143. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

65/2012 FORU AGINDUA, ekainaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, ikastearen nahasmenduengatik eta arreta faltagatiko nahasmenduarengatik (hiperaktibitatearekin) hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna arautzen duena Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, Nafarroako Foru Komunitatean.

ZIOEN AZALPENA

Maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoak hitzaurrean dioenez, lege horren printzipio gidarietako bat da “herritar guztiek beren gaitasun indibidual, sozial, intelektual, kultural eta emozional guztiak ahalik eta gehien gara ditzatela, eta, horretarako, beren premietara egokitutako kalitateko hezkuntza jaso behar dute. Aldi berean, aukera-berdintasun eraginkorra bermatu behar zaie eta, horretarako, beharrezko laguntzak eman behar zaizkie ikasleei zein ikastetxeei. Azken batean, ikasle guztien hezkuntza-maila hobetu behar da...”.

Halaber, “Ekitatea hezkuntzan” izeneko II. Tituluan, 71. artikuluan, honako hau ezartzen da: “hezkuntza-administrazioek beharrezko diren baliabide guztiak ziurtatu behar dituzte, hezkuntza-premia bereziak izateagatik, ikasteko aparteko zailtasunak izateagatik, adimen-gaitasun handiak izateagatik, hezkuntza-sisteman berandu sartzeagatik, egoera pertsonalak edo eskolako historialak hala eskatzeagatik, arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleek beren gaitasun pertsonalak ahalik eta gehien garatu ahal izan ditzaten eta, nolanahi ere, ikasle guztientzat ezarritako helburu orokorrak lortu ahal izan ditzaten”.

Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duen Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduan, aniztasunari erantzuteko neurriak ezartzen eta arautzen dira Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetarako, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat (III. kapitulua), gaitasun handiko ikasleentzat (IV. kapitulua) eta hezkuntza sisteman berandu sartzen diren edo/eta egoera soziokultural ahulean dauden ikasleentzat (V. kapitulua).

Horrenbestez, autonomia erkidegoetako antolamenduari dagokionez, esan behar da beharrezkoa zela arautzea ikastearen nahasmenduengatik (IN) eta arreta faltagatiko nahasmenduarengatik (hiperaktibitatearekin) (AFN-H) hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko arreta neurriak. Hala, agindu hau aipatutako foru aginduaren osagarria da.

Hezkuntza Departamentuak behar diren bitartekoak jarriko ditu INengatik eta AFN-Harengatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek beren gaitasun pertsonal, intelektual, sozial eta emozional guztiak ahalik eta gehien gara ditzaten, baita ezarritako helburu orokorrak lor ditzaten ere, eta garapen osoa lor dezaten, aukera berdintasunean, oinarri harturik irakaskuntza egokia, laguntza eta eskolatze aldiko segimendua.

Helburu hori izanik, eta foru agindu honen xede diren etapen ebaluazioari dagozkion araudietan xedatutako mekanismoen babesean, ondoko neurriak agintzen dira, INengatik eta AFN-Harengatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei hezkuntza arloko erantzuna emateari buruz, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan aplikatzeko:

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da INengatik eta AFN-Harengatik hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko erantzun-neurriak zehaztea, ikastetxe publiko eta itunduetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituztenetan, Nafarroako Foru Komunitatearen kudeaketa arloan.

Nazioartean ezarritako ezagutza zientifikoarekin koherentzian arautu behar da hezkuntzako erantzun hori, froga enpirikoekin eta irizpidetzat harturik normalizazioa, arreta pertsonalizatua eta taldean txertatzea.

2. artikulua. Hezkuntzako premia bereziak dituzten ikasleak, ikastearen nahasmenduak eta arreta faltagatiko nahasmendua (hiperaktibitatearekin) izateagatik.

1.–Foru agindu honen ondorioetarako, arreta faltagatiko nahasmendutzat (hiperaktibitatearekin) (AFN-H) hartzen da nahasmendu hori zeina haurtzaroan hasten den eta batez ere hiru funtsezko alderdi ukitzen dituen: arreta falta, hiperaktibitatea edo gehiegizko mugimendua eta inpultsibitatea. Orobat, haren ezaugarria da kontrol exekutiboko mekanismoetan disfuntzioa izatea. Patroi iraunkor hori maizagoa eta larriagoa izaten da adin bereko beste ikasle batzuengan ikusten dena baino, eta franko eragin dezake haurraren funtzionamendu akademikoan, pertsonalean eta sozialean. Horretarako I. eranskina kontsulta daiteke.

2.–”Ikastearen nahasmenduak” (IN) izenak adierazten du entitate multzo heterogeneo bat, ezaugarri dutenak zailtasunak izatea irakurmenean, idazmenean, arrazoimenean nahiz matematiketako trebetasunetan, eta eragin garrantzitsua dutenak eskolako ikaskuntzan. Zailtasun horiek beste egoera batzuekin batera gerta litezke, esaterako zentzumen-urritasunarekin eta desgaitasun intelektualarekin, edo kanpoko eraginekin, esaterako gizarte eta kultura arloko desabantailekin. Hala ere, INak ez lirateke izanen egoera edo eragin horien ondorio. Irakaskuntza egokia jaso duten, zentzumen-alterazio agerikorik ez duten eta ezagutzaren garapen edo adimen batez bestekoa edo altua duten subjektuengan gertatzen dira nahasmendu horiek, eta egoera hori iraunkorra da. Nolanahi ere, zailtasunek bilakaera izanen dute eskolatze aldi guztian. Horri buruz II. eranskina kontsulta daiteke.

3.–Bai INei bai AFN-Hari lotutako –edo, biak batera gertatzen direnean, biei lotutako– laguntza premia bereziek ikasleen eskolako bizia oztopa dezakete, izan ere alde handia sortzen dute beren egiazko ahalmenaren eta errendimendu akademikoen artean, eragina dute haien autoestimuan eta gainerako ikasleekin dituzten harremanetan, eta franko uki dezakete familiako dinamika. Bestalde, premia horiek eragin desberdina izanen dute hezkuntza sistemako etapetan.

3. artikulua. INengatik eta AFN-Harengatik laguntza premia berezia duten ikasleei erantzuteko eta jarduteko printzipioak.

1.–Ikastetxeek aniztasunari erantzuteko dituzten planetan ezarriko dute zer modalitate eta erabaki izanen diren premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko, erreferentziatzat hartuz ikaslearen eta ikastetxearen ezaugarriak.

Nolanahi ere, ikastetxeek arreta pertsonalizatuko neurriak antolatuko eta aplikatuko dituzte, hezkuntzako premiei –orokorrei eta partikularrei– ahalik eta erantzun egokiena emateko, barnean direla INen eta AFN-Haren ondoriozko premiak, honako printzipio hauen pean: normalizazioa, ekitatea eta taldean txertatzea.

IN eta AFN-H dituzten ikasleen datuak Hezkuntza Departamentuko kudeaketa programan sartuko dira, hezkuntzako bestelako premiekin egiten den bezala.

2.–Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 13ko 93/2008 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, hezkuntzako laguntza premia bereziak ahalik eta goizen detektatuko dira, ikaskuntzako desegokitasunak prebenitzeko eta egoki diren hezkuntza neurriak hartzeko. Eta horren barnean egon behar dute IN eta AFN-H dituzten ikasleen premiak.

3.–Ikasleen eskolatze aldian, bilatuko da hezkuntzako prozesuak haien ezaugarriei eta beharrei egokitzea.

4.–Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza: AFN-H duten ikasleen kasuan, etapa hauetan esku-hartzea nahasmenduaren sintoma nuklearretan zentratuko da, baita ukitutako beste eremu batzuetan ere; IN duten ikasleen kasuan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzako lehenbiziko zikloan –horietan bereganatzen dituzte irakurmena eta idazmena–, funtsezkoa izanen da metodologia egokitzea, ikaskuntza errazteko. Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetan, behin ebaluazio psikopedagogikoan ikaskuntzako zailtasun bereziak ezarri ondoren, hezkuntzako prozesuak egokituko dira. Gainera, bi kasuetan, baloratuko da ea behar ote den pedagogia terapeutikoko eta entzumen eta mintzameneko espezialisten laguntza inklusiboa, asteroko eskola ordutegi malgu baten arabera.

Halaber, funtsezkoa izanen da familiekin batera elkarlanean aritzea, eta, behar denean, baita elkarteekin ere. Detektatzeko, esku hartzeko eta aurrea hartzeko programak Haur Hezkuntzatik hasiko dira, eta helburu izanen dute jokaerako sintomak hobetzea eta hasierako eta prestakuntzako ikaskuntzak estimulatzea. Lehen Hezkuntzan, helburu izanen dute detektatzea zer ikaslek ez dituzten gainditzen beren zailtasunak prebentzioko esku-hartzeari esker, eta horien premia bereziak identifikatuko dira.

Esku-hartzea, lehentasunez, ohiko gelan gauzatuko da, eta bereziki zainduko da ikasleak bere taldearekin duen lotura. Ikastetxeetan aniztasunari erantzuteko hartzen diren neurrien barnean egonen da ikasle hauentzako erantzuna.

5.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, kontuan harturik iraunkorrak izaten direla ikastearen nahasmenduak eta arreta faltagatiko nahasmendua (hiperaktibitatearekin), ikasleek –nahiz eta beharbada hobekuntza izan duten– oraindik ere etengabeko egokitzapena beharko dute irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, curriculumeko arloetan, ikasgaietan nahiz moduluetan.

6.–INengatik eta AFN-Harengatik dauden hezkuntzako laguntza premiei ematen zaien erantzunean, lehentasunez, aldaketak izanen dira ikaslearentzako curriculum proposamenean. Aldaketa horiek ez dira nabarmenak izanen gelako programazioaren aldean (batez ere metodologia-egokitzapenak eta ebaluazio-prozedurakoak izanen dira). Aldaketa horiez gain, antolamenduko beste neurri eta proposamen batzuk ere gauzatu daitezke, ikastetxeek baliabideak antolatzeko duten autonomiaren barnean.

4. artikulua. INen eta AFN-Haren ondoriozko hezkuntzako premia berezien detekzioa, identifikazioa eta ebaluazio psikopedagogikoa.

1.–Hezkuntza Departamentuak behar den harremana izanen du Osasun Departamentuarekin, helburu izanik erantzun koordinatua ematea nahasmendu hauek goiz detektatzeko, bai eta IN eta AFN-H dituzten ikasleak, hezkuntzako eta osasuneko erantzuna behar dutenak, identifikatzeko eta haiei arreta emateko ere.

2.–INen eta AFN-Haren ondorioz premia bereziak dituzten ikasleak ahalik eta goizen identifikatuko dira, hezkuntzako prozesu guztian. Irakasle talde guztia arduratuko da horretaz, tutorearekin koordinaturik, eta familiarekin batera. Zailtasun hauek goiz detektatzeko, lehentasunez, oinarri egokia duten erregistroak eta tresnak erabiliko dira, eta ikasleei jarraipena eginen zaie, honako hauekin loturik: irakurmenaren, idazmenaren eta kalkuluaren ikaskuntzarekin lotutako helburuen lorpena, eta eskolan ongi egokitzeko eta ikasleen gaitasunen araberako errendimendu akademikoak izateko behar diren jokaerako eta funtzionamendu exekutiboko beste alderdi batzuei dagozkien helburuen lorpena.

3.–Ikastetxeko orientatzaileak eginen du ebaluazio psikopedagogikoa, irakasleek eta familiak lagundurik, ikasleek zailtasun berariazkoak dituztenean irakurmenean, idazmenean eta kalkuluan, eta horrek eragin nabarmena duenean eskolan aurrera egiteko, eta zantzuek erakusten dutenean INen ondorioz izan daitekeela hori, baita ikasleek AFN-Harekin lotutako sintomak dituztela atzematen denean ere, eta horrek eragin garrantzitsua duenean ikaslearen eremu pertsonal, sozial eta akademikoan.

Orientatzaileak horren berri emanen die gurasoei edo legezko tutoreei, eta baimena eskatuko die haurrarekin aritzen diren profesionalen artean informazioa trukatzeko, eta, AFN-Haren kasuan, behar den protokoloa beteko du, kasua oinarrizko osasun laguntzako pediatrari edo medikuari igortzeko.

4.–Oro har, sei edo zazpi urteetatik aurrera eginen da diagnostiko klinikoa, AFN-Haren kasuan, eta ebaluazio psikopedagogikoa, bai AFN-H bai IN duten ikasleen kasuan. Nolanahi ere, oso garrantzitsua izanen da hezkuntzan goiz esku hartzea, alerta zeinuak detektatu eta berehala, arriskuan dauden ikasleekin.

5.–Irakurmenean, idazmenean eta/edo kalkuluan zailtasunak dituzten ikasleen kasuan, hezkuntza arloan esku hartu eta ikasleei jarraipena egin ondoren, bai Haur Hezkuntzan bai Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, eta, betiere, zailtasunek dirauten bitartean, INen diagnostiko berezirako, ikastetxeko orientatzaileak Lehen Hezkuntzako lehen zikloan hasiko du ebaluazio psikopedagogikoaren prozesua, ikaslearen egoeraren eta ikastetxeko testuinguruaren arabera.

6.–Bigarren Hezkuntzan, ikastetxeko orientatzaileak gauzatuko du ikasleen ebaluazio psikopedagogikoa, hain zuzen ere irakasle taldeak lehenbiziko hiruhilekoan proposatzen dituen ikasleena, zailtasunak izateagatik irakurmenean, idazmenean eta/edo kalkuluan, eta hori oztopo bat denean arlo, ikasgai nahiz moduluetako errendimenduan, eta/edo jokaerako sintomatologia agertzen denean, eta horrek eragina duenean eskolako funtzionamenduan eta errendimenduan.

7.–Medikuaren txostena –osasuneko langileen erantzukizuna da–, AFN-Haren kasuan, eta ikastetxeko orientatzailearen txosten psikopedagogikoa aginduzkoak izanen dira irakasleek behar diren egokitzapenak egin ditzaten hezkuntza prozesu guztian, INen eta AFN-Haren ondoriozko premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez. Ikastetxeko orientatzaileak irakasle guztiei emanen die ikasle horien hezkuntzako premien berri, eta bermatuko da behar den informazioa emanen zaiela orientazioko beste profesional batzuei, batez ere etapa edo ikastetxe aldaketarik baldin bada, eskolatze aldi guztian egokitu dadin hezkuntza arloko erantzuna.

5. artikulua. Gelan hezkuntzako arreta emateko neurri orokorrak: metodologiako eta ebaluazioko alderdiak.

1.–Irakasle taldeari dagokio, hezkuntzako orientazioaren arduradunen aholkularitzarekin, hezkuntza arloko egokitzapen neurriei buruzko erabakiak hartzea, INekin eta AFN-Harekin lotutako hezkuntzako laguntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez.

2.–Irakasle tutoreek ikasleen jarraipen sistematikoa eginen dute, prebentzioa egiteko eta ikasleek izan ditzaketen zailtasunak eta premiak detektatzeko, eta dagokion hezkuntza-arreta ikuskatzeko. Batez ere haiei dagokie familiekin ohiko harremana izatea, maiztasunez.

3.–Irakasleek kontuan hartu behar dute ezen INekin eta AFN-Harekin lotutako hezkuntzako laguntza premia bereziren bat duten ikasleek –INen kasuan, dislexia, disortografia, disgrafia eta/edo diskalkulia– metodologia-egokitzapenak behar dituztela gelan izaten diren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan, eta horrek, besteak beste, eragina izanen duela prozesu horien antolamenduan, ikasleen banaketan, curriculumaren egokitzapenean eta estrategia didaktikoetan.

4.–Irakasleek behar diren egokitzapenak eginen dituzte ikasleek curriculuma beregana dezaten, aukera eta erraztasunak izan ditzaten arlo, ikasgai edo moduluak ikasteko, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuetan erabiltzen diren euskarri eta formatu desberdinetan.

5.–Irakasleek bultzatuko dute era askotako metodologiak erabil daitezela, ahalbidetuko dutenak ikasleak autonomia, parte-hartze eta autoerregulazio handiagoa izan dezatela jarduerak egitean (proiektuen araberako ikaskuntza, lankidetza-taldeak, ikaskuntza-zerbitzuak, gelan TKI erabiltzea, etab.), ikaskuntzak motibagarriak eta esanguratsuak izan daitezen, bizipenei lotuak.

6.–Egokitzapenak eginen dira ikaskuntza ebaluatzeko prozeduretan, ikasleen ikaskuntzari buruzko informazioa ahalik eta baldintza hoberenetan lor dadin, arlo, ikasgai edo modulu bakoitzeko edukiei dagokienez. Ikasle horien ebaluazioa egokitzeko neurriak ondokoei buruzkoak izanen dira: bai ebaluazio-proba mota desberdinak erabiltzeari buruzkoak bai ebaluazioarekin zuzenean lotutako beste alderdi batzuei buruzkoak, adibidez: behar den denboraz abisatzea probak eginen direla, ahozko eta idatzizko probak konbinatzea, hala test motako erantzunekin, lehentasunez, nola irekiagoak diren erantzunekin (gehiago idaztea eskatzen dutenekin), galderetan gako-hitzak nabarmentzea, ikasleei denbora gehiago uztea azterketa bukatzeko (halakorik behar baldin badute), egiaztatzea ea ikasleek galderak ulertzen dituzten eta zalantzak argitzea, ariketa entregatu aurretik gainbegiratzea ea galdera guztiak erantzun dituzten, nolabait ere egindako eginahala baloratzea, etab.

7.–INen eta AFN-Haren ondorioz hezkuntzako laguntza premia berezia izanik Lanbide Heziketara edo unibertsitate ikasketetara pasatzen diren ikasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeko orientatzaileak bidaliko ditu behar diren txostenak eta dokumentazioa behar diren sarrera-probak egokitzeko, betiere Hezkuntza Departamentuak ezarritako jarraibideen menpean eta indarreko araudiaren babesean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Bigarrena.–Indarra hartzea. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2012ko ekainaren 18an.–Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.

I. ERANSKINA

(Eranskin honetan jasotako diagnostikorako irizpideak Munduko Osasun Erakundeak ezarritakoak dira, eta aldian behin berraztertzen dira. Horregatik, diagnostikorako irizpidetzat hartzen dira unean-unean indarrean daudenak).

AFN-Haren diagnostikorako irizpideak

1.1. DSM-IV-TR Nahasmendu Mentalen Diagnosi eta Estatistika eskuliburuaren arabera (Psikiatriako Elkarte Amerikarra, 2002).

–Funtsezko irizpide guztiak betetzea.

–+ arreta faltako 9 itemetatik 6 edo gehiago.

–+ hiperaktibitate-inpultsibitateko 9 itemetatik 6 edo gehiago.

Funtsezko irizpideak

–Iraupena: sintoma-irizpideek gutxienez azken 6 hilabeteetakoak izan behar dute.

–Noiz hasten diren: sintoma batzuek haurrak 6 urte egin baino lehenagotik azaldu behar dute.

–Ubikuitatea: sintomek ekarritako disfuntzioren bat bi egoeretan edo gehiagotan azaldu behar da (eskola, lana, etxea, etab.).

–Disfuntzioa: disfuntzio esanguratsu (soziala, akademikoa, familiarra...) baten arrazoia izan behar dute sintomek. Baldin eta haur batek AFN-Haren 18 irizpideak bete bai baina horrek eguneroko bizian eraginik ez badu, ez da haur hiperaktiboa izanen.

–Desadostasuna: sintomak gehiegizkoak dira, adin eta adimen koziente bereko beste haur batzuen aldean.

–Bazterketa: sintomak ez dira hobeki azaltzen beste nahasmendu mental bat izateagatik.

A. Arreta faltako irizpideak

1.–Maiz, ez du nahikoa arretarik jartzen xehetasunetan edo akatsak izaten ditu, oharkabean, eskolako zereginetan, lanean edo bestelako jardueretan.

2.–Maiz, arretari eusteko zailtasunak izaten ditu zereginetan edo jarduera ludikoetan.

3.–Maiz, irudi du ez duela entzuten zuzenean hitz egiten zaionean.

4.–Maiz, ez du jarraibiderik betetzen eta ez ditu bukatzen eskolako zereginak, mandatuak edo lantokiko betebeharrak.

5.–Maiz, zailtasunak izaten ditu zereginak eta jarduerak antolatzeko.

6.–Maiz, eginahal iraunkorra eskatzen duten zereginak saihesten ditu, horiekin nahigabetzen da.

7.–Maiz, zereginetarako nahiz jardueretarako behar dituen gauzak galtzen ditu.

8.–Maiz, aise distraitzen da garrantzirik gabeko estimuluekin.

9.–Maiz, zabarra izaten da eguneroko jardueretan.

B. Hiperaktibitateko eta inpultsibitateko irizpideak

1.–Maiz, sobera mugitzen ditu eskuak eta oinak, edo sobera mugitzen da eserlekuan.

2.–Maiz, aulkitik altxatzen da gelan, edo eserita egon beharreko beste egoera batzuetan.

3.–Maiz, gehiegi ibiltzen da lasterka edo saltoka, desegokia den egoeretan.

4.–Maiz, zailtasunak izaten ditu lasai jostatzeko edo aisiako jarduerak egiteko.

5.–Maiz, martxan egoten da edo motor bat duela irudi du.

6.–Maiz, sobera hitz egiten du.

1. Maiz, galdera bukatu baino lehen botatzen du erantzuna.

2. Maiz, bere txanda itxoiteko zailtasunak izaten ditu.

3. Maiz, besteei eten edo traba egiten die.

Irizpide horiek oinarri harturik, hiru AFN-H mota identifikatzen dira:

–AFN-H, batez ere arretagabea: baldin eta azkeneko sei hilabetean A irizpidea bai baina B irizpidea bete ez bada.

–AFN-H, batez ere hiperaktibo-inpultsiboa: baldin eta azkeneko sei hilabetean B irizpidea bai baina A irizpidea bete ez bada.

–AFN-H, konbinatua: baldin eta azken sei hilabetean bai A bai B irizpideak bete badira.

1.2. GNS-10 Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren arabera (Munduko Osasun Erakundea, 2003).

F90-98. Jokaerako eta emozioetako nahasmenduak, haurtzaroan eta nerabezaroan hasi ohi direnak.

F90. Nahasmendu hiperzinetikoak.

F90.0. Jardueraren eta arretaren nahasmendua.

F90.1. Nahasmendu hiperzinetiko disoziala.

F90.8. Beste nahasmendu hiperzinetiko batzuk.

F90.9. Zehaztu gabeko nahasmendu hiperzinetikoa.

II. ERANSKINA

(Eranskin honetan jasotako diagnostikorako irizpideak Munduko Osasun Erakundeak ezarritakoak dira, eta aldian behin berraztertzen dira. Horregatik, diagnostikorako irizpidetzat hartzen dira unean-unean indarrean daudenak).

INen diagnostikorako irizpideak

2.1. DSM-IV-TR Nahasmendu Mentalen Diagnosi eta Estatistika eskuliburuaren arabera (Psikiatriako Elkarte Amerikarra, 2002).

DSM-IV (1994): ikastearen nahasmendu berariazkoak.

–Irakurmenaren nahasmendua.

–Kalkuluaren nahasmendua.

–Idazmenaren nahasmendua.

–Zehaztu gabeko ikastearen nahasmendua.

INek adierazten dituzte eskolako ikaskuntzako gabezia berariazkoak eta esanguratsuak, eta diagnostikorako irizpide berariazkoak dituzte. Hona hemen:

–Irakurmeneko, idazmeneko edo kalkuluko gaitasunak –proba normalizatuen bidez neurtuak, banaka– baxuak dira, subjektuaren adin kronologikoaren, adimen kozientearen eta eskolaldiaren arabera espero denaren aldean.

–Nahasmendu horiek nabarmen galarazi behar dituzte errendimendu akademikoak edo eguneroko bizian irakurketa, kalkulua edo idazketa eskatzen duten trebetasunak.

–Zentzumenen gabeziarik baldin badago, gabezia horrek ekarri ohi dituenak baino handiagoak dira irakurketarako, kalkulurako eta idazketarako zailtasunak.

Baldintza hau ere bete behar da: ez dute beste nahasmendu batzuen zuzeneko ondorio izan behar, esaterako, hauena: adimen atzerapena, gaitz neurologikoak, zentzumeneko problemak edo emozioaren nahasmenduak.

DSM-IVeko diagnostikorako irizpideek zehazten dute INek miaketa kliniko bat baino oinarri handiagoa behar dutela; nahitaezkoa da ebaluatzea ea gabezia berariazkorik baden, estandarizatutako testen bidezko protokoloak erabiliz. Gainera, nahitaezkoa da Adimen Kozientearen neurketa formala.

2.2. GNS-10 Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenaren arabera (Munduko Osasun Erakundea, 2003).

CIE-10 (1993): eskolako ikaskuntzaren garapeneko nahasmendu berariazkoak.

–Irakurmenaren nahasmendu berariazkoa.

–Ortografiako nahasmendu berariazkoa.

–Kalkuluaren nahasmendu berariazkoa.

–Eskolako ikaskuntzaren garapeneko nahasmendu mistoa.

–Eskolako ikaskuntzaren garapeneko bestelako nahasmendu batzuk.

–Eskolako ikaskuntzaren garapeneko nahasmendu zehaztu gabea.

Diagnostikorako jarraibideak:

1. Eskolako errendimendu berariazkoaren okertze bat, klinikoki nabarmena, izatea.

2. Gabeziak berariazkoa behar du izan, hau da, horren arrazoia ez dira izanen adimen atzerapena edo adimen orokorreko gabezia txikiak. Adimen kozientea eta eskolako errendimenduak ez direnez zehazki paraleloak, aipatutako bereizketa bakarrik egin daiteke kontuan hartuz adimen kozienteko eta errendimenduko test estandarizatuak, banaka aplikatuak, betiere egokiak direnak haurraren kulturarako eta hezkuntza sistemarako.

3. Gabeziak goiztiarra behar du izan, hau da, hezkuntzaren hastapenetik egon behar du, ez geroagotik.

4. Ez da izanen kanpoko faktorerik, eskolako zailtasunak nahikoa justifikatzeko modukorik, esaterako: denbora luzez eskolara huts egitearen –eta etxean ere irakaskuntzarik jaso ez izanaren– ondorio izatea errendimendu baxua, edo arras desegokia den hezkuntza baten ondorio.

5. Eskolako ikaskuntzako garapenaren nahasmendu berariazkoak ez dira izanen ikusmen nahiz entzumen gabezia zuzendu gabeen ondorio zuzena.

Iragarkiaren kodea: F1210038