187. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MARTZILLA

Zeremonia zibilak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Martzillako Udalak, 2014ko uztailaren 24an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Zeremonia zibilak egitea arautzen duen ordenantza. Iragarkia 2014ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi eta haren testua argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Martzillan, 2014ko irailaren 15ean.–Alkate udalburua, José María Abárzuza Goñi.

ORDENANTZA, ZEREMONIA ZIBILAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da zeremonia zibilak nola baimendu eta nola egin arautzea Martzillako Udalaren mugapean.

2. artikulua. Alkateak eta/edo berak eskuordetzen duen zinegotziak emanen du ekitaldi horietarako baimena; horren aitzinetik agiriak jaso beharko ditu, ahaide edo bertze pertsona batek Martzillako Udalera bidalirik.

Ezkontzetarako arauak

3. artikulua. Ezkontza zibila Martzillako Udalean egin nahi dutenek, Erregistro Zibilean baimena eskuratua dutela, eskabidea aurkeztu beharko dute udal honetan, eta horretarako emanen zaien inprimakia bete beharko dute.

4. artikulua. Martzillako Udalean, ezkontza zibilak urteko egun guztietan egiten ahal dira, bai osoko bilkuren aretoan, bai Martzillako gazteluan horretarako prestatzen den lokalean; ordutegia alkatearekin edo berak eskuordetzen duen zinegotziarekin adostuko da, baita, hala behar badu, bake epailearekin ere.

5. artikulua. Ezkontza zibila egiteko eskabidearekin batera, bertan azaltzen diren lau pertsonen nortasun agiri nazionalak edo pasaporteak (jatorrizkoa eta fotokopia, konpultsatu ahal izateko) aurkeztuko dira.

6. artikulua. Noiz eskatzen diren eguna, ordua eta lokala, ordena horren arabera eginen dira erreserbak. Udalak zer behar dituen lokal horiek erabiltzeko, horren arabera emanen da baimena.

7. artikulua. Ezkontideek, lekukoek eta alkateak edo zinegotziak aktaren hiru aleak sinatuko dituzte eta Udalaren zigilua ezarriko zaie. Akta bat Udalean gordeko da, ezkontideei bertze bat emanen zaie, ziurtagiri gisa, eta hirugarrena Erregistro Zibilera igorriko da, bertan inskribatzeko.

Agur zibiletarako, jaiotzetarako eta omenaldietarako arauak

8. artikulua. Martzillako Udalean horrelako ekitaldia egin nahi dutenek, horretarako eskabidea aurkeztu beharko dute Idazkaritzan.

9. artikulua. Horrelako ekitaldietarako eskabideak oso azkar tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Tramitatzeko eskumena duen pertsonari igorriko zaizkio.

10. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

–Familiakoaren edo interesdunaren izena, deiturak, helbidea eta identifikazioa.

–Eskabidean adierazi beharko da zer egun eta ordutan egin nahi den ekitaldi/zeremonia.

–Eskabidea zein toki eta egunetan aurkezten den.

–Eskatzailearen sinadura edo, bertzenaz, edozein bide erabili beharko da haren gogoa benetakoa dela frogatzeko.

11. artikulua. Alkateak edo bere ordezko zinegotziak finkatuko ditu ekitaldirako eguna eta ordua.

12. artikulua. Eskabidea ikusita, alkateak, edo berak eskuordetzen duen zinegotziak, erabakiko du Udalaren zein aretotan eginen den omenaldia. Martzillako Udalaren osoko bilkuren aretoa erabiliko da, oro har, eta toki aski ez bada, gazteluan horretarako prestatzen den espazioa.

13. artikulua. Omenaldiak astelehenetik igandera eginen dira, eta beharrezkoak diren udal baliabideak erabiltzen ahalko dira.

14. artikulua. Ekitaldi horietarako 60 minutu emanen dira, gehienez ere.

15. artikulua. Ekitaldian, Udaleko alkateak edo berak eskuordetzen duen zinegotziak eginen du buru. Hala ere, ekitaldian, eskatzaileek izendatzen duten edonork egiten ahal du buru, nahi badu, Udaletik kanpokoa bada ere.

Hori hala izanik ere, zeremonian buru egin edo hura gidatuko duenak, eskatzaileei edo interesdunei galdegin ondoan, askatasun osoa izanen du zeremonia nola garatuko den finkatzeko, betiere ordenantza honetan ezarritakoa betez; Udalaren ordezkari bat bertan egonen da beti, dela alkatea dela zinegotzi eskuordetua edo dela Udalaren arduradun bat, zeremonia egokiro egiten dela begiratzeko.

Jaiotzeen kasuan, horretarako prestatuko den mahaia alkateak edo eskatzaileak izendatutako pertsonak, gurasoek eta herritar berriak osatuko dute.

Zeremonian lekukoek parte hartuko dute, bitik laura bitarte, eta mahaitik hurbil jarriko dira.

Ekitaldiko gonbidatuak (aretoaren gehieneko edukiera gainditu gabe) gonbidatuentzat erreserbatutako tokian jarriko dira aurrez.

16. artikulua. Aretoen egoera behar bezalakoa izan dadin, ekitaldian parte hartzen dutenek ez dute barrenean gela-aretoak kalte ditzakeen deus eginen.

17. artikulua. Ekitaldiaren hotsanditasunak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek aretoa apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak.

18. artikulua. Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

19. artikulua. Ordenantza honek indarra hartuko du Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu ondoan eta lege beraren 65.2 artikuluan ezarritako 15 eguneko epea iraganda.

TASEN ERANSKINA, EZKONTZAK, HERIOTZA ONDOKO AGUR ZIBILAK, JAIOTZAK ETA OMENALDIAK BAIMENDU ETA EGITEKO ORDENANTZARENA

Ordenantza honetan aurreikusten diren ekitaldien erabiltzaileek ordaindu beharreko tasa 75 eurokoa izanen da 2014an osoko bilkuren aretoa erabiltzeagatik. Bertze espazio batzuk erabiltzeko, gazteluko salak ezkontza zibiletarako erabiltzeko urtero ezartzen den tasa ordaindu beharko da.

Iragarkiaren kodea: L1412539