240. ALDIZKARIA - 2016ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 23an hartua, “Nafarroan Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen ekintza plana” onesten duena.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak 75. artikuluan zehazten du foru legea onesten denetik urtebeteko epean prestatu eta onetsi beharko duela Nafarroako Gobernuak “foru legearen garapen orokorrerako ekintza plana”.

Epe horren barrenean prestatu du Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI) “Nafarroan Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen ekintza plana” izeneko dokumentua.

Aipatu 75. artikuluak 1. idatz-zatian jasotzen ditu plan horrek bildu behar dituen gutxieneko edukiak, honako hauek hain zuzen:

–Epea

–Bilatzen diren helburuak

–Hartu beharreko neurriak

–Aurreikusitako baliabide ekonomikoak

–Aurreikusitako ereduak pixkanaka nola ezarri

–Norenak diren erantzukizunak

–Ebaluazioak

INAIk prestatu eta aurkeztu duen planean jaso eta garatzen dira elementu horiek.

Planaren iraupena 6 urtekoa da (2016-2021) eta haren egituran lau ardatz estrategiko daude:

–Balioak aldatzea eta baldintzak sortzea emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizimodurako.

–Osoko arreta emakumeei eta hain seme-alabei.

–Lanbide prestakuntza, emakumeen kontrako indarkeriak identifikatu eta haiei heltzeko.

–Legeak aurreikusitako arloetan eskumena duten erakundeen arteko koordinazioa.

Orobat, esku-hartzeko bederatzi eremu identifikatzen dira, jarduketaren lau ardatz estrategikoetan banaturik, eta helburuak, neurriak eta ekintza orokorrak adierazten eremu bakoitzerako.

Planak, guztira, 22.573.262,90 euroko kostua du, eta bertan behar adina azaltzen da nola banatuko den ekitaldietan eta ardatz estrategikoetan, bai eta plana gauzatzen parte hartuko duten departamentuen eta erakunde autonomoen zein aurrekonturen kargura diren ere.

Administrazio espedienteari erantsitako txosten ekonomikoan adierazten da “ekintza plan honetarako baliabideek ez dutela eragin gehigarririk departamentu bakoitzerako aurreikusitako aurrekontuan. Aldiz, departamentu bakoitzeko baliabideak beste modu batez esleitzen dira; esate baterako, aurrekontuko kontu-sail berriak sortuz, departamentuaren aurrekontuaren egituraren parte izan daitezen”.

Planaren testua jendaurrean egon da aldez aurretik, aipatu 14/2015 Foru Legearen 75. artikuluko 2. idatz-zatian xedatutakoaren arabera.

Orobat, Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratu da, jendaurreko informazioaren ondoriozko ekarpenak barne, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 13 k) artikuluan aurreikusitakoa bete dadin.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak gainerako idazkaritza tekniko nagusiei igorri die planaren testua, departamentuek egokiak iruditzen zaizkien oharrak egiterik izan dezaten, eta ez da ohar bat bera ere izan.

Nafarroako Berdintasun Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionatzeko araubidea erregulatzen dituen maiatzaren 9ko 22/2012 Foru Dekretuaren 3.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz, organo horrek txostena egin dio planari 2016ko azaroaren 17ko bilkuran, eta aldeko txostena eskuratu du.

Nafarroako Gobernua da organo eskuduna plana onesteko, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 75.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Gobernuak erabakiaren formulari jarraitzen dio, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 12.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak “Nafarroan Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen ekintza plana” onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. “Nafarroan Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen ekintza plana”, erabaki honi eranskin gisa gehitua, onestea.

2. Erabaki hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2016ko azaroaren 23an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

ERANSKINA

Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 14/2015 Foru Legearen ekintza plana (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1613381