31. ALDIZKARIA - 2017ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

2/2017 FORU AGINDUA, urtarrilaren 12koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleek profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak eskatzeko prozedura arautzen duena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan ezarrita dago lanbide heziketako tituluak eta profesionaltasun ziurtagiriak (hurrenez hurren, hezkuntza arloko administrazioak eta lan arloko administrazioak emanak) direla titulu horien jabeen lanbide kualifikazioak frogatzeko agiri ofizialak, eta Espainiako lurralde osoan izanen dutela balioa. Xedatzen du, orobat, eskuratzen diren gaitasunak nahikoak ez badira lanbide heziketako titulu batean edo profesionaltasun ziurtagiri batean jasotzen den lanbide kualifikazio guztia osatzeko, egiaztagiri partzial metagarria izanen dela gaitasun unitate horiek egiaztatzeko erabiliko den agiria.

Lege horretan, bestalde, arauak ematen dira hezkuntza administrazioak baimendutako lanbide heziketako ikastetxeetan eskaintzeko lanbide heziketako tituluetan sartutako lanbide moduluetatik abiatuta eratzen diren prestakuntza programak, edo profesionaltasun ziurtagirietan sartutako prestakuntza moduluak, besteak beste, eskola porrota izan duten gazteei zuzenduak eta haientzat egokituak. Eta xedatzen du prestakuntza programa horietako ziurtagiriek balioko dutela lortutako lanbide gaitasunen egiaztapen partzial metagarri gisa, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalari dagokionez.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren helburuetako bat da ikasleei aukera ematea aurrera egiteko, bai hezkuntza sisteman, bai enplegurako lanbide prestakuntzaren sisteman. Legeak ezartzen du oinarrizko lanbide heziketako ziklo bat, erdi mailako heziketa ziklo bat edo goi mailako heziketa ziklo bat gainditzen duten ikasleek oinarrizko lanbide titulu bat, teknikari titulu bat edo goi mailako teknikari titulu bat jasoko dutela, hurrenez hurren, beren lanbide kualifikazioa egiaztatzeko. Ezartzen du, gainera, lanbide heziketako zikloetako irakaskuntzak oso-osorik gainditzen ez dituzten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dutela, ondorio akademikoez gainera, eskuratutako lanbide gaitasunen egiaztapen partzial metagarri gisako ondorioak ere izanen dituena, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalari dagokionez.

Bi lege horietan adierazten da beharrezkoa dela pertsonek lortzen dituzten lanbide gaitasunak egiaztatzea, hala enplegurako lanbide heziketako prestakuntza prozesuen bidez eskuratzen direnak, nola hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen bidezkoak, eta lanbide heziketaren eskaintza guztiak integratu, transferitu eta aitortzeko oinarriak jartzen dituzte, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari dagokionez.

Ildo horretan, profesionaltasun ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak xedatzen du lan arloko administrazioak behar den profesionaltasun ziurtagiria egin eta emanen diola eskatzen duenari, betiere, hezkuntza sisteman egindako ikasketen bidez, eskuratu baldin badute kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiria osatzen duten gaitasun unitateei lotutako lanbide modulu guztiak gainditu izana egiaztatzeko ikasketa ziurtagiria, hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorrari buruz indarra duen Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Hala ere, ez dago zehaztuta zein prozedura segitu behar den gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditu izana egiaztatzeko ikasketa ziurtagiriek izan ditzaten profesionaltasun ziurtagirien eta egiaztagiri partzial metagarrien ondorio berberak.

Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak, 52. artikuluaren 3. idatz-zatian, xedatzen du errege dekretu horren I. tituluaren V. kapituluan adierazita dauden prestakuntza programa edo lanbide modulu batzuetan partez matrikulatzen diren ikasleek, eskatuz gero, hezkuntza administrazioak luzatutako ikasketa ziurtagiri bat jasoko dutela, gainditutako moduluak egiaztatzeko balioko duena, hori guztia lanbide heziketako titulu bat edo profesionaltasun ziurtagiri bat lortzera bideratutako prestakuntza metatzeko asmoz.

Bestalde, artikulu beraren 6. idatz-zatiak ezartzen du lan arloan eskumena duten administrazioek behar den profesionaltasun ziurtagiria eginen dietela hala eskatzen dutenei, betiere hezkuntza sisteman egindako lanbide irakaskuntzen bidez lortu badu behar den ikasketa ziurtagiria, hots, profesionaltasun ziurtagiri hori osatzen duten gaitasun unitateak gainditu izana egiaztatzen duena, haiei loturiko lanbide moduluak gaindituak izateagatik.

Hortaz, bidezkoa da foru agindu honen bidez zehaztea zein tramitazio prozedura jarraitu behar den Hezkuntza Departamentuak baimendutako ikastetxeek egindako ikasketa ziurtagiri ofizialen bidez gaitasun unitateak gainditu izana egiaztatzen duten pertsonek kasuan kasuko ziurtagiria edo profesionaltasun agiria eskatzeko Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, baita bidezko diren egiaztagiri partzial metagarriak ere, hala dagokionean.

Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuaren eta Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetzaren emaitza da (Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hurrenez hurren), elkarrekin proposatu baitute agindu hau prestatzea.

Ikusirik Hezkuntzako zuzendari nagusiaren eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen txostenak, non Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleentzako egiaztagiri partzial metagarriak eta profesionaltasun ziurtagiriak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan tramitatzeko prozedura arautzearen alde agertzen baitira.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da indarreko legediaren arabera Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleei dagozkien profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak tramitatzeko prozedura arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Foru agindu hau hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuetan aplikatuko da, baita hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen lanbide heziketako prestakuntza programak Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan emateko baimena duten erakunde eta entitateetan ere.

2 Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketak irakaskuntza hauek hartzen ditu bere baitan: oinarrizko lanbide heziketako zikloak, erdi eta goi mailetako heziketa zikloak, espezializazio ikastaroak, lanbide heziketa bereziko zikloak, lanbide lantegiak eta indarreko legediari jarraikiz eskaintzen diren beste prestakuntza programa batzuk.

3. artikulua. Prozeduraren helburua.

Foru agindu honetan arautzen diren profesionaltasun ziurtagiriak eta ziurtagiri partzial metagarriak eskatzeko prozeduraren helburua da hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen bidez lortzen diren lanbide gaitasunak integratu, transferitu eta aitortu beharrari erantzutea eta ikasleei aukera ematea aurrera egiteko enplegurako lanbide heziketaren sisteman.

4. artikulua. Eskatzaileak.

1. Profesionaltasun ziurtagirien eta/edo ziurtagiri partzial metagarrien eskaera tramitatzen ahal dute, Nafarroako hezkuntza sistemaren barrenean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari loturiko lanbide heziketako irakaskuntzak egin dituzten ikasleek, betiere ondoren ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

2. Aipatutako ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Profesionaltasun ziurtagiriaren eskaera tramitatzeko, baldintza hauek egiaztatu beharko dira aldi berean:

–Profesionaltasun ziurtagiria osatzen duten gaitasun unitate guztiak gainditu izana egiaztatzea ikasketa ziurtagiri ofizial baten bidez eta/edo egiaztagiri partzial metagarrien bidez.

–Egiaztatzea “gai” kalifikazioa lortu duela Lantokiko Prestakuntza moduluan, edo, bestela, Lantokiko Prestakuntza moduluaren barreneko behar den prestakuntza unitatean, horren bidez egiaztatzen bada profesionaltasun ziurtagirian sartuta dagoen lanez kanpoko praktika profesionalen modulua gainditu izana.

b) Egiaztagiri partzial metagarrien eskaera tramitatzeko:

–Egiaztatu beharreko gaitasun unitateari lotutako lanbide modulua edo moduluak gainditu izana egiaztatzea ikasketa ziurtagiri ofizial baten bidez.

5. artikulua. Profesionaltasun ziurtagirien eta egiaztagiri partzial metagarrien eskaerak.

Eskaera guztiak ikasketa ziurtagiri ofiziala egiten duen ikastetxearen bidez tramitatuko dira, ikastetxe publikoen eta ikastetxe itundu pribatuen kasuetan, eta atxikita dagoeneko ikastetxearen bidez, ikastetxe pribatuen kasuan eta Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako ziklo eta programak emateko baimena duten erakunde eta entitateen kasuan.

II. KAPITULUA

Profesionaltasun ziurtagiria eskatzeko prozedura

6. artikulua. Profesionaltasun ziurtagirien eskaerak aurkezteko tokia.

1. Ikasleek, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzeko, eskabide bat aurkeztu beharko dute hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketak egin dituzten ikastetxearen idazkaritzan, 1. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa.

2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

b) Ikasketa ziurtagiri ofiziala, non gainditutako lanbide moduluak eta egiaztatutako gaitasun unitateak ageriko baitira.

3. Profesionaltasun ziurtagiri bat baino gehiago eskatzeko aukera ematen duten lanbide moduluak gainditu dituzten ikasleek eskabide bana aurkeztu beharko dute eskubidez dagokien ziurtagiri bakoitzeko.

4. Eskabide horiek aurkeztu beharko dira kasuan kasuko ikasturtea bukatzen den urteko abenduaren 31 baino lehen, egun hori barne.

7. artikulua. Ikastetxeek profesionaltasun ziurtagirien eskaerak tramitatzeko modua.

1. Profesionaltasun ziurtagiri bakoitzeko, ikastetxeek “Profesionaltasun ziurtagiriak egiteko proposamena” izeneko agiri bat bete beharko dute, foru agindu honen 2. eranskineko ereduaren arabera, eta jarraibide hauei jarraikiz:

a) Proposamen agiriak ikastetxearen logoa eraman beharko du.

b) Ikasleak alfabetikoki ordenatuak agertu beharko dira, bata bestearen atzean zenbakituak. Haien datuak ikaslearen dokumentazio ofizialean agertzen den bezal-bezala agertuko dira.

c) Proposamenak behar beste orri izanen ditu, kasuan kasuko profesionaltasun ziurtagiria jasotzeko eskubidea duten ikasle guzti-guztiak sartu ahal izateko.

d) Proposamena itxitzat emateko, lerro horizontal bat jarriko da, izen gehiago erantsi ez dadin.

e) “Profesionaltasun ziurtagiria egiteko proposamena” ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak sinatu beharko dute. Lanbide Heziketako prestakuntza programak emateko baimena duten erakunde eta entitateen kasuan, agiri hori erakunde horien legezko ordezkariak sinatu beharko du. Orobat, kasuan kasuko ikastetxearen edo entitatearen zigilua eduki beharko du.

2. Ikastetxeek irteera-erregistroa eman beharko diote “Profesionaltasun ziurtagiria egiteko proposamena” izeneko agiriari, eta, eransten den dokumentazio guztiarekin batera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentralen erregistroan edo Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan aurkeztuko dute.

8. artikulua. Ziurtagiriak egiteko tramitea.

Behin profesionaltasun ziurtagiriak egin ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kasuan kasuko ikastetxeei bidaliko dizkie.

9. artikulua. Profesionaltasun ziurtagiriak gorde eta entregatzea.

1. Ikastetxeen ardura izanen da profesionaltasun ziurtagiriak gordetzea interesdunei edo ziurtagiria hartzeko baimentzen diren pertsonei entregatu arte.

2. Ikastetxeek interesdunei jakinarazi beharko diete profesionaltasun ziurtagiriak ikastetxeko idazkaritzan daudela eskuragai, entregatzeko prozedura zehaztuta.

3. Profesionaltasun ziurtagiriak interesdunek beraiek jaso beharko dituzte profesionaltasun ziurtagiria egiteko eskaera aurkeztu den ikastetxe berean, bere burua NANaren, AIZren edo pasaportearen bidez egiaztatuta.

Interesdunak berak ezin badu jaso, horretarako behar bezala baimendutako pertsona batek jasotzen ahalko ditu profesionaltasun ziurtagiriak, baimen idazkia eta eskatzailearen eta baimentzen den pertsonaren NAN/AIZren edo pasaportearen fotokopia aurkeztuta.

4. Profesionaltasun agiria entregatu eta jasotzen den unean, interesdunak edo, kasua bada, baimendunak “Profesionaltasun ziurtagiriak eman izanaren orria/zerrenda” izeneko agiria sinatu beharko du. Agiri hori foru agindu honen 3. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa izanen da.

Agiri horretan profesionaltasun ziurtagiria entregatu den eguna agertu beharko da, baita jasotzen duen pertsonaren datu pertsonalak eta sinadura ere.

5. Talde bakoitzaren profesionaltasun ziurtagiri guztiak entregatu ondoren, kopia bat Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari igorriko zaio eta beste bat Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontrol neurri gisa.

III. KAPITULUA

Egiaztagiri partzial metagarriak eskatzeko prozedura

10. artikulua. Egiaztagiri partzial metagarrien eskaerak aurkezteko tokia.

1. Ikasleek, egiaztagiri partzial metagarri bakoitzeko, eskabide bat aurkeztu beharko dute hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketak egin dituzten ikastetxearen idazkaritzan, 4. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa.

2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren, AIZren edo pasaportearen fotokopia.

b) Ikasketa ziurtagiri ofiziala, non gainditutako lanbide moduluak eta egiaztatutako gaitasun unitateak ageriko baitira.

3. Gaitasun unitate bateko baino gehiagoko egiaztagiri partzial metagarriak eskatzeko aukera ematen duten lanbide moduluak gainditu dituzten ikasleek eskabide bakar bat aurkeztu beharko dute eskubidez dagozkien egiaztagiri guztietarako.

4. Eskabide horiek aurkeztu beharko dira kasuan kasuko ikasturtea bukatzen den urteko abenduaren 31 baino lehen, egun hori barne.

11. artikulua. Ikastetxeek egiaztagiri partzial metagarrien eskaerak tramitatzeko modua.

1. Egiaztagiri partzial metagarri bakoitzeko, ikastetxeek “Egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamena” izeneko agiri bat bete beharko dute, foru agindu honen 5. eranskineko ereduaren arabera, eta jarraibide hauei jarraikiz:

a) Proposamen agiriak ikastetxearen logoa eraman beharko du.

b) Ikasleak alfabetikoki ordenatuak agertu beharko dira, bata bestearen atzean zenbakituak. Haien datuak ikaslearen dokumentazio ofizialean agertzen den bezal-bezala agertuko dira.

c) Proposamenak behar beste orri izanen ditu, kasuan kasuko egiaztagiri partzial metagarria jasotzeko eskubidea duten ikasle guzti-guztiak sartu ahal izateko.

d) Proposamena itxitzat emateko, lerro horizontal bat jarriko da, izen gehiago erantsi ez dadin.

e) “Egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamena” ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak sinatu beharko dute. Lanbide Heziketako prestakuntza programak emateko baimena duten erakunde eta entitateen kasuan, agiri hori erakunde horien legezko ordezkariak sinatu beharko du. Orobat, kasuan kasuko ikastetxearen zigilua eduki beharko du.

2. Ikastetxeek irteera-erregistroa eman beharko diote “Egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamena” izeneko agiriari, eta, eransten den dokumentazio guztiarekin batera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentralen erregistroan edo Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan aurkeztuko dute.

12. artikulua. Egiaztagiriak egiteko tramitea.

Behin egiaztagiri partzial metagarriak egin ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kasuan kasuko ikastetxeei bidaliko dizkie.

13. artikulua. Egiaztagiri partzial metagarriak gorde eta entregatzea.

1. Ikastetxeen ardura izanen da egiaztagiri partzial metagarriak gordetzea interesdunei edo ziurtagiria hartzeko baimentzen diren pertsonei entregatu arte.

2. Ikastetxeek interesdunei jakinarazi beharko diete egiaztagiri partzial metagarriak ikastetxeko idazkaritzan daudela eskuragai, entregatzeko prozedura zehaztuta.

3. Egiaztagiri partzial metagarriak interesdunek beraiek jaso beharko dituzte egiaztagiria egiteko eskaera aurkeztu den ikastetxe berean, bere burua NANaren, AIZren edo pasaportearen bidez egiaztatuta.

Interesdunak berak ezin badu jaso, horretarako behar bezala baimendutako pertsona batek jasotzen ahalko ditu egiaztagiri partzial metagarriak, baimen idazkia eta eskatzailearen eta baimentzen den pertsonaren NAN/AIZren edo pasaportearen fotokopia aurkeztuta.

4. Egiaztagiri partzial metagarriak entregatu eta jasotzen diren unean, interesdunak edo, kasua bada, baimendunak “Egiaztagiri partzial metagarriak eman izanaren orria/zerrenda” izeneko agiria sinatu beharko du. Agiri hori foru agindu honen 6. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa izanen da.

Agiri horretan profesionaltasun ziurtagiria entregatu den eguna agertu beharko da, baita jasotzen duen pertsonaren datu pertsonalak eta sinadura ere.

5. Talde bakoitzaren egiaztagiri partzial metagarri guztiak entregatu ondoren, kopia bat Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuari igorriko zaio eta beste bat Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, kontrol neurri gisa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Ikasle eskatzailearen datu pertsonalen babesa.

Ikasle eskatzaileen datu pertsonalak lortu eta ikastetxeek elkarri lagatzeari dagokionez, eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokionez, datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko legedian xedatutakoari jarraikiko zaio.

Bigarren xedapen gehigarria.–Lanbide Heziketako ikasketak 2016-2017 ikasturtea baino lehen bukatu zituzten ikasleen espedienteen tramitazioa.

Hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketak 2016-2017 ikasturtea baino lehen bukatu zituzten ikasleek 2017ko abenduaren 31 baino lehen eskatu beharko dute profesionaltasun ziurtagiria edo egiaztagiri partzial metagarria egin diezaietela.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Arauen garapena.

Baimena ematen zaio Hezkuntzako zuzendari nagusiari foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu, garatu eta betearazteko behar diren neurriak har ditzan Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntza guztietan aplikatuko da.

Iruñean, 2017ko urtarrilaren 12an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Luis Mendoza Peña.

1. ERANSKINA

Profesionaltasun ziurtagiriaren eskaera.

2. ERANSKINA

Profesionaltasun ziurtagiriak egiteko proposamena.

3. ERANSKINA

Profesionaltasun ziurtagiriak eman izanaren orria/zerrenda.

4. ERANSKINA

Egiaztapen partzial metagarriaren eskaera.

5. ERANSKINA

Egiaztagiri partzial metagarriak egiteko proposamena.

6. ERANSKINA

Egiaztagiri partzial metagarriak eman izanaren orria/zerrenda.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1700598