156. ALDIZKARIA - 2014ko abuztuaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Aldaketa, Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2014ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkura arruntean, aldaketa hasiera batean onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren Barañaingo Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan, hura egokitu beharrez Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 23ko 93/2013 Epaian xedatura.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, onespen horren iragarkia 2014ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 10ean, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen da eranskinean, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2014ko uztailaren 17an.–Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

ERANSKINA

Ordenantza, Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena

I

Zioen azalpena

Barañaingo Udalak, 2005eko martxoaren 31ko osoko bilkura arruntean, onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorren Barañaingo Udalaren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legearen 1. xedapen gehigarriak ezarritakoari jarraikiz. Haren arabera, “Nafarroako Gobernuak eta Udalek Bikote Egonkorren Erregistroak sortu ahalko dituzte, bikoteen borondatezko inskripzioaren bitartez horien eraketari buruzko froga errazteko” eta, horrela, lege horrek bikote egonkorrei ematen dizkien eskubideak erabili nahi dituzten udalerri honetako biztanleen legezko interesak defendatzeko.

Konstituzio Auzitegiaren 2013ko apirilaren 23ko 93/2013 Epaiaren bidez, 5297-2000 zenbakia duen konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa, foru lege honen aurka aurkeztua, ebatzi zen; haren arabera, Konstituzioaren kontrakotzat jo ziren, bereziki udal ordenantzari dagokionez, 2., 3. eta 4. artikuluetan jasotako zenbait adierazpen, hau da, elkarrekin urtebetez gutxienez bizitzea etenik gabe, bien arteko ondorengoak izatea edo kideetako batek behintzat nafar izaera zibila izatea.

Harez geroztik ez da inolako aldaketarik egin aipatu foru legearen testuan, edukia Konstituzio Auzitegiaren aipatu epaian ageri diren zehaztapenei egokitzeko; bakar-bakarrik, horri buruzko jarduketa bat egin da, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legearen bitartez, hogeita batgarren xedapen gehigarria erantsiz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari, Nafarroako Foru Komunitatean bikote egonkorren erregistro fiskala sortzeko asmoz. Horren xedea da ofizialki inskribatzea zergen aldetik ezkonduen parekoak izatea eskatu duten bikote egonkorrak, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 19ko 73/2014 Foru Aginduan agertzen den moduan. Agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren Erregistro fiskalaren edukia eta funtzionamendua arautzen dira.

Horrenbestez, eta Barañaingo Udalean prestatua baita Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legean bere garaian agertzen zen edukiarekin bat, beharrezkoa da ordenantza hori aldatzea, edukia Konstituzio Auzitegiaren aipatu epaian adierazitakoaren arabera egokitzeko.

II

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren Barañaingo Udalaren Erregistroak izaera administratiboa du eta, bertan, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak inskribatzen ahal dira, baita haien iraungitzea ere, ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Bikote egonkortzat jotzen da elkartze libre eta publikoa, ezkonduenaren antzeko afektibitate harremana duena, sexu orientazio bat edo beste izan, bi pertsona adindunek edo adingabeko emantzipatuk osatzen dutena, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartzea egonkortzat joko da, halaber, bikoteko kideek dokumentu publiko batean adierazten dutenean bikote egonkorra eratzeko nahia.

4. artikulua. Bikote egonkorrek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eska dezakete, baldin eta, adostasun libre eta osoarekin, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartze bat osatu badute.

Erregistroan inskribatu ahal izateko, elkartzeak egonkorra izan beharko du, ordenantza honetan azaltzen den moduan, eta kideetako bat behintzat Barañaingo udalerrian erroldatuta egonen da, bertan duelako bere ohiko bizilekua.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, horren bidez adierazteko ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikoteen beste erregistro batean.

5. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aurrera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, inskripzioa ukatuko da bikoteko bat ezkondua baldin bada edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agerrarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak. Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea burutu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. artikulua. Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

–Bikotekide baten heriotzagatik edo heriotzaren deklarazioagatik.

–Kide bat ezkontzen denean.

–Bien artean hala erabaki delako.

–Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

–Urtebetetik gora elkarrekin bizitzetik geldituz gero.

–Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak bikote egonkorren udal erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. artikulua. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

10. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko, Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

11. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

12. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

13. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak egiten dituen ziurtagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

14. artikulua. Egiten diren inskripzioak doakoak izanen dira. Ziurtagiriek, berriz, dokumentuak luzatzeko ezarrita dauden tasak izanen dituzte.

15. artikulua. Izatezko bikoteen Udal Erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeek ezkontza bidezkoen tratamendu bera izanen dute Barañaingo Udalean.

Iragarkiaren kodea: L1410284