75. ALDIZKARIA - 2011ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Mankomunitateko estatutuen behin betiko onespena

Ultzamako, Anueko eta Odietako udaletako zinegotzien batzarrak, 2011ko otsailaren 9an, Ultzamako, Anueko eta Odietako udalen "Ultzanueta" Zerbitzu Mankomunitatearen estatutuen proiektua onetsi zuen.

Behar ziren iragarkiak argitaratu ziren Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitateko udalen iragarki-oholetan. Jendaurreko epea igaro da inork erreklamazio, alegazio edo iradokizunik aurkeztu gabe, eta Nafarroako Gobernuak estatutuen aldeko txostena egin du.

Mankomunitateko udalek estatutuen testua behin betiko onetsi dute osoko bilkuretan, udalkideen legezko kopuruaren gehiengo osoarekin, 2011ko martxoaren 14an (Ultzama), 2011ko martxoaren 22an (Anue) eta 2011ko martxoaren 30ean (Odieta).

Horrenbestez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluko 1. idatz-zatiaren 6. atalean xedatutakoarekin bat, honen bidez argitara ematen da Ultzamako, Anueko eta Odietako udalen "Ultzanueta" Zerbitzu Mankomunitatearen estatutuen behin betiko testua.

Larraintzarren (Ultzama Ibarra), 2011ko martxoaren 30ean.-Batzarreko burua, Francisco Pérez Arregui (Ultzamako alkatea).

ULTZAMAKO, ANUEKO ETA ODIETAKO UDALEN "ULTZANUETA" ZERBITZU MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA

Kideak, izena eta helbidea

1. artikulua.

1. Ultzamako, Anueko eta Odietako udalek gaur egun Ur Hornidurako Zerbitzuen Mankomunitatean elkartuta antolatzen eta ematen dituzte beren eskumeneko zerbitzu batzuk, estatutu hauen II. kapituluan aipatzen direnak.

2. Kide berriren bat onartzeko edo mankomunitatetik irteteko orduan estatutu hauetako arauak bete beharko dira, eta ez dira ezinbestez aldatu beharko estatutuok. Hala ere, gertaera hori kontuan hartuko da geroztik tramitatzen den lehenbiziko estatutu-aldaketan.

3. Mankomunitatearen antolamendua eta jarduna estatutu hauetan ezarritakoari lotuko zaizkio, ezertan eragotzi gabe Nafarroako toki entitateei dagokien araudiaren aplikazioa.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

Administrazio entitate publikoa den aldetik, mankomunitate honek bere xedeak betetzeko gaitasun juridiko osoa izanen du. Une bakoitzean mankomunitate honetan dauden toki erakundeen mugapeek osatuko dute haren lurralde eremua.

Mankomunitatea bere eskumeneko eremuan ariko da, bere zerbitzuekin zerikusia duten fenomenoak gertatzen diren tokietan, betiere Nafarroako toki entitateei aplikatu behar zaien araudiari jarraituz.

3. artikulua. Izena eta helbidea.

Udalez gaindiko toki entitate honek "Ultzanueta Zerbitzu Mankomunitatea" izena hartuko du, eta helbidea Ultzama Ibarreko Larraintzarren izanen du, San Pedro kaleko 2an (posta kodea: 31797).

II. KAPITULUA

Mankomunitatearen xedea eta helburuak

4. artikulua. Hona hemen Mankomunitatearen xedeak:

1. Bera osatzen duten udalek eskuordetzen dizkioten tokiko zerbitzu publikoen plangintza, exekuzioa eta kontrola koordinatzea, eskualde osoari begira. Mankomunitateak udal horiekin sinatzen dituen hitzarmenetan ezarriko dira lan hori egiteko modua, ahalmenak eta mugak.

2. Toki entitateei laguntza teknikoa ematea beren eskumenak erabiltzeko eta zerbitzuak zuzenean emateko.

3. Toki entitateen eskumeneko eremuan zerbitzu oinarrizko edo nagusi hauek ematea:

a) Ur hornidura.

b) Ingurumenaren babesa, aurreko idatz-zatiarekin lotura duen orotan.

4. Toki entitateen eskumeneko beste zerbitzu hauek ematea:

a) Ekintza sozioekonomikoa eta eskualdeko garapenaren sustapena.

b) Etxebizitza eta eraikinen zaharberritzearen kudeaketa, toki entitateen eskumeneko eremuan, eta hirigintzako aholkularitza.

c) Kirolaren kudeaketa eta kirol zerbitzuak, baita xede horretarako instalazioen kudeaketa ere.

d) Toki entitateen eskumeneko beste batzuk.

5. Oraingoz Mankomunitateak zerbitzu "oinarrizko edo nagusiak" (ikus 3. idatz-zatia) emanen ditu.

Mankomunitateak 4. idatz-zatian aipatzen diren gainerako zerbitzuetako baten bat eman dezan, beharrezkoa izanen da Mankomunitatearen organo gorenak (Batzar Orokorra) hala erabakitzea, eta udal interesdunek ere hala nahi dutela erabakitzea osoko bilkuretan; hori guztia, antolamendu juridiko indardunak eskatzen dituen gehiengoekin.

Nolanahi ere, Mankomunitateko udal bakoitzak Mankomunitatean ematen diren zerbitzuetako batean edo batzuetan parte hartu ahal izanen du.

6. Zerbitzuak ahalik eta ongien kudeatzeko eta bere eskumenak erabiltzeko, Mankomunitateak zilegi izanen du:

a) Berariazko atalak sortzea 1. idatz-zatian aipatutako gaietako batzuetarako edo guztietarako. Haiei atxikiko zaizkie toki entitate mankomunatuak.

b) Zerbitzu horiek emateko behar diren obra eta instalazio guztiak egitea.

c) Aipatu helburuetarako zuzenean edo zeharka balio duten jarduera guztiak egitea. Legeriak toki entitateen esku uzten dituen eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

III. KAPITULUA

Mankomunitatearen zuzendaritza eta kudeaketa organoak

5. artikulua. Mankomunitateak zuzendaritza organo hauek ditu:

-Batzar Orokorra.

-Lehendakaria.

-Batzorde Iraunkorra.

6. artikulua. Batzar Orokorra Mankomunitateko zuzendaritza organo gorena izanen da. Estatutu hauetan zehaztutako eskumenak eta antolamendu juridikoak ematen dizkion gainerakoak izanen ditu.

7. artikulua.

1. Mankomunitatearen Batzarrak lehendakari bat izendatuko du bere kideen artetik aukeratuta. Mankomunitatearen ordezkaria izanen da beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin dituen harremanetan, eta horretaz gainera, estatutu hauek esleitu edo Batzarrak berak ematen dizkion eginkizunak beteko ditu.

2. Mankomunitateko lehendakaria Batzarreko kideetako bat izanen da. Lehendakaria izateko, lehen bozketan, guztira %50etik gorako ordezkaritza-portzentajea duten batzarkide eskubidedunen botoak lortu behar dira.

Batzarkideetako inork ez badu lortzen goiko lerroaldean adierazitako gehiengoa, bigarren bozketa eginen da eta ordezkaritza-portzentaje handiena osatzen duten batzarkide eskubidedunen botoak aski izanen dira hautatua izateko.

Berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen toki entitatearen ordezkaria hautatuko da. Berdindutako hautagaiak toki entitate beraren ordezkariak badira, zaharrena aukeratuko da.

3. Lehendakariak izendatuko du lehendakariordea, batzarkide eskubidedunen artetik hautaturik.

Lehen izendapenean eta hurrengoetan hautaturiko batzarkideetako inork ez badu lehendakariorde kargua onartzen, lehendakaria hautatzeko bozketan lehendakariaren atzetik ordezkaritza-portzentaje handiena osatzen duten kideen botoak jaso dituen batzarkideak hartu beharko du kargua.

8. artikulua.

1. Mankomunitateko Batzorde Iraunkorraren osaera, funtzionamendua eta eskumenak estatutu hauetan ezarritakoak izanen dira; lehendakariak eta Batzar Orokorrak beraren esku uzten dituzten eskumenak ere izanen ditu.

2. Batzorde Iraunkorrean Mankomunitateko udalek ordezkari bana izanen dute, eta Mankomunitateko lehendakaria izanen da batzordeburu.

Mankomunitatean berariaz sortutakoak diren baina udalerriren bat partaide ez duten zerbitzuen eskumeneko gaiei heltzen bazaie, zerbitzu horretan partaide diren udaletako batzordekideek bakarrik izanen dute boto eskubidea.

Erabakiak hartzeko orduan Batzorde Iraunkorreko kideen botoak ponderatuak izanen dira, zein den zerbitzua. Alegia, kontuan hartuko da Batzordeko kide bakoitzaren udalerrian zenbat herritarrek jasotzen duten kasuan kasuko zerbitzua.

Udal hauteskundeetarako errolda eratzen den egunean erroldaturik dauden biztanleen kopurua hartuko da kontuan udalerri edo entitate bakoitzari Mankomunitatean zenbat ordezkari dagozkion zehazteko, eta hauteskundeen ondoko agintaldi osoan kopuru horri eutsiko zaio.

Udalerri edo kontzejuren bat Mankomunitateko beste udalerri batean sartzen bada, edo Mankomunitateko udalerri bateko kontzejuren bat udalerri bilakatzen bada, ordezkarien kopurua doitu eginen da. Halako kasuetan estatutu hauen 1. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoari ere jarraituko zaio.

Udal bakoitzak osoko bilkuran hautatuko ditu Batzorde Iraunkorrerako ordezkariak.

Mankomunitateko lehendakaria eta lehendakariordea Batzorde Iraunkorreko buru eta buruorde ere izanen dira.

3. Arau orokor gisa, Batzorde Iraunkorrak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Batzordeburuaren kalitatezko botoari buruz legeria indardunak agintzen duena aplikatuko da. Indarra duen legerian eta estatutu hauetan berariaz zehazturik dauden gaiei buruzko erabakiak hartzeko, gehiengo kualifikatua beharko da.

9. artikulua. Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izanen ditu:

I.-Diru-bilketa eta diruzaintza zerbitzuak antolatzea.

II.-Mota guztietako kontratazioak eta kontzesioak, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, ezta, betiere, 6 milioi euro baino gehiago ere; horien artean urte anitzetakoak ere sartzen dira, lau urte baino gehiago iraun behar ez badute, betiere urteko guztien zenbateko metatuak aipatu portzentajea gainditzen ez badu, lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten gainean, ezta aipatu zenbatekoa ere.

III.-Kudeaketa ekonomikoa egitea, onetsitako aurrekontuaren arabera.

IV.-Ondasunak eskuratzea eta besterentzea, betiere haien zenbatekoa baliabide arrunten %10 baino handiagoa ez bada eta lehendakariaren eskumenekoak ez badira.

V.-Diru kopuruak banatzea aurrekontuetako kontu-sailen kargura.

VI.-Mankomunitateak bere eskumeneko eremuan egin beharreko jarduketak aztertzea, haien gaineko txostenak eta proposamenak egitea eta haiek bultzatzea.

VII.-Langileei dagozkien gaiak ebaztea, estatutu hauetan eta oinarrizko legeria aplikagarrian xedatutakoaren arabera lehendakariari eta Batzarrari dagozkienak izan ezik, eta deusetan galarazi gabe araudi indardunaren esparruan egin daitezkeen eskuordetzeak.

10. artikulua.

1. Mankomunitateak, zerbitzuak emateko eta bere eskumenak erabili eta kudeatzeko, legeria indardunean aurreikusitako kudeaketa mota guztiak baliatzen ahal ditu, zuzenekoak nahiz zeharkakoak, eta bereziki Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 192. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan aurreikusitakoak.

2. Berariazko kudeaketa organo bat eratu ahal izanen du, erantzukizun mugatuko merkataritza sozietate bat, hain zuzen ere, eta horren kapital sozial osoaren jabea izanen da.

Merkataritza sozietate hori eratuz gero, bertan Mankomunitateko Batzarrak eginen ditu Batzar Orokorraren lanak. Sozietateak bere estatutuetan zehazten diren eskurantzak izanen ditu eta estatutu horien bidez arautuko da. Ordezko gisa Toki Araubideari buruzko legeria eta merkataritza sozietateei buruzkoa aplikatuko zaizkio.

11. artikulua. Mankomunitatea, haren kudeaketa organoa eta udal mankomunatuak, beren legezko ordezkarien bitartez, elkarlanean arituko dira zerbitzuak ahalik eta ongien egiteko, eta behar adina informazio, laguntza edo zaintza emanen diote elkarri.

12. artikulua. Mankomunitateak nomina eta plantillako idazkari bat kontratatu ahalko du. Nahitaezko lege aholkularitza eta fede publikoa emateko eginkizunak beteko ditu.

Lanpostu hori sortzen ez den artean, eginkizun horiek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 240. artikuluan xedatutakoari jarraituz bete ahalko dira.

Mankomunitateko organoen zuzendaritzapean, idazkariak zerbitzu eta jarduera guztiak koordinatu ahal izanen ditu, baita sozietate kudeatzaile edo atal jakin bati esleituta ez daudenak zuzendu ere.

Mankomunitateak, bere jardueran eta fakturazioan Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 150.-1-b) artikuluko atalaseak gainditzen baditu, berariaz kontu-hartzaile lanetarako lanpostu bat izan beharko du, arlo horretako eginkizun publikoak betetzeko.

Lanpostu hori sortzen ez den artean, eginkizun horiek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 250. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietan xedatutakoari jarraituz bete ahalko dira.

Halaber, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko 11/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat, Mankomunitateko funtzionarioak aritu ahal izanen dira eginkizun horietan, berariaz horretarako gaituta, behar den titulazioa edukiz gero.

Diruzaintzako eginkizunak betetzeko modua Batzarrak zehaztuko du, gai horretan indarra duen araudia aplikatuz.

IV. KAPITULUA

Batzar Orokorra

13. artikulua. Batzar Orokorra Mankomunitateko organo gorena izanen da. Estatutu hauetan zehaztutako eskumen eta eskurantzak eta antolamendu juridikoak ematen dizkion gainerakoak izanen ditu.

14. artikulua. Osaera.

Mankomunitateko Batzar Orokorrak udal mankomunatuak ordezkatuko ditu. Mankomunitateko udalen ordezkariek osatuko dute, eta udal bakoitzak gutxienez ordezkari bat izanen du. 500 biztanle baino gehiago dituzten udalerriek ordezkari gehiago izanen dituzte: bat gehiago 500 biztanleko edo frakzioko, hasierako 500 biztanle horien gainetik.

15. artikulua. Hautapena.

Mankomunitateko udal bakoitzak izendatuko ditu Mankomunitateko Batzar Orokorrerako bere ordezkariak, baita kargutik kendu ere. Toki hauteskunde bakoitzaren ondoren izendapenak berrituko dira.

Batzarreko kideren bat kanpora joan, gaixotu, hil, kargua uzten badu edo antzeko zerbait gertatzen bazaio, ukituriko udalak ordezkoa izendatuko du batzarkide titularraren lekuan jarduteko, titularrak kargua uzten duenetik hasita hilabeteko epean.

16. artikulua. Mankomunitateko batzarkideek ondoko kasuetan utziko diote batzarkide izateari:

a) Hautetsi izateari uzten diotenean.

b) Korporazio berriak eratzen direnean.

Mankomunitatea osatzen duten toki entitateetako batzarkide ordezkariek, b) ataleko kasuan, beren karguetan segituko dute, jardunean, behar diren udal hauteskundeak egin ondoren Batzar berria eratu bitartean. Udal korporazio berriak eratu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko da Batzarra eratzeko biltzarra. Bitarte horretan, kargua uzten duten organoek ezin izanen dute gehiengo kualifikatua behar duen erabakirik hartu.

17. artikulua. Batzar Orokorra sei hilean behin bilduko da gutxienez; nolanahi ere, behar adina bilkura egin daitezke, lehendakariaren ekimenez, Batzorde Iraunkorrak proposatuta zein Batzarreko kideen laurdenak eskatuta.

Bilkuretan, udalen bilkuretako funtzionamendurako araudia hartuko da aintzat.

18. artikulua. Lehendakariak edo legez hura ordezten duenak eginen du bilkurarako deia. Kideei garaiz jakinaraziko zaie, bilkurako gaiak aztertzeko denbora nahikoa izan dezaten. Gutxienez 7 egun lehenago jakinarazi behar zaie.

Deialdian bilkuraren eguna, ordua eta tokia adieraziko dira, aztergaien zerrenda emanen da eta aztergaien berri izateko behar diren agiri guztiak erantsiko dira.

19. artikulua.

1. Bilkurak baliozkoak izateko quoruma honakoa izanen da: Batzar Orokorreko kide eskubidedunen legezko kopuruaren herena, eta betiere hiru batzarkide, gutxienez. Bilkura osoan eutsi beharko zaio quorum horri.

2. Batzarrerako quorum orokorra lortu gabe ere, zerbitzu jakin bati buruz eztabaidak egin eta erabakiak hartzea zilegi izanen da baldin eta zerbitzu hori jasotzen duten udalerrietako batzarkideen legezko kopuruaren herena biltzen bada, gutxienez.

3. Mankomunitateko lehendakaria eta idazkaria edo legez ordezten dituztenak agertu ezean ezin izanen da bilkurarik egin.

4. Lehen deialdian quorumik ez badago, besterik gabe deialdia egintzat joko da bi egun barru ordu berean bilkura egiteko. Orduan ere quorumik lortzen ez bada, lehendakariak deialdia baliogabetuko du eta zerrendako aztergaiak hurrengo bilkurarako utziko dira.

20. artikulua.

1. Batzar Orokorreko kide guztien botoek balio berdina izanen dute, deusetan galarazi gabe lehendakariaren kalitatezko botoari aplikatu beharreko legerian jasotakoa.

Mankomunitatean berariaz sortutakoak diren baina udalerriren bat partaide ez duten zerbitzuen eskumeneko gaiei heltzen bazaie, zerbitzu horretan partaide diren udaletako batzordekideek bakarrik izanen dute boto eskubidea.

2. Batzar Orokorrak, arau orokor gisa, bildutako kideen gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Betiere, lehendakariaren kalitatezko botoari buruz aplikatu beharreko legeriak agintzen duena aplikatuko da.

Indarra duen legerian eta estatutu hauetan berariaz zehazturik dauden gaiei buruzko erabakiak hartzeko, gehiengo kualifikatua beharko da.

Udalerri mankomunaturen batek Mankomunitatearen esku utzi ez duen gai bati buruzko bozketa egiten denean, udalerri horrek gobernu organoetan dituen ordezkariek ez dute bozkatuko.

21. artikulua. Ondoren azaltzen diren gaiei buruzko erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da Batzar Orokorreko kide eskubidedunen %50ek aldeko botoa ematea, betiere estatutu hauen 39. artikuluan azaltzen diren printzipioei aurka egin gabe.

a) Ordenantza eta tarifa orokorren onespena, zerbitzuen erabiltzeei edo Mankomunitatearen, Sozietate Kudeatzailearen nahiz gainerako atalen funtzionamendu araubideari eragiten badiote.

b) Obra eta inbertsioen urte anitzeko planen onespena.

c) Mankomunitatean kide berriak onartzea.

d) Lehendakaria hautatzea, kargutik kentzea eta enkaitzea, eta haren dietak eta ordainsariak zehaztea.

e) Toki araubideko legeriaren arabera quorum hori behar den gainerako gai guztiak.

22. artikulua.

1. Ondoren azaltzen diren gaiei buruzko erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da Batzarreko kide eskubidedunen bi herenek aldeko botoa ematea, betiere estatutu hauen 39. artikuluan azaltzen diren printzipioei aurka egin gabe.

a) Mankomunitatearen estatutuak onestea, eta haietan aldaketak egitea, salbu eta estatutu hauen 39. artikuluan, horren aldaketa aho batez onartu beharko baita.

b) Sozietate kudeatzaileak edo atalak sortzea eta horien estatutu edo erregelamenduak onestea eta aldatzea.

2. Erakunde bat zerbitzu jakin bati atxiki ahal izateko beharrezkoa izanen da erakunde interesdunaren adostasuna. Mankomunitateak egiten dituen aldaketetan puntu hori ezin izanen da aldatu, aho batez ez bada.

23. artikulua. Batzarrak hartzen dituen erabaki guztien berri eman behar zaie ukitutako udal mankomunatuei, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren jarduketak egin ditzaten.

V. KAPITULUA

Lehendakaria, lehendakariordea eta langileak

24. artikulua. Lehendakariak betearaziko ditu Batzarraren eta Batzorde Iraunkorraren erabakiak; horrez gainera, bi gobernu organo horien eztabaidak zuzenduko ditu eta estatutuak zehatz-mehatz bete daitezen arduratuko da.

Bere eskumeneko esparruan, legeek alkateei emandako eskurantza berberak izanen ditu, estatutu hauetan Batzorde Iraunkorraren eskurantzei buruz ezarritakoa salbu.

Batzar Orokorrak eta Batzorde Iraunkorrak lehendakariaren esku utzi ahalko dituzte araudi aplikagarriaren arabera alkateen esku uzten ahal diren gaiak.

25. artikulua. Batzarrak izendatuko du lehendakaria, eratzeko bilkuran. Toki entitateetako kideak berritzeko garaian berrituko da Mankomunitateko lehendakaria ere, kargutik kentzen dutenean izan ezik; hori gertatuz gero, ahalik azkarren hautatuko da Mankomunitateko lehendakari berria, kargua hutsik egon ez dadin.

Lehendakaria edo lehendakariordea kargutik kentzeko proposamen berean kargurako hautagaia proposatuko da, kargu hutsa berehala bete dadin.

VI. KAPITULUA

Eskurantzak

26. artikulua. Batzar Orokorrarenak.

Mankomunitateko Batzarrari dagozkio ahalmen hauek:

a) Bere eraketari, berritzeari eta handitzeari dagokion oro onestea, bai eta kargudun eta langileak izendatzeari eta kentzeari dagozkionak ere, estatutuei eta aplika daitezkeen lege edo erregelamenduei jarraikiz.

b) Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak ezartzeko, garatzeko eta kudeatzeko behar diren planak eta proiektuak onestea.

c) Mankomunitatearen eta haren atal berariazkoen aurrekontuak eta urteko kontuak onestea, baita horietan aldaketak egitea ere, betearazpen-oinarrietan zehaztutakoari jarraituz.

d) Mota guztietako ondasunak eskuratzea eta besterentzea, kontratuak egitea Mankomunitatearen izenean eta hura ordezkatuz, baldin eta, zenbatekoa dela-eta, une bakoitzean indarra duen araudiak ez badie horretarako ahalmenik ematen ez lehendakariari ez Batzorde Iraunkorrari.

e) Mankomunitateak beste administrazio publiko batzuekin, Mankomunitateko entitateak barne, eskumenen kudeaketa eskuordetzeko egiten dituen hitzarmenak onestea.

f) Mankomunitatean sortu behar diren atalak eratzeko erregelamenduak onestea, bai eta horien berritzea ere.

g) Mankomunitateko entitateek harekin sinatu beharreko koordinazio hitzarmenak onetsi edo berrestea.

h) Bere gain hartutako zerbitzu bakoitzaren finantzabide zehatzak onestea.

i) Zerbitzuak kudeatzeko moduak onestea.

j) Legeek espresuki bere esku uzten dituzten gainerakoak.

27. artikulua. Batzar Orokorrak Batzorde Iraunkorraren esku utzi ahalko ditu araudi aplikagarriaren arabera alkateen esku uzten ahal diren gaiak.

28. artikulua. Batzarretik heldu diren administrazio egintzen araubide juridikoa, udalen osoko bilkuren egintzak zuzentzen dituen bera izanen da.

29. artikulua. Lehendakariaren eskurantzak.

Mankomunitateko lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:

a) Bilkuretarako deiak egitea eta haietan buru aritzea, eta hartzen diren legezko erabakiak betearazteko agintzea.

b) Bere erantzukizunpean eta Batzarrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzarrari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

c) Idazkariarekin / kontu-hartzailearekin batera, Mankomunitatearen aurrekontuen proiektuak prestatzea eta legezko xedapenen eta aplikatu beharreko arauen arabera onetsitako aurrekontuak behar bezala gauzatzeko neurriak hartzea.

d) Aurrekontuko kontsignazioen barrenean Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.

e) Bertako funts eta ondasunak administratzea, eta aurreko ekitaldiko kontuak agertzea urte naturalaren lehen seihilekoan.

f) Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, bai eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzarrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

g) Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak sinatuz ikus-onestea.

h) Koordinazioa bermatzea Mankomunitateko organoen artean eta Mankomunitatearen eta udal mankomunatuen artean.

i) Lan publikoaren eskaintza onestea, Batzarrak onetsitako aurrekontuari eta plantilla organikoari jarraikiz, langileak hautatzeko probetarako eta lanpostuak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea eta finko eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak partitzea.

j) Zerbitzuek behar bezala funtzionatzeko eta Mankomunitatearen xedeak ongi betetzeko beharrezkoak diren gainerako eginkizunak, toki araubideari buruzko oinarrizko legerian eskumenak banatzeko ezarritako esparruan, eta, betiere, Batzarrak, Batzorde Iraunkorrak edo, halakorik balitz, Sozietate Kudeatzaileak berentzako ez badituzte.

30. artikulua. Funtzio publikoetan aritzen diren langileen eskurantzak.

Mankomunitateko idazkaritza eta kontu-hartzailetzako eginkizun publikoetan aritzen diren pertsonak Mankomunitateko funtzionarioak izan ahalko dira, eta hala denean, tokiko funtzio publikoari aplikatu beharreko araudi indardunean ezarritakoaren arabera eskuratu beharko dute kargua; edo Mankomunitateko udaletako idazkari eta kontu-hartzaileen artetik izendatu ahalko dira, eta hala denean, noiznahi ezeztatu ahal izanen da haien izendapena.

Kasu guztietan ere kargu horietako ordainsariak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 240.1 eta 250.4 artikuluen arabera zehaztuko dira.

Kargu horiei legeak esleitutako eginkizun publikoez gain, Batzarrak eskurantza gehiago esleitu ahalko dizkie, beharrezkotzat jotzen baditu elkartutako toki entitatearen funtzionamendu egokirako.

31. artikulua. Atalak.

Atalek funtzionatzeko autonomia izan ahalko dute, baita beren baliabideak, langile-plantillak barne, erabiltzeko ahalmen eta titulartasun osoa ere, beren sorrerako xedeak behar bezala bete ahal izateko.

Atal batean parte hartu nahi duten toki entitate guztiek atal horretan sartzeko erabakia hartu behar dute, eta aldez aurretik izan behar dute Mankomunitateko kide.

32. artikulua. Atalak eratzeko erregelamenduak onesten edo aldatzen direnean Mankomunitateko organoek atalen esku utzi ahal izanen dituzte beren eskurantzetako batzuk, betiere antolamendu juridikoari jarraituz.

Mankomunitateak zuzenean kudeatuko ditu ezein atalen ardurapean ez dauden zerbitzuak, baita Batzarrak, atal batentzat baino gehiagorentzat erabilgarriak izateagatik, zehazten dituen zerbitzuak ere.

VII. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

33. artikulua. Mankomunitatearen eta haren atalen baliabide ekonomikoak ondokoak izanen dira:

a) Ondarea, hau da, Mankomunitatearen xedeak betetzeko orain eta gero beharrezkoak diren eskubide eta ondasun materialak. Ondare horrek bi osagai ditu: batetik, Mankomunitateko entitateek eta beste administrazio publiko batzuek atxikitako eskubide eta ondasun materialak, beren gain edo eskuordetuta dituzten zerbitzuak ematekoak, alegia, eta bestetik, Mankomunitatearenak diren edo eskuratzen dituen gainerako ondasunak.

Mankomunitatearen ondasunen araubide juridikoa toki araubideari buruzko legerian ezarritakoa izanen da.

Hauek izan daitezke haren diru sarreren iturriak:

b) Erakunde publikoek zein pribatuek eta norbanakoek ematen dizkioten diru-laguntzak, sorospenak eta emariak.

c) Ondasun edo zerbitzuen errentak, etekinak eta prezioak.

d) Kontribuzio bereziak, obrak egiteko edo Mankomunitatearen eskumeneko zerbitzuak ezarri, handitu nahiz hobetzeko.

e) Bere helburuak betetzeko asmoarekin hitzartzen dituen kreditu-eragiketen eta maileguen ondoriozko baliabideak.

f) Mankomunitateko toki entitateen ekarpenak.

g) Indarra duen araudiarekin bat, Mankomunitatean bertan ezar daitezkeen edo legez dagozkion ordainarazpenen etekina.

h) Beste entitate batzuei, mankomunitateak barne, egokitu arren, eskuordetze hitzarmenen bidez bere gain dituen ordainarazpenen etekina.

i) Beste edozein, indarra duen araudiak bidezko edo beharrezko egiten badu Mankomunitateak hura ordainaraztea.

j) Erakunde mankomunatuei estatutu hauen 4. artikuluan aipatutako eskumenen eremuan emandako zerbitzuen kontraprestazioak.

34. artikulua. Mankomunitatearen administrazioaren funtzionamendu gastuak ordaintzeko, aurreko artikuluan aipatutako diru sarreretatik edozein erabiliko da.

35. artikulua. Mankomunitateak bere ondare osoaren inbentarioa egin behar du, osagai bakoitzaren balioa ezarrita; inbentarioa urtero zuzenduko da eta Batzarra berritzen den guztietan egiaztatuko da.

36. artikulua. Mankomunitateak eta haren atal berariazkoek baliabideak lortu eta aplikatzeko, besteak beste, honako irizpide hauei jarraituko diete:

I.-Mankomunitateak bere zerbitzuengatik ordainarazten dituen tarifak eta horien tarifikazio-arauak ez dira aldatuko udalerri batetik bestera. Udalerri guztietan berberak aplikatuko dira.

II.-Zerbitzu batek sortzen dituen baliabideak, edo harentzat lortzen diren diru-laguntzak, kuotak, kredituak, tarifen prezioak nahiz diru sarrerak, zerbitzu berari aplikatuko zaizkio.

III.-Mankomunitateko herrien artean ez da inoiz ere mozkinik banatuko. Ekarpenak gutxiago igotzeko edo jaisteko, edo aplikazio berrietarako erreserba funtsak eratzeko erabiliko dira mozkinak.

37. artikulua.

1. Mankomunitatearen eta haren atal berariazkoen aurrekontuak eta kontuak Nafarroako udalei aplikatu beharreko legezko edo erregelamenduzko arauekin bat etorriko dira, bai egituraren aldetik, bai prestatu eta onesteko prozeduraren aldetik.

2. Batetik instalazio orokorren kudeaketa ekonomikoa eta bestetik, halakorik bada, tokiko zerbitzu mankomunatuena bereiziko dira, bai aurrekontuetan bai kontabilitate-kontrolean.

38. artikulua.

1. Mankomunitateko korporazioak, bakoitza bere biztanle kopuruaren araberako proportzioan (hots, udal hauteskundeetarako errolda eratzen den egunean bakoitzak duen biztanle kopuruaren arabera), Mankomunitatearen edo haren atal berariazkoen betebehar eta zorren erantzule izanen dira, eta beren ondasun eta baliabideekin bermatuko dituzte, Mankomunitatearenak aski ez badira.

2. Atalen batek edo zerbitzuren baten funtzionamenduak sortutako betebehar eta zorrak atal horretan sartuta dauden edo zerbitzu hori jasotzen duten toki entitateei bakarrik jasanaraziko zaizkie, aurreko idatz-zatian adierazitako proportzioan.

Mankomunitateko udalek Mankomunitateari egin behar dizkioten ekarpenak kalkulatzeko, udalek adierazi behar dute kudeaketa mankomunatuko zein zerbitzuri atxikiko zaizkien; horrez gainera, bidezkoa denean, gastu orokorrak finantzatzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekarpenak ere egin beharko dituzte, zerbitzu bakoitzak sorrarazten dituen gastuen araberako proportzioan.

3. Ur hornidurako zerbitzuari dagozkion betebehar eta zorrak nola banatu zehazteko, zerbitzu hori jasotzen duten udalerrietako bakoitzak urtean zenbat ur kontsumitzen duen hartuko da kontuan.

4. Udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, dagozkien transferentzietatik ken ditzan Mankomunitateari edo haren atal berariazkoei edozein kontzepturengatik zor dizkioten diru kopuruak, horiek Mankomunitateari ordaintzeko. Funtsak kudeatzen edo gordetzen dizkieten entitate publiko nahiz pribatuei ere, baimena ematen diete ordezko ordainketa hori egiteko.

VIII. KAPITULUA

Ur hornidurako zerbitzua

39. artikulua. Ur hornidurako zerbitzuak beti bermatuko die erabiltzaile guztiei ur hornidurarako eskubidea, honako printzipio hauekin bat:

-Kudeaketaren eragimena, eraginkortasuna eta arrazionaltasuna.

-Zerbitzua jasotzeko eskubideen berdintasuna. Zilegi izanen da desberdintasunak ezartzea, uraren erabilera edo xedea kontuan hartuta, irizpide objektiboei jarraituz.

-Erabiltzaile guztien berdintasuna, zerbitzua jasotzeko baldintzei dagokienez.

-Erabiltzaile guztien berdintasuna, zerbitzuaren kostua ordainarazteko irizpide eta kalkulu-sistemei dagokienez.

-Erabiltzaile guztien berdintasuna, zerbitzua ordaintzeko betebeharrari dagokionez.

Ur hornidurako zerbitzua printzipio horiei jarraituz ematea Mankomunitate honen helburutzat jotzen da. Beraz, lehendakariak, Batzar Orokorrak eta/edo Batzorde Iraunkorrak printzipio horien kontra hartzen dituzten erabakiak baliogabeak izanen dira.

Artikulu hau aldatu ahal izateko, Mankomunitateko kide eta ur hornidurako zerbitzuaren onuradun diren udalek aho batez onartu beharko dute aldaketa.

IX. KAPITULUA

Hirigintzako kudeaketa

40. artikulua. Urbanizazio eta eraikuntza berriei ez zaie zerbitzu edo hornidurarik emanen hirigintzan eskumena duten erakundeek aldez aurretik baimena ematen ez badiete.

Horri dagokionez, hirigintzako edukia duten agiriei, obra lizentzien, jarduera lizentzien, lehen aldiz erabiltzeko lizentzien eta irekitzeko lizentzien espedienteei eta, oro har, ur hargunerako eta hornidurarako baimena berekin dakarten beste guztiei, Mankomunitateko zerbitzu teknikoek aldeko txostena egin beharko diete, ur hornidurako zerbitzua jasotzen duten udalek behin betiko onespena eman baino lehen.

X. KAPITULUA

Kide gehiago onartzea

41. artikulua. Mankomunitateari atxiki ahalko zaizkio hala eskatzen duten udalak, baina, onarpenerako baldintza gisa, indarra duen legeria, arrazionaltasun eta ekitate printzipioak eta Nafarroako Gobernuak onetsitako inbertsio planen, plan sektorialen eta plan zuzentzaileen arauak bete beharko dituzte.

Mankomunitatearen xede edo zerbitzu bakar baterako, haietako batzuetarako edo guztietarako eskatu ahalko da atxikipena, betiere obra eta/edo zerbitzuak elkarren independenteak badira haien organo teknikoei eta finantza organoei erreparatuta.

Udal bat ur hornidurako zerbitzurako atxikitzen bazaio Mankomunitateari, bere herria hornitzeko behar adinako ur emarien kontzesioa egin beharko dio.

Ildo horretan, Mankomunitateari atxikitzeko eskatzen duten udalek ur hornidurako zerbitzua jaso dezaten, baldintza hauek bete beharko dira: Nafarroako Gobernuak onetsitako inbertsio planetan, plan sektorialetan eta plan zuzentzaileetan ezarritakoa betetzea, eta zerbitzu horrek behar dituen azpiegitura guztiak kanpoan finantzatzea.

42. artikulua. Aurreko artikuluan adierazitakoaz gain, Mankomunitateak edozein udal onartu ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:

-Mankomunitatearen organo gorenak (Batzar Orokorra) erabaki beharko du onarpena.

-Aldez aurretik Mankomunitateko zerbitzu teknikoek txosten tekniko eta ekonomikoa eginen dute. Bertan aztertuko da ea komeni den udal berri hori onartzea, eta Mankomunitatean lehendik dauden udalei zer nolako ondorioak ekartzen ahal dizkien onarpen horrek.

-Mankomunitateak, aldez aurreko txosten horretan, udal berriak egin beharko duen ekarpen ekonomikoaren zenbatekoa ere ezarriko du, honela:

  • Hasierako zenbatekoa ezarriko da: udal horrek, bakarka arituko balitz, hornidura berriagatik ordaindu beharko lukeen benetako kostua. Benetako kostu hori kalkulatzean ez dira kontuan hartuko Nafarroako Gobernuak onetsitako inbertsio planen, plan sektorialen eta plan zuzentzaileen kargura udal berriak eskuratuko lituzkeen laguntzak.
  • Zenbateko hori gorantz edo beherantz aldatu ahal izanen da, %15 gehienez ere, ondoko faktoreen arabera:
  • Mankomunitatearen ondare-indizea Mankomunitatearen eremuko biztanle bakoitzeko, bider udalerri berriko biztanle eskubidedunen kopurua.

-Ur hornidurako zerbitzuaren kasuan, goian adierazitakoez gainera, udalerri berriko kontagailuen kopurua, eta benetako ur kontsumoari buruzko bertako datuak.

-Udal berriak, halaber, ekarpen ekonomikoa egin beharko du, hura onartzeak Mankomunitateari eragiten dizkion gastu berezien ordainean.

-Mankomunitateko organo gorenaren onarpen-erabakian, behar izanez gero, ordainketa geroratzeko bideak ezarri ahalko dira, baita onarpenerako baldintzak ere.

43. artikulua. Honako prozedura honi jarraituko zaio Mankomunitatean udal gehiago onartzeko:

-Batzar Orokorrak hasierako onespena ematea, batzarkide eskubidedunen %50ek, gutxienez, aldeko botoa emanda.

-Jendaurreko aldia, hamabost egun baliodunekoa.

-Epe hori amaitutakoan, erreklamaziorik ez badago, onarpena behin betikoa izanen da. Bestela, alegazioak badaude, Batzar Orokorrak haiek osorik edo partez baiestea edo ezestea erabakiko du, arestian esandako gehiengoaren botoekin, eta, bidezkoa bada, behin betiko onarpen-erabakia hartuko du.

-Nolanahi ere, behin betiko onarpena eman ahal izan dadin, udal berriari Mankomunitatean sartzeko ezarritako baldintzak benetan bete beharko dira.

Kideak Mankomunitatetik irten edo bereiztea

44. artikulua. Mankomunitateko kide den edozein udal harengandik bereizi ahal izanen da, eta horrek ez dio Mankomunitateari ekarriko ez eskubide ekonomikorik ez inolako ordainik.

XI. KAPITULUA

Indarraldia eta desegitea

45. artikulua. Mankomunitateak mugagabeko indarraldia izanen du.

46. artikulua. Mankomunitatea erabat edo partzialki desegiteko arrazoiak Mankomunitateari aplikatu beharreko Toki Araubideko legerian ezarritakoak izanen dira. Mankomunitatean dagoen entitate bati Mankomunitatetik bereizteko eskaera onartu ahal izateko, bermatu egin beharko du bere esparruko zerbitzuak behar bezala eman ahalko dituela, bereiztearekin Mankomunitatearen interes orokorrei ez diela kalterik eginen eta azken horrek zerbitzua ematen segitzeko aukera izanen duela. Mankomunitateko Batzarrak kide baten bereizketari buruz hartzen duen erabakiak horren ondorioak beharko ditu, ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.

Azken xedapenetan lehenbizikoa.-Ultzanueta Zerbitzu Mankomunitatearen estatutu hauek indarra hartuko dute haien testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Estatuko Administrazio Orokorrak Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien aurka egiteko duten epea iragandakoan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Ultzanueta Zerbitzu Mankomunitatearen estatutu hauek beti egokitu beharko zaizkie toki entitateak arautzen dituzten lege eta erregelamenduei, bai Foru Komunitatekoei bai Estatukoei.

I. ERANSKINA

Ultzanueta Zerbitzu Mankomunitatea osatzen duten udalerriak

Ultzama, bere baitan kontzeju hauek dituena: Gorrontz-Olano, Urritzola-Galain, Gerendiain, Eltso, Zenotz, Lizaso, Larraintzar, Auza, Iraizotz, Alkotz, Arraitz-Orkin, Eltzaburu, Suarbe eta Ilarregi.

Anue, bere baitan kontzeju hauek dituena: Burutain, Etsain, Etulain, Olague, Aritzu, Egozkue eta Leazkue.

Odieta, bere baitan kontzeju hauek dituena: Ostitz, Ziaurritz, Anotzibar, Erripa, Gendulain, Latasa, Gaskue eta Gelbentzu.

Larraintzarren (Ultzama Ibarra), 2011ko martxoaren 30ean.

Iragarkiaren kodea: L1106433