187. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZPOROGI

Ordenantza, Elkartze zibilen udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ezporogiko Udalak, 2014ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezporogiko Udaleko Elkartze zibilen udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan ondoan, ordenantza behin betiko onetsirik gelditu da.

ELKARTZE ZIBILEN EZPOROGIKO UDALEKO ERREGISTROAREN ANTOLAKETARAKO ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUAK

1. artikulua. Elkarte zibilen Ezporogiko Udaleko erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikote guztiek, sexu berekoek ere, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Ezporogiko udalerrian erroldaturik, bertan bizi ohi delako.

3. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

Orobat, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat lehendik ezkondua bada, eta aitzineko lotura hori amaitzeko ebazpen irmo eta eraginkorraren frogagiria ekartzen ez badu.

4. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agerrarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. artikulua. Erregistroa Udalaren Idazkaritza Orokorraren ardura izanen da.

6. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

8. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

9. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren ardura duen funtzionarioak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

10. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

11. artikulua. Elkartze Zibilen Udal Erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Ezporogiko Udalean.

Agezan, 2014ko irailaren 10ean.–Alkatea, Camino Landarech Zozaya.

Iragarkiaren kodea: L1412396