88. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

127/2017 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egiten duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren I. tituluaren VI. kapituluan arte ikasketak arautzen dira, besteak beste musikako goi mailako ikasketak. 54.2.b) artikuluak ezartzen du musikako goi mailako ikasketak egiteko, beste betebehar akademiko batzuk betetzeaz gainera, beharrezkoa dela sarrera proba bat gainditzea. Proba horretan izangaiek erakutsi beharko dute behar bezalako ezaupide eta trebetasun profesionalak dituztela kasuan kasuko ikasketak probetxuz egiteko.

Urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren 12. artikuluan eta maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluan, araututa dago goi mailako titulua lortzeko ikasketa ofizialetan berariazko proba bat eginez sartzeko bidea, betiere izangaiak batxiler-titulua badu edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu badu, edo musikako goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba gainditu badu.

Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako musikako ikasketa profesionalen curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatu zituen abenduaren 22ko 1577/2006 Errege Dekretuak, bigarren xedapen gehigarrian, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela musikako ikasketa profesionalen espedientearen batez besteko notari goi mailako ikasketak egiteko sarrera proban emanen zaion balorazioa finkatzea.

Hezkuntzako kontseilariak martxoaren 29an emandako 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako arte ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren.

Hezkuntzako kontseilariak apirilaren 22an emandako 34/2014 Foru Aginduaren bidez, musikako goi mailako arte ikasketen plana ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 67/2017 Ebazpenaren bidez, goi mailako arte ikasketetan sartzeko heldutasun probarako deia egin zen 2017. urtean.

Arte Ikasketen Atalak emandako aldeko txostena ikusirik, bidezkoa da 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketetan sartzeko proben deialdia egitea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egitea, ebazpen honi lotu zaizkion oinarri eta eranskinen arabera (hurrenez hurren, I. II. eta III. eranskinak).

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Eskolatze Bulegora, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora eta “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea eta eremua.

Ebazpen honen xedea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera proben deialdia egitea 2017-2018 ikasturterako, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, horren bidez arauak eman baitziren Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

2.–Eragina eta balioa.

Sarrera proba gainditzeak ahalmena ematen du soilik 2017-2018 ikasturtean matrikula egiteko, eta ahalbidetzen du ikasketa horiek ematen dituen Estatuko edozein ikastetxetara joateko; betiere, haietan plazarik izanez gero.

3.–Probak egiteko tokia eta egunak.

Probak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eginen dira (Musikaren Hiria, Antonio Pérez Goyena kalea, 1, Iruña).

Dena dela, beste lekuren bat erabili beharko balitz, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak horren berri eman beharko luke, behar den bezala eta behar den denborarekin, bai ikastetxeko iragarki-oholean, bai probak eginen diren tokietan.

Sarrera probak deialdi batean eginen dira. Ekainaren 12tik aurrera hasiko dira, eta behar den denborarekin iragarriko dira Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren iragarki oholean.

Epaimahai bakoitzak probaren zati bakoitza egiteko eguna eta ordua jakinaraziko ditu, hala nola emaitzak argitara emateko eguna, 48 ordu lehenagotik gutxienez, probak egiten diren tokian.

4.–Betebeharrak.

Musikako goi mailako ikasketetan sartzeko, beharrezkoa izanen da betebehar hauek betetzea:

a) Batxiler-titulua izatea, edo gainditua izatea 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba edo 5. oinarrian agertzen den heldutasun proba.

b) Sarrera proba berariazkoa gainditzea, izangaiak ikasketa horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupide eta trebetasun profesionalak dituela erakusteko.

5.–Ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun proba.

Ebazpen honen 4.a) oinarrian ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 19 urtetik gorako izangaiak heldutasun proba bat gaindituz sar daitezke. Proba hori maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluan aipatzen diren hezkuntza administrazioek antolatuko dute, dekretu horren bidez arautu baitzen Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako musikako goi mailako arte ikasketen oinarrizko edukia.

Ikasturte honetan, Hezkuntza Departamentuak goi mailako arte ikasketetan sartzeko betebehar akademikoen ordezko heldutasun probarako deialdi bat egin du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 8ko 67/2017 Ebazpenaren bidez.

6.–Probetan inskribatzea.

6.1. Proba egin nahi dutenek izena emateko eskabidea aurkeztu beharko dute, ebazpen honen II. eranskinean adierazitako ereduaren arabera. Bertan, aukeratu nahi duten espezialitatea eta musika tresna aipatu beharko dituzte. Espezialitate bat baino gehiago egin nahi izanez gero, lehentasunen arabera adieraziko dira.

6.2. Desgaitasunen bat duten izangaiek, horrek galarazten badie probak ohiko baliabideekin egitea, hala adierazi beharko dute izena ematean eta, eskabidearekin batera, minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, organismo eskudunak emana, aurkeztuko dute, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere. Epaimahaiak neurri egokiak eta bidezkoak hartuko ditu denborak eta baliabideak egokitzeko, eta, betiere, errespetatuko du izangaiaren aukera, ikasketak probetxuz egiteko ezaupide eta trebetasun profesionalak dituela egiaztatzeko.

6.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren, atzerritarren identifikazio txartelaren, pasaportearen, nortasuna frogatzen duen bidaia agiriaren edo bisaren fotokopia, bi aldeetatik.

b) Egiaztagiria, hala balegokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren diru-bilketarako kontuan sarrera probaren tarifarako ezarritako zenbatekoa ordaindu dela frogatzeko. Zenbateko hura Hezkuntzako Kontseilariaren maiatzaren 20ko 61/2016 Foru Aginduan ezarri zen, agindu horren bidez ezartzen baitziren Hezkuntza Departamentuaren menpeko irakaskuntza ez-derrigorrezkoen tarifak eta ikasleen egoitzenak.

Inskripzioa sarrera proba berariazkorako: 61,30 euro.

Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean eta maiatzaren 18ko 6/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, foru agindu honetan ezarritako prezio publikoei honako hauek aplikatuko zaizkie:

–%100eko salbuespena, kategoria bereziko familia ugarietako kideentzat.

–%50eko hobaria, kategoria orokorreko familia ugarietako kideentzat.

–Ekintza terroristen biktimak, baita haien ezkontide eta seme-alabak ere, irakaskuntza ez-derrigorrezkoen tarifetatik salbuetsirik daude.

–Honako hauek aplikatuko zaizkie desgaitasun aitortua duten pertsonei:

  • %100eko salbuespena, %65eko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten pertsonentzat.
  • %50eko hobaria, %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten pertsonentzat.

c) Kasua bada, familia ugariaren tituluaren fotokopia, edo Barne Ministerioak ekintza terroristen biktimentzat, haien ezkontideentzat edo seme-alabentzat emandako ziurtagiriarena, edo desgaitasunaren ziurtagiriarena.

d) Batxiler-tituluaren fotokopia edo hura eskatu izanaren gordekina, titulua lortu badu.

Probetarako izena emateko orduan batxilergoko azkeneko kurtsoa egiten ari diren izangaiek, artikulu honetan aipatutako agiriak izanen ez dituztenez, 2017ko uztailaren 1a baino lehen aurkeztuko dituzte.

e) 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu izanaren agiriaren fotokopia, halakorik bada.

f) Goi mailako musika ikasketak egiteko ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 19 urtetik gorako izangaientzat, Nafarroako Foru Komunitateak edo beste edozein hezkuntza administraziok deitzen duen heldutasun proba gainditu izanaren gordekinaren fotokopia.

Izena emateko orduan, heldutasun proba gainditzeko zain dauden izangaiek eskabidean adierazi beharko dute proba hori egiteko izena eman dutela eta, behin betiko emaitza izan bezain laster, eta, edozein kasutan, matrikula egin baino lehen, hura gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

g) Musikako ikasketa profesionalak egin dituzten izangaiek horien egiaztagiria aurkeztuko dute, lortutako musikako titulu profesionaleko batez besteko nota agertzen duena, edo, hori ezean, ikasketen ziurtagiri osoa.

h) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera, musikako irakasle titulua duten izangaiek tituluaren fotokopia eta ikasketen ziurtagiri osoa aurkez ditzakete.

i) Izangaiak proban joko dituen lanen zerrenda.

j) Minusbaliotasun mailaren ebazpena edo ziurtagiria, organismo eskudunak emana, hala balegokio, baita irizpen tekniko fakultatiboa eta denborak eta baliabideak egokitzeko eskaera ere.

Administrazioak edozein unetan eskatzen ahalko dizkie eskatzaileei eskaerarekin batera aurkeztutako agirien jatorrizkoak edo horien fotokopia konpultsatuak.

6.4. Eskaera non eta noiz aurkeztu.

Eskabidea eta adierazitako dokumentazioa Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Idazkaritzan aurkeztuko dira, maiatzaren 10etik 19ra, biak barne.

6.5. Eskaera onartuak eta baztertuak.

Inskripzioak egiteko ezarritako epea bukatu ondoan, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioak aditzera emanen du, ikastetxean bertan, eskatzaile onartuen izenen zerrenda, espezialitateen arabera, eta, hala balegokio, ibilbideen arabera, bai eta baztertuenena ere, eta, kasu horretan, zehaztuko du zergatik dauden bazterturik. Baztertutako izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoia zuzentzen ahal duen dokumentazioa aurkezteko. Ebazpen honen 6.4 oinarrian ezarritako tokian aurkeztuko da dokumentazioa. Izan daitezkeen erreklamazioei kasu eginen zaie eta, goi mailako ikastetxean, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta, baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia zehaztuko da.

7.–Espezialitateak eta ibilbideak.

Espezialitate hauetarako sarrera probak deitu dira: Konposizioa, Musikologia, Pedagogia eta Interpretazioa, ibilbide hauetan: Akordeoia, Harpa, Jazzeko Baxu Elektrikoa, Jazzeko Bateria, Kantua, Jazzeko Kantua, Klarinetea, Klabea, Kontrabaxua, Jazzeko Kontrabaxua, Fagota, Moko-flauta, Zeharkako Flauta, Gitarra, Jazzeko Gitarra Elektrikoa, Oboea, Organoa, Perkusioa, Pianoa, Jazzeko Pianoa, Saxofoia, Jazzeko Saxofoia, Tronboia, Jazzeko Tronboia, Tronpa, Tronpeta, Jazzeko Tronpeta, Tuba, Txistua, Biola, Biolina eta Biolontxeloa.

8.–Sarrera proba berariazkoaren egitura eta edukia eta probako atal bakoitzaren balorazio partziala espezialitatearen arabera.

Sarrera proba berariazkoaren egitura eta edukia, baita probako atal bakoitzari ematen zaion balorazio partziala espezialitatearen arabera, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren eranskinean ezarritakoak izanen dira, horren bidez arauak eman baitziren Nafarroako Foru Komunitatean musikako goi mailako ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

9.–Sarrera proba berariazkoa gainditzea eta ziurtapena.

Berariazko probaren kalifikazioa bi dezimalekin adieraziko da. Sarrera proba gainditutzat joko da lortzen den azken kalifikazioa, espezialitate bakoitzean probaren atal guztien ponderazio partziala egin ondoren, 5,00 puntukoa edo altuagoa baldin bada.

Sarrera proba berariazkoa gainditzen duten ikasleei ziurtagiri bat emanen zaie, ebazpen honen III. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa, non besteak beste ikasturtea, espezialitatea eta lortutako kalifikazioa agertuko diren.

10.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskaintzen diren ikaspostuak.

Espezialitate bakoitzean eskaintzen den ikaspostu kopurua Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenean eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 137/2010 Ebazpenean adierazten dena izanen da. Ebazpen horietako lehenak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko espezialitate bakoitzean eskura daitezkeen ikaspostuen urteko eskaintza zehaztu zuen, eta bigarrenak martxoaren 26ko 98/2010 Ebazpenaren eranskina aldatu.

11.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzea.

Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren 10. artikuluan jasotzen den bezala, musikako titulu profesionala izatea aintzat hartuko da musikako goi mailako ikasketetako sarrera probaren azken kalifikazioan.

Sarrera proba berariazkoa gainditu eta musikako titulu profesionala edo musikako irakasle titulua (irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuaren arabera) duten ikasleen kasuan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan sartzeko azken puntuazioa kalkulatzeko, beren ikasketa espedientearen batez besteko notaren araberako puntuazio gehigarria erantsiko zaio sarrera proba berariazkoan lortzen duten notari.

Sarrera proba berariazkoa gainditzen duten izangaiei ikasketa profesionalen balorazioa gehitu ondoren, espezialitate bakoitzerako eta, hala badagokio, musika tresna bakoitzerako zerrenda bakar bat osatuko da, puntuazio altuenetik txikienera ordenatua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan onartzea espezialitate bakoitzerako bakarka lortzen den puntuazioaren arabera eginen da, altuenetik txikienera.

Onarpen prozesua bukatuta ikasposturik gelditzen bada, Kontserbatorioak beste ikastetxe bateko proba gainditu duten ikasleei esleitzen ahalko dizkie.

12.–Epaimahaiak.

Espezialitate bakoitzerako epaimahai bat osatuko da, hiru kide izanen dituena: epaimahaiburua, idazkaria eta epaimahaikidea. Gainera, Interpretazioaren espezialitatean, musika tresnaren araberako epaimahaiak eratzen ahalko dira.

12.1. Epaimahaien osaera.

Ikastetxeko zuzendaritzak ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean dauden irakasleen artetik aukeratuko ditu epaimahaikideak. Horrelako irakasle aski ez badago, antzeko espezialitateetako irakasleengana joko da. Epaimahaiak ariketen arloetako irakasleen aholkularitza izan dezake, hala erabakiz gero.

12.2. Epaimahaien publikotasuna.

Epaimahaien osaera probak egin baino gutxienez bost egun lehenago iragarriko da, probak eginen diren tokiko iragarki oholetan.

13.–Elkarrizketa.

Epaimahaiak elkarrizketa bat egiten ahalko die izangaiei, bakoitzaren prestakuntza eta lanbide esperientzia ezagutzeko eta, musikako goi mailako ikasketak direla-eta, dituzten asmoak ezagutzeko. Epaimahaiak ikasleen jardueren eta esperientzien gaineko egiaztagiriak eska ditzake.

14.–Erreklamazioak.

Proben kalifikazioen aurkako erreklamazioak, halakorik bada, epaimahaiburuari zuzenduak, probak egiten diren tokian aurkeztuko dira, bost egun balioduneko epean, emaitzak argitaratzen direnetik hasita. Erreklamazioak han bertan ebatzi eta argitaratuko dira, erreklamazioak aurkezteko epea bukatu ondoko hamar egun balioduneko epean. Ebazpen horien kontra, izangaiak beste erreklamazio bat jar dezake Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuari zuzendua, argitaratu eta hurrengo bost egunetan.

15.–Dokumentazioa gordetzea.

Musikako goi mailako ikasketak egiteko probaren prozesuan sortzen diren agiri guztiak bi hilabetez gordeko dira gutxienez, probak egiten direnetik hasita.

II. ERANSKINA

Eskabidea, 2017-2018 ikasturtean musikako goi mailako arte ikasketetarako sarrera probak egiteko (PDF).

III. ERANSKINA

2017-2018 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan musikako goi mailako arte ikasketak egiteko sarrera probak gainditu izanaren ziurtagiriaren eredua (PDF).

Iragarkiaren kodea: F1705050