102. ALDIZKARIA - 2013ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

795/2013 EBAZPENA, maiatzaren 16koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzea errazteko diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Minusbaliatuen Integrazio Sozialari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak helburu du desgaitasuna duten pertsonen integrazio soziala bultzatzea, eta ezartzen du desgaitasuna duten langileak enplegatzeko politikaren helburu nagusia izanen dela haiek integratzea, tratu berdinaren printzipioaren aplikazioa bermatuz lan sistema arruntean. Orobat, zehazten du tratu berdinaren printzipioa izanen dela desgaitasunean oinarritutako bazterkeria zuzenik edo zeharkakorik ez izatea.

Lege horren espirituarekin bat, maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretua onetsi zen, hautazko enplegua eta langile minusbaliatuen enplegua sustatzeko neurriak arautzen dituena, baita Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren 1994ko apirilaren 13ko Agindua ere, langile minusbaliatuen enplegua sustatzeko laguntzen eta diru-laguntzen kontzesioa arautzen duena (maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuaren II. kapituluan ezarriak).

Urriaren 8 ko 2860/2007 Ebazpenaren bidez, desgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeko diru-laguntzen kontzesioa Nafarroako Foru Komunitatearen antolaketa eremura egokitzeko oinarriak onetsi ziren (diru-laguntza horiek maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuan arautu ziren).

Lan Merkatuaren Erreformarako Presako Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen hamabigarren azken xedapenaren 3. puntuan adierazten da Gobernuak, legegintzaldi honetan, enplegurako politika aktiboen estatu-neurrien lege-esparru berri bat arautuko duela, desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sar daitezen laguntzeko. Araudi horretan ezarriko dira Estatu osoan aplikatu beharreko gutxieneko edukiak. Bitarte batean, autonomia erkidegoek desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-politika aktiboen gainean hartzen dituzten neurrietan eta ekintzetan errespetatu beharko dira desgaitasuna duten pertsonak lan munduan txertatzeko estatu-neurrietan jasotzen diren eduki komunak, hots, urriaren 31ko 1542/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Espainiako Enplegurako 2012-2014 urteetarako Estrategian aurreikusitakoak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzak emateko prozedura arrunta ezartzen du. Haren arabera, beharrezkoa da, besteak beste, kasuan kasuko deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzea.

Foru lege horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokako araubidean eginen da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean. Kasu horretan, diru-laguntzaren gertaera eragilea desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzea denez gero, ez da bidezkoa proiektuak konparatzea, eta, hortaz, banakako ebaluazioa da araubide egokia.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, 2013ko martxoaren 13an egin bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuari baimena ematea diru-laguntza batzuk emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliz, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzea errazteko.

Bestetik, aipatu behar da Nafarroako Gobernuak 2013ko otsailaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, deialdi hori dagokion aurrekontuko kontu-saila salbuetsi zuela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren 701/2012 eta 2/2013 Foru Aginduetan adierazitakoari eta Nafarroako Gobernuaren 2013ko urtarrilaren 9ko Erabakiari jarraikiz, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari baimena eman zitzaion 2013ko ekitaldiari egotzi beharreko gastu konpromiso berriak hartzeko.

Azaldutakoarekin bat, martxoaren 14ko 15/2012 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuek 13. artikuluan emandako eskudantziak erabiliz, eta Zuzendaritza Kontseiluaren aldeko txostena izanik,

EBATZI DUT:

1. Ebazpen honen eranskinean jasotako oinarri arautzaileak onestea, bai eta desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzea errazteko diru-laguntzen deialdia ere.

2. 134.000 euroko gastua baimentzea, 2013ko gastuen aurrekontuko “Enplegu plana. Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko diru-laguntzak” izeneko 170001/15100/4709/241105 kontu-sailaren kargura, baita hurrengo urteetako antzeko kontu-sailen kargura ere, baldin eta aurrekontuan behar adina diru erabilgarri badago.

3. Urriaren 8 ko 2860/2007 Ebazpena aplikatzea, desgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeko diru-laguntzen kontzesioa Nafarroako Foru Komunitatearen antolaketa eremura egokitzeko oinarriak onetsi zituena (diru-laguntza horiek Hautazko enplegua eta langile minusbaliatuen enplegua sustatzeko neurriak arautzen dituen maiatzaren 11ko 1451/1983 Errege Dekretuan arautu ziren), deialdi hau argitaratu aurretik diruz laguntzen diren ekintzei, eta aintzat hartzea, aurreko kontu-sailaren kargura, desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeagatik ebatzi gabe dauden eskaerak.

4. Deialdi berri honetako 13., 14. eta 16. oinarriak aplikatu beharko zaizkie urriaren 8ko 2860/2007 Ebazpen horren babesean emandako espedienteei.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honen kontra, administrazio bidea amaitzen ez baitu, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2013ko maiatzaren 16an.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, María Isabel García Malo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta eremua.

1. Desgaitasuna duten pertsonak lan merkatu arruntean sartzea sustatzeko asmoz Nafarroako Foru Komunitateko lantokiekin, deialdi honek helburu du diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, ondoko oinarrian kontuan hartzen diren neurrien bidez.

2.–Enplegua sustatzeko neurriak.

1. Desgaitasuna duten pertsonen enplegua laneko enpresa arruntetan sustatzeko neurriak, haien kontratazioa bultzatuz, Minusbaliatuen Integrazio Sozialari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legean aurreikusitakoarekin bat:

a) Desgaitasuna duten langileak denbora mugarik gabe kontratatzen dituzten enplegu-emaileek edo desgaitasuna duten pertsonekin enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek edo desgaitasuna duten pertsonekin izenpetutako prestakuntzarako kontratuak mugagabe bihurtzen dituztenek diru-laguntzak eskura ditzakete, 6.1 oinarrian ezartzen diren zenbatekoen arabera.

Zailtasun bereziak baldin badituzte lan merkatu arruntean sartzeko, eta zailtasun bereziak izanen dira garun paralisia, gaixotasun mentala edo adimen desgaitasuna pairatzea, aitortutako desgaitasun maila %33koa edo handik gorakoa edukitzea, edo desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa %65ekoa edo handik gorakoa edukitzea, 6.2 oinarrian ezarritako zenbatekoak eskura ditzakete.

Ondorio horietarako, desgaitasuna duten pertsonak izanen dira Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako irisgarritasunari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen 1.2 artikuluan zehaztutakoak.

Desgaitasunaren maila eta, hala balegokio, mota egiaztatzeko, abenduaren 1eko 1414/2006 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiko zaio, horretan ezarrita baitaude desgaitasuna duten pertsonatzat hartzeko irizpideak, abenduaren 2ko 51/2003 Legearen ondorioetarako.

b) Aurreko atalean kontuan hartutako kasuetan, kontratatzen den langile bakoitzeko, orobat, laguntzarako eskubidea izanen dute, lantokia egokitzeko, babes ekipoetarako edo oztopoak eta trabak kentzeko, 6.3 oinarrian zehazten diren zenbatekoekin.

2. Desgaitasuna duten langileak enplegu-zentro berezietako enplegutik lan merkatu arrunteko enpresetako enplegura igarotzeko neurriak, otsailaren 20ko 290/2004 Errege Dekretuan araututako lan enklabeen bidez, haien mugagabeko kontratazioa sustatuz.

Enpresa laguntzaileak desgaitasuna duten enklabeko langileei mugagabeko kontratazio egiteak eskubidea emanen dio enpresa laguntzaileari 1. atalean zehaztutako laguntzak jasotzeko.

3. 1.b) atalean aurreikusitako onurak, halaber, desgaitasuna duten pertsonekin honako kontratu hauek egiten dituzten enplegu-emaileei aplikatuko zaizkie: enplegua sustatzeko aldi baterako kontratuak, Hazkundea eta Enplegua Hobetzeari buruzko abenduaren 29ko 43/2006 Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, edo, 12 hilabete edo gehiago irauten badu, praktikaldiko kontratuak edo prestakuntzakoak edo ikaskuntzakoak (Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 11. artikuluan arautuak), edo iraupen mugatuko kontratuak, aipatutako testu bateginaren 15. artikuluaren babesean eginak.

3.–Hartzaileen berariazko betebeharrak.

1. Ondoko hauek izanen dira deialdi honetan kontuan hartzen diren neurrien hartzaileak:

a) Desgaitasuna duten pertsonen enplegua lan enpresa arruntetan sustatzeko neurrien kasuan, lan eskatzaile gisa enpleguko zerbitzu publikoetan inskribatuta egonda desgaitasuna duten langileak, lanik ez dutenean, gutxienez, Gizarte Segurantzan afiliatu aurreko egunean, edo, kontratua mugagabe bihurtzeko kasuan, aldi baterako hasierako kontratazioaren aurreko egunean, baldin eta Desgaitasunak dituzten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta denendako irisgarritasunari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legearen 1.2 artikuluan xedatua betetzen badute.

b) Lan enklabeen bidez lan enplegu arruntera igarotzeko neurrien kasuan, enplegu zentro berezi batean desgaitasuna duten langileak, lan enklabe batean aritzen zirenak otsailaren 20ko 290/2004 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat. Laguntza horiek jasotzeko eskubidea izateko, langileak etenik egin gabe kontratatu behar dira, eta, gutxienez, hiru hilabete pasa ondoren enklabean hasi zirenetik edo langilea kontratatu zenetik, hori egiten bada enklabean hasi baino geroago.

2. Organo kudeatzaileak, desgaitasun duen langilea kasuan kasuko lanpostura egokitzeko ondorioetarako, txosten bat eskatuko dio Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Balorazio Atalari, lanpostu hori egokia ote den langileen desgaitasunerako.

4.–Onuradunek bete beharreko berariazko baldintzak.

1. Honako hauek izaten ahalko dira deialdiko neurrien onuradun:

a) Desgaitasuna duten pertsonen enplegua laneko enpresa arruntetan sustatzeko neurrien kasuan, desgaitasuna duten langileak deialdi honetan zehaztu bezala kontratatzen dituzten enplegu-emaileak.

b) Lan enklabeen bitartez lan enplegu arruntera igarotzeko neurrien kasuan, desgaitasuna izanda lan enklabe bateko langile bat kontratatzen duten enpresa laguntzaileak.

2. Honako hauek gelditzen dira diru-laguntza hauetatik kanpo: Estatuko Administrazio Orokorra, Estatuko Administrazio Orokorraren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluan eta hamargarren xedapen gehigarrian araututako erakundeak, administrazio autonomikoak eta toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

3. Enplegu-emaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tributu arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

b) Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertuak ez izatea, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetako batean ere ez egotea.

5.–Baztertzeko arrazoiak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak ez dira aplikatuko ondoko kasu hauetan:

a) Kontratazioaren aurreko hogeita lau hilabetean enpresa, enpresa-talde edo entitate berean kontratu mugagabe baten bidez zerbitzuak eman dituzten langileekin egiten diren kontratazioak.

Era berean, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzekoa izanen da baldin eta langileak aurretik lan-harremanak izan baditu onuren eskatzaileek oinordetzen dituzten enpresekin, Langileen Estatutuaren testu bateginaren 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Kontratua egin baino hiru hilabete lehenago lan-harreman mugagabea bukatua izan duten langileen kontratazioa. Bazterketa hori ez da aplikatuko kontratua amaitu denean kaleratze kolektibo baten ondorioz edo kaleratzea bidegabetzat deklaratzen bada.

Letra honetan ezarritako bazterketa ez da aplikatuko, desgaitasuna izanda, enpleguko zentro berezietatik joaten diren langileen kasuan.

Edonola ere, oinarri honetako a) eta b) letretako bazterketak ez dira aplikatuko langileek zailtasun bereziak dituztenean lan merkatuan sartzeko. Ondorio horietarako, ulertuko da langileak zailtasun bereziak dituela ondoko talde hauetako batean sartuta dagoenean:

1.–Garun-paralisia, eritasun mentala edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

2.–Desgaitasun fisikoa edo zentzumenezkoa duten pertsonak, %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua badute.

2. Kontratazio mugagabe batengatik ezin da diru-laguntzarik eskuratu enpresak, enpresa taldeak edo entitateak diru-laguntza jaso duenean diru-laguntzaren xede den langile berarengatik, desgaitasuna duten langileak kontratatzeko diru-laguntzen programen kargura.

6.–Laguntzen zenbatekoa.

Honako hauek dira eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoak:

1 a) Kontratu mugagabea, lanaldi osoan: 4.000 euro.

1 b) Emakumezkoen kontratu mugagabea, lanaldi osoan: 4.400 euro.

2 a) Desgaitasuna duen pertsona, lan merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituenean: 8.000 euro.

2 b) Desgaitasuna duen emakumezkoa, lan merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituenean: 8.400 euro.

3. Lanpostua egokitzeko, babes pertsonaleko bitartekoak eskuratzeko edo oztopo arkitektonikoak kentzeko: 1.800 euro bitarte.

Lanaldi partzialeko kontratuetan eta aldizkako langile finkoen kontratuetan, 1. eta 2. puntuetako laguntzen zenbatekoa hainbanatuko da, benetan lan egindako denboraren arabera.

Hasiera batean mugagabeak diren lan kontratuen kasuan, bi enplegu-emailek edo gehiagok kontratazioaren egun berean egiten dituztenean, 1. eta 2. puntuetako laguntzen zenbatekoa hainbanatuko da enplegu-emaileen artean, benetan lan egindako denboraren arabera. Zenbateko hori ezin da gainditu kontratu guztien artean.

7.–Laguntzen metaketa eta bateraezintasuna.

1. Desgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeko aurreikusitako laguntzek ezin dute gainditu, helburu bereko beste laguntza publiko batzuekin metatuta, haiek jasotzeko eskubidea ematen duen kontratuari dagokion urteko soldaten kostuaren %60.

2. Deialdi honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira Gizarte Segurantzako hobariekin eta kontratazioengatik eskura daitezkeen kenkari fiskalekin. Baina bateraezinak dira, berriz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kontratazio beragatik ematen dituen beste laguntzekin.

8.–Eskaeren aurkezpena.

1. Aurkezteko epea eta tokia.

1.1. Kontratazio mugagabeengatik ematen diren laguntzen eskaerak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izanen da, lan-kontratua hasi edo behin-behineko kontratua mugagabe bihurtu eta biharamunetik hasita.

1.2. Lanpostua egokitzeko babes ekipoak eskuratzeko edo oztopoak kentzeko laguntzen eskaerak egokitzapena egiten hasi baino lehenago aurkeztu beharko dira, eta epea hamabi hilabetean bukatuko da, lan kontratua hasi eta biharamunetik aurrera.

1.3. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

1.4. Ahal dela, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkezten ahalko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz, barnean sartuta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa ( www.navarra.es web orritik du sarbidea eta sinadura elektronikoa eskatzen du).

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

2. Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

9.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.1. Desgaitasuna duten langileak mugagabe kontratatzeko eskaerak edo kontratuak mugagabe bihurtzeko eskaerak eredu normalizatuei jarraikiz aurkeztu beharko dira, ondoko dokumentazioarekin batera:

–Lan kontratu mugagabea, edo mugagabe bihurtutakoa, bai eta aldatu den aldi baterako kontratua eta haren luzapenak ere.

–Zein lanpostutan ariko den, huraxe deskribatzea eta zehaztea.

–Desgaitasuna %33koa edo handik gorakoa dela dioen ziurtagiria, edo ezintasun iraunkor osoaren, erabatekoaren edo baliaezintasun handiaren aitorpenaren ebazpena, edo klase pasiboetako pentsiodunen aitorpenaren ebazpena.

–Arau-hauste oso larrien ondorioz enplegu programen aplikazioaren onuretatik baztertua ez izatearen erantzukizuneko aitorpena, Lan Arloko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoari jarraikiz (abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

–Onuradunen betekizunei buruzko erantzukizuneko aitorpena (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarriak).

–Onuradunak jasotzen baditu deialdi honetan ezarritakoekin bateragarriak diren beste laguntza batzuk eta ez badira 7.2 oinarrian ezarritakoak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazteko konpromisoa.

–Enplegu-emaileak Gizarte Segurantzarekiko ordainketak eguneratuak dituela dioen egiaztagiria.

–Kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria, enplegu-emailea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda eta horren ordainketan eguneratuta dagoela frogatzeko.

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen zaion lehenbiziko aldia baldin bada.

1.2. Lantokia egokitzeko eskaerarekin batera, aurretik aipatutako agiriez gainera, egin beharreko gastuaren aurrekontu bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea lehendik Nafarroako Enplegu Zerbitzuan baldin badaude. Halakoetan, enplegu-emaile eskatzaileak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) letran ezarritakoari heldu ahalko dio, baina zein espediente zenbakirekin tramitatu ziren esan beharko du.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak aurkezten den eskaera behar bezala baloratu eta ebazteko behar dituen argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu. Hain zuzen ere, lanpostua egokitzeko eskaerei dagokienez, organo kudeatzaileak beharko du Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziako Balorazio Atalaren aldeko txostena, ea beharrezkoak diren egokitzapenak edo babes pertsonaleko bitarteko bereziak.

3. Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

4. Eskaera aurkezteak berarekin dakar onuradun bakoitzak onartzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuak erakunde eskudunei informazioa eskatzen ahal diela, zentroak Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ote dituen egiaztatzeko.

10.–Instrukzioa eta diru-laguntza emateko prozedura.

Prozedura instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Zerbitzua izanen da.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak tramitatzeko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Emateko prozedura, berriz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Prozeduraren ebazpena eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du diru-laguntza eman edo ukatzea. Ebazpen hori gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaera tramitatzeko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela.

2. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztatu ondoan egin dela desgaitasuna duten langileak hasiera batean kontratatzeagatik edo haien kontratuak mugagabe bihurtzeagatik aurreikusitako diru-laguntzen eskaera oinarri duen jarduketa, eta enplegu-emaileak eguneratuak dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, diru-laguntza eman eta ordainduko da.

3. Egokitzeko aurreikusten diren laguntzetarako, onuradunak deialdi honetako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren emanen da diru-laguntza. Laguntza kobratzeko, eskaera aurkeztu beharko du bi hilabeteko epean, laguntza ematen den egunetik hasita, egokitzapena, eskurapena edo oztopoen kentzea frogatzen duen fakturarekin eta kasuan kasuko ordainagiriarekin batera.

4. Kontratatzeagatik edo kontratua mugagabe bihurtzeagatik abenduaren 1etik aurrera aurkezten diren eskaerak, eta lanpostua egokitzeagatik urriaren 1etik aurrera aurkezten direnak, hurrengo ekitaldiaren kargura izanen dira, behar adina diru erabilgarri baldin badago.

12.–Diru-laguntza emateko ebazpenaren aldaketa.

Diru-laguntzak emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du eta, hala badagokio, zenbatekoa itzultzea.

13.–Onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunak deialdi honen babesean kontratatutako langilea enpleguan mantendu behar du gutxienez hiru urtez, kontratazio mugagabearen egunetik aurrera, edo kontratua mugagabe bihurtu zen egunetik aurrera, desgaitasuna duten langileen hasierako kontratazioen diru-laguntzen kasuan edo haien kontratuak mugagabe bihurtzeko diru-laguntzen kasuan.

2. Hiru hilean behin, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak behar diren egiaztapenak eginen ditu.

14.–Titulartasuna aldatzea.

1. Diru-laguntzaren espedientearen titulartasuna aldatzeko eskaerak haien kontratuen subrogazioa izanen duen enplegu-emaile berriak aurkeztuko ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, hilabeteko epean kontratuen subrogazioaren egunetik aurrera, ondoko dokumentazio honekin batera:

a) Titularrak espediente administratibotik eratorritako eskubideak eta betebeharrak diru-laguntzaren onuradun berriari transmititzeko borondatea duela frogatzen duen agiria, legezko ordezkariak behar bezala izenpetua.

b) Enpresa berriaren aitorpena, legezko ordezkariak sinatua, diru-laguntzaren aurreko titularrak zituen konpromisoak ezagutu eta bere gain hartzen dituela adierazteko.

2. Enplegu-emaile berriak diru-laguntzaren espedientearen titulartasuna eskatzen ez badu, hura jaso zuen onuradunak itzuli beharko du hiru urteak betetzeko falta zitzaion denboraren proportzioko zenbatekoa, berandutza interesik sorrarazi gabe.

15.–Jarraipena eta kontrola.

Onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, eta, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuko kontu-hartzailetzarenak.

16.–Diru-laguntzak ez betetzea.

1. Diru-laguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ebazpena emanen du diru-laguntza osoa itzuli behar dela erabakitzeko, berandutza interesak barne.

Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzaren itzulketa partziala eginen da, soilik, diruz lagundutako kontratazioan eskatutako hiru urteko epea betetzeko falta den denboraren proportzioan, ezinbesteko kasuetan, borondatezko bajen kasuetan edo bidezko kaleratzeen kasuetan, berandutza interesak barne, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan xedatua aplikatu beharrez, non ez duen enplegu-emaileak hura ordezten, gehienez ere 15 egun naturaleko epean, diru-laguntzaren xede izan den langilearen ezaugarri bereko beste batekin, deialdi honen baldintzekin bat. Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko dio gehienez ere hilabeteko epean, kontratu berriaren egunetik aurrera.

Ondorio horietarako, ezinbesteko kasuak izanen dira Langileen Estatutuaren 49.1 artikuluko e), f), g), h) eta i) ataletan ezarritakoak.

Bidegabeko kaleratzeen kasuan, ez da bidezkoa izanen diruz lagundutako langilea ordeztea, eta onuradunak itzuli beharko du eman zitzaion diru-laguntza, baita kasuan kasuko berandutza interesak ere.

2. Onuradunak baldintzen aldaketaren berri eman eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak onartzen badu, azken horrek aldaketa baino lehen jasotako diru guztia edo parte bat itzultzeko eskatuko du, baina berandutza interesik gabe.

3. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan aipatzen diren prozedura administratiboen xedapen orokorren arabera eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera gauzatuko da.

17.–Zehapen prozedura.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboentzako zehapen araubidearen menpe egonen dira deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz ezarriko dira.

18.–Publizitatea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diru-laguntzak argitara emanen ditu Nafarroako Enpleguaren Atarian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

19.–Arau osagarriak.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

20.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garapeneko egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115. artikuluari eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1307340