95. ALDIZKARIA - 2012ko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

22/2012 FORU DEKRETUA, maiatzaren 9koa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea du xede, Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan. Horixe ezartzen du abuztuaren 24ko 138/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako estatutuen 3. artikuluak.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emaile bat da, aipatu erakundeari atxikia, eta bere osaera eta funtzionamendua Lehendakaritzako kontseilariaren martxoaren 8ko 351/1996 Foru Aginduan, orain indargabetzen den horretan, araututa daude.

2006tik 2010era bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planaren 8. Arloak, "Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze sozial eta politikoa" izenekoak, 8.3 Helburu gisa ezartzen du Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren egitura eta antolaketa berrikustea. Helburu hori lortzeko proposatutako ekintzen artean, Kontseiluaren antolaketa eta eginkizunak berrikustea dago, horrela haren ordezkaritza, autonomia eta eginkizunen betetze egokia errazteko hobekuntzak sartuz.

Helburu horrekin, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak, uste baitu berdintasunerako politika publikoen diseinua, plangintza eta ebaluazioa egitean emakume elkarteen parte-hartzea izatea eta haiekin hitz egitea demokratizazio sozialeko eta emakumeen erabateko herritartasuna garatzeko neurria dela, Nafarroako emakume elkarteen arteko parte-hartzea eta kontsulta prozesua bultzatu du, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluarekin batera. Kontsulta prozesu horren emaitza oinarri izan da Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren arau garapen berria ezartzeko, genero berdintasunaren arloko araudi berriarekin bat, eta Nafarroako emakumeen elkarte mugimenduaren behar eta errealitateei erantzunez.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren erregulazio honen bidez eguneratu egin nahi da haren osaera, lehen ordezkatuak ez zeuden taldeak sartuz eta, halaber, Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua zehatzago arautuz.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua erakunde autonomoari atxikita dago, eskuduna baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politiken arloan.

Kontseiluaren araubide juridikoa honako hauez osatuta dago: foru dekretu hau, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Horiek horrela, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko maiatzaren 9an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzea da.

2. artikulua. Izaera eta atxikipena.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua kide anitzeko organo aholku-emaile bat da, eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuari atxikita dago.

Organo horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionamenduan Nafarroako emakumeen elkarteek duten parte-hartzea bideratzen du, eta lankidetza hori zehazten da emakumeen eta gizonen berdintasunerako politika publikoen plangintza, gauzatze, jarraipen eta ebaluazioaren bitartez.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin lotura zuzena duten arau, plan eta programei buruzko irizpenak edo txostenak ematea. Txosten horiek aginduzkoak izanen dira baldin eta prozedurak tramitatzean Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua organo arduradun izendatu bada, eta aukerakoak gainerako kasuetan. Edonola ere, ez dira lotesleak izanen.

b) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak urteroko deialdiaren bidez ematen dituen diru-laguntzei buruzko informazioa jasotzea.

c) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren kudeaketari eta funtzionamenduari buruzko urteroko memoriaren gaineko informazioa jasotzea.

d) Komenigarriak iruditzen zaizkion neurriak proposatzea genero berdintasuna eta emakumeek bizitza politiko, kultural, ekonomiko eta sozialean izan beharreko parte-hartzea sustatzeko.

e) Emakumeen eta gizonen arteko bereizkeria egoeren edo tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa hausten dutenen berri izanez gero, horiek organo eskudunei helaraztea.

f) Emakumeek gobernu organoetan eta erabaki guneetan, hala publikoetan nola pribatuetan, geroz eta parte-hartze handiago duten begiratzea.

g) Beste administrazio publiko batzuetan antzeko helburuak dituzten entitate eta organoekin komunikazioa, harremanak eta trukea sustatzea.

h) Kontseiluan ordezkaritzarik ez duten baina haren eskumenen esparruarekin zerikusia duten pertsonek eta antolakundeek igorritako ekimenak direla-eta, horiek aztertu eta, hala behar denean, bidezkoak diren neurriak sustatzea.

i) Legeek edo Nafarroako Gobernuak arlo horretan esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Kontseiluak, bere eginkizunak betetzeko, beharrezkoa den informazioa eskatzen ahalko dio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari.

4. artikulua. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren osaera.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak kide hauek izanen ditu: kontseiluko burua, bi buruorde, kontseilukideak eta idazkaria.

Kontseilukideen izendapena proposatzeko ahalmena duten entitateek ordezkoak ere proposatu beharko dituzte.

2. Kontseiluko burua emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularra izanen da, eta hark Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

3. Lehenbiziko buruordetza Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko zuzendari kudeatzaileak beteko du eta, bera ez dagoenean, aipatu erakundearen ordezkari direnen artetik hautatzen duen pertsonak. Bigarren buruordetza emakumeen elkarteen ordezkari diren kideek hautatuko dute beren artetik, baita ordezkoa ere. Kontseiluko buruordeek kontseiluko burua ordeztuko dute legeak ezarritako kasuetan, finkatu den hurrenkeraren arabera.

4. Kontseilukideak honako hauek izanen dira:

a) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua ordezkatzen duten bi pertsona.

b) Nafarroako emakumeen elkarteak ordezkatzen dituzten bederatzi pertsona, "Nafarroa 2000" zonifikazioan zehaztutako zazpi eskualdeetakoak, bat eskualde bakoitzeko, Iruña eta Iruñerria izan ezik, hiru kide izanen baitira bertatik.

Eskualde bakoitzeko elkarteek, Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen erregistroan eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren erroldan inskribatuek, titularra eta bere ordezkoa hautatuko dituzte, aurkezten diren hautagaien artetik.

c) Etorkinen elkarteetako emakumeak ordezkatzen dituen pertsona bat, Nafarroako Immigrazio Kontseiluak proposaturik.

d) Aniztasun funtzionala duten pertsonen elkarteetako emakumeak ordezkatzen dituen pertsona bat, Nafarroan desgaitasuna duten pertsonen ordezkarien batzordeak proposaturik.

e) Ijitoen elkarteetako emakumeak ordezkatzen dituen pertsona bat, Ijitoei Arreta emateko Plan Integralaren Jarraipen Batzordeak proposaturik.

f) Nafarroan lurralde ordezkaritza handiena duten landa emakumeen bi elkarteetako bakoitza ordezkatzen duen pertsona bat, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak proposaturik.

g) Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuetako bakoitza ordezkatzen duen pertsona bat, Askatasun Sindikalari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, beren emakumearen idazkaritzek edo funtzionamendu autonomoa duten berdintasuneko arlo edo departamentuek proposaturik.

h) Nafarroan ordezkaritza handiena duten enpresaburu erakundeen ordezkari bat, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 6. xedapen gehigarriaren bigarren lerroaldearekin bat, enpresaburu erakunde horiek proposaturik.

i) Nafarroako Unibertsitate Publikoa ordezkatzen duen pertsona bat eta Nafarroako Unibertsitatea ordezkatzen duen beste bat, horiek berek proposaturik.

j) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat, federazio horrek proposaturik.

k) Berdintasuneko Agenteen lanbide elkarteen, Nafarroan eratuen, ordezkari bat, elkarte horiek proposaturik.

5. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren ordezkari bat izanen da idazkaria, Kontseiluko buruak izendaturik. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu, eta, kanpoan dagoenean, artikulu horretan xedatutakoaren arabera ordeztuko da.

6. Kontseilukide beren karguagatik ez direnen izendapena eta kargu-uztea, baita ordezkoena ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak eginen ditu.

5. artikulua. Antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea.

1. Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluak urtean bitan eginen du bilkura arrunta, eta bilkura berezia, berriz, kontseiluburuak deitzen duenean, bere ekimenez edo kideen heren batek gutxienez eskaturik. Kasu horretan, eskaera Idazkaritzara bidaliko da, bilkurarako aurreikusitako data baino hogei egun lehenago gutxienez.

2. Urteko bi bilkura arruntetako bat behintzat txandaka eginen da "Nafarroa 2000" zonifikazioan zehaztutako eskualdeetako batean.

3. Kontseiluaren eraketak balioa izan dezan, bilkurak egin eta erabakiak hartzearen ondorioetarako, bertan egon beharko dute buruak, bi buruordeetako batek, idazkariak eta kideen erdiak.

4. Kontseiluaren bilkuretako eguneko gai zerrendan landu beharreko gaiak sartzeko, kideen herenaren proposamena beharko da gutxienez. Eskaera Idazkaritzara bidaliko da.

5. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira, eta berdinketak burutzaren botoarekin ebatziko dira.

Kontseiluak ematen dituen irizpen eta txostenak aginduzkoak izanen dira eta juridikoki ez lotesleak.

6. Burutzak eska dezake eguneko gai zerrendan sartutako gaietan adituak diren pertsonek parte har dezatela bilkuretan. Horiek hitza izanen dute baina botorik ez.

7. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotarako, Kontseiluaren antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea kide anitzeko organoentzat honako arau hauetan ezarritakoa izanen da: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

6. artikulua. Kontseilukide karguaren iraupena.

1. Kontseiluko burua eta lehenbiziko buruordea izendatu zireneko kargua duten bitartean izanen dira buru eta buruorde.

2. Bigarren buruordea eta kontseilukideak lau urterako hautatuko dira, hurrengo artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, eta epe bererako hautatzen ahal dira berriro.

7. artikulua. Kontseilukideak.

1. Kontseilukideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 32.1 artikuluak kide anitzeko organoetako kideei ematen dizkien ahalmenak eta eginkizunak izanen dituzte.

2. Kontseilukide kargua betetzen duten pertsonen kargu-uztea honako kasu hauetan gertatuko da:

a) Heriotza edo sortutako desgaitasuna.

b) Agintaldia bukatzea.

c) Ordezkatzen duten erakundeak eta entitateak proposatzea.

d) Uko egitea eta kontseiluburuak onartzea.

e) Kontseiluburuak erabakitzea, Kontseiluko kideen gehiengoak proposaturik, elkarren segidako bi bilkuratara arrazoirik gabe ez agertzeagatik edo karguaren eginkizunak ez betetzeagatik.

3. Kargualdia bukatzeaz gaineko arrazoiren batengatik sortzen diren hutsuneak ordezkoak beteko ditu eta hark kargualdia bukatuko du gainerako kideek bezala.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.-Kontseiluaren eraketa.

Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua foru dekretu honetan xedatutakoari egokituko zaio, eta horren arabera eratuko da, bidezkoak diren proposamenak egin eta kideak izendatu ondoren, foru dekretu honek indarra hartu eta bi hilabeteko epean.

Bigarren xedapen gehigarria.-Emakumeen elkarteen parte-hartzea.

Nafarroako emakumeen elkarteak emakumeen parte-hartze organo gisa eratzen direnean, Nafarroako emakumeen elkarteen parte-hartze, elkarrizketa eta ordezkaritza organo izateko, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluan elkarte horiek ordezkatzen dituzten bederatzi kontseilukideak aipatu organoak proposaturik izendatu edo berretsiko dira, baldin eta organo horrek Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuan inskribatutako emakume elkarte guztien bi heren gutxienez biltzen baditu.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak eta, zehazki, Lehendakaritzako kontseilariaren martxoaren 8ko 351/1996 Foru Agindua, Nafarroako Emakumearen Kontseiluaren osaera eta funtzionamendua zehaztu zituena.

Azken xedapenetan lehena.-Arauak emateko gaitasuna.

Baimena ematen zaio Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, María Elena Torres Miranda.

Iragarkiaren kodea: F1207081