24. ALDIZKARIA - 2016ko otsailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8/2016 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, “Iratiko Bide Berdea. Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala jendaurrean egoteko aldia ebazten duena eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egiten diena okupatu aurreko aktak eta okupatzekoak egitera. Proiektuaren sustatzaileak Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalak dira.

Nafarroako Gobernuak 2015eko ekainaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen “Iratiko Bide Berdea. Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala. Orobat, proiektuaren onura publikoa eta gizarte-interesa deklaratu ziren, baita presa ere, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako (2015eko 123. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 26koa).

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 19ko 96/2015 Foru Aginduaren bidez hasiera eman zitzaion aipatutako proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko prozeduraren tramitazioari eta jendaurrean jarri zen, hamabost eguneko epean, ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. (2015eko 241. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 2koa).

Jendaurreko epea bukatuta, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak aditzera eman du alegazio hauek jaso direla:

1. alegazioa.–M.ª Luisa Buldain Ezkurra.

Bide berdearen trazadura Urotzera sartzeko errepidearen (NA-2324) beste aldera aldatzeko eskatzen du, bere jabetzakoa den lursaila ez ukitzeko, are gehiago aintzat hartuta beste lursaila herri lurra dela.

Erantzuna:

Ezetsi egiten da alegatutakoa. UPSaren trazadura goian aipatutako Erabakiaren bidez onetsi zen, zegokion jendaurreko epea beteta eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostenarekin.

2. alegazioa–Asunción Echarte Ozcoidi eta Juan Jesús Echarte Ozcoidi.

a) Longidako katastroko 19. poligonoko 118. lurzatiaren jabeak dira eta eskatzen dute ukitutako lur mota aintzat har dadila balorazioa egiten denean, izan ere laborantza lurra da, eta gainerakoa, bidea.

b) Longidako 20. poligonoko 85. lurzatiko jabeak diren aldetik, eskatzen dute errespeta daitezela Iratiko bide zaharretik lursailetara dauden sarbideak.

Erantzuna:

a) Ukitutako ondasunen eta eskubideen balorazioari dagokionez, indarreko araudian ezarritakoa beteko da, hau da, Lurzoruaren eta Hiri Zaharberritzeari buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa.

b) Bigarren auziari dagokionez, Bide berdea berreskuratzeak ez du galaraziko aldamenean dauden lursailetan sartu ahal izatea, ez eta nekazaritzako ibilgailuak ibiltzea ere, gaur egungo baldintza berberetan ibiltzen ahalko baitira.

Horrenbestez, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenarekin eta proposatu duenarekin bat, eta Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 170/2015 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Iratiko Bide Berdea. Eguesibar-Zangoza tartea” Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala jendaurrean egoteko aldia azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea. Proiektuaren sustatzaileak Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalak dira.

2. Ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea, otsailaren 17an, 18an, 19an, 22an, 23an, 24an, 25ean eta 26an Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udaletan ager daitezen, okupatu aurreko aktak egiteko.

Ekitaldi horretara ukitutako pertsonek beraiek joan beharko dute, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona bat bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzote, perituak eta/edo notarioa eraman ditzakete, baina, betiere, norberak ordainduta.

3. Foru agindu hau jakinaraztea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Desjabetze Atalari, Zangozako, Ledeako, Irunberriko, Urraulbeitiko, Longidako, Agoizko, Lizoaingo, Urrotz-Hiriko eta Eguesibarko udalei eta alegatzaileei, eta horiek premiatzea bakoitzak bere iragarki oholean argitara dezan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratu eta gehien zabaltzen diren egunkarietako batean argitaratzea.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko lerroaldean xedatutakoa deusetan ukatu gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2016ko urtarrilaren 26n.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1600994