146. ALDIZKARIA - 2017ko uztailaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Ordenantza, Adineko pertsonendako babespeko apartamentuak arautzen dituena. Aldaketa. Hizkera ez sexistaren berrikuspena

Burlatako Udalak, 2017ko maiatzaren 25ean egin osoko bilkuran, onetsi zuen Adineko pertsonendako babespeko apartamentuak arautzen dituen ordenantzaren hizkera ez sexistaren berrikuspena. Jarraian argitara ematen da ordenantza horren testu osoa.

Burlatan, 2017ko ekainaren 6an.–Alkatea, José María Noval Galarraga.

ORDENANTZA, ADINEKO PERTSONENDAKO BABESPEKO APARTAMENTUAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Burlatako Udalak, gizarte gaien arloko –bereziki adineko pertsonei laguntzeko xedea duten gaien arloko– Udalaren eskumenekin bat, babespeko apartamentuak sortu ditu. Udalari berari dagozkio haien antolaketa, kudeaketa eta administrazioa.

Babespeko apartamentuak Burlatako Udalaren jabari publikoko ondasunak dira. Haien xedea da baliabide sareko zerbitzu publikoetako bat izatea, premia duten adineko pertsonen eskakizunei erantzuteko ezarri direnetakoa alegia.

Bestelako bizitoki gisa aurreikusi dira, gehitutako zerbitzurik gabe, eta helburua da adineko pertsonak haien ingurunean egotea, beraien eremuan, norbanakoaren eta taldeko integrazioa laguntzeko, herrian nahiz ingurunean.

Erabiltzaileak 65 urtetik gorako adineko pertsonak, Burlatako bizilagunak, baizik ez dira izanen, ongi baliatzen ahal direnak eta bizitokia izateko arazo larriak dituztenak. Apartamentuak banaka edo bikoteka erabiltzen ahal dira, eta gutxieneko zerbitzu komun batzuk badituzte, horiek erabiltzea aukerakoa baita.

1998. urtean Burlatako Udalak herriko San Migel kaleko 13an abian jarri zuen 8 apartamentuko multzoa, 16 pertsonendako.

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza honek adineko pertsonendako babespeko apartamentuen araubide juridikoa ezarri du; ahaleginak eginen dira kolektibo horren bizikidetza baketsua izan dadin eta onuradunen baldintzak zehaztuko dira, baita haien eskubideak eta betebeharrak ere.

2. artikulua. Burlatako Udaleko Gizarte Gaien Departamentua eskuduna izanen da San Migel kaleko 13an dauden babespeko apartamentuak kudeatzeko eta pertsona bat izendatuko du horien arduraduna izateko. Horren berri Burlatako Udaleko Idazkaritzari, Zerbitzu Ekonomikoen Departamentuari eta Hirigintzaren eta Obren Departamentuari emanen dio.

2.1. Gizarte Gaien Alorra arduraduna izanen da honako eginbide hauek egiteko:

a) Tokiko Gobernu Batzarrari proposamena eginen dio apartamentua erabiltzaileari edo erabiltzaileei esleitzeko, baita dagokion kontraturako ere.

b) Urtearen bukaeran Burlatako Udaleko Zerbitzu Ekonomikoen Departamentuari apartamentuak erabili dituzten pertsonen zerrenda aurkeztuko dio, hasten den aurrekontuko ekitaldiari dagozkion tasekin batera, baita sortzen diren aldaketak ere.

2.2. Zerbitzu Ekonomikoen Departamentuak kontrolatuko du Udalari dagokion kontua, tasak ordainduta daudela jakiteko, eta Gizarte Gaien Alorreko arduradunari dauden zorren berri emanen dio, horien arrazoia jakin dezan.

2.3. Burlatako Udaleko Hirigintzaren eta Obren Departamentua arduratuko da instalazioak mantentzeaz eta babespeko apartamentuak kontserbatzeaz; horretarako behar adina ohiko konponketa eginen ditu.

Babespeko apartamentu guztien erregistroa izanen du. Bertan pertsonaren izen-abizenak eta etxebizitzan sartzeko edota handik ateratzeko giltzak noiz eman ziren zehaztuko da. Bi kasu horietan txostena egin beharko da apartamentua eman denean eta erabili ondoan nola dagoen azaltzeko, baita horien erabileratik sortzen diren gorabehera guztiak azaltzeko ere.

2.4. Idazkaritzak Udalaren zortzi apartamentuen kudeaketan eta administrazioan parte hartzen duten departamentu guztien kudeaketa koordinatuko du eta arduratuko da dagozkion kontratuen esleipenaren eta formalizazioaren onespena tramitatzeaz.

3. artikulua. Erabiltzaileak.

Babespeko apartamentuetako egoiliar izaera izaten ahalko dute honako baldintza hauek betetzen dituztenek:

3.1. 65 urte edo gehiago izatea eskaera aurkezten dutenean. Senar-emazteak direnean edo antzeko harremana dutenean, eskatzaileetako batek adin hori izan beharko du eta besteak 63 urte baino gehiago.

3.2. Burlatan erroldatuta egotea eta han benetan bizitzea.

3.3. Apartamentuan sartzen direnean berez ongi baliatu beharko dute eta eguneroko bizitzako jarduerak egiteko autonomia psikofisikoa izan beharko dute.

3.4. Etxebizitza beharra izan behar dute honako arrazoi hauengatik: ez edukitzea, utzarazpena, bizigarritasun galera larriak, konponbide zaileko oztopo arkitektoniko handiak izatea eta/edo beste bizitoki batean egoteko aukerarik ez izatea.

3.5. Pentsioen bidezko diru-sarreren maila urteko LGSa halako bi baino gehiago ez izatea, ondasun higigarririk ez izatea eta eskabidearen aurreko 10 urtean ondasunik eskualdatu ez izana, haien katastroko balioa urteko LGSa halako 6 baino gehiago baldin bada.

4. artikulua. Egoiliarren tokien esleipena deialdi publikoaren bidez eginen da, Udalak horretarako onetsi duen baremoa erabiliz.

Esleipenak ez du apartamentuaren gaineko eskubiderik emanen, baizik eta Udalak esleitzen duen berariazko espazioan bizitzeko eskubidea, behar orokorren arabera.

5. artikulua. Baremoa.

Beharraren norainokoa eta hautatzeko baremoa zehazteko, honako atal hauek aplikatuko dira:

5.1. Burlatan bizitzea (gehienez ere 20 puntu).

–Burlatako bizilaguna izatea azkeneko 15 urtean: 20 puntu.

–Burlatako bizilaguna izatea azkeneko 10 urtean: 16 puntu.

–Burlatako bizilaguna izatea azkeneko 5 urtean: 12 puntu.

–Burlatako bizilaguna izatea azkeneko 2 urtetik 4 urte eta 11 hilabetera bitartean: 8 puntu.

–Bizilaguna izatea gutxienez ere urte bateko antzinatasunez: 4 puntu.

5.2. Eskatzailearen adina (gehienez ere 5 puntu).

–65 urtetik 70 urtera bitarte: 5 puntu.

–71 urtetik 75 urtera bitarte: 4 puntu.

–76 urtetik 80 urtera bitarte: 3 puntu.

–81 urtetik 85 urtera bitarte: puntu 1.

–85 urtetik goiti: 0 puntu.

5.3. Etxebizitzaren egoera (gehienez ere 30 puntu).

–Judizialki egiaztatutako utzarazpena: 30 puntu.

–Etxebizitza alokatua, bizitzeko egokia ez dena: 30 puntu. (Zaharberritze Zerbitzuaren txostenak bermatua).

–Etxebizitza ezinbestez utzi behar izatea (sutea, erortzea...) eta bizitokia eskuratzeko baliabiderik ez izatea: 30 puntu.

–Etxebizitza jabetzan izatea, bizitzeko desegokitzat hartua, eta baliabiderik ez izatea bizigarritasun baldintzak dituen etxebizitzaren bat eskuratzeko: 27 puntu. (Zaharberritze Zerbitzuaren txostenak bermatua).

–Utzarazpena, judizialki ez egiaztatua, jabeak idatzitako jakinarazpena dagoenean: 24 puntu.

–Etxebizitza partekatu behar izatea, edo ostatu eskasetan bizitzea: 24 puntu.

–Alokatutako etxebizitza, non erabateko eragozpenek adinekoaren isolamendua eragiten baitute: 24 puntu.

–Jabetzako etxebizitza, non erabateko eragozpenek adinekoaren isolamendua eragiten baitute eta egoera onean dagoen beste bizitoki bat eskuratzeko baliabiderik ez baitu: 22 puntu.

–Etxebizitza alokatua, bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituenean (bainugela, hezetasuna, berogailua): 21 puntu.

–Espazio murriztua: ez du banako logelarik; edo izatekotan, familia kide batek laga behar dio: 18 puntu.

–Txandakatzea, zenbait ahaideren etxeetan biziz: 18 puntu.

5.4. Eskatzailearen egoera ekonomikoa (gehienez ere 25 puntu).

5.4.1. Pentsioetatik lortutako diru-sarrerak:

BANAKAKOA

SENAR-EMAZTEAK/BIKOTEA

PUNTUAK

LGSaren %70 baino gutxiago

LGSaren %122 baino gutxiago

25

LGSaren %70etik %85era bitarte.

LGSaren %122tik %138ra bitarte.

24

LGSaren %85etik %95era bitarte.

LGSaren %138tik %148ra bitarte.

22

LGSaren %95etik %105era bitarte.

LGSaren %148tik %158ra bitarte.

21

LGSaren %105etik %115era bitarte.

LGSaren %158tik %168ra bitarte.

19

LGSaren %115etik %130era bitarte.

LGSaren %168tik %183ra bitarte.

15

LGSaren %130etik %145era bitarte.

LGSaren %183tik %198ra bitarte.

11

LGSaren %145etik %170era bitarte.

LGSaren %198tik %223ra bitarte.

7

LGSaren %170etik %190era bitarte.

LGSaren %223tik %243ra bitarte.

2

LGSaren %190etik goiti

LGSaren %243tik goiti

0

5.4.2. Aurrezkiak eta/edo ondasunak (ezezko puntuazioa).

–Urteko LGSa halako hiru baino gutxiago: 5 puntu.

–Urteko LGSa halako 3 eta halako 6 artean: 15 puntu.

5.5. Egoera sozio-familiarra edo bizikidetza egoera (gehienez ere 15 puntu).

–Laguntzarik gabe, babesik gabe egotea: 15 puntu.

–Gatazkak izatea bizi den familia-unitatean: 12 puntu.

5.6. Kontuan hartzeko bestelako inguruabarrak (5 puntu).

6. artikulua. Eskabideak jasotzea.

Eskabideak, eredu ofizialaren araberakoak, bete eta eskatutako dokumentazioarekin batera Burlatako Udaleko Erregistroan aurkeztuko dira.

Eskaerak horretarako egiten den deialdi publikoan ezarritako epearen barruan jasoko dira, bete gabeko apartamentuak daudenean. Nolanahi ere, itxaron zerrenda osatzen ahalko da, 2 urteko balioa izanen duena, jaso eta kontuan hartu ez diren eskaerekin. Haien datuak eguneratu beharko dira esleipena baldin bada.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

–Eskabidea, Burlatako Udalaren eredu ofizialaren araberakoa.

–NANa.

–Osasunaren gaineko txostena (berez baliatzen ahal den egiaztatzeko galdetegia).

–Pentsioaren ziurtagiria eta eskura dituen baliabide ekonomikoen zinpeko deklarazioa.

–Errenta aitorpena edo haren egiaztagiri negatiboa, hori egitera behartuta ez badago, Ogasun Departamentuak luzatua.

–Katastroko ziurtagiria, eta/edo Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuaren ziurtagiria.

–Beste baten etxebizitzan alokatuta edo hartuta dagoela egiaztatzen duen dokumentua.

Burlatako Udalak ofizioz egiaztatuko du pertsona erroldan agertzen dela. Halaber, eskatzaileek eman dituzten informazio eta datu guztien egiazkotasuna frogatzeko eskubidea gordetzen du, eta ahalmena du plaza bat esleitu zaien pertsonak ere ikertzeko; hain zuzen, sartu baino 10 urte lehenagotik hona, ez dutela ondasunik eskualdatu ikertzeko, horrek aldaraziko bailuke ordenantza honetan sartzeko baldintzatzat edo baremoa ezartzeko kontuan hartzen den gaitasun ekonomikoa.

8. artikulua. Eskarien ebazpena.

Gizarte Gaien Alorrak, babespeko apartamentuen poltsa kudeatzeko izendatu den arduradunaren bitartez, eskariak aukeratu eta baloratuko ditu eta horiei puntuak emanen zaizkie, onetsitako baremoaren arabera.

Balorazioa eginda, horretarako eratu den Sarrera Batzordeari igorriko zaio. Han egiaztatu behar dute ordenantzan ezarritako baldintzak betetzen diren eta puntuazioa baremoari jarraikiz egin den.

Eskatzaileen zerrenda osatuko da, lortutako puntuazio handienetik txikienerako hurrenkeran.

Tokiko Gobernu Batzarrari apartamentuaren erabiltzailearen edo erabiltzaileen esleipenerako proposamena eginen zaio, lortutako puntuazioaren arabera.

Ezkontideen edo antzekoen kasuan, eskatzaileetako bat kanporatzeak automatikoki bestea ere kanporatzea ekarriko du, nahiz eta azken horrek eskatutako baldintzak bete.

Eskubidea kendu edo galduz gero, Udalaren organo eskudunak apartamentua esleituko dio zerrendan agertzen den hurrengoari.

9. artikulua. Sarrera Batzorde Teknikoa.

Ondoko hauek osatuko dute:

–Burlatako Udaleko idazkaria.

–Gizarte Gaien Alorreko burua.

–Babespeko apartamentuak kudeatzeaz arduratzen den teknikaria.

Sarrera Batzorde Teknikoak Tokiko Gobernu Batzarrari aurkeztuko dizkio bere ebazpen proposamenak, eta hark behar den ebazpena emanen du.

10. artikulua. Zerbitzuaren kostua eta hori ordaintzeko modua.

Burlatako Udalaren ordenantza fiskalek urtero ezarriko dute apartamentuaren hilabeteko kostuagatik aplikatu beharreko tarifa, aurreko urteko diru-sarrera guztien arabera (pentsioak, kapital higigarri eta higiezinaren errentak).

Ezkontideen edo antzekoen kasuan, zerbitzua biek erabiltzen dutenean, oinarrizko tarifa aplikatuko zaie bi erabiltzaileen diru-sarrerak batzetik sortzen diren per capita diru-sarrerei.

11. artikulua. Babespeko apartamentuetan sartzea.

Apartamentuen esleipen-hartzaileek Udalak ezarritako datetan sartu behar dute; gehienez ere, hilabeteko epean. Ezarritako epean sartzen ez badira, esleipen-hartzailearen eskubidea galduko dute.

Apartamentuetan behin sartuta, pertsonek behin-behinekoz 60 egunez egon beharko dute han, eta halako epean, egokitze, bizikidetza eta ezarritako arauen betetze maila frogatuko dituzte. Epe hori iraganda, ez bada antzematen egokitzeko zailtasuna eragiten duen inguruabarrik eta arauak betetzen badira behin betikoz esleituko da. Bestela, kanporatuko dira, Gizarte Gaien Departamentuak txostena egin ondoren, apartamentuen kudeaketaren arduraduna edo arduradunek eta erabiltzaileek beraiek emandako informazioaren araberakoa izanen baita.

12. artikulua. Egonaldia.

Babespeko apartamentuen esleipen-hartzaileak ezintasun kroniko batek jota badaude, eta lagunduriko egoitzaren baliabidea behar badute –behar den bezala zaintzeko– apartamentuan egoten ahalko dira, haien egoera aztertu eta lagunduriko egoitza batean plaza ematen dieten bitartean.

13. artikulua. Esleipen-hartzaileek haien bizitza-erregimena eta laguntza pertsonalak zaindu eta horretaz arduratu beharko dute, baita apartamentuaren garbiketa eta mantentzeaz, arropaz, tresnez eta ekipamenduaz ere, instalazioak egoera onean mantenduz.

14. artikulua. Babespeko apartamentuen esleipen-hartzaileek, modu boluntarioan, han egokitzat hartzen dituzten objektuak edo tresnak instalatzen ahalko dituzte, betiere horiek bateragarriak badira esleitutako espazioaren baldintzekin eta neurriekin. Udalak ez ditu inola ere bere gain hartuko etxebizitzan dauden baliozko gauzak.

15. artikulua. Apartamentuek behin betiko etxebizitzaren izaera dute eta gizarte zerbitzu publikoa dira. Beraz, gehienez ere 60 egun naturalez egon daitezke egoiliarrak kanpoan, arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik.

16. artikulua. Han bizitzeko eskubidea Udalak izendatutako esleipen-hartzaileei dagokie.

Egoiliarrak gaixotasun iragankorra baldin badu, haren ahaideek edo bere konfiantzako bestelako pertsonek apartamentuan lo egiten ahalko dute, egoiliarra zaintzeko, betiere Udalak haiei horretarako eskatutako onespen berariazkoa eman badie.

17. artikulua. Babespeko apartamentuen erabiltzaileek askatasuna izanen dute bizimoduan, betiere arauek ezarritako mugen barnean. Honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Apartamentuan bizitza intimoaz disfrutatzea.

–Ahaideen eta lagunen bisitak izatea egunean zehar.

–Eraikuntzaren zerbitzu komunak erabiltzea.

–Apartamentuen esleipen-hartzaileen artetik pertsona edo pertsonak aukeratzea Udalaren aurrean haiek ordezkatzeko.

–Zerbitzuaren funtzionamenduaren gaineko iritziak agertzea, hark ahalik eta hobekien funtzionatzeko, komenigarriak iruditzen zaizkien iradokizunak proposatuz, eta egokiak iruditzen zaizkien beharrak edo kexak adieraziz.

18. artikulua. Babespeko apartamentuen egoiliarrek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Elkarrekiko begirunean eta tolerantzian oinarrituriko jokaera izatea, bizikidetza egokia lortzeko.

–Ezarritako arauak betetzea, baita babespeko apartamentuen kudeaketaz eta jarraipenaz arduratzen denari jakinaraztea apartamentuetatik kanpoko ateraldiak, bost gauetik gorakoak baldin badira.

–Babespeko apartamentuetan egoteagatik Udalak dagokion ordenantza fiskalean zehaztutako zenbatekoa ordaintzea, hilabete bakoitzaren lehen hamar egunetan.

–Egoiliarrak Udalari jakinarazi beharko dio haren errentekin zerikusia duen edozein aldaketa, tasa egoera berrira egokitzeko.

19. artikulua. Bizikidetza erregimena.

Babespeko apartamentuen erabiltzaileek behar den errespetua eta begirunea izan behar dute gainerako bizilagunekiko, haien arteko bizikidetza baketsua izan dadin. Halaber, modu egokian erabili behar dituzte apartamentuko instalazioak, halako moduz non ondasunak ezinen baitituzte ez hondatu ezta engainuz edo axolagabe erabili ere. Instalazio eta ondasun komunak eta esleituko zaien apartamentua erabiltzen ahalko dituzte, besterik ez.

Pertsona batek bere betebeharrak bete ezean, Sarrera Batzordeak, pertsonak zer falta mota egin duen jakin, eta interesdunari zein arazoak ukitzen dituenei audientzia emanen die, 15 eguneko epean. Sarrera Batzordeak kalifikatu eginen du gertatutakoa, kontuan hartuz ordenantza honek jasotzen duen falten graduazioa, eta horren arabera dagokion neurria hartu.

20. artikulua. Falten graduazioa.

20.1. Falta arinak dira:

a) Egoiliarrek behin eta berriro kontuan ez hartzea apartamentuaren arduradunek ematen dizkieten aginduak, haien higieneari, beste egoiliarrekiko harremanei eta abarri buruz.

b) Alde komunak behar ez bezala erabiltzea.

c) Egoiliarren arteko erasoak, horiek babespeko apartamentuetako bizikidetza baketsua aldatzen ez badute.

d) Zabarkeria, instalazioak eta apartamentuko materiala zaintzean.

e) Oro har, ordenantza honek ezartzen dituen betebeharrak modu arinean ez betetzea.

20.2. Falta larriak dira:

a) Errespetu falta, beste egoiliar edo zerbitzuko langileekiko.

b) Kalte arinak eragitea, engainu eta axolagabekeriagatik, hala pertsonei eta apartamentuari nola instalazioei eta han dauden materialei ere.

c) Egoiliarrek behin eta berriro ez betetzea apartamentuen arduradunek ematen dizkieten aginduak.

d) Arau-hauste arinak errepikatzea edo haietan berrerortzea.

20.3. Falta oso larriak dira:

a) Kalte larriak eragitea, engainu eta axolagabekeriagatik, hala pertsonei eta zerbitzuko langileei nola instalazioei eta han dauden materialei ere.

b) Obra bat egitea, nahiz eta hori hobetzekoa izan, aldez aurretik udal baimenik izan gabe.

c) Ordenantza fiskalean ezarritako prezio publikoa ez ordaintzea.

d) Sartzeko eskabidean emandako datu pertsonal eta ekonomikoak gezurrezkoak izatea.

e) Egoiliarrak bere diru-sarrerak handitu direla jakinarazteko duen betebeharra ez betetzea, horrek egoiliarraren ahalmen ekonomikoan aldaketa garrantzitsua eragin badu.

f) Hirugarren pertsonak apartamentuan hartzea, kudeaketaren arduradunaren baimenik gabe.

g) Apartamentuaren erabilera hirugarren pertsonei lagatzea.

h) Apartamentua ez erabiltzea bi hilabete baino gehiagotan urtean, arrazoi justifikaturik gabe.

i) Faltak egiteagatik ezarritako neurriak ez betetzea.

j) Arau-hauste larriak berriro egitea.

Arau-haustean berrerori dela ulertuko da, baldin eta pertsonak falta bat egin, eta hori baino lehenago, beste falta larriago baten edota hori bezain larri biren edo hori baino larritasun gutxiagoko biren erantzuletzat hartu badute.

Faltak eta haiei dagozkien neurriak preskribitzen dutenean indargabetuko dira, eta halakoetan ez dira kontuan hartuko ezein xedetarako.

21. artikulua. Falta bakoitzean hartu beharreko neurriak.

a) Falta arin batengatik, ondoko neurria hartzen ahal da.

–Idatziz ohartaraztea.

b) Falta larri batengatik, ondoko neurria hartzen ahal da:

–Idatziz ohartaraztea.

–30 eta 120 euro bitarteko isuna.

c) Falta oso larri batengatik, ondoko neurriak hartzen ahal dira:

–120 eta 300 euro bitarteko isuna.

–Apartamentuan egoteko eskubidearen iraungipena.

22. artikulua. Preskripzioa.

–Falta arinek 6 hilabeteren buruan preskribitzen dute.

–Falta larriek urte baten buruan preskribitzen dute.

–Falta oso larriek 2 urteren buruan preskribitzen dute.

–Falta arinengatik hartutako neurriek urte baten buruan preskribitzen dute.

–Falta larriengatik hartutako neurriek 2 urteren buruan preskribitzen dute.

–Falta oso larriengatik hartutako neurriek 3 urteren buruan preskribitzen dute.

23. artikulua. Kalteen ordaina.

Beste egoiliarrei, edo etxebizitzako instalazioei eta ondasunei kalte eragiten dieten pertsonek kalte-ordaina ordaindu beharko dute, Burlatako Udalak ezarritako jarraibideekin bat.

24. artikulua Zerbitzua ematearen iraungitzea.

Babespeko apartamentuko egoitza plaza bat izateko eskubidea ondoko arrazoi hauengatik iraungitzen da:

–Esleipen-hartzaileak modu boluntarioan uko egitea, berariaz eta nahasteko biderik gabe agertuko baita.

–Titularraren heriotza, salbu eta ezkontiderik edo antzekorik badago. Ezkontideak eskubidea izanen du apartamentua erabiltzen jarraitzeko.

–Falta oso larri bat egiteagatik, egoiliarrari halako neurria ezarri diotenean.

–Babespeko apartamentuko egoiliarrak bere kabuz baliatzeko gaitasuna galtzen duenean.

Behin eskubidea iraungirik, Burlatako Udalak beharrezkotzat jotzen dituen laguntza-neurriak hartuko ditu.

AZKEN XEDAPENA

Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabortz egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L1706920