187. ALDIZKARIA - 2014ko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

72/2014 FORU AGINDUA, abuztuaren 22koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleak ebaluatu eta hurrengo mailara pasatzeko arauak ezartzen dituena.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu du. Besteak beste, aldaketa garrantzitsuak egin ditu Lehen Hezkuntzako curriculumen egituran, bai eta ikasleen ebaluazioari buruzko alderdi batzuetan ere.

Lehen Hezkuntzaren oinarrizko curriculuma ezartzen duen otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuak, 2/2006 Lege Organikoaren garapena den aldetik, bere 12. artikuluan, ebaluazioari buruzko zenbait alderdi xedatzen ditu. Orobat, errege dekretu horren laugarren xedapen gehigarriak zehazten du zein diren ebaluatzeko agiri ofizialak eta zein den haien gutxieneko osaera.

Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen Foru Dekretuak xedatzen du eskuarki nola arautu behar den hezkuntza horretan ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan aritzen diren ikasleak ebaluatzeko prozesua.

Arau esparru horrek behartzen du xedapen berri bat garatzera Lehen Hezkuntzan ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan aritzen diren ikasleen ebaluazioa eta hurrengo mailarako pasatzea arautzeko. Horrek, jakina, Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 18ko 216/2007 Foru Agindua mailaz maila indargabetzea ekarriko du.

Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleak ebaluatu eta hurrengo mailara pasatzeko arauak ezartzen dituen foru agindu hau onesteko.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan Lehen Hezkuntzan ari diren ikasleak ebaluatu eta hurrengo mailara pasatzeko arauak ezartzea da foru agindu honen helburua.

2. artikulua. Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ebaluazioak ikasleen ikasketa prozesuaren emaitza baloratzea du helburu, irakaskuntzaren estandarrak lortu diren ala ez aztertuta gehienbat. Halaber, lortutako ikasketen balorazioan, kontuan hartuko dira Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen curriculumerako Foru Dekretuak ezartzen dituen gaitasunak eta etapa horretako helburuak, ikaskuntzako estandarren erreferente orokorrenak diren aldetik, baita ikasleak egindako lana eta esfortzua ere.

2. Ebaluazio hori globala izanen da, etapako eta helburuei eta gaitasunei buruzkoa den aldetik, eta aurrerabidea hartuko du kontuan, alor bakoitzarena edo alor guztiena izan. Etengabea izanen da, ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan murgilduta dagoen aldetik, eta ikasgelako eguneroko zereginetan integratua.

3. Ebaluazio etengabea prestakuntzarako egokia denez gero, bide ematen du sostengurako eta errefortzurako neurriak hartzeko, baita curriculuma egokitu eta aberasteko ere, hala behar duten ikasle guztientzat. Neurri horiek ikasturtearen edozein unetan hartuko dira, beharrak atzeman bezain laster betiere, eta ikasleak hezkuntza-prozesuan aurrera jarraitzeko nahitaezkoak dituen ikasketak bereganatzea izanen dute helburua.

4. Ikasleek curriculumeko gaitasunak eskuratzea da helburuak lortu ote diren zehazteko adierazle nagusia.

5. Kurtsoa errepikatzea salbuespenezko neurria izanen da, eta ikasleak ikaskuntzan dituen oztopo guztiak konpontzeko asmoz errefortzurako eta sostengurako hartutako neurri guztiak agortu ondoan baizik ez da hartuko.

6. Irakasleek ikasleen ikaskuntza-prozesua, irakaste-prozesuak eta beren irakasle-lana aztertuko dituzte; horretarako, lorpenen adierazleak ezarriko dira irakaskuntzako programazioetan. Honako hauek egon daitezke adierazle horien artean: ikasleek lortutako emaitzak, arloko programazioa zenbateraino bete den, metodologia didaktikoaren egokitzapena, ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei aplikatutako neurriak eta haiekin lortutako emaitza, elkarbizitzaren giroa, irakasleen arteko koordinazioa eta familiekiko harremana.

3. artikulua. Irakasleak eta irakasle taldea.

1. Irakasle taldea izanen da ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, bertan lanean ari diren irakasle guztien multzoa.

2. Arlo bakoitzean ardura duen irakasleak erabakiko du kalifikazioa. Ikasle jakin bati buruzko gainerako erabakiak haren irakasleen taldeak hartuko ditu adostasunez. Adostasunik lortu ezean, taldeko tutorearen informazioa eta irizpidea hartuko dira kontuan bereziki.

3. Talde bakoitzaren tutorea izanen da ebaluazio saioak zuzendu eta araudia betetzen dela bermatuko duena, ikasketaburuak koordinatuta. Orientazioaz arduratzen denak, bere eginkizunak betez, tutorea aholkatzen ahalko du saio horiek behar bezala garatzeko.

4. Arte-hezkuntzaren arloan, horretan aritzen diren irakasleek batera erabakiko dute kalifikazioa.

4. artikulua. Hasierako ebaluazioa.

1. Ikastetxeek, ikasturte bakoitzaren hasieran eta ikasle guztientzat, hasierako ebaluazio bat eginen dute, ikasle bakoitzaren ezaugarriak ezagutzeko eta hezkuntzaren esku-hartzea planifikatzeko. Hartzen diren neurriak ikasketa-espedientean jasoko dira.

2. Ebaluazio horrek, ikasturtearen lehendabiziko hilabetean egin beharrekoak, aurreko ikasturteko informazio akademikoa bilduko du, baita tutoreak ikasturtearen hasieratik jasotakoa ere.

3. Hasierako ebaluazio horrek, halaber, Espainiako hezkuntza sisteman behar baino beranduago sartzen den ikasleari eginen zaio, ikasturtean noiz hasten den kontuan izan gabe.

5. artikulua. Ebaluazio etengabea eta azken ebaluazioa.

1. Ebaluaziorako eskubidea eta ikasleen dedikazioa, esfortzua eta eskola-errendimendua objektiboki aitortuak izateko eskubidea ikasleei bermatu beharrez, tutoreek gurasoei edo legezko ordezkariei jakinaraziko diete, ikasturte bakoitzaren hasieran, zein diren ebaluazio eta kalifikazio prozesuaren ezaugarri orokorrak, ikasturtearen hasieran taldea biltzen denean, edo ikastetxeak ezartzen dituen bideetan. Horretaz gainera, tutoreek etengabeko komunikazioa izanen dute gurasoekin edo legezko ordezkariekin, ikasle bakoitzari jarraipen etengabea bermatzeko.

2. Ikasturte bakoitzean zehar, irakasleek ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko informazioa bilduko dute behaketa sistematikoaren bidez, lanen balorazioaren bidez eta berariazko proben bidez, ikaskuntza horren jarraipena errazteko eta egokitzapen neurriak, curriculumekoak eta/edo antolaketakoak ezartzeko, ikasleen helburuak eta gaitasunak lortzen lagunduko dutenak.

3. Hasierako ebaluazioaz gainera, kurtso guztietan ebaluazioko hiru saio eginen dira (bat hiruhileko bakoitzean), tutoreak koordinatuta, eta taldeari irakasten dioten irakasleek parte hartuko dute haietan.

4. Saio horiek helburu izanen dute ikasleen ikaskuntza prozesua baloratzea, emaitza akademikoak aztertzea, taldea bere osotasunean aztertzea eta behar diren erabakiak hartzea, taldeari zein ikasle bakoitzari buruz. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa eta jarraipena eginen dira.

5. Bilera horietan, etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasle bakoitzak erabakiko du bere arloko ikasle bakoitzari zer kalifikazio jarri. Gainera, ikasi beharrekoa zenbateraino bereganatuko duen agerraraziko du. Aipatzekoak iruditzen zaizkion beste edozein alderdiri buruzko oharrak ere eginen ditu. Tutoreak hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa sartuko du ikasketa-espedientean.

6. Ebaluazio saio bakoitza bukatutakoan, tutoreak idatziz jakinaraziko die gurasoei eta legezko ordezkariei zein den seme-alaben errendimendua, familiei igorri beharreko ebaluazio txostenaren bidez. Informazio hori, kurtso bakoitzean ikasle bakoitzaren gurasoekin edo legezko ordezkariekin banan-banan egin beharreko elkarrizketetan osatuko da. Beharrezkoak direnean eginen dira elkarrizketa horiek.

7. Etengabeko ebaluazioaren prozesuan, ikasle baten aurrerabidea egokia ez denean, beharrezko neurriak hartuko dira, gurasoei edo legezko ordezkariei horren berri eman ondoan. Neurri horien helburua hezkuntza prozesuan aurrera egiteko ikasleak beharrezko eta nahitaezko dituen eduki eta gaitasunak bereganatzea izanen da.

8. Hiru hilabetean behineko ebaluazio-bilera horietaz gainera, ikastetxeek beste saio bat eginen dute azken ebaluaziorako. Horretan, ikasleen aurrerabidea nolakoa izan den aztertuko da, arlo bakoitzari dagozkion kalifikazioak emanen dira, ikaskuntza prozesuan jarraipena bermatzen duten erabakiak hartuko dira, eta ikaslea hurrengo kurtsora edo etapara pasatu edo ez pasatu erabakiko da. Hori guztia azken ebaluazioaren aktan jasoko da, eta, hortaz, ikasketa-espedientean ere bai.

9. Ikasleek foru agindu honetako 6. eta 7. artikuluetan aipatzen den banakako ebaluazioari dagozkien probak egin ondoren eginen ditu irakasle taldeak hirugarren eta seigarren mailetako azken ebaluazio bilerak.

10. Aldi baterako ikasle batek hezkuntza-arreta behar badu ospitale batean, edo etxean, edo ohikoaz besteko hezkuntza-arretaren bat behar badu, ikasle horren matrikula duen ikastetxeko irakasle taldeak, egoera berezi horretan kasu egiten dioten irakasleekin koordinaturik, behar diren prozedurak ezarriko ditu ikaslearen ebaluazio prozesua egiteko.

6. artikulua. Banakako ebaluazioa hirugarren mailan.

1. Hezkuntza Departamentuak xedatzen duenari jarraikiz, ikastetxeek banakako ebaluazioa eginen die ikasle guztiei hirugarren maila bukatzean. Haren bidez, trebezia eta gaitasun hauek zenbateraino dituzten bereganatuak aztertuko da: mintzamena eta idazmena, kalkulua eta problemen ebazpena, betiere hizkuntzaren bidezko komunikaziorako gaitasunari eta matematika gaitasunari dagokienez.

2. Ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: gutxiegi (G), kalifikazio negatiboetarako; nahikoa (N), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (B), kalifikazio positiboetarako.

3. Ikasle bakoitzaren emaitza hirugarren mailako azken ebaluazioaren txostenean agerraraziko da. Norbanakoaren dokumentu honek informazioa eta orientabidea emateko balioko dio ikaslea hirugarren mailan egon den ikastetxeari, eta gurasoei edo tutore legalei emanen zaie.

4. Ebaluazioaren emaitza negatiboa bada, aurreko ikasturteetan lortutako emaitzak kontuan hartuta, ikastetxeak ahalik neurri egokienak hartu beharko ditu. Neurri hauek ikaslearen edo taldearen emaitzak hobetzeko planetan finkatuko dira, zailtasunak gainditu edo arintzeko, betiere familien eta hezkuntzako laguntza-baliabideekin koordinatuta.

7. artikulua. Banakako ebaluazioa seigarren mailan.

1. Seigarren maila bukatzean, banakako ebaluazioa eginen zaie ikasle guztiei, eta, hartan, berariaz aztertuko da zenbateraino bereganatu dituzten hizkuntzaren bidezko komunikazioa, matematika gaitasuna eta zientziako eta teknologiako oinarrizko gaitasunak, baita etapako helburuak bete dituzten ere.

2. Ebaluazio horretan, gaitasun horiekin loturiko ebaluaziorako eta hurrengo mailara pasatzeko edo ez pasatzeko irizpideak erabiliko dira, eta Gobernuak ezartzen dituen proben ezaugarri orokorrei jarraikiz eginen da. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak ikasleek euskararen gaineko hizkuntza gaitasuna zenbateraino lortu duten neurtzeko proba diseinatuko du.

3. Ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: gutxiegi (G), kalifikazio negatiboetarako; nahikoa (N), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (B), kalifikazio positiboetarako.

4. Ikasle bakoitzaren emaitza etapako azken ebaluazioaren txostenean agerraraziko da. Norbanakoaren dokumentu honek informazioa eta orientabidea emateko balioko dio ikaslea seigarren mailan egon den ikastetxeari eta hurrengo urtean ikaslea egonen den ikastetxeari, eta gurasoei edo tutore legalei emanen zaie. Lortutako emaitzak aurrerabidea eta ikasketa prozesua egokiak ote diren adieraziko du.

5. Seigarren maila bukatuta ikasle taldeari egindako ebaluazioan lortutako emaitzak txarrak balira, ikastetxeak ahalik neurri egokienak hartu beharko lituzke. Neurri hauek ikaslearen edo taldearen emaitzak hobetzeko planetan finkatuko dira, zailtasunak gainditu edo arintzeko, betiere familien eta hezkuntzako laguntza-baliabideekin koordinatuta.

6. Hezkuntza Departamentuak, emaitzak hobetzeko jarduketak egin litzake ikastetxe batean, baldin eta neurtutako emaitzak ebaluaziorako ezarri diren balioetatik behera baleude.

8. artikulua. Kalifikazioen eskala.

1. Kalifikazioa ikasleari eskala baten araberako kategoria bat emateko ekintza da, betiere ebaluazio prozesuaren emaitzak kontuan hartuta.

2. Arloen kalifikazioa honela adieraziko da: Gutxiegi (G), Nahikoa (N), Ongi (O), Oso ongi (OO) eta Bikain (B). Hitz horiekin batera, batetik hamarrera bitarteko zenbakizko kalifikazioa ere emanen da, dezimalik gabe, baliokidetasun hauen arabera:

–Gutxiegi: 1, 2, 3, 4.

–Nahikoa: 5.

–Ongi: 6.

–Oso ongi: 7 edo 8.

–Bikain: 9 edo 10.

3. Gutxiegi kalifikazioa (G) negatibotzat hartuko da, eta gainerakoak positibotzat.

4. Maila bakoitzerako, ikasleak gaitasunak bereganatu izanak aditzera ematen du behar diren helburuak lortu dituela, eta seigarren mailako gaitasunak bereganatu izanak etaparen helburuak lortu izana ekarriko duela.

9. artikulua. Arlo bakoitzeko batez besteko nota eta ohorezko aipamena.

1. Etapa bukatuta, ikasitako arlo bakoitzeko batez besteko nota kalkulatuko da. Horretarako, etapako maila bakoitzeko azken ebaluazioetan ikasleak lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan.

2. Batez besteko nota bi dezimalekin adieraziko da. Hurbileneko ehunenera biribilduko da nota, eta goitik eta behetik distantzia bera baldin badago, goikora.

3. Irakasleak Ohorezko Aipamena ematen ahalko dio ikasleari baldin eta arlo jakin batean batez bestekoa 9 edo 9tik gorakoa izan bada eta arlo horrekiko interes berezi eta nabarmena erakutsi badu. Kasu honetan, hau izanen da sigla: BOA (Bikain, ohorezko aipamenarekin).

10. artikulua. Hurrengo mailara eta etapara pasatzeko erabakia.

1. Kurtsoetako bakoitza bukatzean, eta ebaluazio prozesuaren ondorioz, taldeari eskola ematen dion irakasle taldeak ikasleak hurrengo mailara pasatu ala ez erabakiko du. Horretarako, irakasle tutorearen informazioa eta iritzia hartuko da bereziki kontuan.

2. Ikaslea hurrengo mailara edo etapara pasatzeko, egindako mailari dagokion curriculumaren helburuak eta gaitasunak bereganatu dituela pentsatu behar du irakasle taldeak. Hirugarren eta seigarren mailetan, hurrenez hurren 6. eta 7. artikuluek aipatzen dituzten banakako ebaluazioen emaitzei erreparatuko zaie bereziki.

3. Ikasleak hizkuntza bidez komunikatzeko gaitasuna ez duela bereganatu ulertuko da baldin eta kalifikazioa negatiboa bada “Gaztelania eta literatura” ikasgaian, hizkuntza-eredu edozein delarik ere, edo “Euskara eta literatura” ikasgaian D ereduaren kasuan.

4. “Matematika” ikasgaiko kalifikazioa negatiboa bada, ulertuko da ikasleak ez duela bereganatu matematikako gaitasuna, eta, beraz, matematikako gaitasuna eta zientziako eta teknologiako oinarrizko gaitasunak.

5. Ikasleak ez dira hurrengo mailara pasatuko baldin eta aurreko bi paragrafoetan aipatutako gaitasunetako bat ere lortu ez badute, edo hiru irakasgaitik gora irakasgaitan kalifikazio negatiboa izan badute, kasu horretan ulertzen baita ikasleak ez duela behar adinako gaitasun-maila kurtso berria behar den bezala aprobetxatzeko.

6. Ikasleak maila gainditzen ez badu, beste urtebetez egon beharko du maila berean. Neurri hau behin baizik ez daiteke hartu Lehen Hezkuntza osoan, eta ikastetxeak prestatutako berariazko plan bat ere behar da aldi berean, familiaren laguntzarekin batera zailtasunak gainditu ahal izateko. Tutoreak elkarrizketa bat izanen du ikaslearen gurasoekin edo ordezkari legalekin, hartutako neurriaren berri emateko.

7. Ikasleak hurrengo mailara pasatzen ahalko dira baldin eta hiru irakasgai edo gutxiago baldin badituzte gainditu gabe, betiere haietako bi ez badira Gaztelania eta Literatura eta Matematika, edozein hizkuntza-eredutan, edo Euskara eta Literatura eta Matematika ez badira D ereduan. Edozein modutan ere, irakasle taldeak aztertu behar du barneratu gabeko edukiak traba diren edo ez diren hurrengo ikasmailan egoki egoteko.

8. Arlorekin bat gainditu gabe pasatu badira hurrengo mailara, ikasleari berreskurapen plan egoki bat jarriko zaio haiek gainditzeko, betiere familiarekin laguntzarekin. Tutoreak elkarrizketa bat izanen du ikaslearen gurasoekin edo ordezkari legalekin, hartutako neurriaren berri emateko. Ebaluazioaren agirietan, gainditu gabeko arlo bakoitzean, BP sigla jarriko da (Berreskurapen plana), eta, horrekin batera, berreskuratu beharreko mailaren zenbakia.

9. Aurreko atalak aipatzen dituen ikasleei dagokienez, ikasturteko edozein unetan, irakasleak, ikaslearen bilakaera azterturik, burutzeko zituen ikaskuntzak gainditu dituela erabaki dezake. Ebaluazio-agirietan erabakia zein egunetan hartu zen idatziko da. Halaber, une hartatik aurrera, ikasleak egin behar duen curriculum-maila eguneratuko da. Taldearen curriculum-maila gaurkotuko balitz, ez litzateke erabiliko BP sigla.

11. artikulua. Dibertsitaterako arreta-neurriak. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak.

1. Ikasteko prozesuan atzean ez gelditzeko eta ikasleak ohiko taldean integratu ahal izateko egokitzapen pertsonalerako irizpideak kontuan hartuta ezarritako dira dibertsitaterako arreta-neurriak, eta, ondorioz, ikasle bakoitzaren ikasteko prozesua gehien baldintzatzen duten aspektuei erreparatuko diete gehienbat. Neurri hauek ikasturtearen edozein momentutan hartuko dira, beharrei erreparatu bezain laster betiere.

2. Neurri hauen artean daude hezkuntzako laguntza, berreskurapen-planak, eta, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat, curriculum-egokitzapen garrantzitsuak. Banakako hasierako ebaluazioak hezkuntzako esku-hartzea planifikatzeko aukera emanen du.

3. Ohiko curriculuma egiteko moduan dagoen baina, zenbait gorabeherarengatik, ikasketa prozesuan aurrera egiteko ohikoaz bestelako hezkuntza-arreta behar duen ikasleari aplikatzen zaio arlo baterako errefortzua izeneko laguntza. Ebaluaziorako eta hurrengo mailara pasatzeko edo ez pasatzeko irizpideak dagokion mailarako ezarritako ebaluazio irizpideak eta ikasketa-estandarrak izanen dira. Kalifikazioen eskala 8. artikuluan ezarritakoa da, eta harekin batera HE sigla jarriko da (Hezkuntzako errefortzua).

4. Ikasturtearen edozein momentutan, irakasleak, ikaslearen bilakaera ikusita, hezkuntzako errefortzuaren premiarik gabe dagokion mailaren curriculuma lantzera pasatu dadila erabaki dezake. Halako kasuan, HE sigla erabiltzeari utziko zaio.

5. Bestetik, berreskurapen planak 10.6 artikuluak zein 10.8 artikuluek aipatutako ikasleei aplikatuko zaizkie.

A) Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.

1. Atal honetan aipatutako ikasleentzat, curriculumetik franko aldentzen diren egokitzapenak ezar litezke (curriculum-egokitzapen garrantzitsuak, CEG), helburuen eta gaitasunen ahalik garapen handiena lortu nahian.

2. Curriculum-egokitzapen garrantzitsuekin egindako ikasgaien hiruhileko ebaluazioetan eta azken ebaluazioan, baita hurrengo mailara pasatzeko edo ez pasatzeko erabakia hartzerakoan ere, curriculum-egokitzapen horretan ezarritako ebaluazio-irizpide eta ikaskuntzako estandarrak hartuko dira kontuan.

3. Hiruhileko ebaluazioko zein azken ebaluazioko kalifikazioen eskala 8. artikuluan ezarritakoa izanen da, eta CEG sigla jarriko da (curriculum-egokitzapen garrantzitsua), baita egokitzapena zer mailari egin zaion ere.

4. Ahozko adierazpenerako zailtasunak dituzten ikasleentzat, malgutasun neurriak eta alternatiba metodologikoak ezarriko dira atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan eta ebaluazioan. Egokitzapen hauek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak jaisteko.

5. Ikasleak etapan ikasturte bat gehiago pasaturik ere (maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan aurreikusia), Lehen Hezkuntzaren etapan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskolatzea beste urtebetez luza liteke ohiko ikastetxeetan baldin eta hori mesedegarria bada ikaslearen integrazio sozio-edukatiborako.

B) Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak.

1. Oro har, hezkuntza sistemara berandu sartzean dena adinaren arabera dagokion mailan eskolatuko da.

2. Curriculumari begira gaitasun mailan bi urteko edo gehiagoko atzerapena daramatenak adinaren arabera dagokien mailatik beheragokoan eskolatuko dira. Ikasle horientzat, errefortzu neurriak hartuko dira edo berreskurapen planak egin, eskolako integrazioa errazteko, curriculumeko atzerapena arintzeko eta ikasleek ikasketei probetxua ateratzeko. Ebaluazio-agirietan, hartutako neurria zein den, HE edo BP siglak jarriko dira dagokien arloetan. Atzerapen hori desagertzen denean, adinaren arabera dagokion mailan sartuko da ikaslea.

3. Ikasleak adinaren arabera dagokion mailara sartzerik ez badu, 10.6 artikuluan ezarritako neurria aplikatutzat joko da (etapan urte bat gehiago egoteari buruzkoa).

12. artikulua. Ebaluazioaren dokumentuak.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazioaren dokumentuetan jasoko da.

2. Lehen Hezkuntzako ebaluazio-agiri ofizialak hauek dira:

–Ikasketa-espedientea.

–Kurtso bukaerako ebaluazio-akta.

–Hirugarren mailako azken ebaluazioaren txostena.

–Etaparen azken ebaluazioaren txostena.

–Lehen Hezkuntzako ikasketen historiala.

–Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala.

3. Ebaluazio-agiri ofizialez gainera, ikastetxeek aukera izanen dute, dena dela, egindako ikasketei eta ebaluazio prozesuari buruzko bestelako ziurtagiri eta txostenak egiteko. Haietako bat gurasoei bidaltzeko ebaluazio-txostena izanen da.

4. Ikasketa-espedientean hauek egonen dira: identifikazioari eta eskolatzeari buruzko informazioa, ikasketei buruzko informazioa, hezkuntzako berariazko laguntzarako beharrei buruzko datuak, eta ikasteko prozesua garatzeko bide ematen duten eta ikasleen administrazioa eta mugikortasuna bermatzen dituzten datuak. Informazioa erregistraturik, gainerako dokumentuetako beharrezko datuak ateratzen ahalko dira, baita behar diren ziurtagiriak egin ere.

5. Ebaluazio-agiri horien edukia foru agindu honen I. eranskinean ezartzen da.

13. artikulua. Agiriak betetzeko eta gordetzeko prozesua.

1. Ikasleak matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkaritzak ikasketa-espedientea irekiko du.

2. Ikasmaila bakoitzeko ebaluazioen emaitzak eta hartutako erabakiak espediente akademikoan erregistratzeko ardura tutoreari dagokio.

3. Mailari buruzko azken ebaluazioaren akta ikasturtearen bukaeran eginen da, eta, etapako azken maila denean, ikaslea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara pasatzeko edo ez pasatzeko proposamena agertu beharko da.

4. Betiere, ebaluazio-agiriak ikastetxeko zuzendariak ikus-onetsiko ditu, eta kasu bakoitzean behar diren pertsonen sinadura autografoak eramanen dituzte. Sinaduraren ondoan, sinatzailearen izen-deiturak eta kargua edo irakaskuntza-eginkizuna agertuko dira.

5. Ebaluazio-agiri ofizialetan, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako ikasketen curriculuma ezartzen duen foru dekretuaren aipamena egin beharko da beti.

6. Ebaluazio-agirietako datuak artxibatu eta gordetzeko ardura ikastetxeko idazkariari dagokio. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko, edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertzen bada.

14. artikulua. Ikasleen lekualdatzea.

1. Ikasketen historiala eta, bidezko bada, lekualdaketagatiko txosten pertsonala oinarrizko dokumentuak dira ikasleak mugikortasunaz baliatu ahal izan daitezen Espainia guztian.

2. Ikasturtea bukatuta, ikasle bat beste ikastetxe batera joaten bada ikasten segitzeko, destinoko ikastetxeak eskatuz gero, jatorrizko ikastetxeak historial akademikoa igorriko dio destinokoari.

3. Lekualdatzea ikasturtea bukatu baino lehen egiten bada, jatorrizko ikastetxeak, ikasketen historialaz gainera, ikaslearen lekualdatzearen gaineko txosten pertsonala igorriko dio destinoko ikastetxeari, betiere horrek eskatuz gero, hori guztia ikaslea ikastetxe berrian hobeki integratzeko eta ikaskuntza prozesuari jarraipena emateko.

4. Artikulu honetan aipatutako agiriak bidal litezke, baldin eta jatorrizko eta destinoko ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa datuak konpartitzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez kudeatzen badute.

5. Agiriek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 36.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Ebaluazio prozesuaren gainbegiratzea.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesua gainbegiratzea, ikastetxeei aholku ematea eta hura hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.

2. Bestetik, aipatu zerbitzuak ebaluazio-agiriak behar bezala bete eta gorde diren ikuskatuko du.

Bigarren xedapen gehigarria.–Ebaluazio-agiriak baliabide elektronikoen bitartez betetzeko prozesua.

Ikastetxe publiko eta pribatu itunduek baliabide elektronikoen bidez beteko dituzte foru agindu honetan aipatzen diren ebaluazio-agiri ofizialak, dela “Educa” aplikazio informatikoaren bidez, dela datu guztiak formatu bateragarri batean jasotzeko bidea ematen duen beste aplikazio baten bidez.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Erlijioaren eta Gizarte eta Herritar Balioen irakaskuntzak.

1. Erlijioaren irakaskuntzaren eta Gizarte eta Herritar Balioen irakaskuntzaren ebaluazioa modu berean eginen da, eta Lehen Hezkuntzako beste arlo batzuen ondorio berberak izanen ditu.

2. Aipatu arloen ebaluazioetan lortzen den kalifikazioa ikasketen espediente arteko lehia dagoen deialdietan hartuko da aintzat.

Laugarren Xedapen Gehigarria.–Ikasketen parte bat atzerrian egiten denerako.

1. Behin matrikulatuta egonda, ikasle batek ikasturte bat baino denbora gutxiagoan Lehen Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzak atzerrian egin behar baditu, ikastetxeari eman beharko dio horren berri, eta esan zer herrialde eta herritan dagoen ikastetxea eta zein izen duen. Datu hauek ebaluazio-agiri ofizialetan erregistratuko dira behin-behinekoz.

2. Handik bueltan, ikasleak behar adinako dokumentazioa aurkeztu behar du, ikastetxeak behin-behinekoz erregistratutako informazioa erkatzeko, eta behin betiko informazio bihurtzeko.

3. Atzerrian egiten den egonaldia lehenbiziko eta/edo bigarren ebaluazioan baizik egiten ez bada, arloen hiruhileko horietako kalifikazioak erregistratzean IPA sigla jarriko da (Ikasketen parte bat atzerrian). Hirugarren ebaluazioaren eta azken ebaluazioaren erregistroa foru agindu honetan ezarritako kalifikazio eskala kontuan hartuta eginen da.

4. Atzerriko egonaldia hirugarren ebaluazioan egiten bada, ebaluazio horretako arloen kalifikazioak erregistratzean IPA sigla jarriko da. Azken ebaluazioaren erregistroa IPA siglen bidez egin liteke, edo, beharrezkoa balitz, Nafarroako ikastetxean lortutako emaitzak kontuan hartuta, foru agindu honetan xedatutako kalifikazio eskalaren bitartez.

5. IPA siglek ez dute inongo eragin akademikorik izanen.

Bosgarren Xedapen Gehigarria.–Ikasturte batez ikasketak atzerrian egin ondoko prozesua.

1. Ikasturte oso bat Espainiatik kanpoko hezkuntza sistema batean egin duen ikaslea itzultzen denean, behar bezalako ebaluazioa egin ondoan, ikaslearen adina hartuko da kontuan, baina baita bi hezkuntza sistemetan lortutako emaitza akademikoak ere.

2. Ikastetxeak ikasketak egin diren ikastetxearen identifikazio-datuak jarriko ditu ikasketen espedientean.

Seigarren Xedapen Gehigarria.–Ikasketen historiala eta etapa bukaerako ebaluazio-txostena emateko prozedura.

1. Etapa bukatzean, ikasketen historiala gurasoei edo tutore legalei emanen zaie.

2. Ikasketen historialaren kopia bat, etapa bukaerako ebaluazio-txostenarekin batera, bigarren hezkuntzako ikastetxera bidaliko da, ikastetxeak eskatuta. Ez da beharrezkoa izanen bidaltzea baldin eta jatorrizko eta destinoko ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa datuak konpartitzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez kudeatzen badute.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria.–Ikasleen datu pertsonalak.

Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbiziko Xedapen Iragankorra.–Bigarren, laugarren eta seigarren mailako ebaluazioa.

2014-2015 ikasturtean, bigarren, laugarren eta seigarren mailetako ikasleen ebaluazioa Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 18an emandako 216/2007 Foru Aginduaren bidez eginen da (Lehen Hezkuntzako ikasleen ebaluazioa eta promozioa arautzen dituen foru agindua).

Bigarren Xedapen Iragankorra.–24/2007 Foru Dekretuaren irakaskuntzak jaso dituzten ikasleen batez besteko nota.

Lehen Hezkuntzako irakaskuntza 24/2007 Foru Dekretuan ezarritako curriculumaren arabera jaso duten ikasleentzat, foru agindu honetan aipatzen duen batez besteko nota honako baliokidetza kontuan hartuta kalkulatuko da: Gutxiegi = 4; Nahiko = 5,5; Ongi = 6,5; Oso ongi = 7,5 eta Bikain = 9.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen Indargabetzaile Bakarra.–Indargabetutako arauak.

1. Foru agindu honetan araututako ebaluazio sistema erabat ezarri eta gero, azken xedapenetatik lehenak dioenari jarraikiz, indarra galduko du Hezkuntzako kontseilariak abenduaren 18an emandako 216/2007 Foru Aginduak, hots, Lehen Hezkuntzako ikasleen ebaluazioa eta promozioa arautzen dituenak.

2. Indarrik gabe utzi dira, orobat, foru agindu honetan ezarritakoaren aurka jotzen duten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken Xedapenetan Lehena.–Ezarpenaren egutegia.

Foru agindu honetan araututako ebaluazio sistema 2014-2015 ikasturtean ezarriko da lehenbiziko, hirugarren eta bosgarren mailetan, eta 2015-2016 ikasturtean bigarren, laugarren eta seigarren mailetan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko abuztuaren 22an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

1. Ikasketa-espedientean ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, baita ikastetxearen datuak ere.

Hauek dira, gutxienez, ikaslearen identifikazio datuak: espediente zenbakia, deiturak, izena, helbidea, posta kodea, herria, probintzia, ikaslearen jaioteguna, eta non jaio den (herria, probintzia, estatua), zer ikastetxetan izan den bere eskolaldian, eta datu mediko eta psikopedagogiko nabarmenenak. Horrez gainera, gurasoen edo legezko ordezkariaren izen-abizenak eta haien identifikazio agiri ofizialen bat eta telefonoak agertuko dira.

Hauek dira, gutxienez, ebaluazio prozesuari buruzko informazio-datuak: etapa, etapako maila, hizkuntza eredua, irakaskuntzak erregulatzen dituen araua, arloen zerrenda, atzerriko hizkuntza (bidezko bada), zer ikasturtetan egiten diren, ikastetxearen izena, hasierako ebaluazioan hartutako erabakiak, dibertsitaterako arreta-neurriei buruzko informazioa, ebaluazio partzialetako kalifikazioa, azken ebaluazioko kalifikazioa, arlo bakoitzean lortutako kalifikazioen batez bestekoa, hirugarren eta seigarren mailetako banakako ebaluazioetan lortutako maila, eta hurrengo mailara pasatzeko edo ez pasatzeko erabakia.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, titularra, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasturte amaierako ebaluazioaren aktan ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

Hauek dira, gutxienez, taldearen identifikazio-datuak: ikasturtea, etapa, maila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen izenen zerrenda eta kurtsoaren bukaerako ebaluazioan arlo bakoitzean lortu dituzten emaitzak, dibertsitaterako arreta, halakorik badago, eta ikaslea hurrengo mailara edo Helduentzako Bigarren Hezkuntzara pasatzeko edo ez pasatzeko erabakia.

3. Familiei bidali beharreko ebaluazio txostenean, ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, abizenak, egiten duen etapa, hizkuntza-eredua, maila eta taldea.

Honako hauek dira, gutxienez, ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak: gaur eguneko ebaluazioa, arloen zerrenda, haien kalifikazioa, dibertsitatearen arreta, halakorik baldin badago, eta ikasturteko aurreko ebaluazioetako kalifikazioak. Bestetik, ikasketa prozesuari buruzko oharrak izanen ditu, baita eskolako hutsegiteen eta diziplina hutsegiteen laburpena ere, eta, azken ebaluazioaren kasuan, ikaslea hurrengo mailara edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara pasatzeko edo ez pasatzeko erabakia.

4. Ikasketen historialean ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira.

Hauek dira, gutxienez, ikaslearen identifikazio-datuak: abizenak, izena, identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoen edo tutoreen izenak, eta, etapa honetan matrikulatuta egon den ikastetxe bakoitzari dagokionez, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria eta ikastetxean izan duen alta-eguna eta baja-eguna.

Hauek dira, gutxienez, eskolatzeari buruzko informazio-datuak: ikasturtea, hizkuntza eredua, curriculumak ezarritako araua, kurtsoa, arloen zerrenda, atzerriko hizkuntza (bidezko bada), arlo bakoitzaren lortutako kalifikazioa, dibertsitaterako arreta-neurriak, halakorik badago, arlo bakoitzean lortutako kalifikazioen batez bestekoa, hirugarren eta seigarren mailetako banakako ebaluazioetan lortutako maila, hurrengo mailara pasatzeko edo ez pasatzeko erabakiak, erabakiak hartu ziren datak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara pasatzeko proposamenaren data.

Hauek hartzen dira agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datutzat: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea, herria eta zuzendariaren ikus-onetsia.

5. Lekualdatzearen gaineko txosten pertsonalean, ikaslea identifikatzeko datuak, jatorrizko ikastetxea identifikatzeko datuak eta ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazioa jaso behar dira.

Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, abizenak, eta identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia.

Hauek dira, gutxienez, ebaluazio prozesu partzialari buruzko informazio-datuak: etapa, hizkuntza eredua, curriculumak ezarritako araua, kurtsoa, mailaren arloen zerrenda eta haietako kalifikazio partzialak, dibertsitaterako arreta-neurriak, halakorik badago, eta ikaslearen aurrerapen orokorrari buruzko nahi adina ohar.

6. Hirugarren mailako azkeneko ebaluazioaren txostenean datu hauek egonen dira: ikaslearen identifikazio-datuak, ikastetxearen identifikazio-datuak eta hirugarren mailako banakako ebaluazioaren emaitzei buruzko informazioa.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, abizenak, eta identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

Hirugarren mailako banakako ebaluazioaren emaitzei buruzko informazioan, gutxienez, arlo hauetako lortutako mailak agertuko dira: hizkuntzaren bidezko komunikazioa eta matematikako gaitasuna.

7. Etapa bukaeraren ebaluazio-txostenean datu hauek egonen dira: ikaslearen identifikazio-datuak, ikastetxearen identifikazio-datuak eta seigarren mailako banakako ebaluazioaren emaitzei buruzko informazioa.

Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, abizenak, eta identifikazio agiri ofizialen baten zenbakia.

Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

Seigarren mailako banakako ebaluazioaren emaitzei buruzko informazioan, gutxienez, arlo hauetako lortutako mailak agertuko dira: hizkuntzaren bidezko komunikazioa, matematikako gaitasuna eta zientziako eta teknologiako oinarrizko gaitasunak.

Iragarkiaren kodea: F1411680