kanpaldi librearen eta autokarabanak aparkatzearen arteko aldea.

4. artikulua. Kanpaldi librea.

Kanpaldi libretzat hartuko da:

a) Aisiarako edozein tresna jartzea autokarabanaren espaziotik kanpo.

b) Ordenantza honetan ezartzen dena baino denbora gehiago egotea autokarabanen aparkalekuan.

c) Antsoaingo Udaltzaingoaren iritziz beste udal ordenantza batzuekin kontraesanean sartzen diren jarduerak.

5. artikulua. Hiri barruko bideetan autokarabanak eta gisako ibilgailuak gelditu eta aparkatzea baimentzen da, honako hau betetzen den bitartean:

a) Ibilgailua gelditu edo aparkatzean arriskurik ez sortzea eta zirkulaziorako eta/edo oinezkoendako oztopo edo arrisku ez izatea.

b) Indarrean dagoen araudiari jarraikiz jardutea.

c) Ibilgailua behar den moduan eta horretarako baimendu den lekuan jartzea.

d) Ez ateratzea aparkaleku-plazatik at.

e) Ez gelditzea edo aparkatzea atari, saltegi edo beheko solairua duten etxebizitzen aurrean.

Aditzera emate aldera eta adierazgarri gisa, honelakoetan ulertzen da autokarabana bat aparkatua dagoela eta ez kanpatua:

1.–Gurpilekin baizik ez badu zorua ukitzen (ez daude beheititurik hanka egonkortzaileak, ezta beste edozein tramankulu ere).

2.–Autokarabana itxia baino espazio gehiagorik okupatzen ez bada, hau da, ez dago leiho irekirik (leiho irekiak edo proiektagarriak, ibilgailuaren perimetroa baino espazio handiagoa okupatzen ahal dutenak), aulkirik, mahairik, oihal irekirik eta abarrik.

3.–Inolako isurtzerik gertatzen ez denean, kutsagarria izan ala ez, salbu eta motorraren errekuntzak ihes-hodiaren bitartez berezkoak dituenak, edo jendetasunaren eta/edo osasunaren kontrako portaerak agertzen ez direnean, hala nola urak eremu publikoan hustea. Zarata gogaikarriak ateratzen ez direnean, hala nola argindar sorgailu bat piztea atseden hartzeko ohiko ordutegian edo, egunez, sobera luze jotzen duen denboran.

6. artikulua. Zerbitzugunea.

Autokarabanendako zerbitzugunerako eremua Harrobietako kaleko aparkalekuan dago, eta haren erabilera arau hauen mendean egonen da:

1.–Etxebizitza-ibilgailu gisa katalogatuak direnak baizik ez dira aparkatzen ahalko eremu erreserbatuetan, eta bazterturik daude gainerako ibilgailu guztiak, hala nola kamioiak, karabanak, turismoak, etab.

2.–Aparkatutako ibilgailuek betiere errespetatuko dituzte plaza bakoitzerako espazioaren mugak, kanpoaldera mahaiak, aulkiak, eguzki-oihalak, eguzkitakoak, olanak edo beste edozein tresna atera gabe.

3.–Gehienez ere 72 orduz egoten ahalko dira, gelditzen direnetik plaza husten duten arte, uztailaren 5etik 15era bitartean izan ezik.

Epe horretan ez dago denbora mugarik eta eguneko tasa ezarriko da aparkatzeko eta gaua pasatzeko.

Ezinbestean edo premia delarik, gehieneko denbora hori gaindituko ahalko da, betiere Udaltzaingoak edo Alkatetzak aurrez baimenduta.

4.–Erabiltzaileek autokarabanetan edo gisako ibilgailuetan sortutako ur grisak eta beltzak botatzeko espazioa izanen dute, baita tratatu gabeko uraren hargune bat ere. Eremu horretan ezin da aparkatu eta erabiltzaileen eskura egonen da. Horiek higienea mantendu beharko dute erabili ondoren. Espresuki debeku da edozein ibilgailu mota garbitzea.

5.–Aparkatzeko zerbitzugunerako eremuen erabiltzaileek beteko dituzte Udalak edo Udaltzaingoak ematen dizkieten jarraibide guztiak, eremu hori zaintzeko eta begiratzeko eta errespetua eta jendetasuna izan dadin. Orobat, Udalak noiznahi xedatu ahalko du zerbitzugunerako eremuek beste erabilera bat izatea, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik ekarriko erabiltzaileendako.

6.–Egonaldiak irauten duen aldian ez da zaratarik edo herritarrendako eragozpenik sortuko.

7. artikulua. Ikuskapena.

Arau-haustea izanen da ordenantza honen artikuluetako edozein eta orobat hura garatzeko Alkatetzak ematen dituen xedapenak ez betetzea edo urratzea; udalbatzaren lana da dagokion bezala ikuskatzea eta zehapenak ezartzea.

Udaltzainak arduratuko dira ordenantza hau betetzen dela zaintzeaz.

8. artikulua. Eskumena eta zehapen-prozedura.

1.–Antsoaingo Udaleko alkate udalburua edo hark eskuordetutako pertsona izanen da zehapen-prozedura hasteko eta ebazteko eskumena duen organoa.

2.–Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera bideratuko da zehapen-prozedura.

3.–Espedientearen ebazpena beranduenez sei hilabetean jakinaraziko da prozedura hasi zenetik, eta interesdunek mahai gainean jarritako afera guztiak ebatziko ditu, baita prozeduraren ondoriozko gainerakoak ere.

Prozedura hasi denetik 6 hilabeteko epea iragaten bada zehatzeko ebazpenik jakinarazi gabe, prozedura iraungiko da eta jarduketak artxibatuko, interesdunek eskatuta edo ebazpena emateko eskumena duen organoak ofizioz eskatuta, salbu eta prozedura gelditu denetan interesdunei egozten ahal zaien arrazoi batengatik edo jarduketa judizialen ondorioz eten denetan.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza arauemaile honetan ezarritakoaren kontra egiten duen arau-hauste oro 90 eta 300 euro arteko isunarekin zehatuko da. Eragindako arrisku, eragozpen, inpaktu edo berrerortzearen arabera mailakatuko dira zehapenak. Berrerortzetzat hartzen da izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea bi urteko epean, administrazio-ebazpen irmoz hala erabaki denean.

Betiere, arau-hauste larria izanen da kanpaldi librea egiteko debekua ez betetzea, eta 300 euroko isunarekin zehatuko da. Isuna 450 euroraino handitzen ahal da jarduketa horrekin hiri-altzariak kaltetu badira edo kanpaldiko tokia zikindu bada, egindako kalteak konpontzeko betebeharraz aparte. Handitze hori aplikatuko da paratzen badira barbakoak edo gisako elementuak, ingurunean kalte egin edo arriskua ekartzen dutenak.

10. artikulua. Kautelazko neurriak.

Indarrean dagoen araudian aurreikusten diren kasuetan bidezkoa izanen da araua hautsi duen ibilgailua eremu publikoan ibilgetzea edo hortik kentzea.

Arau-hauste baten ondorioz arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizitokia espainiar lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak isunaren zenbatekoa behin-behinean finkatuko du eta haren zenbatekoa ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetuko du.

11. artikulua. Erantzukizuna.

Antsoainen autokarabanak aparkatzeko gunea ez da zaintzapeko eremua. Beraz, Antsoaingo Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko aparkatuta dauden autokarabanetan gerta daitezkeen gorabehera, lapurreta edo gisakoen gainean.

Arau-haustea zer egitatek ekarri duen, harexen egilea izanen da lege honetan xedatutako arauak haustearen erantzulea.

Dagokionean, araua hautsi duen ibilgailuaren titular edo errentariak nahitaez eta egiazki esan beharko du arau-haustearen erantzule den gidaria nor den, horretarako errekerimendua egiten bazaio. Betebehar hori behar den prozedura-tramitean betetzen ez badu 300 euroko isunarekin zehatuko da, arau-hauste larriaren egilea izateagatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA - TASAK

–Bornea erabiltzeagatik: 2 euro fitxako.

–Uztailaren 5etik uztailaren 15era arte aparkatzeagatik: 8 euro eguneko edo egun zatiko.

Iragarkiaren kodea: L1810505