212. ALDIZKARIA - 2013ko azaroaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARBIZU

Hildakoen aldeko agur zibiletarako ordenantza, Arbizun. Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2010eko martxoaren 9an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arbizun hildakoen aldeko agur zibilak egiteko ordenantza (2010eko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 12an).

Onesteko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Arbizun, 2013ko irailaren 3an.–Alkatea, Miren Mendinueta Lakuntza.

ARBIZUN HILDAKOEN ALDEKO AGUR ZIBILAK EGITEKO ORDENANTZA

Aitzinsolasa

Gaur egungo gizarteak jakin badaki, estatu akonfesional eta laiko batean, erakundeek gizabanakoen zein taldeen ideologia, erlijio eta gurtza askatasuna bermatu beharra dutela, eta askatasun horren adierazpenek muga bakarra dute: legearen araberako ordena publikoa mantentzeko behar den huraxe. Era berean, agerikoa da gure gizartearen dibertsitate ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe eraldatzen baitira ohituren eta ekitaldi sozialen adierazpenak.

Gaur egungo gizartean ezinbestekoa da hildakoen aldeko hileta edo agur zibilak egiteko aukera ematea, erlijiorik gabe bizitzea hautatu dutenen omenez halako ospakizun duin nahiz pertsonala egin ahal izateko, zenduaren bizitza ikuskeraren araberako ekitaldiak antolatzeko, alegia. Izan ere, adituen iritziz, erlijiorik gabeko herritarren kopurua %10-%20koa da gaur egun, eta kopuru hori %40ra iritsiko da datozen urteetan.

Gure gizarteko erlijio guztien jarraitzaileek hildakoak omentzeko ospakizun liturgikoak antolatzeko tokiak edo tenpluak dituzten gisa berean, Arbizuko Udalari dagokio gure herritarrek gero eta maizago eskatzen duten behar sozialari erantzutea.

Honako ordenantza honen asmoa da, beraz, zenduen aldeko omenaldi edo agur ekitaldien baimen eta ospakizunak arautzea, hildakoen familiakoek, adiskideek eta gure herriko gizarte zibila osatzen duten erakunde nahiz elkarteek hildakoek komunitateari egindako ekarpenak edo haien balio etikoak eta giza-balioak aitortzeko antolatu nahi dituzten horiek alegia.

I. KAPITULUA

Xedea

1. artikulua. Baimena eta Udalaren lokalen erabilera arautzea ditu xede ordenantza honek, Arbizuko udal mugapean hileta edo agur zibilak egiteko.

II. KAPITULUA

Baimena

2. artikulua. Alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak emanen du hileta edo agur zibiletarako gordetzen diren guneak erabiltzeko baimena, betiere Arbizuko Udalaren Erregistrora eskabidea zuzentzen duen ahaideak edo pertsonak bidali beharko dituen agiriak jaso ondoren.

III. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

3. artikulua. Hileta edo agur zibilak egiteko eskaerak Arbizuko Udaleko Alkatetzari zuzenduko zaizkio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak onartzen dituen moduetako edozein erabilita.

4. artikulua. Hileta edo agur zibilak egiteko eskaerak oso azkar tramitatuko dira, egoerak hala eskatzen baitu. Horretarako, ebazpena emateko eskua duen pertsonari igorriko zaizkio.

5. artikulua. Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Ospakizuna egiteko baimena eskatzen duenaren izen-abizenak, helbidea eta identifikazioa eta sinadura.

b) Hildakoaren izen-abizenak.

c) Eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer ordutan egin nahi den hileta edo agur zibila.

d) Oro har, ospakizun horiek Udaletxeko Batzar Aretoan edo sarreran eginen dira, salbu eta eskatzailearen iritziz ekitaldira joanen diren pertsonen kopurua aretoak har dezakeena baino handiagoa denean. Kasu horretan, inguruabar hori espresuki adieraziko da eta edukiera handiagoko udal aretoren batean egiteko baimena eskatuko da.

e) Administrazioak eskabidean adierazitako egun eta orduak errespetatuko ditu.

f) Erabiliko den materialaren azalpen laburra (megafonia, mahaiak, aulkiak etab.).

6. artikulua. Eskabidean aurreko artikuluan zehazturiko baldintzak betetzen ez badira, interesdunari ahalik eta lasterren eskatuko zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak ekar ditzan, ekitaldia egin baino lehen edo ondoren.

IV. KAPITULUA

Prozeduraren instrukzioa

7. artikulua. Hileta edo agur zibila egiteko eguna eta ordua hildakoaren sendiak ezarriko du.

8. artikulua. Hileta edo agur zibilak astelehenetik igandera ospatu ahalko dira, eta beharrezkoak diren udal baliabideak erabili ahalko dira.

9. artikulua. Hileta edo agur zibilak egiteko ordutegia: 11:00etatik 13:00etara goizez, eta 16:00etatik 18:00etara arratsaldez.

10. artikulua. Arbizuko Udaltzaingoa edo Udal taldeko kide bat hileta edo agur zibila ospatzeko ekitaldi osoan zehar kanpoaldean izanen da, ospakizuna behar bezala egiten dela bermatzearren.

V. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Ospakizunetarako aretoak behar bezala zaintzen direla bermatzearren, bertaratuek ezin izanen dute egin Udalaren egoitzak hondatu edo haietan kalterik eragin dezakeen deus ere.

12. artikulua. Ekitaldiaren hotsanditasunak eskatzen duen modukoa izanen da aretoa. Hala ere, familiartekoek edo adiskideek aretoa apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari behar bezain garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Tokiaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira apainketa eta egokitze gastu guztiak. Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia ospatzeko zerbitzu osagarriez.

13. artikulua. Eskatzaileak eremu publikoa erabiltzea eskatzen badu hileta edo agur zibila egiteko, espresuki zehaztu beharko du eskabidean. Udalak erabiliko den eremu publikoa itxiko du, eta arestian aipatutako eskubide eta betebeharrak izanen ditu.

14. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

Xedapen gehigarria.–Arbizuko Udaleko alkateari baimena ematen zaio honako ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

Azken xedapena.–Honako ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1314962