231. ALDIZKARIA - 2011ko azaroaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

117/2011 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, norbanakoaren osasun txartela arautzen duen Osasuneko kontseilariaren 1991ko urriaren 31ko Foru Agindua aldatzen duena.

Estatuko Osasun Sistemaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak 57. artikuluan ezartzen du herritarrek norbanakoaren osasun txartelaren bidez eskuratuko dituztela Estatuko Osasun Sistemak osasun arretarako eskaintzen dituen prestazioak, txartel hori izanik titularraren zenbait datu egiaztatzen dituen agiri administratiboa. Txartelek oinarrizko datuak jaso beharko dituzte, hau da, txartelaren titularra identifikatzen dutenak, farmazia prestazioari buruz zer eskubide dagozkion eta zein osasun zerbitzu edo entitate den osasun arretaren erantzulea.

Urtarrilaren 30eko 183/2004 Errege Dekretuak osasun txartela arautzen du. Errege dekretu horrek autonomia erkidegoei esleitzen die euskarri informatikoa duen norbanakoaren osasun txartela emateko eginkizuna, bere esparruan bizi eta osasun laguntza publikorako eskubidea onartuta dutenei. Hauek dira txarteletako oinarrizko datuak: zein administraziok igortzen duen, titularraren izen-deiturak, norberaren identifikazio kodea, farmazia prestazioaren modalitatea eta Estatuko Osasun Sistema osoan balioa duela jakinarazten duen idazkuna.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak Nafarroako edozein udalerritan bizi diren herritarrei onartzen die osasun laguntza publikoa, berdintasun baldintzetan. Orobat, osasun laguntza publikoaren babespeko herritarrei mediku orokorra, pediatra -15 urte bete arte-, tokoginekologoa eta psikiatra, beren bizilekuko Osasun Barrutian zerbitzuak ematen dituztenen artetik, libreki aukeratzeko eskubidea onartzen die. Gainera, laugarren xedapen gehigarrian ezartzen du Nafarroako Osasun Zerbitzuak zabalduko duela osasun laguntza publikoa Nafarroako udalerrietan bizi diren herritar guztientzat, norbanakoaren osasun txartela pixkanaka banatuta, haiek osasun prestazioetarako eskubidea dutela frogatu ondoren.

Bestetik, otsailaren 21eko 71/1991 Foru Dekretuak, Foru Komunitatearen esparruko osasun laguntza publikoaren unibertsalizazioari buruzkoak, ezartzen duenez, Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen duen norberarendako osasun txartelaren bidez frogatuko da osasun laguntza publikorako eskubidea.

Osasuneko kontseilariaren 1991ko urriaren 31ko Foru Aginduaren bidez, norberarendako osasun txartela arautu zen Nafarroan. Txartela eman eta hiru urteren buruan iraungiko dela dio 4. artikuluak.

Horrenbestez, osasun txartela da herritar bakoitzari, indibidualki eta berdintasun baldintzetan, osasun laguntza publikoa baduela erakusten duen agiria. Herritar bakoitzaren identifikazioa zalantzarik gabea da; izan ere, norberaren identifikazio kodea esleitzen da.

Osasun Txartelaren Informazio Sistema oinarrizko osasun laguntzaren antolaketaren egitura osatzen duten entitate guztien datuak erregistratu eta kodetzen dituen informazio sistema da, eta herritar bakoitzari dago lotua, eta haren bidez egiaztatzen ahal da Nafarroako osasun txartelaren jabe diren herritarrek badutela osasun publikoaren laguntzarako eskubidea Nafarroako Foru Komunitatean.

Gaur egun, Nafarroan ematen den norbanakoaren osasun txartelak, 1991ko urriaren 31ko Foru Aginduan aurreikusitakoaren arabera, araudiak oinarrizkotzat jotako datuez gain, txartelaren iraungitze data eta zein medikuri dagoen atxikita dioen etiketa eransgarria ditu.

Era horretan, iraungi baino lehen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak txartel berria estanpatu eta igortzen dio osasun laguntzareko eskubidea izaten jarraitzen duen herritar bakoitzari. Gainera, txartelari atxikita dagoen osasun arloko profesionalari buruzko aldaketaren bat gertatzen den aldiro, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak etiketa eransgarri bat igortzen die dagokien herritarrei, posta bidez, aurrekoaren ordez jartzeko.

Gaur egun, informazioaren teknologiaren aurrerapenak osasun zentroak, ospitaleak, larrialdiko unitateak, etab., informatizatzea ekarri duenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aplikagarriak Osasun Txartelaren Informazio Sisteman integratzeari esker, informatika bidez egiazta daiteke osasun laguntza publikorako eskubidea, osasun txartela indarrean dagoela egiaztatuz gero, zein den ere euskarri fisikoan adierazita duen iraungitze eguna.

Beraz, komunikazio sistemak etengabe hobetzen ari diren gizarte honetan, non administrazioaren bizkortzea eta jarduketen eraginkortasun eta eragimena bilatzen baitira, ez da beharrezkotzat jotzen osasun txartel berriak egitea iraungita direnak berritzeko, ezta etiketa eransgarriak prestatzea ere, norbanakoaren osasun txartelak atxikita duen osasun arloko profesionalari buruzko informazioa jasotzeko. Neurri honek gastu publiko txikiagoa ekarriko du, eta hobekuntza bat herritarrarentzat, ez duelako kezkatu beharko txartelaren mugaegunaz eta etiketa berriak eransteaz; orobat, ingurumenaren iraunkortasunari lotutako neurria da, ez delako plastiko eta paperik erabiliko ematen den zerbitzuak aurrera jarraitzeko.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.b) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Norbanakoaren osasun txartela arautzen duen Osasuneko kontseilariaren 1991ko urriaren 31ko Foru Aginduko aldaketa.

1. Kendu egiten da iraungitzeari buruzko aipamena 2. artikulutik, norbanakoaren osasun txartelak jaso beharreko datua baitzen.

2. 3. artikulua aldatu eta honela geldituko da:

"3. artikulua.

1. Norbanakoaren Osasun Txartelaren atzealdean, informazio hau inprimatuko da termikoki: norberaren Nafarroako identifikazio kodea, atxikitako medikuaren izen-deiturak, eraizaintzako langileen izen-deiturak, oinarrizko osasun laguntzako zentroaren helbidea, hitzorduko, larrialdietako eta arreta pertsonalizatuko telefonoak eta web helbidea, hitzordua Internet bidez hartzeko.

2. Txartela igorri ondoren, aurreko atalean aipatu informazioan aldaketarik izanez gero, ez zaie haien berri emanen herritarrei, ezta etiketa eransgarririk igorriko ere, baina Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak datua eguneratuko du behar diren sistema informatikoetan, eta herritarrak edozein unetan kontsultatzen ahalko ditu indarrean dauden datuak."

3. Kendu egin da 4. artikulua.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

1. Artikulu bakarreko 1. eta 3. puntuetako aldaketek 2012ko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra.

2. Artikulu bakarreko 2. puntuko aldaketak foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzearekin batean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko urriaren 20an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1117541