143. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

15/2012 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Sustapeneko kontseilariak emana, zenbait eskumenen erabilera departamentuko idazkari tekniko nagusiari eta zuzendari nagusiei eskuordetzen dizkiena, eta aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena, kargua hutsik dagoenerako edo kontseilaria kanpoan edo eri dagoenerako edo ezintasun bat duenerako.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.1 artikuluak xedatzen du organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahalko direla. Sustapen Departamentuaren jardueren garapenean beharrezkoak diren eraginkortasuna eta lastertasuna lortzeko, egokitzat jo da departamentuko idazkari tekniko nagusiari eta zuzendari nagusiei eskuordetzea kontseilariari dagozkion zenbait eskumen.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 2. idatz-zatiak xedatzen duenez, departamentuaren titularrak izendatuko ditu zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak, kargua hutsik dagoenean edo titularra kanpoan edo eri dagoenean edo ezintasun bat duenean.

Horrenbestez, eta aipatutako artikuluek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Herri Lanetako zuzendari nagusiari, Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiari eta departamentuko idazkari tekniko nagusiari eskuordetzea, dagozkien esparruetan, indarreko araudian Sustapeneko kontseilariari esleitzen zaizkion eskumenen erabilera, honako gai hauetan:

a) Kontratazio administratiboa.

Ordezkatze horretatik honako hauek salbuesten dira:

–BEZa barne 1.000.000 eurotik gorako zenbatekoa duten obra proiektuak onestea.

–BEZa barne 1.000.000 eurotik gorako zenbatekoa duten kontratazio-espedienteak onestea, baita espediente horiei dagozkien kontratuen esleipena, formalizazioa, urteko diru kopuruak doitzea, luzapena, aldaketa, etetea eta ebazpena ere.

b) Entitate instrumentalei egiten zaizkien mandatuak.

2. Departamentuko idazkari tekniko nagusiari eskuordetzea ondare-erantzukizunaren arloan Sustapeneko kontseilariari dagozkion eskumenen erabilera.

3. Foru agindu honen bitartez egindako eskuordetzaren bidez ematen diren ebazpen guztietan inguruabar hori aipatu beharko da espresuki. Ebazpen horiek Sustapeneko kontseilariak emanak bailiran hartuko dira ondorio guztietarako.

4. Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren eta zuzendari nagusien aldi baterako ordezko hauek izendatzea, titularra kanpoan, kargua hutsik edo eri denerako edo ezintasunen bat duenerako:

a) Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak Herri Lanetako zuzendari nagusia ordeztuko du.

b) Herri Lanetako zuzendari nagusiak Lurraldearen Antolamendu, Mugikortasun eta Etxebizitzako zuzendari nagusia ordeztuko du.

c) Araubide Juridikoaren Ataleko buruak idazkari tekniko nagusia ordeztuko du.

5. Foru agindu hau interesdunei, departamentuko zerbitzuei, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari jakinaraztea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Ondoriorik gabe gelditzen da Sustapen eta Etxebizitzako kontseilariaren irailaren 9ko 26/2011 Foru Agindua.

Bigarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2012ko uztailaren 17an.–Sustapeneko kontseilaria, Luis Zarraluqui Ortigosa.

Iragarkiaren kodea: F1210599