148. ALDIZKARIA - 2015eko uztailaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

42/2015 FORU DEKRETUA, uztailaren 1ekoa, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsi zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzen duena.

Araudi fiskala aldatzeko eta jarduera ekonomikoa pizteko neurriak hartzeko abenduaren 24ko 29/2014 Foru Legearen 1. artikuluak aldaketa garrantzitsuak ezarri ditu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginean (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia). Aldaketa horietako batzuek 2015eko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra, eta erregelamenduz garatu beharra dago.

Lehenengo eta behin, 29/2014 Foru Legeak aldaketa garrantzitsu bat egiten du lanaren gauzazko ordainsarietan. Zehazki, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.e) artikuluaren testu berriak aipatzen du kontzeptu hauek ez dutela gauzazko ordainsarien izaera: batetik, negoziazio kolektiboko prozesuetan adostutakoak, erregelamenduz ezartzen diren muga eta ezaugarriekin, eta, bestetik, baimendutako ikastetxeek langileen seme-alabei emandako hezkuntza zerbitzuak (eskolaurrekoa, haur eta lehen hezkuntza, derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide heziketa eta unibertsitatea), betiere subjektu pasiboen diruzko etekinak 60.000 eurotik beherakoak badira.

Bigarrenik, erregelamendua legera egokitu beharra dago lan etekinetan, kapital higiezinen eta higigarrien etekinetan eta enpresa eta lanbide jardueren etekinetan izandako irregulartasuna dela-eta egiten den murrizketa berriari dagokionez, etekin horiek bi urtetik gorako epean sortuak direnean edo denboran modu irregularrean eskuratu direla nabaria denean. Aplikatu beharreko murrizketa 100eko 40koa izatetik 30ekoa izatera pasatuko da eta 300.000 euroko muga ezartzen da hura egiteko, beraz, ez da murrizketarik aplikatuko zenbateko horretatik gorako soberakinean. Etekin horiek zatika jasotzen direnean ere ez da murrizketa hori aplikatuko.

Hirugarrenik, ezinbestekoa da informazioa emateko betebehar batzuk Foru Komunitatean nahiz Estatuan dugun arau errealitate berrira egokitzea. Gai honi dagokionez, komeni da azpimarratzea Estatuaren Zor Publikoarekin, lehentasunezko partaidetzekin eta beste zor tresna batzuekin egiten diren eragiketa jakin batzuei dagokienez egindako aldaketa. Era berean, finantza erakundeek eta talde inbertsioko erakundeen akzioak eta partaidetzak merkaturatzen dituzten entitateek informazioa emateko betebeharren zenbait alderdi aldatzen dira.

Gehigarri gisa, lege erregulazio berrira egokitzen dira atxikipenen eta konturako ordainketen portzentajeak finkatzen dituzten erregelamenduko artikuluak. Gai horri dagokionez, komeni da azpimarratzea, batetik, lan etekinen gainean aplikatu beharreko atxikipenen taula berria jaso dela, eta, bestetik, kasu berriak ezartzen direla atxikipen tasa erregularizatzeko, lan etekinak ere ordaintzen direnean.

Azkenik, erregelamenduko beste zenbait artikulu ere egokitu beharko dira zergari buruzko Foru Legearen testu berrira, zaharkituta eta deskoordinatuta gelditu direlako foru lege horrek azken urteetan izan dituen aldaketa ugarien ondorioz.

Horrenbestez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko uztailaren 1eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzea. Erregelamendu hori maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko manu batzuk aldatu, eta honela geratzen dira:

Bat.–10. artikuluaren errubrika.

“10. artikulua. %30eko murrizketa lanaren etekin jakin batzuetan”.

Bi.–10.2 eta 10.3 artikulua.

“2. Zergari buruzko Foru Legearen 17.2.a) artikuluan jasotako murrizketa aplikatu ahal izateko, etekin osoak 300.000 eurokoak izanen dira gehienez. Zenbateko horretatik gorako soberakinari ez zaio inolako murrizketarik aplikatuko.

Etekin horiek zatika kobratzen badira, ez da murrizketa hori aplikatuko. Kobrantza zatika egina dela ulertuko da zergaldi batean baino gehiagotan egozten denean.

3. Zergari buruzko Foru Legearen 17.2.a) artikuluan aurreikusiriko murrizketaren ondorioetarako, bi urtetik gorako sortze epea duten lan etekintzat hartuko dira, besteak beste, hauexek:

a) Langileei akzioak edo partaidetzak erosteko emandako eskubidetik heldu direnak, ematen denetik bi urte iraganik erabiltzen denean.

b) Zergari buruzko Foru Legearen 78.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, lan etekinak kobrantza egiten den zergaldiari baizik egozten ez zaizkionen, aurreko bi zergaldiri baino gehiagori egotzi ahal bazaizkio ere.”

Hiru.–11. artikuluaren errubrika.

“11. artikulua. %40ko, %50eko eta %70eko murrizketak lanaren etekin jakin batzuetan”.

Lau.–12. artikulua. 2. idatz-zatia gehitzen da, eta egungo edukia 1. idatz-zatia izanen da aurrerantzean. 1. idatz-zatiko a) letra aldatzen da.

“a) Besteren kapitalen interesak, baldin eta etekinak sortu dituzten ondasunak, eskubideak edo erabilera nahiz gozatzeko ahalmenak eskuratzeko edo hobetzeko inbertitu badira, bai eta finantzaketako gainerako gastuak ere.”

“2. Aurreko idatz-zatiko a) eta f) letretan aipatutako gastuen kenkari osoa ezin da izan, ondasun edo eskubide bakoitzeko, higiezinaren edo eskubidearen lagapena eginez lortutako etekin osoen zenbatekoa baino handiagoa. Soberakinaren kenkaria hurrengo lau urteetan jarraian egiten ahal da, kasuan kasuko zergaldikoekin batera eta idatz-zati honetan aipatzen diren mugekin.”

Bost.–14.2. artikulua.

“2. Zergari buruzko Foru Legearen 25.3 artikuluan aurreikusitako murrizketa aplikatzen ahal da, soilik, gehienez ere 300.000 euroko etekin osoetan etekin garbi positiboei dagokien zati proportzionalean.

Etekin horiek zatika kobratzen badira, ez da murrizketa aplikatuko. Kobrantza zatika egina dela ulertuko da zergaldi batean baino gehiagotan egozten denean.”

Sei.–20.2. artikulua.

“2. Zergari buruzko Foru Legearen 32.2 artikuluan aurreikusitako murrizketa aplikatzen ahal da, soilik, gehienez ere 300.000 euroko etekin osoetan kapital higigarriaren etekin garbiei dagokien zati proportzionalean.

Etekin horiek zatika kobratzen badira, ez da murrizketa aplikatuko. Kobrantza zatika egina dela ulertuko da zergaldi batean baino gehiagotan egozten denean.”

Zazpi.–22.2. artikulua.

“2. Zergari buruzko Foru Legearen 34.6 artikuluan aurreikusitako murrizketa aplikatzen ahal da, soilik, gehienez ere 300.000 euroko etekin osoetan enpresa edo lanbide jardueren etekin garbiei dagokien zati proportzionalean.

Etekin horiek zatika kobratzen badira, ez da murrizketa aplikatuko. Kobrantza zatika egina dela ulertuko da zergaldi batean baino gehiagotan egozten denean.”

Zortzi.–41.3. artikulua.

“3. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 36. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeak salbuespena osorik edo hein batean galtzea ekarriko du. Kasu horretan, subjektu pasiboak ez-betetzea gertatzen den zergaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean sartu beharko du salbuespena aplikatu zeneko ekitaldian zegokion kuota osoaren zenbatekoa, berandutze-interesak barne.”

Bederatzi.–47.ter artikulua gehitzea.

“47.ter artikulua. Gauzazko ordainketa jakin batzuen mugak eta ezaugarriak.

1. Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.e) artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, honakoek ez dute gauzazko lansarien izaera izanen:

a) Baimena duten ikastetxeek emandako hezkuntza zerbitzuak (eskolaurrekoa, haur eta lehen hezkuntza, derrigorrezko bigarren hezkuntza, batxilergoa, lanbide heziketa eta unibertsitatekoa), betiere baldintza hauek betetzen badira:

1. Zerbitzua ematea ikastetxearekin lan harremana duten langileen seme-alabei.

2. Subjektu pasiboaren eta ikastetxearen arteko lan harremanek urtean eragindako diruzko ordainsariak, guztira, 60.000 eurotik beherakoak izatea.

Lan etekinak banaka kontatzeko arauekin bat, bi gurasoek lan harremana dutenean ikastetxearekin, jaso beharreko gauzazko ordainsariaren zenbatekoa erdi bana emanen zaie. Kasu horretan, 60.000 euroko gehieneko muga hori zenbatzeko, guraso bakoitzaren urteko diruzko ordainsari osoak hartuko dira kontuan.

b) Negoziazio kolektiboaren prozesuetan adostutakoak, aurreko a) letran jasotakoez bestelakoak eta gehienez ere 2.500 euroko zenbatekoarekin, betiere baldintza hauek betetzen badira:

1. Kasuan kasuko hitzarmen edo akordio kolektiboetan jasota egotea.

2. Subjektu pasiboak, ezkontidearekin, izatezko bikotekidearekin edo bigarren gradurainoko ahaideekin batera, 100eko 15etik gorako partaidetza zuzen edo zeharkakorik ez izatea zerbitzuak ematen dituen enpresan edo entitatean edo taldeko beste edozeinetan.

3. Subjektu pasiboak zerbitzuak ematen dituen enpresaren edo entitatearen aldetik edo taldeko beste edozeinen aldetik urtean osotara jasotzen dituen diruzko ordainsariek 60.000 euro egitea gehienez ere, lan etekinak baldin badira, betiere.

2. Aurreko 1.b) letran ezarritakoa ez da inola ere aplikatuko gauzazko ordainsari hauen kasuan, eta Zergari buruzko Foru Legearen 15. eta 16. artikuluetan eta erregelamenduan ezarritako araubidea mantenduko dute:

a) Zergari buruzko Foru Legearen 15.1.a) artikuluan aipatzen den etxebizitzaren erabilera.

b) Enpresak aseguru entitateei eritasuna estaltzeko ordaindutako primak edo kuotak, bai eta lan istripuetarako edo erantzukizun zibileko aseguru kontratuengatik ordaindutakoak ere, Zergari buruzko Foru Legearen 15.1.e) artikuluan aurreikusitako moduan.

c) Zergari buruzko Foru Legearen 15.1.f) artikuluan aipatutako kontribuzio eta ekarpenak.

d) Ikasketa eta mantenu gastuak ordaintzeko zenbatekoak, Zergari buruzko Foru Legearen 15.1.g) artikuluaren bigarren lerrokadan jasotakoak.

e) Prezio merkatua duten produktuen entregak, enpresetako kantina eta jantokietan edo ekonomato sozialetan egindakoak, zerbitzua zeharka emateko formulak barne, Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.a) artikuluan araututakoak, hain zuzen.

f) Langileen zerbitzu sozial eta kulturaletarako ondasunen erabilera, Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.b) artikuluan ezarritako moduan.

g) Sozietateek beren akzio edo partaidetzak, edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren ildotik taldea osatzen duen edozein sozietateren akzio edo partaidetzak, jarduneko langileei doan edo merkatu prezio normala baino merkeago ematea, Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.c) artikuluan jasotakoa.

h) Enplegatuak bizilekutik lantokira eramateko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzu publikoa ematen duten entitateei ordaindutako diru-kopuruak, zeharka ordaintzeko formulak barne, Zergari buruzko Foru Legearen 15.2.d) artikuluan jaso bezala.”

Hamar.–52.7. artikulua.

“7. Zergari buruzko Foru Legearen 62.1.a) artikuluan aipatutako kasuetan, hau da, ezkontza deuseztatu, ezkontideak dibortziatu edo epaileak banantzen dituenean, ezkontza desegin arte ezkontideen ohiko etxebizitza izan zena erosteko ordaindutako kopuruengatik ez ezik, subjektu pasiboak murrizketa egin ahalko du bere ohiko etxebizitza berria erosteko zergaldian ordaindu dituen kopuruengatik ere, 62.1.a) artikulu horretan ezartzen den baterako mugarekin.”

Hamaika.–53.2.a) artikulua.

“a) Subjektu pasiboak ohiko etxebizitza lehen aldiz erosi edo zaharberritzea ez den helburu baterako erabiltzen baditu etxebizitza kontuetan gordetako zenbatekoak. Diru horren zati bat erabiltzen badu, erabilitakoa kontuan gordetako lehendabiziko kopurua dela ulertuko da.

Nolanahi ere, Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 20. artikuluan ezarritakoarekin bat, Zergari buruzko Foru Legearen 62.1.a) artikuluan ezarritako betebeharra, alegia etxebizitzarako kontuetan gordetako diru-kopuruak ohiko etxebizitza lehen aldiz erosi edo zaharberritzen erabiltzekoa, ez da betegabetzat joko baldin eta, etxebizitzaren salerosketako kontratua suntsitzen bada salbuespeneko arrazoiengatik, saltzaileak edo sustatzaileak subjektu pasiboari itzuli badizkio kontura emandako diru-kopuruak, eta subjektu pasiboak etxebizitzarako zeukan kontuan edo, hura itxi badu, berri batean berriz sartu baditu.

Salerosketa kontratua suntsitzea ekar lezaketen salbuespenezko arrazoiak eta etxebizitzaren saltzaileak edo sustatzaileak itzulitako kopuruak etxebizitzarako kontura itzultzeko bete beharko diren betebeharrak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 133/2009 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz zehaztuko dira. Foru agindu horretan arautzen da, halaber, kasuan kasuko inguruabar eta baldintzak bete direla dioen aitorpena eskatzeko prozedura.”

Hamabi.–54. artikulua.

“54. artikulua. Enpresa eta lanbide jardueretako kenkarien mugak.

Enpresak sustatzeko sozietateen funts berekietan edo arrisku-kapitaleko entitateen kapitalean zein funts berekietan egindako ekarpenen kenkarien mugak, bai eta Zergari buruzko Foru Legearen 64. artikuluaren 2. idatz-zatiak aipatzen dituen lanbide eta enpresa jardueretako kenkarien mugak ere, foru lege horren 62. artikuluko kenkariak kuota osoari kenduta ateratzen den kuota likidoaren gainean aplikatuko dira, artikulu bereko 3. eta 7. idatz-zatietan ezarritakoa salbu.”

Hamabi bis.–56. artikulua.

“56. artikulua. Aitortu beharra.

Subjektu pasiboak beharturik egonen dira zerga honen aitorpena aurkeztu eta sinatzera Zergari buruzko Foru Legearen 82. artikuluan aurreikusiriko baldintzetan.

Hala ere, familia-unitaterik osatzen ez duten subjektu pasiboak edo, osatu arren, zergarekiko banakako lotura aukeratu dutenak ez daude aitorpena egitera beharturik, errenta mota hauek bakar-bakarrik jaso badituzte:

a) Urtean 11.250 eurotik beherako lan etekin osoak.

b) Ondasun higigarrien kapitalaren etekinak eta ondare gehitzeak, atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe daudenak, baldin eta bien artean, urtean eta osorik, 1.600 eurotik beherakoak badira.

Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko talde inbertsioko erakundeen akzioen eta partaidetzen eskualdaketek eta diru-itzulketek eragindako ondare gehikuntzetan, haien atxikipen-oinarria zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoaren arabera zehazterik ez dagoenean, 80.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko titularrari baimena ematen zaio lehen aipatutako zenbatekoak eguneratzeko”.

Hamahiru.–61.4 eta 61.6 artikulua.

“4. Beren enpresa jardueretako etekinak zuzeneko zenbatespeneko araubidearen modalitate erraztua erabiliz zehazten dituzten subjektu pasiboek kontabilitate arloan izanen dituzten betebeharrak aurreko idatz-zatian aipatzen diren liburuak eramatekoak izanen dira soilik.

Modalitate hori atxikitako subjektu pasiboek, zenbait eragiketatan faktura erraztua eta honen kopia eman ditzaketenek (apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamenduaren 4. artikuluan xedatutakoarekin bat), eguneroko eragiketa guztien idatzohar bateratua egiten ahal dute salmenten eta diru-sarreren erregistro liburuan.”

“6. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendu horretan aurreikusitakoarekin bat, beren lanbide edo enpresa jardueretako etekin garbia zenbatespen objektiboko araubidean zehazten duten subjektu pasiboek emandako fakturak gorde beharko dituzte, bai eta jasotako fakturak edo bestelako ziurtagiriak ere, dataren araberako ordenan zenbakituta eta hiruhilekoen araberako multzotan. Era berean, gorde beharko dituzte kasuko foru aginduan aurreikusitakoarekin bat aplikatu dituzten zeinu, adierazle edo moduluen ziurtagiriak ere.

Araubide honi atxikitako subjektu pasiboak beharturik egonen dira, soilik, salmenten eta diru-sarreren erregistro liburua eramatera, eta onartzekoa izanen da eguneroko eragiketa guztien idatzohar bateratua egitea bertan.”

Hamalau.–62.3 artikulua, lehen lerrokada.

“3. Talde inbertsioko erakundeen sozietate kudeatzaileek, sozietate kudeatzailerik izendatu ez duten inbertsio sozietateek, helbidea Espainian nahiz atzerrian duten talde inbertsioko erakundeen akzioen eta partaidetzen entitate merkaturatzaileek eta zerbitzuak aske emateko araubidean Espainian diharduten sozietate kudeatzaileen ordezkariek, hurrengo urteko urtarrilean, bazkide edo partaideek egindako akzio- edo partaidetza-besterentzeen berri emateko aitorpena aurkeztu beharko dute, eta bertan honako datu hauek agertuko dira:”

Hamabost.–62.11 artikulua, laugarren lerrokada.

“Halaber, ondotik zehazten diren eragiketei buruzko urteko aitorpen informatiboa aurkeztu beharko dute talde inbertsioko erakundeen sozietate kudeatzaileek eta entitate merkaturatzaileek, beren akziodun edo partaideen erregistroetan sartuta dituzten erakunde horien akzioei edo partaidetzei dagokienez, merkatu antolatuetan kotizatu gabeko tituluak edo balore izendunak jaulkitzen dituzten entitateek, beren jaulkipen-eragiketei dagokienez; eta gerokoen eta aukeren merkatuak zuzentzen dituzten sozietateek, merkatu horietako eragiketei dagokienez.”

Hamasei.–62.11 artikulua, bederatzigarren lerrokada.

“Urteko aitorpen informatiboa hurrengo urteko urtarrilean aurkeztuko da. Bertan datu hauek emanen dira: eragiketetan esku hartu duten subjektuen identifikazio osoa, zer gisa esku hartu duten eta parte-hartzearen portzentajea, haien izen-deiturak edo sozietatearen izena, helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eragiketa bakoitzeko efektu publiko, balore, titulu eta aktiboen mota eta kopurua, eta eragiketa bakoitzaren zenbatekoa eta data, eta, halakorik bada, etekina edo emaitza. Aitorpena aurreko urte naturaleko eragiketei buruzkoa izan behar da.”

Hamazazpi.–62.22. artikulua.

“22. Finantza erakundeak behartuta egonen dira haietan irekitako finantza kontuei buruzko aitorpen informatiboa aurkeztera, kasu bakoitzean elkarren laguntzari buruz aplikatzen den araudian zehaztutako inguruabarrak gertatzen direnean; araudi horretan ezarritako moduan, kontu horien titulartasuna edo kontrola bere gain duten pertsonen bizitokia edo nazionalitatea identifikatu beharko dute. Eman beharreko informazioan elkarren laguntzari buruzko arauditik datorrena sartuko da eta, betiere, aipatu pertsonen kontuen identifikazio osoa eta izen-deiturak edo sozietatearen izena edo izen osoa eta, zein den kasua, aipatutako pertsonen identifikazio fiskaleko zenbakia edo antzekoa, bai eta dagokion eredua onesten duen foru aginduan ezartzen den garrantzizko beste edozein datu ere.”

Hemezortzi.–62. artikulua. Orain arte 22. idatz-zatia izan dena 23. idatz-zatia izanen da.

Hemeretzi.–62.ter artikulua, 3.A)., e) eta f) letrak.

“e) Talde inbertsioko erakundeen emaitzak banatzen direnean, sozietate kudeatzailea, inbertsio funtsetako akzioak edo partaidetzak merkaturatzen dituen entitatea edo inbertsio sozietatea. Talde inbertsioko erakundeak egoitza atzerrian baldin badu, entitate merkaturatzailea edo merkaturatzeko ahalmena duen bitartekaria.

f) Talde inbertsioko erakundeen akzio edo partaidetzak eskualdatzen edo itzultzen direnean, sozietate kudeatzailea, inbertsio funtsetako akzioak edo partaidetzak merkaturatzen dituen entitatea nahiz inbertsio sozietatea, edo eskualdaketan bitartekotza lanak egiten dituen finantza bitartekaria, hala denean. Helbidea atzerrian duten talde inbertsioko erakundeen kasuan, entitate merkaturatzailea edo merkaturatzeko ahalmena duen bitartekaria.”

Hogei.–62. artikulua quater.2.

“2. Estatuaren Zor Publikoarekin, lehentasuneko partaidetzekin eta beste zor-tresna batzuekin egiten diren eragiketa batzuei buruzko informazio araubidea.

a) Idatz-zati honetan xedatutakoa etekin hauetan aplikatuko da:

Lehena.–Estatuaren Zor Publikoaren baloreen interesak, Idatzohar bidezko Zor Publikoaren Merkatuan negoziatuak, bai eta deskontura edo bereizirik jaulkitako antzeko baloreek eragindako beste etekin batzuk ere.

Bigarrena.–Finantza bitartekarien inbertsio koefizienteei, baliabide berekiei eta informazio betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarrian arautzen diren baloreen interesak, bai eta xedapen honetan aurreikusirik dauden eta hamabi hilabeteko edo gutxiagoko epearekin deskontura jaulkitakoak diren zor tresnek eragindako etekinak ere.

b) Estatuko Zor Publikoaren kasuan, jaulkitzaileak edo haren ordainketa-agente baimenduak Idatzohar bidezko Zor Publikoaren Merkatuaren entitate kudeatzaileei eta baloreen konpentsazio eta likidazio sistemak kudeatzen dituzten eta egoitza atzerrian duten entitateei –baldin eta hitzarmena izenpetua badute Espainiako lurraldean helbidea duen balore konpentsazio eta likidaziorako entitate batekin– ordainduko dizkie haien hirugarrenen kontuetan erregistratuta ageri diren baloreei dagozkien etekinak, mugaegun bakoitzean eta osorik, kontuetako baloreen onuradunak hauek direnean:

Lehena.–Espainiako lurraldean establezimendu iraunkorrik ez duten ez-egoiliarrak.

Bigarrena.–Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, bai eta Espainiako lurraldean establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarrak ere.

Hirugarrena.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunak, kupoi bereiziei eta printzipal bereiziei dagokien zatian, diru-itzulketan entitate kudeatzaile batek esku hartzen duenean.

Era berean ordainduko dira, osorik, Idatzohar bidezko Zor Publikoaren Merkatuko kontu titularren kontu berekian erregistratutako saldoei dagozkien etekinak.

c) Aurreko b) letran aurreikusitakoaren ondorioetarako, entitate kudeatzaileek eta baloreen konpentsazio eta likidazio sistemak kudeatzen dituzten eta egoitza atzerrian duten entitateek, letran aipatutakoek, aitorpen bat aurkeztu beharko diote jaulkitzaileari, kasu honetan Espainiako Bankuaren bidez eta erregelamendu honen eranskinean jasotako ereduaren araberakoa, informazio hau bilduko duena, haien erregistroetan dagoenarekin bat:

Lehena.–Baloreen identifikazioa.

Bigarrena.–Etekinen zenbatekoa, guztira.

Hirugarrena.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunei dagozkien etekinen zenbatekoa, salbu eta Estatuko Zor Publikoaren kupoi bereiziak eta printzipal bereiziak direnean eta horien diru-itzulketan entitate kudeatzaile batek esku hartzen duenean.

Laugarrena.–Aurreko b) letran aurreikusitakoari jarraikiz osorik ordaindu behar diren etekinen zenbatekoa.

Aitorpen hori ez da aurkeztu beharko Altxorraren Letren kasuan, eta entitate kudeatzaileek ez dute aurkeztu beharko Estatuko Zor Publikoaren kupoi bereiziei eta printzipal bereiziei dagokienez.

d) Idatz-zati honen a) letraren bigarren puntuak aipatzen dituen baloreak direnean, hasiera batean Espainiako lurraldean helbidea duen balore konpentsazio eta likidaziorako entitate batek erregistratuak, aitorpena aurreko c) letrak aipatzen dituen moduetan aurkeztuko dute beren hirugarrenen kontuetan baloreak erregistraturik dituzten entitateek, bai eta baloreen konpentsazio eta likidazio sistemak kudeatzen dituzten eta egoitza atzerrian duten entitateek ere, baldin eta hitzarmen bat izenpetua badute Espainiako lurraldean egoitza duen balore konpentsazio eta likidaziorako entitate horrekin.

Idatz-zati honen b) letrako lehen eta bigarren puntuetan aipatzen diren titularrei dagozkien etekinak ere osorik ordainduko dira.

Era berean ordainduko dira, osorik, gordailu-entitateen kontu berekian erregistraturik ageri diren saldoei dagozkien etekinak.

e) Idatz-zati honen a) letraren bigarren puntuak aipatzen dituen baloreak direnean, hasiera batean egoitza atzerrian duten eta, ondorio horietarako, Espainiako araudian edo ELGAko kide den beste herrialde batekoan onartuak diren balore konpentsazio eta likidaziorako entitateetan erregistratuak, jaulkitzaileak izendatutako ordainketa-agenteak aitorpena aurkeztu beharko dio jaulkitzaileari, erregelamendu honen eranskinean dagoen ereduaren araberakoa, informazioa emanez baloreen konpentsazio eta likidaziorako sistema kudeatzen duen eta egoitza atzerrian duen entitate bakoitzari dagozkion baloreen identifikazioaz eta etekinen zenbateko osoaz; etekin horiek osorik ordainduko dira.

f) Aurreko letretan aipatutako aitorpenak interesen mugaegun bakoitzaren aurreko egun baliodunean aurkeztuko dira edo, deskontura edo bereizirik jaulkitako baloreen kasuan, baloreen amortizazio-egun bakoitzaren aurreko egun baliodunean, egun horretan merkatua ixtean zegoen egoera islatuta. Aitorpen horiek bide telematikoak erabiliz igortzen ahal dira.

Deskontura edo bereizirik jaulkitako baloreak direnean, etekinei buruzko informazioaren ordez itzuli beharreko zenbatekoei buruzkoa emanen da. Nolanahi ere, atxikipenaren menpe dauden balore horien amortizazioak eragindako etekinei buruzko aitorpenean etekin horien zenbatekoa ere jasoko da.

Aurreko lerrokadan aurreikusitako kasuan, aitorpena jaulkitzaileari aurkeztuko zaio edo, kasua bada, jaulkitzaileak zein finantza entitateren esku utzi duen amortizazioa edo diru-itzulketa gauzatzea, entitate horretan.

g) Mugaegunera iritsitako interesen kasuan, artikulu honetan aipatzen den aitorpena aurkeztera beharturik dauden entitateetako batek hura aurkezten ez badu aurreko f) letrako lehen lerrokadan aurreikusitako datan, jaulkitzaileak edo haren ordainketa-agente baimenduak ordaindu beharko ditu entitate horri dagozkion interesak, atxikipen tasa orokorra interes guztiei aplikatuta ateratzen den zenbateko likidoan.

Geroago, Estatuko Zor Publikoaren baloreen kasuan, interesak mugaegunera iritsitako datatik aurrera hogeita hamar egun naturalean, edo idatz-zati honen a) letrako bigarren puntuan aipatzen diren baloreek eragindako interesak mugaegunera iristen diren hilabetetik hurrengo hilabeteko 10a baino lehen, aitorpena aurkeztera beharturik dagoen entitateak artikulu honetan araututako aitorpena aurkeztuko balu, jaulkitzaileak edo haren ordainketa-agente baimenduak gehiegi atxikitako zenbatekoak ordainduko ditu, aitorpena jaso bezain laster.

h) Aurreko letretan aurreikusitako guztia aplikatuko da, halere, tributuen arloko araudian izaera orokorrarekin ezarritako informazio betebeharrak galarazi gabe, bai jaulkitzaileentzat bai Espainian egoitza duten eta, finantza bitartekari diren aldetik, idatz-zati honen a) letran aipatzen diren baloreen gordailuzainak diren entitateentzat, honakoei dagokienez: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunak, sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboak eta Espainian establezimendu iraunkorra duten ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak, entitate horien erregistroetan jasotakoarekin bat baloreen titularrak direnak.”

Hogeita bat.–62. quater. 3 artikulua. Kentzea.

Hogeita bat bis.–64.3.a) artikulua.

“a) Errenta salbuetsiak, eta kargarik ez daukaten bidaia sari eta gastuak.”

Hogeita bi.–65.1.d) artikulua.

“d) Espainiako lurraldean egoitza ez duten pertsona fisiko, juridiko eta gainerako entitateen kasuan, establezimendu iraunkor bat eduki gabe jarduten badute bertan, ordaintzen dituzten lan etekinak hartuko dira kontuan, bai eta atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe dauden beste etekin batzuk ere, gastu kengarriak badira Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 24.2 artikuluan aipatutako errentak lortzeko (testu bategina martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).”

Hogeita hiru. 65.2. d) artikulua. Lehen eta bosgarren puntuak.

“Lehena.–Inbertsio funtsetako partaidetzak itzultzen direnean, sozietate kudeatzaileak, salbu eta partaideen kontura entitate merkaturatzaileen izenean erregistratutako partaidetzak, horien kasuan entitate merkaturatzaile horiek egin beharko baitute atxikipena edo konturako diru-sarrera.”

“Bosgarrena.–Aurreko zenbakietan ezarritakoaren arabera atxikipenik egin behar ez den kasuetan, eskualdaketa egin edo itzulketa lortzen duen bazkide edo partaideak konturako ordainketa bat egin beharko du. Konturako ordainketa hori 79., 80.1 eta 81. artikuluetako arauei jarraituz eginen da.”

Hogeita lau.–70.b) artikulua.

“b) Administrazio kontseiluetako kideek, kontseilu horien ordez aritzen diren batzordeetako kideek eta antzeko ordezkaritza organoetako gainerako kideek, izaera hori dela-eta jasotzen dituzten lansarien kasuan, atxikipenaren portzentajea %35ekoa izanen da.”

Hogeita bost.–71. artikulua. Bat.

“Bat.–1. Atxikipen-portzentajeen taula orokorra:

URTEKO ETEKINA, EUROTAN

SEME-ALABEN ETA BESTE ONDORENGO BATZUEN KOPURUA

Seme-alabarik gabe

1

2

3

4

5

6

7

8

9

10 edo gehiago

11.250 baino gehiago

4

2

0

0

0

0

0

0

0

0

0

12.750 baino gehiago

6

4

2

0

0

0

0

0

0

0

0

14.250 baino gehiago

8

6

4

2

0

0

0

0

0

0

0

16.750 baino gehiago

10

8

6

4

1

0

0

0

0

0

0

19.750 baino gehiago

12

11

9

7

6

4

0

0

0

0

0

23.250 baino gehiago

13

12

11

8

7

5

3

0

0

0

0

25.750 baino gehiago

14

13

12

9

8

7

5

3

0

0

0

28.250 baino gehiago

15

14

13

12

10

8

7

5

3

0

0

32.250 baino gehiago

16

15

14

13

11

9

9

7

6

4

1

35.750 baino gehiago

17

16

16

14

13

12

11

9

8

6

5

41.250 baino gehiago

18

17

17

16

15

14

13

11

10

9

8

48.000 baino gehiago

21

20

20

18

17

17

16

15

14

13

11

55.000 baino gehiago

23

23

23

21

20

20

19

18

17

16

14

62.000 baino gehiago

25

25

24

23

22

22

21

20

19

18

16

69.250 baino gehiago

27

27

26

25

24

24

23

22

21

19

18

75.250 baino gehiago

28

27

27

26

26

25

25

24

23

22

21

82.250 baino gehiago

29

28

28

27

27

26

26

25

25

24

22

94.750 baino gehiago

30

29

29

28

28

27

27

26

26

25

24

107.250 baino gehiago

31

30

30

29

29

28

28

27

27

26

26

120.000 baino gehiago

33

32

31

31

30

29

29

29

28

28

27

132.750 baino gehiago

34

33

33

32

31

30

30

29

29

28

27

146.000 baino gehiago

35

34

34

34

32

31

31

30

30

29

28

2. Desgaitasuna duten jarduneko langileei aurreko 1. idatz-zatian ezarritako taularen arabera dagokien atxikipen portzentajea aplikatuko zaie, baina ondoko eskalan ageri diren puntuak kenduta:

URTEKO ETEKINAK (euroak)

DESGAITASUN GRADUA

Zenbateko
honetatik

Zenbateko
honetara

100eko 33koa edo handiagoa

100eko 65ekoa edo handiagoa

11.250,01

23.250

5

15

23.250,01

41.250

3

15

41.250,01

94.750

2

8

94.750,01

Hortik gora

2

5

Eskala horretan agertzen diren murrizketak aplikatzearen ondorioz, ezin izanen da zerotik beherako portzentajerik atera”.

Hogeita sei.–71. artikulua. Bi. 3.

“3. Ordaindu edo abonatzen diren ordainsari guztiei aplikatuko zaie horrela zehaztutako atxikipenaren portzentajea, hura zehazteko baliatu zirenetatik desberdinak badira ere.

Halere, atxikipen tasa erregularizatzen ahal da kasu hauetan:

a) Kontratu batean hasieran aurreikusitako epea bukatzen denean langileak enplegatzaile berarentzat jarraitzen badu zerbitzuak ematen, edo urte naturalaren barnean berriz harentzat lan egiten badu.

b) Urte natural berean, langabeziaren prestazioen kobrantza eten ondoren, kobratzeko eskubidea berreskuratzen bada edo langabeziaren sorospena jasotzen hasten bada.

c) Arau orokorrengatik edo lan hitzarmen kolektiboengatik, urte berean ordainsarien zenbatekoan aldaketak daudenean.

Aurreko kasuetan, atxikipen portzentaje berria kalkulatuko da, kontuan hartuta bai aurretik ordaindutako ordainsariak bai urte natural berean ustez jaso behar dituenak. Portzentaje berri hori aipatutako aldaketak gertatzen direnetik aurrera baizik ez da aplikatuko.”

Hogeita zazpi.–71. artikulua. Hiru. 1., lehen lerrokada.

“1. Zergari buruzko Foru Legearen 14.2.a) artikuluak aipatzen dituen prestazio pasiboen kasuan, seme edo alaba bakarra daukaten subjektu pasiboei dagokien zutabean adierazitako atxikipen portzentajeak aplikatuko dira.”

Hogeita zortzi.–71. artikulua. Hiru. 3.

“3. Lan etekinen jasotzaileak, epailearen erabakiaren ondorioz, bere ezkontideari pentsio konpentsatzailea ordaindu behar dionean, atxikipen portzentajea kalkulatzeko kontuan hartu behar den ordainsarien zenbatekoa murriztu ahal izanen du pentsio horren zenbatekoak.

Horretarako, subjektu pasiboak bere ordaintzaileari jakinarazi beharko dio egoera hori, hurrengo artikuluan zehazten den moduan.

Idatz-zati honetan jasotako kasuetan, ateratzen den atxikipen-tasa ehuneko 2 baino txikiagoa bada, azken hori aplikatuko da.”

Hogeita bederatzi.–71. artikulua. Hiru. 5, kentzea.

Hogeita hamar.–72. artikuluari 4. idatz-zati bat gehitzea.

“4. Urtean zehar ordainsarien zenbatekoa jaisten bada langilearen kategoria jaisten delako, langileak eskatzen ahal die ordaintzaileei atxikipen portzentaje berria kalkulatzeko, kontuan hartuta bai aurretik ordaindutako ordainsariak bai urte natural horretan berean ustez jaso behar dituenak.

Eskabidea aurreko idatz-zatiaren a) letran aurreikusitako moduan eta ondorioekin eginen da.”

Hogeita hamaika.–73. artikulua.

“73. artikulua. Higigarrien kapitalaren etekinen gaineko atxikipenen zenbatekoa.

Higigarrien kapitalaren etekinen gainean aplikatu beharreko atxikipenaren zenbatekoa atxikipen-oinarriari %20ko portzentajea aplikatzearen emaitza izanen da.”

Hogeita hamabi.–74.4 artikulua, lerrokada bat gehitzea amaieran.

“Nolanahi ere, etekin mistoa duen zor publikoa baldin bada, zeinaren kupoiak eta amortizazio zenbatekoak prezio indize baten arabera kalkulatzen baitira, lehen lerrokadako portzentajea ehuneko 40koa izanen da.”

Hogeita hamabi bis.–76.1. artikulua.

“1. Eska daitekeen kontraprestazio osoa edo ordaindutako kontraprestazioa izanen da, oro har, higigarrien kapitalaren etekinen gaineko atxikipen-oinarria.”

Hogeita hamahiru.–78.1.a) artikulua.

“a) Loterías y Apuestas del Estado estatu sozietatearen merkataritza ordezkariak.

Hogeita hamalau.–79. artikulua.

“79. artikulua. Talde inbertsioko entitateetako akzio eta partaidetzen eskualdaketek edo itzulketek eragindako ondare-gehikuntzen gaineko atxikipenen zenbatekoa.

Talde inbertsioko erakundeen akzio eta partaidetzen eskualdaketek edo itzulketek eragindako ondare-gehikuntzen gainean egin behar den atxikipena atxikipen-oinarriari %20ko portzentajea aplikatzearen emaitza izanen da.

Ez da atxikipenik eginen eskualdaketa edo itzulketa horiek eragindako ondare-gehikuntza kontuan hartu behar ez den kasuetan, Zergari buruzko Foru Legearen 52.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.”

Hogeita hamabost.–80. artikuluari 2. idatz-zati bat gehitzea. Artikuluaren egungo edukia 1. idatz-zatia izanen da hemendik aurrera.

“2. Nolanahi ere, Talde Inbertsioko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legearen bidez araututako inbertsio funtsetako partaidetzen itzulketak direnean, itzulketaren xede diren partaidetzak edukitzeko epean, aldi berean, beste entitate batean erregistratutako partaidetza homogeneoen titular ere izan diren partaideek eginak, edo itzulketaren xede diren partaidetzen jatorria baldin bada beste partaidetza edo akzio batzuen itzulketa edo eskualdaketa bat edo batzuk edo ondoz ondokoak (Zergari buruzko Foru Legearen 52.1.a) artikuluaren bigarren lerrokadan aurreikusitako geroratze araubidea aplikatua dutenak), itzulketa edo eskualdaketa horietakoren bat ere itzulitako edo eskualdatutako partaidetzekin edo akzioekin batera egina bada, atxikipen oinarria hauxe izanen da: itzulketa zer entitaterekin egiten den, entitate horren partaideen erregistroan ageri diren partaidetzen eskualdaketaren balioaren eta erosketa balioaren arteko aldea; erregistro horretan daudenen artean, lehenengoz erositakoen itzulketa egina dela ulertu beharko da. Erregistro horretan geroratze araubidearen aplikaziotik datozen partaidetzak daudenean, eskualdaketan jakinarazitako erosketa data eta balio fiskalak hartuko dira aintzat.

Aurreko lerrokadan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean, partaideak atxikipena edo konturako diru-sarrera (itzulketarako erabili dena) egin behar duen entitateari jakinarazi beharko dio, idatziz edo jaso izana frogatzeko moduko beste edozein bitarteko erabiliz, itzulketak atxikipen-oinarririk sortzen ez duen kasuan ere; kasu horretan, entitateak jakinarazpena gorde beharko du zerga administrazioaren eskura, itzulitako partaidetzen homogeneoak diren beste batzuk zergadunaren izenean erregistraturik dituen bitarte osoan, eta preskripzio epean, gutxienez ere.

Idatz-zati honetan xedatutakoa aplikatuko da, halaber, helbidea atzerrian duten talde inbertsioko erakundeen partaidetzak edo akzioak, Espainiako lurraldean merkaturatuak, jarriak edo banatuak, itzultzean edo eskualdatzean, bai eta 35/2003 Legean arautzen diren inbertsio sozietateen akzioen eskualdaketan ere.”

Hogeita hamasei.–82. artikulua.

“82. artikulua. Sarien gaineko atxikipenen zenbatekoa.

Eskudirutan ematen diren sarien gainean egin beharreko atxikipena haien zenbatekoaren %20koa izanen da”.

Hogeita hamazazpi.–83. artikulua.

“83. artikulua. Higiezinen errentamendu eta azpierrentamenduen gaineko atxikipenen zenbatekoa.

Hirilurreko higiezinen errentamendu eta azpierrentamenduen gainean egin beharreko atxikipena, horien kalifikazioa edozein dela ere, errentatzaileari ordaintzen zaizkion kontzeptu guztien gainean, Balio Erantsiaren gaineko Zerga salbu, %20 aplikatuz kalkulatuko da.”

Hogeita hemezortzi.–84. artikulua.

“84. artikulua. Irudi eskubideen eta beste errenta batzuen gaineko atxikipenen zenbatekoa.

Irudi eskubidea ustiatzeko eskubidea lagatzeak eragindako etekinen gainean egin beharreko atxikipena, bai eta 64. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran jasotako gainerako kontzeptuetatik heldu diren etekinen gainean egin beharrekoa ere, kalifikazioa gorabehera, ordaindutako diru-sarrera guztiei %20ko atxikipen tasa aplikatuz kalkulatuko da.”

Hogeita hemeretzi.–90.2.e) artikulua.

“e) Zergari buruzko Foru Legearen 18. eta 32.1.a) artikuluetan aipatutako gastu kengarriak, lanbide elkargoei ordaindutako kuotak izan ezik, betiere ordaindutako etekinen ordaintzaileak egin badu horien kenkaria.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2015eko uztailaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

Iragarkiaren kodea: F1509955