56. ALDIZKARIA - 2015eko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

8/2015 FORU DEKRETUA, otsailaren 18koa, apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren bidez, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen dira.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 2ko 31/2007 Foru Dekretuak unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko arauak ezartzen ditu, eta haren aldaketa Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan, eskolatzearekin zerikusia duten hiru punturi buruz, egindako aldaketen ondorioa da.

Alde batetik, familia ugariaren legezko baldintza lehentasunezko irizpide berria izatea, foru araudian irizpide osagarria izanik, 235/2011 eta 236/2011 foru aginduetan ageri den moduan, eta, bestetik, lehentasunezko irizpideen barrenean ere, familia-unitatearen urteko errentaren kontzeptua familia-unitatearen per capita errentarekin ordeztea eta, azkenik, ikastetxe publikoetako zuzendariaren eskumenak aldatzea, ikasleak onartzeko erabakitzearena esleitzen baitzaio, eta ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluaren eskumenak aldatzea, ikasleak onartzeko txostena egitearena esleitzen baitzaio.

Horiek horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluaren txostenarekin bat, Nafarroako Kontseiluaren txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hamabosteko otsailaren hemezortziko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–31/2007 Foru Dekretuaren aldaketa.

1. atala.–9. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatzea.

9. artikuluaren 1. idatz-zatia aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

1. “Ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan sartzeko eskaerak adina plaza ez dagoenean, lehentasunezko irizpide hauek arautuko dute ikasleak onartzeko prozesua: ikastetxean matrikulatuta dauden anai-arrebak izatea, edo aitak, amak edo legezko tutoreek bertan lan egitea, aitaren, amaren edo legezko tutoreetako baten etxetik edo lantokitik hurbil izatea, familia-unitatearen per capita errenta, legez familia ugaria izatea eta ikaslea nahiz aitak, amak edo senideetako batek desgaitasuna izatea, haietako bakar bat ere baztergarria izan gabe eta foru dekretu honen 8. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe.”

2. atala.–12. artikuluko titulua eta 1., 2. eta 3. idatz-zatiak aldatzea.

12. artikuluko titulua eta 1., 2. eta 3. idatz-zatiak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

“12. artikulua. Familia-unitatearen per capita errenta lehentasunezko irizpide gisa baloratzea.

1. Familia-unitatearen per capita errenta baremo honen arabera baloratuko da:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia edo txikiagoa bada: 1,5 puntu.

b) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren erdia baino handiagoa eta soldata horren hiru laurdenak edo txikiagoa bada: 1,0 puntu.

c) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldataren hiru laurdenak baino handiagoa eta soldata hori bera edo txikiagoa bada: 0,5 puntu.

d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpeneko likidazio oinarria(k) zati aitorpenean agertzen diren familia-unitateko kideen kopurua (aitortzailea, ezkontidea eta, PFEZaren foru araudian ezarri bezala, kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten pertsonak). Emaitza lanbide arteko gutxieneko soldata baino handiagoa bada: 0 puntu.

2. Familia-unitatearen per capita errentaren irizpide honen balorazioa borondatezkoa da. Irizpide hau baloratzeko eskatzen denean bakarrik frogatu beharko da errenta hori, dagokion puntuazioa eman diezaioten.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ale bat, balidazio mekanikoaren kodea duela, aurkeztuta frogatzen ahalko da familia-unitatearen per capita errenta, edo Hezkuntza Departamentuari espres baimena emanda datu horiek Nafarroako Foru Komunitateko organo eskudunari eskatzeko; azken kasu horretan, eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko zergadun izan beharko du.”

3. atala.–13 bis artikulua eranstea.

13. bis artikulua eransten da, honela idatzita agertuko dena:

“13 bis artikulua. Legez familia ugaria izatea lehentasunezko irizpide gisa baloratzea.

1. Legez familia ugaria izatea puntu batekin baloratuko da.

2. Familia ugaria izatea horretarako ezarritako titulu ofizialaren bidez frogatuko da. Titulua emateko, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legean ezarritako baldintzak bete behar dira, eta aurreko ahaide batek, tutoreak, harrera egileak, zaintzaileak edo legezko ahalmena duen familia-unitateko beste kide batek eskatu beharko du.

3. Familia ugariek dituzten onurak titulu ofiziala aitortzeko edo berritzeko eskaeraren egunean hasiko dira.

4. Familia ugarien tituluak hori ematean edo berritzean ezarritako epea bukatu arte izanen du indarra, edo familia-unitatea sailkatu zen kategoria aldatu arte edo familia ugaria izateko baldintzak betetzeari uzten zaion arte.”

4. atala.–15. artikuluko 2., 3. eta 4. idatz-zatiak aldatzea.

15. artikuluko 2., 3. eta 4. idatz-zatiak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

2. “Behar bezala frogatutako irizpide hauek bata bestearen ondotik aplikatuta ebatziko dira berdinketak:

a) Zeinek duen puntuazio handiena ikastetxean matrikulatutako anai-arreben edo bertan lan egiten duten aitaren, amaren edo tutoreen atalean.

b) Desgaitasunen bat izatea.

c) Zeinek duen puntuazio handiena etxearen hurbiltasunaren atalean.

d) Zeinek duen puntuazio handiena familia-unitatearen per capita errentaren atalean.

e) Legearen arabera familia ugaria izatea.

f) Jendaurreko zozketa, eskatutako ikastetxean ikasleak onartzeko eskumena duen organoaren aurrean, ikastetxeko ikuskatzailea aurrean dela.

3. Betiere, Batxillergoko ikasketak egiten hasteko, organo eskudunaren aurreko jendaurreko zozketa baino lehen, ikasketa-espedienteko batez besteko nota hartuko da kontuan.

4. Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetan sartzeko berdinketa emanez gero, jendaurreko zozketa eginen da, irakaskuntza horietan onartua izateko berezitasunak kontuan hartuta.”

5. atala.–17. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak aldatzea.

17. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatiak aldatzen dira, eta honela idatzita agertuko dira:

1. “Zuzendaria da organo eskuduna ikastetxe publikoetan zein ikasle onartzen diren erabakitzeko, eta ikastetxeko eskola kontseiluari dagokio txostena egitea ikasleak onartzeari buruz, arauei jarraituz.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, haien titularrak izanen dira ikasleak onartzeari buruzko arau orokorrak zintzo bete daitezen erantzuleak, eta Eskola Kontseiluari dagokio onarpenean parte hartzea, arauei jarraitzen zaiela bermatuta.”

6. atala.–23. artikulua aldatzea.

23. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“23. artikulua. Errekurtsoak eta erreklamazioak.

Ikastetxe publikoetako eta ikastetxe pribatu itunduetako organo eskudunek eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiak foru dekretu honetan edo hura garatzeko arauetan ezarritakoa bete gabe, ikasleak onartzeari buruz, hartzen dituzten erabakiei erreklamazioa jartzen ahalko zaie, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hamabost eguneko epean, egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita. Betiere, organo horrek hartzen duen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.”

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Familia ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legea garatzen duen ekainaren 21eko 38/2010 Foru Dekretuaren 5. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita agertuko da:

“5. artikulua. Lehentasun eskubideak.

Funts publikoz eutsitako ikastetxeetan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasketak egiteko, ikasleak onartzeko prozesua arautzen duten oinarrietan, eskatzailea familia ugariko legezko kide izatea lehentasunezko irizpidea izanen da ikasleak onartzeko.”

Iruñean, 2015eko otsailaren 18an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: F1502802