23. ALDIZKARIA - 2014ko otsailaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Ordenantza, Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2013ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2013ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 11n.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Burlatan, 2014ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Juan Carlos González Muñoz.

ERANSKINA

Ordenantza, Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituena. Behin betiko onespena

Zioen azalpena

Gaur egun dugun legeriaren arabera, gizon eta emakumeak berdinak gara legearen aitzinean eta eskubide eta betebehar berak ditugu. Zoritxarrez, errealitatea hagitz bertzelakoa da, eta emakumea desabantailan dago beti gizonaren aldean. Desberdintasun horren markarik agerikoenetariko bat da emakumea mintzairan desagerraraztea, baita haren errepresentazioa ere irudi sexistak edo baztertzaileak erabiliz.

Sexismoaren ondorio horren kontra baizik ez bagara borrokatzen, begi-bistakoa da ez dugula arazoaren jatorria konpondu edo aldatuko (hau da, gizartea bera). Nolanahi ere, mintzaira den bitartean pentsamenduak eta komunikazioa kodetzeko gizaki guztiok dugun tresna, posible da aurrerapauso batzuk ematea. Ahalegin hori nolabait bideratu behar da; hain justu ere, horri erantzuten dio ordenantza honek.

Hain zuzen ere, mintzaira da gizarte baten pentsamendua eratzerakoan eraginik handiena duen elementua. Beraz, gure eguneroko hizketak emakumeak ikusezin egiten dituen bitartean eta gure publizitateak menpekoaren jantziekin agertarazten, ez dugu lortuko gizarte bat eratzerik eskubide eta aukera berdintasuna egiazkoa duenik.

Izatez ere, deus baino lehen, oso garbi izan behar dugu hizkuntza sistema ez dela neutroa. Mintzaira ez da sortu hiztunak baino lehen. Gaur egun erabiltzen dugun zeinu sistema hau gizon eta emakumeok joan gara lantzen, sortzen eta birsortzen, komunikaziorako eta pentsamendurako.

Mintzaira eta hizketa androzentriko eta sexista gizarte androzentriko eta sexistaren isla eta ondorioa da.

Hori dela eta, Burlatako Udalean gure apurra egin nahi dugu, modu eraginkorrean egin ere, sexismoa mintzairatik desagertzeko, ordenantza hau zabalduz, eta espero dugu hura erreferentzia bilakatzea, ez bakarrik gure Udalaren barnean, baizik eta Burlatako gizarte osoaren baitan.

Europako Batasunak genero-zeharkakotasunaz aipatzen dituen jarraibideetara egokitzeko Burlatako Udalaren prozesuaren barnean sartzen da lan hau. Udalaren politika eta kudeaketa jarraibide horietara egokitzeko asmoz, Emakumearen Informazio Batzordeak eskaturik Burlatako Udalak Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Plana onetsi zuen 2002ko ekainean; haren neurrien artean –1.1.3., 1.1.4. eta 1.5.3.– azpimarratzen zen hizkuntzan eta emakumeaz eskaintzen den irudian dagoen sexismoa desagerrarazi beharra.

Beraz, udal ordenantza honen xedea da mezu batzuen anbiguotasuna eragoztea, emakumearen presentzia agerian jartzea administrazioaren hizkeraren diskurtsoan gramatika arauak bortxatu gabe eta Burlatako Udaleko langileak gaztelaniak dituen estrategia ex sexistekin trebatzeko ekimenari erantzutea, baita langile horiek sentiberatzea ere gaur egungo gizarteak eskatzen dituen aldaketei dagokienez.

Izan ere, biztanlerian duen eragin ukaezina dela-eta, nahitaezkoak dira Administrazio Publikoaren lehia eta ahalegina kontzientzia hartze kolektibo honetan, haren eragina nabarmena baita norbanakoaren nahiz gizarte taldeen garapenean eragiten duten sektore guztietan. Horrenbertzez, aise ondorioztatzen da Administrazioak duen hizkera berezitik hizkuntzan dagoen sexismoa desagerraraztearen garrantzia, bai bere barne harremanetan, bai herritarrarekiko harremanetan.

Hortaz, ordenantza hau prestatu dugu, eta agerian jartzen dugu hartan gomendatzen diren bideetarik bakarrak ere ez dituela gaztelaniaren gramatika arauak urratzen. Hori guztia, honako hauetan emandako xedapen eta araudiei jarraikiz: Emakumearen Aukera Berdintasunerako Europako Batasuneko IV. Ekintza Programa (1996-2000); UNESCOren Konferentzia Orokorraren 14.1. eta 109. ebazpenak; Europako Kontseiluko Ministro Batzordeak 1990ean eta 2007an onetsitako jarraibideak; Ministroen Kontseiluak 1987ko irailean onetsitako Emakumeen Aukera Berdintasunerako lehen Plana; Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1995eko martxoaren 22ko Agindua, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, 14. artikuluan botere publikoek jarduteko irizpide orokorren artean honako hau biltzen duena: “Administrazio-esparruan sexista ez den hizkera ezartzea, eta hizkera hori suspertzea harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan”.

Nolanahi ere, azpimarratu nahi dugu hizkuntzan dagoen sexismoa ez datzala gaztelaniaren sisteman berean; aitzitik, hiztun komunitateak zuzentzat hartzen dituen erabilera finkatuetariko batzuetan dago. Alabaina erabilerak aldatzen dira eta gramatiketan eta hiztegietan behiala okertzat edo desbideratzetzat hartzen zena, arau bilakatzen da eta alderantziz. Horrek, bistan dena, ikusarazten digu hizkuntza etengabe aldatzen eta bilakatzen ari dela. Are gehiago, ez da ahantzi behar hizkuntza garai bakoitzean aldatzen dela erabiltzen duen komunitatearen beharrei egokitzeko; hartara, gurea bezalako gizarte batean, sexuen arteko berdintasun handiagoa eskatzen ari bada, mintzairak, gizartearen emaitza den aldetik, berdintasun hori islatu ez ezik, hartaraino iristen ere lagundu behar du.

Burlatako Udalak uste du sexismoa mintzairatik nahiz mezutik desagerraraztea udalerriaren betebeharretarik dela. Bere egiten du, gainera, ordenantza honetan, biztanleriaren aldeko jarrera hizkera horren sustapen eta normalizazioari dagokionez, bai Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Emakumearen Institutua) bai Udaleko Emakumearen Informazio Batzordeak egundaino egindako azterlanetatik ondorioztatzen denez.

Hori guztia hizkera ez sexista erabiltzearen alde gizarteak duen borondatearen adierazpena da eta adierazten digu Burlatako bizilagunek, legeak ematen dizkien eskubideak erabiliz, Udalari eskatzen ahalko diotela eta noski eskatuko diotela sexua dela-eta baztertuko ez dituzten zerbitzuak emateko, eta zerbitzu publikoa izateko xede duen Udal batek eskari horri erantzun beharko dio nahitaez.

Horrenbertzez, ordenantza honen helburu orokorra da Burlatako bizilagunei bermatzea Udalak ez duela irudi sexistarik edo emakumea baztertzen duenik aurkeztuko, bere adierazpen, arreta edo zerbitzuetan.

Aipatu den araudiarekin bat, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Burlatako Udalean aplikatuko da, erran nahi baita, hartan berean, zentzurik hertsienean, eta haren menpeko erakunde autonomoetan.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, edozein kudeaketa molde dela medio hirugarrenek ematen dituzten haietan, ordenantza honen IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Orokorrean, Burlatako Udalak bertze administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak, hizkera ez sexistan idatziko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

4. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Burlatako Udalari eskatzeko hizkera ez baztertzailea erabiltzeko, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

5. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez baztertzaile horretan eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan prestatutako udal langileak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

6. artikulua. Burlatako Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera erabiliko du, bai gaztelaniaz bai euskaraz, orokorrean herritarrei zuzentzen zaienean:

–Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

–Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, idazpuruak eta gisako elementuak.

–Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.

–Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta langileen arropa eta uniformeetakoak.

–Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak.

–Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

7. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Burlatako Udalak eskatuko du beti berak prentsan argitaratzen dituen iragarkietan, web orrian, sare sozialetan edo ikus-entzunezko hedabideetan –irratian eta telebistan– ematen duen publizitatean erabilera sexistarik ez izateko.

Orobat, Burlatako Udaleko Emakumearen Informazio Batzordeak edozein hedabidetan agertzen diren iragarkiengatik sorrarazten diren salaketak bildu eta Emakumearen Institutuko Osasunaren, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Ministerioaren menpeko Emakumearen Institutuko Emakumearen Irudiaren Behatokira bideratuko ditu, haien edukiak, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 3. artikuluan ezarritako eskumenen arabera, “pertsonaren duintasunari erasotzen badio edo Konstituzioan babesten diren balio eta eskubideak urratzen baditu, bereziki haurrari, gazteari eta emakumeari dagokienez”, edo gertatzen bada Kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesa hobetzeko, lehia bidegabearen eta publizitatearen legezko araubidea aldatzen duen abenduaren 30eko 29/2009 Legearen 3. artikuluak dioena, izan ere publizitate ez zilegitzat jotzen ditu “emakumeak modu laidogarri edo baztertzailean agertzen dituztenak, bai haien gorputza edo gorputz atalak bereziki eta zuzenean erabiltzen dituztelako zabaldu nahi den produktutik bereizitako objektu huts baten gisa, bai haien irudia agertzen dutelako gure ordenamenduaren funtsak urratzen dituzten portaera estereotipatuei loturik, gisa horretara haize emanik Genero indarkeriaren kontrako babes integralerako neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak aipatzen duen bortizkeriaren sorrerari”.

8. artikulua. Argitalpenak.

Hizkera ez sexistan idatziko dira Burlatako Udalak, bere erakunde eta enpresek sorrarazten dituzten argitalpenak, administrazio agiriak, ordenantzak, zirkularrak, eskabide-orriak, inprimakiak etab., baita Udaleko langileen hitzarmen kolektiboa.

9. artikulua. Iragarkiak paratzen dituzten entitateei aditzera emanen zaie beren iragarkiak modu ez sexistan emateko aukera dagoela, eta horretarako Udalak bere zuzenketa zerbitzua eskainiko die.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

10. artikulua. Udalak egiten diten lanpostuen deialdi publiko guztietan %5 baloratuko da probetan hizkera ez baztertzailea erabili izana.

Zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketarako Burlatako Udalak egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat sartuko da emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa bilduko duena, eta %5eko balorazioa izanen du proiektu teknikoa idazterakoan hizkera ez baztertzailea erabiltzeak.

VI. KAPITULUA

Hizkuntzaren erabilera ez sexistaren sustapena

11. artikulua. Burlatako Udalak, bere Berdintasunaren Informazio Batzordearen bidez, jarduketa programak eginen ditu, administrazio hizkeraren erabilera ez sexistarekin ikusteko duten gaien gaineko informazio maila handitu beharrez eta emakumeenganako estereotipo baztertzailerik gabeko komunikazio moduen gaineko ezagutza eta erabilera gizarte alor guztietan sustatu beharrez.

12. artikulua. Burlatako Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, baita, era mankomunatuan, bertze udal entitateekin batean ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren.

Bigarrena.–Burlatako Udaleko Berdintasunaren Informazio Batzordeari ahalmena eman zaio segimendua egiteko ordenantza hau betetzen ote den, eta hura bermatzeko edozein gairen gainean proposamenak egiteko.

Iragarkiaren kodea: L1400274