89. ALDIZKARIA - 2014ko maiatzaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

109/2014 FORU AGINDUA, apirilaren 8koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, eguratserako COren, O2ren, NOXren eta SO2ren emisioak zehazteko metodo espezifikoak ezartzen dituena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 29an eman 465/2007 Foru Aginduaren bidez, industria prozesu jakin batzuetan erreketako gasen eguratserako emisioak zehazteko metodo espezifikoak ezarri ziren.

Foru agindu horren arabera, martxoaren 12ko 430/2004 Errege Dekretuaren eta maiatzaren 30eko 653/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartu gabeko instalazioek eguratsera isurtzen dituzten COren, O2ren, NOXren eta SO2ren emisioak zehazteko metodo espezifikoak ASTM D-6522 Arauan oinarritutakoak dira (zelula elektrokimikoak). Lehentasunezko aplikazioa izanen dute, ukatu gabe Europako EN arauen araberako prozedurak ere erabiltzeko aukera.

Orobat, 465/2007 Foru Aginduak ezartzen duenez, hura aplikatuko da eguratserako emisioak neurtzeko erabili beharreko metodoak arautzeko oinarrizko araurik ez den artean, martxoaren 12ko 430/2004 Errege Dekretuaren eta maiatzaren 30eko 653/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan ez dauden instalazioetan.

Bestalde, Airea kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu eta haren aplikaziorako oinarrizko xedapenak ematen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak ezartzen du, 7. artikuluan, kutsagarrien laginketa eta analisia CEN arauei jarraituz eginen direla, non ez duen organo eskudunak bestelako pareko zehaztapen teknikorik ezartzen.

100/2011 Errege Dekretuak ez du ezartzen zer metodo erabili behar den martxoaren 12ko 430/2004 Errege Dekretuaren edo maiatzaren 30eko 653/2003 Errege Dekretuaren eraginpean ez dauden konbustio instalazioetan. Aitzitik, dauden CEN arauak erabiltzera behartzen du. Hori dela eta, Nafarroan zer irizpideri jarraituko zaion aipatutako xedapenen eraginpean ez dauden konbustio instalazioetan argitzeko, eguratserako COren, O2ren, NOXren eta SO2ren emisioei dagokienez, beste foru agindu bat eman behar da, zehaztapen tekniko berriak ezartzeko eta 465/2007 Foru Agindua indarrik gabe uzteko. Era berean, beharrezkoa da hondakinak errausteko instalazioei buruzko berariazko erreferentzia eguneratzea, 653/2003 Errege Dekretua indarrik gabe utzi baitu Industria emisioen erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak, zeinek errausketa instalazioei buruzko xedapenak IV. kapituluan jasotzen baititu.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Eguratserako COren, O2ren, NOXren eta SO2ren emisio kutsagarrien laginketa eta analisia aplikatu beharreko CEN arauak izanen direla ezartzea, 430/2004 Errege Dekretuaren edo 815/2013 Errege Dekretuaren IV. kapituluaren bidez araututako instalazioetan.

2. artikulua. Ezartzea ezen, 430/2004 Errege Dekretuaren edo 815/2013 Errege Dekretuaren IV. kapituluaren bidez arautu gabeko instalazioetan, berriz, Eguratserako COren, O2ren, NOXren eta SO2ren emisio kutsagarrien laginketa eta analisia izanen direla ikuskatzeko entitateen barneko prozeduretan ezarritakoak, baldin eta ENACek ebaluatuak badira prozedura horiek, eta zehaztapenaren unean indarreko kreditazioaren irismenaren barnean badaude, betiere instalazioaren baimenak ez badu beste metodo bat ezartzen, halakoetan hori izanen baita erabili beharrekoa.

3. artikulua. Indarrik gabe uztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 456/2007 Foru Agindua.

4. artikulua. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko apirilaren 8an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

Iragarkiaren kodea: F1405712