87. ALDIZKARIA - 2015eko maiatzaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Udal ordenantza, Euskararen erabilera
eta sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2015eko otsailaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2015eko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 12an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Esteribarren, 2015eko apirilaren 17an.–Alkatea, José Luis Larrainzar Eugui.

ORDENANTZA, ESTERIBARKO UDALERRIAN EUSKARAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

Euskara Esteribarko biztanleek mendez mende erabili duten hizkuntza da. Euskara nafar guztien kultur ondareko funtsezko elementu bat bada, bai euskaraz jakin eta hizkuntza hori erabiltzen dutenena bai ez dakitenena.

Esteribako Udalak uste du Nafarroako kultur ondareko funtsezko parte bat dela euskara eta, gaztelaniarekin batera, udalerriko bi hizkuntza ofizialetako bat dela, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluan ezarri bezala.

Uste izatekoa da urteek aurrera egin ahala geroz eta handiagoa izanen dela euskal hiztunen kopurua, Esteribarko haur gehienek euskaraz jasotzen baitute hezkuntza. Hau da, Esteribarko biztanleria elebiduna da eta elebidunagoa izanen da. Gizartearen sektore horrek, ziur aski, legez dituen hizkuntza eskubideak erabiliz, gero eta zerbitzu gehiago euskaraz emateko eskatuko dio Udalari, eta Udalak, zerbitzu publikoa denez, era egokian eman beharko ditu.

Hortaz, Esteribarko Udalak uste du euskarak laguntza berezia behar duela normalizatu dadin. Hala, ordenantza honen helburu orokorra da Esteribarko bizilagunei euskaraz ematea Udaleko arreta eta zerbitzua, eta euskara erabiltzeko gizarte eremuak sortu eta sustatzea.

Udalaren eta bizilagunen gogo garbi horretaz gain, aipatu behar da Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat jotzeaz gain, helburutzat duela bizilagunen eskubidea babestea euskara jakin eta erabiltzeko, eta euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea. Lege horrek berak administrazio publikoetan euskaraz aritzeko eskubidea bermatzen die bizilagunei, eta aukera ematen du zenbait lanpostutarako euskaraz jakin beharra nahitaezkoa izateko, eta lanpostu batzuetan baloratua, euskaldunekin komunikatu beharra gertatzen ahal denean, euskaraz mintzatzeko eskubidea bermatze aldera.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Erregioetako edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Gutuna, Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak 1992ko ekainaren 25ean hitzarmen gisa hartutakoa, hamaika estatu kidek (Espainia barne) urte bereko azaroaren 5ean sinatua. 10. artikuluan, administrazio agintariei eta zerbitzu publikoei buruzko gomendioak aipatzen dira, besteak beste:

“...jendaurrean dauden agenteek erregioetako edo gutxiengoen hizkuntzak erabil ditzaten zaintzea, hizkuntza horietan mintzatzen zaizkienekin’’.

“...erregio hizkuntzetako hiztunek (...) eskaerak ahoz edo idatzita aurkeztu eta erantzuna hizkuntza horietan har dezaten zaintzea (...)’’.

Hortaz, ondoko helburu berariazkoak ditu ordenantza honek:

1. Herritarrei bermatzea erabili nahi duten hizkuntzan izatea harremana.

2. Euskararen idatzizko eta ahozko erabileraren araudia zehaztea udal honi dagokionez, bai barneko erabilerarako bai kanpokorako.

3. Zehaztea zein lanpostutan aritzeko jakin beharko den euskaraz, ikusita zein administrazio prozedura ohikoenetan izaten ahal den laneko hizkuntza.

4. Euskara baloratzeko portzentajea zehaztea, hizkuntza hori jakitera behartzen ez den lanpostuetarako.

5. Euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko neurriak proposatzea, Udalaren eskumeneko esparru guztietan.

6. Herritarrek parte hartzeko bideak ezartzea.

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Esteribarko Udalaren mugapean aplikatuko da, halakotzat hartuta hura bera zentzu hertsian, eta mugape horretako kontzejuak.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, zeharkako edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, II., III., IV. eta V. kapituluak aplikatuko dira.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Esteribarko Udalak eremu mistoko edo euskalduneko beste administrazio publiko, entitate eta erakunde batzuei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta komunikazioak ele bitan idatziko dira, eta euskara hutsean horixe eskatzen badu beste administrazioak. Horretarako, begiratuko du diseinuan bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten eta, ahal dela, euskarri bakarrean ager daitezen.

4. artikulua. Esteribarko Udalak eremu mistoko edo euskalduneko administrazio publiko, entitate eta erakundeei eskatuko die ele bitan idatzita egon daitezela igortzen dizkioten agiriak.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

5. artikulua. Herritarrek eskubidea dute bai gaztelaniaz bai euskaraz jarduteko, dela ahoz dela idatziz, Esteribarko Udalera edo hirugarrenek kudeatzen dituzten zerbitzuetara jotzen dutenean.

6. artikulua. Esteribarko Udalak onartuko ditu pertsona fisikoek eta juridikoek bai euskaraz bai gaztelaniaz helerazten dizkioten komunikazioak.

7. artikulua. Administrazioari ahoz euskaraz egiten dioten herritarrei euskaraz emanen zaie erantzuna.

8. artikulua. Herritarrei ematen zaizkien inprimakiak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira. Herritar guztiek bi hizkuntzetan betetzeko eskubidea dute.

9. artikulua. 6. eta 7. artikuluen ondorioetarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan udal langile euskaldunak egotea bermatzeko.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpoko irudia

10. artikulua. Esteribarko Udalak euskara eta gaztelania erabiliko ditu herritarrengana jo behar duenean.

Hortaz, ele bitan izanen dira erabat:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak, programak eta informazio plakak.

b) Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

c) Eraikin, kale eta eremu publikoetako errotuluak.

d) Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

e) Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

f) Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

g) Mezu elektronikoak, SMSak, web orriak, blogak eta antzekoak.

h) Beste edozein baliabide edo formatu, Udalaren irudia, kanpokoa edo instituzionala, adierazteko erabiltzen dena.

i) Udalaren edo bere mendeko erakundeen telefono zerbitzu automatikoa ele bitan izanen da.

11. artikulua. Kartelak eta liburuxkak.

1. Kartelen elementu guztiak ele bitan egonen dira.

2. Udalaren jardueren gaineko propaganda eta informazio liburuxkak ele bitan agertuko dira eta euskarri bakarrean.

12. artikulua. Publizitatea komunikabideetan.

Udalaren prentsako iragarkiak ele bitan agertuko dira.

13. artikulua. Esteribarko Udalaren edo bere mendeko erakundeen argitalpenak ele bitan eginen dira.

14. artikulua. Jendaurreko ekitaldi ofizialak. Jendaurreko ekitaldietan, hala nola aurkezpenetan, harrera jaietan, omenaldietan etab., euskara erabiltzeko arreta jarriko du Udalak.

15. artikulua. Toponimia. Esteribarko Udala udalerriko toponimia handia eta txikia zaintzeaz arduratuko da, eta Nafarroako Gobernuak emandako Nafarroako Toponimia Ofizialeko jarraibideak erabiliko ditu. Betiere, Euskaltzaindia, gaian eskumen gorena baitu, izanen da Udalaren organo aholku-emailea.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

16. artikulua. Udalaren plantilla organikoan zehaztuko da zein lanpostutan jakin behar duten euskaraz haiek betetzen dituzten langileek. Euskaraz jakitearen betebeharra eta hizkuntza eskakizuna zehazteko, faktore hauek hartuko dira kontuan:

a) Lanpostua beteko duenak zer nolako lanak egin beharko dituen.

b) Antolaketaren zer nolako unitatetan kokatzen den lanpostua.

c) Zenbaterainoko harremana izan behar den herritarrekin, ahoz eta/edo idatziz.

Euskararen hizkuntza eskakizunak hiru mailatan neurtuko dira: B1, B2 eta C1 (Europako Erreferentzia Esparruaren arabera).

17. artikulua. Nahitaezko maila bat esleitua ez duten plantilla organikoko lanpostuetan, euskaraz jakiteak %10eko balorazioa izanen du merezimendu gisa, oposizio-lehiaketako guztirakoaren gainetik.

18. artikulua. Lanpostua jabetzan duten langileek beren hartan segituko dute nahiz eta, printzipioz, esleitutako hizkuntza maila ez bete. Aldiz, balioa izanen dute deialdi berrietan, barnekoak edo irekiak izan, eta edozein arrazoi dela-eta langileak ordeztu behar direnean (bajak, eszedentziak, oporrak, erretiroa...).

19. artikulua. Langile bat behin-behinekoz ordeztu behar baldin bada, haren ordezkoak plantilla organikoan lanposturako eskatzen den euskara maila izan beharko du gutxienez.

20. artikulua. Edozein mailatako lanpostuetan, euskaraz jakitea nahitaezkoa edo merezimendu kualifikatua bada, hizkuntza eskola ofizial baten tituluaren bitartez edo beste titulu baliokide baten bidez frogatzen ahalko da haren ezagutza edo, bestela, behar den maila frogatzeko proba gaindituta.

Nolanahi dela ere, euskara maila proba baten bidez frogatu behar bada, proba hori NAPIko egiaztapen unitateko teknikariek eginen dute.

21. artikulua. Euskara ikasten lagunduko zaie toki entitateko langileei, ordenantza honetan ezarritako helburuak bete daitezen:

a) Esteribarko Udaleko Euskara Zerbitzuak administrazio prozesuen eta langile publikoen euskalduntze plana prestatuko du. Haietan lanaldiaren murrizketak aurreikusiko dira, laguntza ekonomikoak eta egin litezkeen ordezkapenak, Nafarroako Gobernuak ezarritako esparruaren barrenean.

b) Udal langileak hizkuntza prestakuntzako plan horietan sartuta badaude edo, Udalean sartzeko nahiz haien lan bizitzako edozein fasetan, dakiten euskara baloratu bazaie, duten ezagutza erabiltzeko eskatzen ahalko zaie Esteribarko udal administrazioan egiten duten lanean.

22. artikulua. Ordenantza honen edukia zerbitzu mankomunatu guztiei jakinaraziko zaie, horietan parte hartzen dutenean Esteribarko Udalak, enpresa publikoek edo Nafarroako Gobernuak udal mugapean ematen dituen zerbitzuek.

VI. KAPITULUA

Kontratazioak

23. artikulua. Zerbitzu publikoak modu pribatuan kontratatzen direnean, kontratazioaren xedeko zerbitzua ematean zuzeneko harremana izaten bada herritarrekin, baldintza hauek beteko dira:

a) Kontratua duen enpresak bere zerbitzua eginen du herritarrak bi hizkuntza ofizialetan kasu egina izateko duen eskubidea errespetatuta.

b) Enpresa esleipen-hartzaileak euskaraz eta gaztelaniaz prestatuko ditu erabilera publikoko inprimaki, idazki eta jakinarazpenak.

Kasu horretan, kontratazioa arautzeko agirian adieraziko da baldintza horiek bete behar direla, eta bermatuko da erabiltzaileek eskubidea dutela euskaraz egiteko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko. Berme hori gauzatzearren, zerbitzua ematen duen entitateak Esteribarko Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntza eska dezake.

VII. KAPITULUA

Euskara sustatzea

24. artikulua. Euskara Zerbitzuak urteko jarduketa programen proposamenak prestatu eta garatuko ditu, euskarari buruzko gaien gaineko informazio maila handitzeko eta hizkuntza horren ezagutza eta erabilera sustatzeko gizartearen esparru guztietan.

25. artikulua. Ekintzak diseinatuko dira herritar elebidunen kopurua handitzeko, euskararen erabilera sustatzeko, elebidunen edo ikasten ari direnen erabilerari sostengu emateko, eta enpresen, saltokien eta gizarte eragile mota guztien jarduera euskalduntzeko.

26. artikulua. Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskarazko ikastaroetan parte hartu nahi duten herritar helduentzat. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da.

27. artikulua. Gisa berean, Udalak diru kopuru bat ezarriko du urteko aurrekontuetan euskara normalizatzeko eta sustatzeko xedea duten entitate edo elkarteentzat, egoitza Esteribarren badute. Horretarako deialdia urtero argitaratuko da.

28. artikulua. Zainduko da Udaleko Kultura eta Kirol Alorretako edo beste udal zerbitzu batzuetako jarduerak, 3 urtetik 18 urtera bitarteko haur eta gazteekin egiten direnak, euskaraz ere izan daitezela. Hala bada, zainduko da hautatzen den hizkuntzan egin dadila jarduera.

Orobat, helduentzat, euskarazko kultur eta kirol jarduerak eskainiko dira.

29. artikulua. Esteribarko Haur Eskola. Gurasoek beren seme-alabendako hizkuntza eredua askatasunez hautatzeko duten eskubidea bermatuko da.

30. artikulua. Irakaskuntza publikoa.

Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, modu berezian sustatuko du derrigorrezko irakaskuntzaren bukaeran bi hizkuntza ofizialak jakitea hobekien bermatzen duen ereduko matrikulazioa.

31. artikulua. Herritar euskaldunak.

Esteribarko Udalak, bost urtean behin, azterlana eginen du biztanle euskaldunen portzentajea jakiteko, udalerriaren egoera soziolinguistikoa hobeki ezagutu eta horiendako kanpaina berariazkoak hobeki egin beharrez.

32. artikulua. Orobat, borondatezko izen-emateen bidez, Esteribarko euskaldunen zentsua eginen da, berme guztiekin egin ahal izateko berariazko kanpainak.

VIII. KAPITULUA

Herritarren parte-hartzea

33. artikulua. Udaleko Euskara Mahaia sortuko da, aholkularitza eman dezan Udalaren euskara arloko politikari eta, bereziki, ordenantza honi dagozkion gai guztietan. Mahai horrek kide hauek izanen ditu: Gizarte eta Kultur Gaien eta Herritarren Sustapenaren Informazio Batzordeko burutza duen zinegotzia, mahaiburua izanen baita, Udaleko Euskara teknikaria, euskararen normalizazioan diharduten Esteribarko entitate eta elkarteen ordezkariak eta hezkuntza komunitatearen ordezkariak. Mahaiak iragarki baten bidez gonbidatuko ditu bertan parte hartzeko interesa duten herritarrak.

Iragarkiaren kodea: L1505976