1. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2311/2010 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, toki entitateei, erakundeei, fundazioei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2011. urtean diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena, prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako.

2011ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuak kreditu-lerro batzuk ezarri ditu, helburu nagusitzat osasuna zaindu eta sustatzea duten jarduerak finantzatzeko.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean dago ezarria. Arau horrek xedatzen duenez, diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko ditu, eta horiek argitaratu beharko dira, deialdiaren xedeko egoeran daudenek eskuratu ahal izateko.

11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da toki entitateek eta bestelako erakunde, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek berariazko ekintzak egin ditzatela, autolaguntza taldeak sortzen eta abiarazten dituztenak, bai eta herritarren partaidetzaren arabera prebentzioa eta osasuna sustatzeko programak garatzen dituzten ekintzak ere, Osasun Departamentuak osasun politikarako orotariko esparruan sustatzen dituen jarraibideekin bat, eta bereziki Osasun Planean aipatzen diren helburuekin bat datozenak.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, diru-laguntzen egokitasuna eta haien onura publikoa eta deialdiaren eta haren oinarri arautzaileen legezkotasuna.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2011n prebentzioa eta osasuna sustatzeko programak, Osasun Departamentuaren eta haren erakunde autonomoen jarduerak osatzen dituztenak, egiteko diru-laguntzak emateko deialdia onestea, ebazpen honen eranskinean biltzen diren oinarriekin bat. Deialdia onesteko baldintza izanen da aurrekontuko diru-izendapena nahikoa izatea, 2011ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuarekin bat.

2. Guztira 2.010.974 euroko gastua baimentzea, 2011ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuan jarraian adierazten diren kontu-sail hauen zuzkidurarako aurreikusitakoa edo, hori aldatzen bada, kontu-sailak handitzearen edo txikitzearen ondorioz, 2011ko ekitaldirako Aurrekontuei buruzko Foru Legean agertzen den diru-kopuruari dagokiona.

-"Osasun programetarako laguntzak" 51120 511002 4819 313900: 378.000 euro.

-''Droga-mendekotasunari aurre egiteko udal planetarako diru-laguntza'' 51000 500000 4609 311100: 606.190 euro.

-"Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako'' 51000 500000 4819 311100: 243.284 euro.

-"GKEekiko hitzarmenak (HIESa)" 51200 510000 4819 313900: 414.000 euro.

-"Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak" 51200 510000 4609 313900: 226.000 euro.

-"Gutxiengo etnikoen programetarako hitzarmenak" 51200 510000 4819 313903. 143.500 euro.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Osasun Laguntzaren Zerbitzura, Osasun Publikoaren Zerbitzura, Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Planaren Zuzendaritza Teknikora, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Bulegora eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Iruñean, 2010eko abenduaren 17an.-Osasuneko zuzendari nagusia, Isabel Martín Montaner.

ERANSKINA

Toki entitateei, erakundeei, fundazioei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2011. urtean diru-laguntzak emateko deialdiko oinarri arautzaileak, prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako

1. Diru-laguntzaren xedea:

Deialdi honen xedea da toki entitateei eta bestelako erakunde, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2011. urtean diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, prebentzioa eta osasuna sustatzeko programa eta jardueretarako, jarduketa esparru hauetan:

-"Osasun programetarako laguntzak", 511002 51120 4819 313900 kontu-sailaren kargura: lehendik zeuden osasun arazoei laguntza ematea oinarritzat duten proiektuak. Lerro honetan bertan sartuko dira podologia arloko programak.

-''Droga-mendekotasunari aurre egiteko udal planetarako diru-laguntzak'' 500000 51000 4609 311100 kontu-sailaren kargura: drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako udalerriek eta/edo mankomunitateek egindako programak.

-"Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako'' 500000 51000 4819 311100 kontu-sailaren kargura: drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako gobernuz kanpoko erakundeek eta antzekoek egindako programak.

-"GKEekiko hitzarmenak (HIESa)", 51200 510000 4819 313900 kontu-sailaren kargura: GIB-HIESaren bidezko infekzioarekin lotutako programa komunitarioak.

-"Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak" 51200 510000 4609 313900 kontu-sailaren kargura: prebentzio programak eta taldeko eta komunitateko osasuna sustatzeko programak, beren eskualdeko zerbitzu eta baliabideen laguntzarekin egindakoak, tabakoarenak barne eta droga-mendekotasunaren eta HIESaren prebentzioarekin lotutakoak kanpoan utzita, aurretik aipatutako kontu-sailen kargura eginen baitira.

-"Gutxiengo etnikoen programetarako hitzarmenak" 51200 510000 4819 313903 kontu-sailaren kargura: ijitoen gutxiengo etnikoentzako osasun bitartekaritzako programetara bideratuak.

2. Onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honen bidez ezartzen diren diru-laguntzen onuradunak izaten ahalko dira toki entitateak, erakundeak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak, Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen erregistroetan inskribaturik badaude eta 2011n Nafarroan prebentzioa eta osasuna sustatzeko ekintza edo programak burutzen badituzte, Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunekin bat datozenak.

Entitate publikoak ez diren eskatzaileek kitatuak izan beharko dituzte zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko zorrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak edo haren erakunde autonomoekikoak.

Halaber, ezin dira diru-laguntzen onuradun izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debekuetan egon.

Aipatutako betebehar horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.

3. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta laguntzen zenbatekoak.

3.1. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

-Jardueren, material suntsigarriaren eta entitate onuradunaren langileen gastuak, aurkezturiko proiektu edo programari lotuak badaude.

-Funtzionamenduko gastu orokorrak, gehienez ere diruz lagundutako kantitatearen %25era bitarte.

Salbuespenak:

-Eskuarki, langileen gastuak ez dira finantzatuko "Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak" izeneko 510000 51200 4609 313900 kontu-sailaren kargura dauden prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetan.

-HIESak jotako pertsonen harrerarako programetan, ez du aginduko funtzionamenduko gastuetarako ezarritako %25eko mugak.

-''Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako'' lerroaren konturako diru-laguntzak emateko ebazpenean zehaztuko da zenbat diru erabiltzen ahalko den alokairuak pagatzeko, elkarteek eta erakundeek diru-laguntzaren xedeko jarduera burutzeko lokal bat behar dutenean.

3.2. Zenbatekoak:

Laguntzen zanbatekoa 7. oinarrian ezarririko irizpideak baloratu ondoren lorturiko puntuazioen arabera eta, bidezkoa bada, Ebaluazio Batzordeak proportzioan gutxitzeko darabiltzan portzentajeen arabera zehaztuko da, oinarri horrek xedatu bezala.

3.3. Deialdi hau garatzeko aurreikusitako gehieneko aurrekontua 1. oinarrian zerrendatutako kontu-sailetan ezartzen dena da. Horiek 2011rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuan ageri diren zenbatekoak dira edo, aldatzen badira, kontu-sailak handitu edo txikitzearen ondorioz, 2011ko ekitaldirako Aurrekontuei buruzko Foru Legean ageri diren zenbatekoei dagokiena.

4. Eskaerak aurkeztea.

4.1. Aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2011ko otsailaren 4an (biak barne) bukatuko da.

Ondokoei buruzko diru-laguntza eskaerak:

"Osasun programetarako laguntzak"

'Droga-mendekotasunari aurre egiteko udal planetarako diru-laguntza''.

"Entitateentzako diru-laguntzak prebentzio komunitarioko programetarako''

Ahal dela, Osasun Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Amaia kalea, 2 A, Iruña).

Ondokoei buruzko diru-laguntza eskaerak:

"GKEekiko hitzarmenak (HIESa)".

"Prebentzioa eta osasuna sustatzeko programetarako hitzarmenak (tabakoarenak barne)".

"Gutxiengo etnikoen programetarako hitzarmenak".

Ahal dela, Osasun Publikoaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Leire kalea, 15, Iruña).

Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Erregistroaren beste edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izanen dira (horien zerrenda ageri da 2009ko 33. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 18an argitaratua) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako bideetako edozeinen bidez, barnean sartuta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoa (www.navarra.es web orrian dago eta sinadura elektronikoa eskatzen du).

Postetxeetan aurkezten diren eskabideei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztuko dira, lehen orrialdearen idazpuruan bulegoaren izena, data eta tokia adieraz daitezen. Datu horiek eskabidea igorri dela frogatzen duen gordekinean ere adierazi beharko dira.

Eskaerak epez kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Diru-laguntza eskatzeko inprimaki ofiziala, Osasun Departamentuan (Amaia kalea, 2 A, 31002-Iruña), Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuan (Leire kalea, 15, 31003-Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuratzen ahalko dena, behar bezala betea. Egin asmo den proiektu, ekintza edo programaren atal tekniko eta ekonomikoetarako bidezkoa den azalpena emanen da.

b) Diru-laguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen agiria (eskabidearen inprimaki ofizialean ageri dena) eta pertsona horren nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Eskatzailea inskribaturik dagoen Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen erregistroa adieraztea, bidezkoa bada.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia konpultsatua.

e) Entitate eskatzaileak pertsonaren bat kontrataturik badauka: ziurtagiria, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak luzatua, Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneraturik dauzkala frogatzen duena.

f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, haren administratzaileak eta ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira. Aitorpen hori eskabide ofizialarekin doan ereduarekin bat egiten ahalko da.

g) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

h) Diru-laguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 9. oinarrian xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak txosten bat aurkeztu beharko du, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla frogatzen duena.

i) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, xede bererako jasotako beste diru-laguntza batzuei buruzkoa. Beste inolako diru-laguntzarik jaso ez bada ere, aitorpen hori aurkeztuko da, hala dela adieraziz. Aitorpen hori eskabide ofizialarekin doan ereduarekin bat egiten ahalko da.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta g) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri direneko espedientea edo deialdia adierazten badute eta aurkeztu zirenez geroztik aldaketarik gertatu ez bada.

Entitate publikoek ez dituzte c), d), e), f) eta g) letretan aipatzen diren agiriak aurkeztu behar.

Eskatzaile bakoitzak gehienez ere lau programa aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, toki entitateek salbu.

4.3. Eskaeretako akatsak zuzentzea.

Eskaerak beharkizunak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19. artikuluko 3. idatz-zatian xedatu bezala.

5. Prozedura tramitatu eta ebazteko organo eskudunak eta ebazpena emateko gehieneko epea.

Deialdi honen instrukzioa unitate hauei dagokie, baloratu beharreko interes arloaren arabera:

-Lehendik zeuden osasun arazoei laguntza ematea oinarritzat duten proiektuak eta podologia arloko programak: Osasun Departamentuko Organo Transplanteen eta Elkarteen Koordinaziorako Atalari.

-Drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako udalerriek eta/edo mankomunitateek egindako programak: Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Planaren Zuzendaritza Teknikoari.

-Drogen kontsumoak dituen ondorioen prebentzio komunitariorako gobernuz kanpoko erakundeek eta antzekoek egindako programak: Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Planaren Zuzendaritza Teknikoari.

-GIB-HIESaren bidezko infekzioarekin lotutako programa komunitarioak: Osasun Publikoaren Institutuko Osasuna Sustatzeko Atalari.

-Prebentzio programak eta taldeko eta komunitateko osasuna sustatzeko programak, beren eskualdeko zerbitzu eta baliabideen laguntzarekin egindakoak, tabakoarenak barne eta droga-mendekotasunaren eta HIESaren prebentzioarekin lotutakoak kanpoan utzita: Osasun Publikoaren Institutuko Osasuna Sustatzeko Atalari.

-Ijitoen gutxiengo etnikoentzako osasun bitartekaritzako programak: Osasun Publikoaren Institutuko Osasuna Sustatzeko Atalari.

Aipatu diren instrukzio unitateek egiaztatuko dute eskatzaileek betetzen dituztela diru-laguntza lortzeko betebeharrak. Osasun Laguntzaren Zerbitzuak unitate guztien instrukzioa koordinatu eta prozeduraren gainean ebazteko proposamena aurkeztuko du, txostenak gainbegiratu ondoren, Ebaluazio Batzordeak luzatzen duen irizpenarekin bat.

Osasun Zuzendaritza Nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere 6 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei. Epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

6. Eskaerak ebaluatzeko kide anitzeko organoa.

Ebaluazio Batzorde bat osatuko da, ondoko kideak izanen dituena:

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria, lehendakari lanetan arituko dena.

-Gizarte eta Osasun Laguntzako Foru Planeko zuzendaria.

-Droga-mendekotasunaren aurkako Foru Planaren Zuzendaritza Teknikoko 2 kide, bertako zuzendariak izendatuak.

-Osasun Publikoaren Institutuko 4 kide, bertako zuzendariak izendatuak.

-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kide bat, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak izendatua.

-Osasun Laguntzaren Zerbitzuko 2 kide, bertako zuzendariak izendatuak. Horietariko bat idazkari lanetan arituko da.

Ebaluazio Batzordeak aurkezturiko eskaerak baloratu eta diru-laguntzak eman eta, bidezkoa bada, ukatzeko proposamena aurkeztuko du, eskatzaileek diru-laguntza lortzeko behar diren betebeharrak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, instrukzio unitate bakoitzak luzaturiko txostenarekin bat. Horrek lehen balorazio bat eginen du, ez loteslea, 7. oinarrian aipatzen diren irizpide eta puntuazioak erabiliz.

Ebaluazio Batzordeak proiektuak ebaluatu eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu eta horiek azaltzen dituzten agiriak eskuratzen ahalko ditu.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7. Diru-laguntzak emateko prozedura eta baloratzeko arau orokorrak:

7.1. Deialdian aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak alderatuta, horien artean lehentasunak ezartzeko, 7.3 puntuan ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz. Beharrezkoa bada, diru-laguntzetara bideratutako kontu-sailen gehieneko zenbatekoak gutxieneko puntuazioa gainditzen duten onuradunen artean hainbanatuko dira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

7.2. Programak edo jarduerak elkarrengandik bereiziz puntuatuko dira arlo bakoitzerako, lortu nahi diren helburuetara begira. Arlo bakoitzari hori finantzatzeko dagoen aurrekontuko kontu-saila dagokio.

Gutxieneko puntuazio bat eskatuko da, eta horretara heldu ezean, ez da diru-laguntzarik emanen.

Proiektu edo programa bakoitzean aurreikusiriko kostu ekonomikoak ebaluatuko dira. Aurreikusitako gastuak merkatuko prezioekiko goitituak daudela edo deialdi honen esparrukoak ez diren jarduerak dituztela ikusiz gero, proiektuaren beste balorazio bat eginen da. Orotariko arau gisa, ezarririk egonez gero, Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifak baino kostu handiagoak ez dira finantzatuko.

7.3. Balorazioan irizpide hauek erabiliko dira:

7.3.1. Aurkezturiko programaren egokitasuna eta/edo osagarritasuna Osasun Departamentuaren lehentasunezko arlo eta helburuekiko eta Osasun Barruti edo Eskualdean garaturiko beste programekiko integrazioa: 25 puntu gehienez.

7.3.2. Aurkezturiko proiektuaren kalitatea, xede den populazioaren egoeraren, beharren eta parte-hartzearen azterketa eta justifikazioa, haren prestaketaren diseinua eta zehaztasuna (xede-populazioa, helburuak, metodologia, aurrekontua eta autoebaluazioa), lortzen ahal den eraginkortasun eta eragimen maila (bideragarritasuna): 40 puntu gehienez.

7.3.3. Programa aurrera eramateko entitatearen egokitasun maila. Azpiegitura: egoera finantzarioa, baliabideen optimazioa, entitatearen esku-hartzea, boluntarioak eta proiektu bera edo antzekoak burutu baino lehen lorturiko emaitzak baloratuko dira, bai eta Foru Komunitateko zerbitzu eta entitateekin egindako elkarlana ere: 35 puntu gehienez.

Proiektuak laguntza jaso dezakeela erabakiko da baldin eta proiektu horrek, gutxienez, 30 puntu lortzen baditu. Horietarik 15 gutxienez 7.3.2 atalean lortu beharko dira.

Podologiarako diru-laguntzen kasuan, oinarrizko programak -entitate guztientzako berdina da- 30 puntu izanen ditu hasiera batean. Gainera, biztanleriaren tamaina, txikienak eta biztanleria sakabanatuena dutenak lehenetsiz, eta entitate eskatzaileak aurreko ekitaldian egindako jarduera ebaluatuko dira. Laguntza banatzeko erreferentziatzat hartuko da entitatearen kide kopurua eta lortutako puntuazioa. Udalen kasuan, aintzat hartuko da eskualdeko 65 urtetik gorako biztanleria. Podologiarako diru-laguntzak ez dira 5.000 eurotik gorakoak izanen, ez eta 150 eurotik beherakoak ere, eta zenbateko osoa ezin izanen da autolaguntza programetara eta osasun arazoetarako laguntza programetara zuzendutako kontu-sail osoaren %12 baino handiagoa izan.

Proiektuak ebaluatu ondoren, aurrekontu lerroen arabera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat, lorturiko puntuen adinakoa, aplikatuta, baldin eta gutxienekoa gainditzen bada. Horrela, lorturiko zenbatekoen batura aurrekontuetan dagoen diru erabilgarria baino gehiago bada, diru-laguntzak proportzioan gutxituko dira, aurrekontuetan aurreikusiriko diru-kopurua bete arte.

8. Onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

-Diruz lagunduriko jarduerak eskabideetan adieraziriko baldintzetan eta, bidezkoa bada, diru-laguntza emateko ebazpenean egitea. Diruz lagunduriko jarduerak 2011n burutuko dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

-Osasun Departamentuari beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo diru-laguntza guztien gaineko erantzukizuneko aitorpena ematea. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, berdin-berdin adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Erantzukizuneko aitorpenaren eredua lor daiteke inprimaki ofiziala lortzeko bitarteko beren bidez.

-Eskuarki, informazio eta hedapen ekintza eta programetan, liburuxketan eta abarretan Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, bai eta jendaurreko edozein erakusketatan ere, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuarekin bat. Aldez aurretik, diru-laguntzaren kontzesioa tramitatu duen instrukzio unitateari logotipoa erabili dela jakinarazi beharko zaio.

-Jarduera burutzen ari dela, instrukzio unitateari gertatzen diren aldaketa guztiak jakinaraztea, diru-laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzetan.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituen entitateak zilegi izanen du diruz lagundutako programaren edukia xeheki aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programaren garapena eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak azalduz gero. Instrukzio unitateak baloratu eta onetsi beharko du eskabide hori.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gaineko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi; betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

-Droga-mendekotasunari aurka egiteko eta prebentzio komunitariorako udal planetako programak aurrera eramateko toki entitateei langileei pagatzeko ematen zaizkien diru-laguntzek entitate hori behartzen dute diru-laguntzaren adinako kopurua jartzera.

-Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako eginbeharrak egin beharko dituzte.

9. Diru-laguntzaren ordainketa.

9.1. Ordainketa aurreratua:

15.000 eurotik beherako diru-laguntza lortu duten onuradunei, diru-laguntza ordainketa bakar batean pagatuko zaie, aurreraturik. Halaber, 15.000 eurotik gorako diru-laguntzak aurreraturik pagatuko dira entitate eskatzaileak eskatzen badu, eskabidearekin batera, txostena aurkezturik, diru-laguntzaren helburuak lortzeko funts likidoak behar dituela frogatzen badu.

Aurrerakin horren ordainketa onartutako betebeharrei aurre egiteko aurreikusirik dauden funts likidoen egoeraren mende egonen da. Hortaz, aurrerakina Ekonomia eta Ogasun Departamentuak espresuki baimendu beharko du.

60.000 euroko edo hortik gorako diru-laguntzak izanez gero, diru-laguntza zatika pagatuko da, zenbateko txikiagoetan. Ordainketa aurreratu bakoitza aurrekoa justifikatu ondoren eginen da, 2011n, diru-laguntza emateko ebazpenean xedatzen denaren arabera.

Onetsiriko kopuruak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezartzen diren bermeekin pagatuko dira, diru-laguntzen aurrerakinen kasuetan.

9.2. Gastu justifikatuaren ordainketak.

Gainerako kasuetan, ordainketa hiru hilean behin egiten ahalko da, gastuak eta egindako jarduera aldez aurretik justifikatuta, 10.1 puntuan adierazten den moduan.

10. Justifikazioa.

10.1. Ordainketak hiru hilean behin egiten direnean, onuradunek aldez aurretik aurkeztu beharko dute ordura arte izandako gastu eta ordainketen justifikazioa, justifikatutako aldian egindako jardueraren bitarteko txostenarekin batera. Bitarteko txosten horiek aurkezturik ere, programaren memoriak osorik aurkeztu beharko dira horiek bukatzean.

Fakturak zerrenda zenbakidun eta kontzeptuen arabera sailkatuarekin batera aurkeztuko dira, Fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoari jarraituz.

10.2. 2012ko urtarrilaren 10ean amaituko da Memoria Teknikoa eta Ekonomikoa eta justifikazio ekonomikoak aurkezteko epea onuradun guztientzat, ordainketa aurreratua jaso zutenentzat nahiz hiru hilean jaso zutenentzat, aldez aurretik justifikatuta.

10.3. Diruz lagunduriko programa edo jarduera egin eta helburua lortu dela frogatzeko memoria teknikoak, ahal dela, eredu ofizialean aurkeztu beharko dira, Osasun Departamentuko Erregistroan.

Behar den justifikazio ekonomikoa diruz lagunduriko jarduerei dagozkien fakturak, jatorrizkoa eta fotokopia, aurkeztuz eginen da, 2011ko abenduaren 31 baino lehenagoko gastuetarako. Ordainketa zatituetan eginiko abonuak justifikatzeko aurkezturiko fakturak ez dira berriro aurkeztu beharko.

Fakturak zerrenda zenbakidun eta kontzeptuen arabera sailkatuarekin batera aurkeztuko dira, Fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedaturikoari jarraituz.

Diru-laguntzaren xedeko zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek eman badituzte, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat. Toki entitateek ez dute ziurtapen hori aurkeztu beharrik.

10.4. Udalek kobraturiko diru-laguntzaren erabilera memoria eta gastua diruz lagunduriko jarduerarako behar bezala erabili dela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztuz justifikatzen ahalko dute, Udaleko idazkariak sinatua, udaleko kontu-hartzailearen oniritziarekin, horrelakorik baldin bada.

11. Azpikontratazioa

Onuradunak diru-laguntzaren xedeko jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, jardueraren zenbatekoaren %30era bitarte gehienez. Muga horrek ez du indarrik izanen toki entitateentzat.

Azpikontratazioaren aurreikuspena nahitaez zehaztu beharko da aurkezten diren proiektuetan, xehetasunez.

Diru-laguntzaren xedeko jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horien kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Diru-laguntzaren xedeko zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen dituztenean, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat. Toki entitateek ez dute ziurtapen hori aurkeztu beharrik.

Hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa kontratua idatziz sinatu beharraren mende egonen da. Halaber, azpikontratazioak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak izanen ditu.

Kontratistek soilik onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, eta Administrazioaren aurrean onuradunak izanen du diruz lagundutako jarduera betetzearen erantzukizun osoa.

12. Bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek bateragarriak izanen dira bestelako diru-laguntza edo laguntzekin, salbu xede bererako Osasun Departamentuak emandako beste laguntza batzuekin. Programa edota jarduera bererako bi diru-laguntzaren edo gehiagoren bidez emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere haren kostu osoa baino handiagoa izanen.

13. Laguntza itzultzea.

13.1. Programa burutu ezik edo diru-laguntza emateko ezarririko baldintzak bete ezik, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdian berariaz aipatzen diren eginbeharrak egin ezik, harturiko zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak ordaintzeko eskatzea.

13.2. Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

13.3. Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

14. Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen den diru-laguntza hartzen duen entitatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen diru-laguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen da eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

Diru-laguntzen arloko zehapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedaturikoari jarraikiz ezarriko dira.

15. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaileotan ezartzen ez den orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren administrazio errekurtsoak.

-Deialdiaren, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 115. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 57. artikuluan xedaturikoarekin bat.

-Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

17. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Laguntzaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webgune ofizialean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.

Iragarkiaren kodea: F1021097