156. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Udako euskarazko kanpaldietarako diru-laguntzen deialdia arautzen duten oinarriak. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2014ko maiatzaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zituen udako euskarazko kanpaldietarako diru-laguntzen deialdia arautzen duten oinarriak. Erabakia 2014ko 93. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu oinarriak behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Burlatan, 2014ko uztailaren 15ean.–Alkatea, Juan-Carlos González Muñoz.

ERANSKINA

Udako euskarazko kanpaldietarako diru-laguntzak arautzen dituzten oinarriak. D ereduko ikasleentzat

Atarikoa

Burlatako Udalak, Euskara Alorraren bitartez, euskara ikastea sustatzeko jarduerak bultzatu nahi ditu eta, hortaz, ikasketa horien gastuak finantzatuko ditu, hein batean.

Hori ikusirik, Burlatako Udalak diru-laguntzak emanen ditu osorik euskaraz eginen diren udako kanpaldietan parte hartzeko, betiere oinarri hauei jarraikiz.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, aplikatzekoak izanen dira, lehen-lehenik, Burlatako Udalaren diru-laguntzen gaineko ordenantza, Aministrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea.

1. artikulua. Aurrekontua

Deialdi honek indarra duen udal aurrekontuan ezarritako diru kopurua izanen du, eta aurrekontuko 451.548.002 kontu-saila (hainbat laguntza) erabiliko da horretarako.

2. artikulua. Helburua, baldintzak, diru-laguntzaren xedea eta onuradunen betebeharrak.

Deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzen xedea da hein batean finantzatzea D ereduko ikasleentzat antolatzen diren euskarazko kanpaldietan parte hartzearen gastua; horietan edukiak ludikoak, kirol arlokoak eta/edo natura arlokoak izanen dira.

Deialdi honetatik kanpo daude:

Zuzenean edo zeharka Burlatako Udalaren bitartez kudeatzen direnak, edo Udalak diruz laguntzen dituenak, jada murriztua baitute diru-laguntza kuotatik.

a. Txangoak edo bidaiak.

b. Herrian edo herritik hurbil gauzatzen diren beste jarduera batzuk, barnetegirik behar ez dutenak.

Deialdi honen onuradunek ondoko betebehar hauek izanen dituzte:

2.1.–Diru-laguntza emateko oinarri izan den xedea betetzea, jarduera egitea edo jokabidea izatea.

2.2.–Diru-laguntza zer gastutarako eman den, haiexetarako baizik ez erabiltzea.

2.3.–Organo emaileari frogatzea oinarri hauek jartzen dituzten beharkizunak eta baldintzak betetzen direla, eta orobat egin eta bete direla diru-laguntza emateko edo diru-laguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua.

2.4.–Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea, informazio hori udal artxiboetan ez dagoenean.

2.5.–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da haien berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

2.6.–Laguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean Burlatako Udalean eta bere erakunde autonomoetan zerga-zorrik ez izatea (ofiziozko egiaztapena eginen dute erakunde horiek), ezta Gizarte Segurantzan ere, ez badu behintzat Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorrak ez betetzea justifikatzen duen egoera ekonomiko bat egiaztatzen.

2.7.–Jasotako diru-laguntzen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean, legeak ezarritako moduan.

2.8.–Burlatako Udalari diruz lagunduriko kanpaldietan gertatzen diren aldaketa garrantzizko guztien berri ematea.

2.9.–Jasotako diru guztia edo zati bat itzultzea, Burlatako Udalaren Diru-laguntzei buruzko ordenantza orokorraren 22.1 artikuluan ageri diren kasuetakoren bat gertatzen denean.

2.10.–Kanpaldia egiteko izan dituen diru-sarreren eta gastuen fakturak eta bestelako frogagiriak aurkeztea. Fakturak indarra duen legeriaren araberakoak izanen dira. Aurkeztutako faktura jatorrizkoak diligentzia edo zigilu batekin itzuliko zaizkio eskatzaileari, non adieraziko baita gastua emandako diru-laguntzaren araberakoa dela, eta Udalaren diru-laguntzari zer finantziazio portzentaje dagokion; hori guztia, xede bera duten beste diru-laguntza batzuekin bat etor daitezkeen kontrolatzeko.

3. artikulua. Eskatzaileen betebeharrak

Diru-laguntzak eska ditzakete eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean honako baldintza hauek betetzen dituztenek:

a. Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikaslea izatea.

b. D ereduko ikaslea izatea (eskola publikoan edo ikastolan).

c. Burlatan gutxienez ere urtebete erroldaturik egotea deialdia argitaratzen den egunean.

3.3.–Burlatako Udalean zerga-zorrik ez izatea. Udalak inguruabar hori ofizioz egiaztatu eta behar den eginbidearen bitartez jasoko du. Era berean, diru-laguntza emateko proposamena egin aurretik, ofizioz egiaztatuko da interesdunak ez duela Udal Diruzaintzari itzuli beharreko zenbatekorik.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira, espresuki, honako hauek:

a) Diru-laguntzen hartzaile edo lankidetza hitzarmenen sinatzaile izanik, Burlatako Udalarekiko betebeharrak urratu edo bete ez dutenak, aurreko bi ekitaldietan.

c) Oro har, aurreko puntuan zehazturiko oinarrizko baldintza horietakoren bat betetzen ez dutenak.

Ez dira dokumentu bidez frogatu beharko udal agiritegietan bilduta dauden alderdiak, azken lau urtean aldaketarik egon ez bada, oinarrietan berariaz eskatu ezean betiere.

4. artikulua. Diruz laguntzen ahal diren gastuak.

D ereduko ikasleentzat (eskola publikoan edo ikastolan ari direnentzat) antolaturik, osorik euskaraz egiten diren kanpaldietako egonaldietan sortzen diren gastuak diruz lagunduko dira. Egonaldi horiek ikasleen herritik kanpo izan behar dute.

Haur edo gazte bakoitzeko kanpaldi bakar baterako soilik emanen da laguntza.

Kanpaldiak 5 egun (4 gau) iraun behar du gutxienez eta 15 egun (14 gau) gehienez, eta udako oporraldian eginen da, hau da, ekainaren 20tik irailaren 10era bitarte.

5. artikulua. Deialdiaren publizitatea.

Deialdi honen iragarkia jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, www.burlada.es webgunean, Burlatako Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.burlada.es) eta udaletxeko iragarki oholean.

6. artikulua. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Eskaerekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

6.1.–Eskatzailearen edo aitaren/amaren/legezko tutorearen NANaren fotokopia.

6.2.–Familiaren diru-sarrera gordinen frogagiria (2013ko errenta aitorpena).

6.3.–Adingabeak zein ikastetxetan ikasten duen, hango eskolatze ziurtagiria, non agertuko baitira ikastetxearen izena eta hizkuntza eredua.

6.4.–Kanpaldia antolatzen duen entitatearen ziurtagiria, non kanpaldiaren baldintzak zehaztuko baitira -euskarari emandako tratamendua eta hizkuntza helburuak, iraupen datak, jardueren programa edo liburuxka-, bai eta bertan egon izanari buruzko ziurtagiria ere.

6.5.–Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), kuotaren %100 ordainduta dagoela dioena.

6.6.–Diru-laguntza zein banku-libretatan jaso nahi den, haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia (IBAN zenbakia).

Agiri guztiak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izanen dira.

Deialdiaren iragarkian zehaztuko da eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Eskaerak ez baditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluak aurreikusiarekin bat.

Eskabideak Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Larrainetako plaza, zk.g., 31600 Burlata) edo Herri Administrazioen Araubide Publikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan aipatu moduetako batean.

7. artikulua. Diru-laguntzak bideratzeko eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Diru-laguntzen prozedura bideratzeko organo eskuduna Burlatako Udalaren Euskara Zerbitzua izanen da. Ebazpen proposamena ekarriko duten datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu, ofizioz, zerbitzu horrek.

Espedientea ikusita, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du eta ebazteko ahalmena duen organoari igorriko dio.

Tokiko Gobernu Batzarrari dagokio diru-laguntzak emateko prozedura ebaztea.

8. artikulua. Diru-laguntzak ematea

Udalaren aurtengo aurrekontuetan ezarritakoa izanen da aurrekontuko diru-izendapena.

8.1. Eskaerak honela baloratuko dira:

a. Familiaren diru-sarrera gordinak zenbatu (errenta aitorpeneko 507. 8810. eta 8808. laukien batura, ken 708. laukia) eta familia unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaz zatituko da.

b. Horiek frogatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken aitorpenaren edo azken aitorpenen fotokopia konpultsatua aurkeztuko da edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko aitorpena aurkeztuko du eskatzaileak, agirien bidez frogaturik.

c. Bide horietaz gain, Udalak beste frogabide batzuk ere eskatzen ahal ditu, eskatzaile bakoitzaren familiaren benetako diru-sarrerak egiaztatzeko beharrezkoa dela uste duenean.

8.2. Diru-laguntza 125 eurokoa izanen da gehienez, eta baremo ekonomiko honen arabera emanen da:

PCE < 5.000 euro %70

PCE 5.001 eurotik 8.000 eurora bitarte %60

PCE 8.001 eurotik 10.000 eurora bitarte %50

PCE 10.001 eurotik 15.000 eurora bitarte %40

PCE 15.001 eurotik 20.000 eurora bitarte %30

8.3. Eskaerak urte baterako izanen dira, eta laguntzak emateko baldintza izanen da eskaera egiten den ekitaldi ekonomikoan Udalaren aurrekontuetan dirua izatea.

8.4. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen diruaren eta eskatzaile kopuruaren arabera, beharrezkoa bada, onuradun bakoitzari dagokion ekarpena proportzioan murriztuko da.

9. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko epea.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Diru-laguntza eskatzen den egunean hasiko da epea kontatzen. Epe horretan ebazpen espresik ematen ez bada, eskatzaileak eskaera ezetsi egin dela ulertzen ahalko du.

Diru-laguntza emateko ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz, eta Burlatako Udaletxeko iragarki oholean jarriko da ikusgai. Diru-laguntza emateko ebazpenean adieraziko da zein den haren kontra jar daitekeen errekurtsoa.

10. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

Diru-laguntza bildu ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat heldu diren gastuek. Diru-laguntza biltzen ahal duten gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena. Ez da diru-laguntza jasotzen ahal duen gastutzat onartuko oinarri hauetan finkatu epetik kanpo egindako gastuak.

Zeharkako zergak ez dira inolaz ere diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat joko, berreskuratzeko edo konpentsatzeko aukera ematen dutenean. BEZari dagokionez, hain zuzen, onuradunak ordaindutako kostu erreala baizik ez da diruz lagunduko, hau da, kengarri ez diren eta benetan ordaindu diren gastuak; izan ere, kengarriak diren heinean berreskuragarriak ere badira.

11. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

Ematen den diru-laguntzaren zenbatekoa, beste elkarte edo erakunde publikoen zein pribatuen diru-laguntzak edo laguntzak gehituta, ez da inoiz izanen ikastaroaren kostu osoa baino gehiago.

Oinarri hauen arabera diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, deialdi honetan onartu gabeko bestelako ekarpenak batera erdietsi badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Zenbateko aurrekontua dagoen, haren mende daude oinarri hauen bidez araututako diru-laguntzak. Balorazioa egindakoan, ikusten bada Burlatako Udalaren Osoko Bilkurak indarra duten aurrekontuetan onetsitako diru erabilgarria ez dela nahikoa, banaketa proportzionala eginen da, indize zuzentzaile bat aplikatuta.

12. artikulua. Diruz lagundutako jardueraren bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntza bateragarria da beste edozein administrazio, entitate edo pertsonak helburu bererako ematen dituen diru-laguntzekin.

Diru-laguntzaren zenbatekoak ezin izanen du inoiz gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

13. artikulua. Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, haiek emateko erabakia hartu ondoren pagatu ere; banku transferentzia eginen da, eskatzaileek adierazitako kontu korrontearen zenbakira.

14. artikulua. Diru-laguntzak emateko erabakiaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira eta, betiere, aldez aurretik jakinarazi gaberik, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten diru-laguntzak edo laguntzak batera erdietsi badira, diru-laguntza ematen duen ebazpena aldatzen ahalko da.

15. artikulua. Jasotako dirua itzultzea.

Onuradunak jasotako diru guztia edo zati bat itzuliko du eta, gainera, diru-laguntza eskuratzen den unetik hasita sortutako berandutza interesak ordainduko, Burlatako Udalaren Diru-laguntzei buruzko ordenantza orokorraren 22. artikuluan agertzen diren kasuetan.

Onuradunak azkenik itzuli behar duen kopurua zehazteko, espedientearen ondorioz ez betetzeak mailakatzeko ezarri diren irizpideei heldu behar zaie, betiere proportzionaltasunaren printzipioa gorde beharko delarik.

16. artikulua. Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu ezen euskarazko kanpaldietarako laguntzak emateko jasotako datuak Burlatako Udalaren fitxategi informatizatu batean biltzen ahalko direla (Larrainetako plaza, zk.g., 31600 Burlata). Era berean, jakinarazten dizugu baduzula eskubidea datu horiek ikusi, zuzendu, ezabatu eta haien kontra agertzeko, Udalaren Erregistro Orokorrera joz horretarako (Larrainetako plaza, zk. g., 31600 Burlata).

17. artikulua. Diru-laguntza hauen gaineko arauak.

Agiri honetan bildutako oinarriek arautuko dute honako deialdi hau, eta aurreikusten ez den orotan, berriz, hurrengo araudi honetan ezarritakoek:

a) Ordenantza orokorra, Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituena.

b) 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

c) 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

d) 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

18. artikulua. Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta horiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkeztu ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L1410183