59. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

607/2010 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzaileari buruz. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da.

Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzentzailea Ingurumena Babesteko Esku-Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3 A eranskineko C.6 idatz-zatiaren barnean dago eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura bete behar du.

Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura hasteko helburuz, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2008ko uztailaren 30ean, Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzailearen proposamena aurkeztu zuen, aipatu foru legean aurreikusita dagoenaren arabera. 2008ko urriaren 27an, aurretiazko kontsulten tramiterako, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumen ondorioen azterlanaren eduki eta norainokoaren berri eman zuen.

2009ko azaroaren 11n Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzailea jaso zen, Ingurumen ondorioen azterlanarekin batera, azken hori aski zen ala ez adierazteko, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 33.2 artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera. 2009ko azaroaren 12an, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azterlana aski zela adierazteko txostena egin zuen. Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren azaroaren 24ko 103/09 Foru Aginduaren bidez, hogeita hamar eguneko epean jendaurrean jartzeko tramitea bete zen. Foru agindu hori 2009ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 4an. Jendaurreko epean 46 alegazio jaso ziren, horietako bat ere ez zela ingurumenari buruzkoa. Alegazioen ondorioz, Planaren proposamenen multzoan 20 jarduketa eta lau azterlan gehitu dira.

Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzaileak helburu nagusi hau betetzen du: espazio geografiko orekatua, segurua eta lehiakorra lortzea, bizilagunen gizarte ongizatean oinarritutako espazioa, tokiko sarea hobetuz, ardatz estrategikoak garatuz eta goragoko kategoria duten bideak eraikiz. Horrez gain, planaren beste helburu bat hain beharrezkoa den bide sarearen hobekuntza eta ingurumenaren errespetua bateratzea da.

Horretarako, egindako proposamena honako honetan datza: ingurumen alderdiak txertatzea erabakiak hartzeko lehenengo faseetatik hasita, hain zuzen ere fase horietan definitzen direla jarduketen multzoa nahiz jarduketa horien lehentasuna. Horrela, ingurumenaren babesik handiena lortu nahi da errepide-azpiegituren garapen iraunkorra sustatuz.

Planaren eta bere proposamenen azalpena.

Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzailearen barnean berrehun eta hogei jarduketak osatzen duten proposamena agertzen da, jarduketa horien artean jendaurreko informazio epean txertatu direnak agertzen direla. Jarduketa horiek honako gai hauei buruzkoak dira: Edukiera Handiko Sarea garatuz Nafarroako kanpoko konexioak hobetzea, Tokiko Sarea hobetuz lurralde oreka lortzen saiatzea, Iruñerriko Sarearen funtzionaltasuna handitzea eta dauden errepideak araudi berrietara egokitzea.

Aurkeztutako proposamenaren abiapuntua hasierako egoeraren azterketa eta diagnostikoan oinarritzen den metodologia da, Foru Komunitateak errepide bidezko komunikazioaren arloan dituen beharrizanak ezartzeko. Hasierako diagnostiko hori egiteko, Nafarroako Errepideen 2002-2008ko II. Planean egindako proposamen eta obren jarraipena egiten du. Jarraian, proposamen berriak ezartzeko erabakigarriak izanen diren ingurumen-inguruabarrak azaltzen ditu. Inguruabar horiek zein diren erabakitzeko, kontuan hartzen dira naturgune babestuen sarea, mehatxupean dauden flora eta faunako espezieak, Done Jakue bidearen babesa eta proposatutako jardueretako bakoitzean ingurumen-azterketa eginez sortzen diren beste inguruabar batzuk.

Hurrengo urratsak trafikoaren bilakaera aztertzea, beste errepide-sare batzuekiko harremana ezartzea eta Plan berria lurralde planeamendura egokitzea dira.

Azkenik, diagnostikoa egin eta esku hartzeko beharrizanak zehaztu ondoren, jarduketen proposamena aurkeztu da, II. Plan Zuzentzailean burutu ez ziren jarduketetan eta beste jarduketa berri batzuetan oinarrituta, horiek guztiak honako talde hauetan sailkatzen direla:

-Autobiak eta galtzada-bikoizteak.

Autobia-tarte berriak eraikitzean edo errepide arruntetik galtzada bereiziak dituen errepidera aldatzean datza. Talde honetan, zehazki, jarduketa hauek sartzen dira: A-12 autobia etorkizunean A-68arekin lotzea Errioxan, A-15-Nafarroako probintziako muga-Tutera. AP-15 Lotura, A-21 Probintziaren mugaraino, Uharte-Egues tartea bikoiztea, Olaz-Olloki tartea bikoiztea, Olloki-Ezkabako tunelak, A-68 eta AP-68 lotura bikoiztea, San Jorge-Landaben Zubia bikoiztea, Tartea bikoiztea: Orkoiengo Saihesbidea-Arazuriko lotura, Bideko autobia-Zizur Nagusia-Ezkirotz.

-Errepideak zaharberritu eta/edo atontzea.

Jarduketa horiek hiru motatako obrak hartzen dituzte barnean: errepidearen zeharkako sekzioa handitzea, oinplanoko trazadura hobetzea eta luzetarako profila zuzentzea. Talde horren barnean hogei jarduketa proposatzen dira guztira.

-Errepidea atondu, zabaldu eta hobetzea.

Talde horren barnean laurogeita hemeretzi jarduera abian jartzea planeatzen da. Mota horretako jarduketan trazadura zuzentzea, areka zapalgarriak eratzea, zoladura indartzea, eta babesak, seinaleak eta balizak hobetzea aurreikusten da.

-Herriguneetako saihesbideak.

Trafikoak herri jakin baten hiri bilbean interferentziarik sor ez dezala da helburua. Jarduketa horietako gehienak Ebroko ardatzaren inguruan egin beharrekoak dira, zehazki N-134 errepidean, baina nabarmentzekoa da Allo, Tafalla-Hegoaldea, Ororbia, Lizarra-iparraldea, Irurtzun, Corella, Martzilla, Lesaka, Ribaforada, Cortes, Funes, Mendabia, Lodosa, Andosilla, Azagra, Milagro, Valtierra-Arguedas, Ezkirotz, Irurita-Elizondo eta Dantxarinea herrien saihesbideei buruzko proposamena.

-Bidegurutzea eta lotunea moldatzea.

Kasu honetan sarbideak, bidegurutzeak edo lotuneak berrantolatzearen inguruko hamalau esku-hartze dira. Obra horietako gehienak Iruña inguruan daude, eta herri eta auzo mugakideen eta hiriburuaren inguruko edukiera handiko ingurabideen arteko loturak hobetuko dituzte. Gainera, aipagarriak dira Tafallako lotune berria, Barasoaineko eta Garinoaineko lotune berria, Pitillas-Murillo el Cuende bidegurutzea, Lusarretako bidegurutzearen hobekuntza, NA-150-NA-2101 errepideen arteko gurutzagunea eta Los Abetosko bidegurutzea.

-Azpiegitura berriak.

Errepide-azpiegituraren tarte berriak ezartzean datza, adibidez zubi berriak eraikitzea edo lehendik dagoen bide baten osagarriak diren obrak egitea. Talde honetan daude Erroko eta Mezkirizko tunelak, Berako hegoaldeko sarbideak, Logroñotik Ezkirotzerako autobiatik doan bidea, Barañain-Landaben zubia, Gendulain-Arazuriko lotura, Irati ibaiaren gaineko zubia NA-150 errepidearen eta San Vicenteko bidegurutzearen artean, Aragoi ibaiko zubia, Melida eta Santakara bitartean, Zangozako zubi berria, Zangituko zubia Altsasun, Galarko lotunea eta RVP8 bidea.

  • Jarduketa osagarriak, zoladurak sendotzea eta konponketa-obrak (hemezortzi jarduketa).
  • Araudi berrietara egokitzeko eta ingurumen arazoak zuzentzeko obrak.

Hainbat jarduketa agertzen da, adibidez Zaratari buruzko Legea aplikatzeko Ekintza Plana garatzea, zerbitzua ematen duten azpiegituretan animalientzako pasabideak atontzea, Iruña eta Frantzia Luzaiden zehar lotzeari buruzko azterlanak edo Tuterako Iparraldeko Saihesbideari buruzko Informazio-azterlana.

Ingurumen ondorioen azterlanaren edukia.

Lehenengoz Planak ukituko duen inguruaren azterlana, diagnostikoa eta ingurumen arloko balorazioa egiten dira.

Atal honetan ingurunearen aldagai bakoitza aztertzen da, lehentasunezko guneak eta ingurumen-alderdi esanguratsuak identifikatzen dira, hori guztia hizpide dugun Planerako eskatzen den ingurumen-azterketaren motara egokitutako eskala eta xehetasun-mailarekin. Ingurunearen azterketa egiteko Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldea zazpi eskualdetan banatzen da, hain zuzen ere horiek nekazaritza eskualdeak direla. Elementu hauek aztertzen dira: klima, geologia, hidrologia, edafologia, biodibertsitatea, paisaia, espazio babestuak, ibilbide kulturalak eta ondare arkeologikoa.

Eraginak identifikatu eta baloratzeko, Nekazaritza eskualdeetako bakoitzean planteatzen diren proposamenek sortzen ahal dituzten arriskuak zehazten dira. Eraginak honela sailkatzen dira: kritikoak, larriak, moderatuak, bateragarriak eta txikiak. Planteatutako jarduketa-proposamen bakoitzerako batez besteko eragin-balio bat ematen da, inguruneko faktore bakoitzean edo aztertutako gune sentikor bakoitzean atera diren balioak abiapuntu hartuta. Ez da antzeman ingurumenaren gaineko eragin kritikorako arriskurik, eta ondoriorik nabarmenenak larritzat kalifikatzen direnak dira. Jarraian, antzeman diren eraginak deskribatzen dira, eskualdez eskualde.

-I. eskualdea: Ipar-Mendebaldea.

Eskualde honetan ingurumen-balio nagusiak ingurune naturalarekin zerikusia dutenak dira: flora, fauna eta pasabide ekologikoak. Gainera, alde horretako paisaia kalitate eta hauskortasun handiko elementua da.

Eskualde honetan egin beharreko hogeita hamazazpi jarduketetatik lau sare nagusiari dagozkio; lau horiek ingurumen eraginerako arrisku larria dute: N-121A errepidearekin zerikusia duten obrak dira, "Bidasoa ibaia" BIL ES 2200014-ri eragiten dioten tarteetan. Espazio babestuaren gaineko ukipenaz gain, ibai-ibilguaren eta horri lotutako faunaren gaineko ukipena baloratzen da. Tokiko Sarean hemezortzi jarduketa agertzen dira, eta horietatik bost arrisku-profil larriarekin baloratu dira, batik bat mendebaldeko Pirinioen gaineko ukipena dela-eta. Obra horiek Irurita eta Eugi arteko NA-1740 errepidekoak, NA-4020 errepidekoak -Arantzarako sarbidea-, Urdazubirako sarbideak, NA-7010 errepidekoak (Irurtzun-Ororbia) eta NA-7510 errepidekoak (Irurtzun-Madoz) dira.

-II. eskualdea: Pirinioak.

Eskualde horren zatirik handiena baso gune gisa hartzen da, erabilera publikoko mendiei dagokiela. Eskualde horretako portzentaje oso handia gune babestuen barnean dago ZBEak, BILak, IBAk, HBBak edo bestelako gune babestuak direla ere. Pasabide ekologiko batzuk agertzen dira Leire eta Izko mendilerroetatik Pirinioetaraino. Gainera, Frantziako Done Jakue Bideak eta Aragoikoak Eskualdea zeharkatzen dute.

II. eskualdean, Sare Nagusiaren barnean, eta balorazioa egin ondoren, egiaztatu da jarduketen artean seik ingurumen-arrisku larriko profila dutela. A-21 autobia eraikitzeko lanei dagozkien jarduketak dira, hainbat tartetan (2.2 tartea, Getze-Idozin-Izko lotunea, 3. tartea, Izko-Judasen Benta, eta 4. eta 5. tarteak, Judasen Benta-Probintziaren muga). Ingurumen-arrisku larriko profila duten beste hiru jarduketak funtzionalitatea hobetzeko unean uneko jarduketak dira, honako errepide hauetan: N-125, NA-140, Auritz-Ezkaroze-Otsagabia-Izaba eta NA-150 Murelu-Longida-Billabeta. Aurreko kasuen antzera, jarduketa horiek guztiak arriskurik larrienak batik bat faunaren ingurunerik ahulenetan dituzte, batez ere espezie sentikorrak edo are gehiago, galtzeko arriskuan dauden espezieak egoteagatik (adibidez bisoi europarra, igaraba paleartikoa edo ugatza), eta Ibaien inguruko BILak eta kalitate handiko paisaiak egoteagatik.

Tokiko Sareari dagokionez, jarduketen artean lauk ingurumen-arrisku larriko profila dute. Lau jarduketa horien artean, NA-1720 errepideko obrak (Artzi-Auritz), NA-1740 errepidekoak (Irurita-Eugi, I. eskualderaino hedatzen dena) eta NA-2012 errepidekoak (Lau Borda-Irati), lehendik dauden baina luzera nabarmena duten errepideak zabaldu eta hobetzeko obrak dira. Hortaz, dauden aldearen ingurumen-kalitatea kontuan hartuta (galzoriko espezie katalogatuen ingurunea eta Pirinioen eremuarekin zerikusia duten paisaiak ukitu ahal izatea), jarduketa guztiek ingurumen-arrisku larriak dituzte. NA-2405 Irati Ibaiaren gaineko zubia izeneko azpiegitura berria ere ingurumen-arrisku larriko profilarekin baloratzen da, ibai eremuak ukitzen dituelako eta BIL gisa katalogatutako ibai-korridore garrantzitsua delako.

-III. eskualdea: Iruñerria.

Eskualde horren ezaugarri nagusiak dira Iruña hiria barnean hartzen duela eta gainerako eskualdeek baino ingurumen-balio interesgarri gutxiago dituela. Eskualdean agertzen diren basoguneak (batez ere mendebaldean eta iparraldean) erabilera publikoko mendien barnean daude. Fauna babesteko eremuei dagokienez, IBA bakar bat dago (zati batean HBB gisa ere katalogatuta dagoena) Iruña hiriaren mendebaldean. Ez da nabarmentzen ibai-eremu interesgarririk, ezta pasagune ekologiko garrantzitsurik ere, ez dago naturgune babesturik; kontserbatu beharreko eremu batzuk soilik agertzen dira: Frantziako Done Jakue Bideak eskualdea zeharkatzen du Iruña hiritik, eta Aragoiko Done Jakue Bideak hegoaldea zeharkatzen du Frantziakoarekin bat egiten duen arte.

III. eskualdean, A-21 autobian (tartea, Getze-Idozin-Izko lotunea) eta NA-601 errepidean (Gares-Mendigorria) egin beharreko jarduketek dute ingurumen-arrisku larriko profila, ondare hidrogeologikoarekin lotura duten gune esanguratsuak nahiz floraren inguruko kalitate handiko guneak (zuhaiztiak) daudelako eta ibai-pasabide ekologikoekin paraleloan joaten delako.

Tokiko sareari dagokionez, jarduketetako bat ingurumen-arrisku larriko profilarekin baloratu da, NA-7010 Irurtzun-Ororbia errepideko jarduketa da. Gaur egungo errepidea luzera handiko tarte batean atondu eta zabaltzean datza, floraren inguruko kalitate handiko guneak, faunaren ingurune ahulak ukituta; gainera, bertan pasabide ekologiko bat eta kalitate handiko paisaia daude.

-IV. eskualdea: Estellerria.

Eskualde honetan ingurumen-balio interesgarri nabarmenetako batzuk hauek dira: Iparraldean Urbasa mendilerroa, Andia mendilerroa eta Lokiz mendilerroa, horien inguruan daudela erabilera publikoko mendiak osatzen dituzten zuhaiztiak, eta hegoaldean landaredi halofilo interesgarria duten igeltsuzko muinoak eta Las Cañasko aintzira. Espazio horiek BIL gisa sailkatuta daude, eta are gehiago, Urbasa eta Andia mendilerroak ZBE gisa. Eskualdearen hegoaldean estepako hegaztientzat interesgarriak diren bost gune interesgarri kartografiatu dira, horietako bi oso interesgarriak (Landibar eta Baigorrana). Lotura ekologikoari dagokionez, ibai nagusiei (Ebro, Ega eta Arga) lotutako pasabide ekologikoak nabarmentzen dira. Frantziako Done Jakue Bidea eskualdearen ekialdetik sartzen da ipar-mendebalderaino.

IV. eskualdean, Sare Nagusiaren barnean dauden bost jarduketa daude, eta horietako bik ingurumen-arrisku larriko profila dute. Bi jarduketa horiek hauek dira: Lizarrako Iparraldeko Saihesbidea NA-1110/NA-132-A eta A 12 autobia etorkizunean A 68arekin lotzea Errioxan. Biek uholde-eremuak eta iragazkortasun handiko eremuak ukitzen dituzte. Gainera zarataren aurrean sentikorrak diren eremuak dira, herrigune garrantzitsuetatik hurbil dauden edukiera handiko bideak baitira.

Tokiko Sareari dagokionez, IV. eskualdean NA-7240 errepideko jarduketa (Galbarrako sarbideak) ingurumen-arrisku larriko profilarekin baloratu da, funtsean faunaren ingurune ahulak, ibai-eremuak eta gune babestuak ukitzen ahal dituelako. Izan ere, Lokiz mendilerroa BILa eta Ega eta Urederra ibaien BILa zeharkatzen ditu, bietan galtzeko arriskuan dauden espezieak daudela.

-V. eskualdea: Nafarroako Erdialdea.

Nafarroako Erdialdeak ez du ingurumen-balio garrantzitsurik, baina berez, Pirinioetako ibarren eta Erriberagoienaren arteko lotura garrantzitsua da. Eskualdeko ingurumen-elementuen artean nabarmentzekoa da Izko mendilerroaren aldea, baso handiak eta pasabide ekologiko garrantzitsuak diren biotopoak dituelako iparraldetik hegoaldera nahiz ekialdetik mendebaldera.

Mendebaldeko gune landatuak estepako hegaztien barreiatze-guneak dira. Eskualde horretan ere Aragoiko Done Jakue Bidea agertzen da.

V. eskualdean, Sare Nagusiaren barnean dauden hamar jarduketa daude, eta horietatik lauk ingurumen-arrisku larriko profila dute. Ingurumen-arrisku handiena duten jarduketa horiek A-21eko obrei dagozkie (4. eta 5. tarteak, Judasen Benta-Probintziaren muga), baita NA-115 errepidekoei (Tafalla-Azkoien), NA-534 errepidekoei (Kaseda-Zarrakaztelu) eta NA-601 errepidekoei (Gares-Mendigorria) ere. Jarduketa horien ingurumen-arriskurik handienak, gehienbat, pasabide ekologiko diren ibai-eremuak ukitzearen ondorioz gertatzen dira (Esako urtegia eta Aragoi ibaia, azken tarte horretan BIL kategoria duena, eta galtzeko arriskuan dauden espezieak edukitzegatik nabarmentzen dena).

Tokiko Sareari dagokionez, ingurumen-arrisku larriko profila duten jarduketak bost dira. NA-5321 errepidea (Kaseda-Galipentzu) eta NA-6020/NA-6100 (Artaxoako bidegurutzea-Arlasko benta) errepidea atontzeko lanak uholde-eremuen gainean eginen dira eta ibaiak zeharkatuko dituzte; gainera, lehenengo kasuan, ibaia BIL gisa katalogatuta dago. Leireko monasteriorako sarbideak Leire mendilerroa-Arbaiungo arroila BILean ukipenak sor ditzake. Azkenik, NA-5110 errepideko (Puiu-Lergako gaina) jarduketak Paisaia Babestu gisa katalogatutako espazio bat ukitzen du.

-VI. eskualdea: Erriberagoiena-Aragoi.

Eskualdean nekazaritza da jarduera nagusia. Nabarmentzekoak dira ibaien ibarretako sail ureztatuak, eta horien artean, lehorreko sailak. Eskualde osoan estepako hegaztientzako gune interesgarri ugari agertzen dira, eta ekialdeko muturrean IBA gune bat ere bai. Eskualdeko pasabide ekologiko nagusiak Ebro ibaiaren eta bere adarren ibai-pasabideak dira. Gune babestuei dagokienez, eskualdean hainbat BIL dago. Ekonomiaren zein kulturaren ikuspegitik garrantzitsuak dira ibai nagusiei lotutako ibarretako sail ureztatuak. Ibar emankor horietatik hurbil antzina-antzinatik ziurrenik egon ziren biztanleak direla-eta, eskualdean ondare kultural eta/edo arkeologiko garrantzitsua egon daitekeela nabarmendu behar da.

VI. eskualdean, Sare Nagusiaren barnean hamazazpi jarduketa daude, eta horietatik hiruk ingurumen-arrisku larriko profila dute, NA-115 errepidean (Tafalla-Azkoien), NA-134 errepidean (Azagrako saihesbidea) eta NA-534 errepidean (Kaseda-Zarrakaztelu). Hiru jarduketek faunaren ingurune ahulen gaineko ukipen larriengatiko arriskuak dituzte, galtzeko arriskuan dauden ornodunen espezieen banaketa-esparru bat ukitzen dutelako. Gainera, Azagrako Saihesbideak uholde-eremuen eta zuhaiztien gaineko ukipen larriengatiko arriskuak ditu.

Tokiko Sareari dagokionez, VI. eskualdean ingurumen-arrisku larriko profila duten bi jarduketa daude, NA-6020/NA-6100 errepidekoa (Artaxoako bidegurutzea-Arlasko benta) eta NA-6630 errepidekoa (Martzilla-Funes-Azkoien). Horiek dituzte ingurumen-arriskuko mailarik handienak ondare hidrogeologikoaren gainean, batik bat interes ekologikoa duten ibai-BILak zeharkatzen dituztelako edo horietatik hurbil daudelako.

-VII. eskualdea: Erriberabarrena.

Eskualdean nekazaritza da jarduera nagusia. Ipar-ekialdeko lur zerrendan lehorreko sailak agertzen dira, eta hego-mendebaldean sail ureztatuak. Eskualde honetan nabarmentzekoa da Errege Bardeako gune babestua: aldeetako batzuetan BIL da, beste batzuetan HBB, baita Parke Natural eta IBA ere. Gainera, estepako hegaztien gune ugari daude. Pasabide ekologiko nagusiak Errege Bardean eta Ebro ibaiaren ibai-pasabidean agertzen dira. Paisaia VI. eskualdeko paisaiaren antzekoa da: Ebro ibaiaren ibarretan sail ureztatuen mosaikoa, eta horren ondotik lehorreko sailak, horren guztiaren inguruan dagoela Bardeako erdi-basamortua.

VII. eskualdean Sare Nagusiaren barnean 7 jarduketa daude. A-15eko jarduketak (Nafarroako probintziako muga-Tutera (AP-15 lotura)) du ingurumen-arriskurik handiena, ukipenak izan ditzakeelako floraren inguruko kalitate handiko guneetan, galtzeko arriskuan dauden espezieak egoteagatik ahulak izan daitezkeen fauna-inguruneetan, ur ibilgu bati lotutako BIL batetik hurbil dauden ibai-inguruneetan eta zarataren aurrean sentikorrak diren guneetan.

Tokiko Sareari dagokionez, bi jarduketak ingurumen-arrisku larriko profila dute: NA-5211 errepidekoa (Buñuel. Zubirako sarbideak) eta NA-6830 errepidekoa (Erromatar Bidea). Bi jarduketek ibai-eremuetan ukipenak izan ditzakete. Gainera, jarduketen artean azkenak faunaren ingurune ahulen eta gune babestuen gaineko arrisku larriak ere baditu (Pulguerko aintzira BILa).

Ingurumen arloko neurrien programa.

Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzentzailearen ingurumen ondorioen azterlanean plana behar bezala betetzeko prebentzio eta zuzenketa neurriak agertzen dira.

Honako hauei buruzko neurriak dira: ondare geologiko eta hidrogeologikoaren babesa, floraren eta faunaren inguruko kalitate handiko guneak, ibai-eremuak, lotura ekologikoko guneak, kalitate handiko paisaiak, gune babestuak, nekazaritzako kalitate handiko guneak, interes kulturaleko guneak, sare eta ibilbide interesgarriak dituzten guneak eta zarataren aurrean sentikorrak diren guneak.

Hartu beharreko neurriak honako hauei buruzko aginduak dira: obraren plana, jarduketaren definizioa, ingurumen-prozesuak mantentzea eta espazio hondatuak ingurumen arloan hobetzea.

Beste alde batetik, lehendik dagoen sarea hobetzeko neurri batzuk ezartzen dira. Neurri horiek betetzeko, Zaratari buruzko Legea aplikatzeko Ekintza Plana eta animalientzako pasabideak atontzeko Plana garatuko dira.

Azkenik, Errepideen Planak lehendik dagoen sarea aztertzea proposatzen du, lehendik dauden errepideak ingurumen aldetik lehengoratzeko eta paisaiarekin integratzeko.

Espedientea osorik aztertutakoan, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik egin dela, eta Ingurumen ondorioen adierazpena, aldekoa, egitea proposatu du: komenigarria da Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzailea onestea.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena, aldekoa, egitea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako Nafarroako Errepideen 2009-2016 bitarteko III. Plan Zuzentzaileari buruz.

2. Plana garatzen denean, Ingurumen ondorioen azterlanean ezarritako zuzenketa neurri eta ingurumen-jarraipeneko neurri guztiak bete beharko dira, eta, horiez gain, baldintza hauek ere bai:

-Naturgune babestuen ukipena.

Atal honetan agertzen da proiektu berriek Natura 2000 Sarean, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean oinarrituta izendatutako natur guneetan, HBBetan eta urtarrilaren 13ko 4/1997 Foru Dekretuaren araberako eremu hezeetan duten ukipena.

Natura Sarean edo NaturGune Babestuetan eragina izaten ahal duten jarduketa guztien proiektuek ingurumen eragina baloratzeko berariazko kapitulua aurkeztu beharko dute. Balorazio hori neurtzeko hainbat adierazle erabiliko da, esate baterako gune horiek ukitzen dituzten errepideen kilometro kopurua eta okupazioaren azalera, errepidearen ukipen-zerrenda osoa kontuan hartuta.

Horretarako, gune babestuen mugak, landarediaren mapak eta habitaten mapak erakutsiko dituen kartografia aurkeztu beharko da, 92/43/EEE Zuzentarauan identifikatuta agertzen diren bezala. Hori guztia Proiektuko eskala egokian. Eskala hori 1:5.000 izaten ahal da, eta jarduketaren gunearen ingurumen-sentikortasuna kontuan hartuta, xehetasun handiagoko eskaletara handitzen ahalko da.

Gune horietan, obrak planifikatu eginen dira espazioari zein denborari dagokienez, ekosistema ahul eta baliotsu horien gaineko ukipenak murrizteko. Proiektua behar bezala exekutatzeko beharrezkoak diren jarduketa osagarriak (pasabideak edo arekak, dikeak, obretarako bide osagarriak... eraikitzea) txertatuko dira proiektuan bertan. Ibai-ibilguen gaineko egiturak eraikitzen direnean, ibai-bazterretara sartzeko bideak xehetasunez aztertuko dira, ibilguetan zehar ahalik eta makina gutxienak ibil daitezen. Ahal dela, ibai ibilguetan ez da pilarerik eraikiko.

-Landare edo animalia espezieen gaineko ukipena.

Nafarroako Errepideen III. Planaren barneko proiektuek ahal dela ez dituzte ukituko mehatxatuta dauden animalia eta landare espezieak, eta bereziki Europar Batasunarentzat Lehentasunezko gisa katalogatuta dauden espezieak, edo Nafarroako araudiaren arabera galtzeko arriskuan daudenak edo habitata aldatzearen ondorioz kaltetuak direnak.

Errepidearen eragin eremuaren barnean katalogatutako espezie horiek dauden ala ez aztertuko da. Egon daitezkeela antzematen bada, ingurumen eraginaren azterlanak edo ingurumen ukipenei buruzkoak espezie horien xehetasunezko inbentarioa izanen du barnean, kokatuta edukitzeko eta babes-neurri egokiak hartzeko.

Katalogatutako flora edo fauna duten guneetan esku-hartze aldiak kontuan hartu behar dira, eta espezieen egoera ahulagoa den sasoiak errespetatu.

-Habitatak zatikatzea eta pasabide ekologikoak eraldatzea.

Errepideen trazadura berriek eteten ahal dituzten faunaren pasabideen kokalekuak zehaztuko dira. Horri dagokionez, proiektuetan eraginak murrizteko neurriak txertatuko dira: fabrika-obrak eta drainatzeak egokitzea, animalientzako berariazko pasabideak eraikitzea, arriskurik handieneko guneetan zirkulazioaren gehieneko abiadura benetan murrizteko neurriak hartzea -seinale bertikalak, sakanguneak, etab.-.

Habitatak ez zatikatzeko, Landa Ingurunearen eta Itsas Ingurunearen Ministerioak argitaratutako "Garraio azpiegiturek eragindako habitaten zatikatzea murrizteko dokumentuak" izenekoetan ezartzen diren agindu teknikoak txertatuko dira, ahal den neurrian.

Lehendik dauden bideen kasuan, Planak animalientzako pasabideak egokitzeko azterlana hartzen du barnean. Azterlan horren bidez animalia gehienak zein bidetan harrapatzen diren hautatu beharko da, baita naturgune babestuak zein bidek zeharkatzen dituzten ere.

Hainbat datu abiapuntu hartuta (harrapatutako animalien kopurua, katalogatutako fauna, bideetan dauden zeharkako egituren azterketa eta egitura horien ezaugarri geometrikoen azterketa), errepideen alde batetik bestera igarotzeko aukerak hobetzea eta zeharkatutako habitaten zatikapena konpontzea helburu duten jarduketak eginen dira.

Beste alde batetik, gainera, proiektu berriek lehen isolatuta zeuden lekuetara iristeko erraztasuna aztertu beharko dute, eta ondorioz, leku horiek jasanen duten presioa ere bai.

-Maileguak eta zabortegiak.

Planean agertzen den jarduketa bakoitzaren proiektua egitean, lehenengoz jarduketa horren diseinua kontuan hartu beharko da, lehentasunezko helburua obraren barnean lurrak ahalik eta gehien konpentsatzea dela.

Proiektu batek lurren aldetik defizita baldin badauka, eskaria planifikatu beharko da eta agregakinen iturriak ezarri beharko dira, dela eskuragarri dagoen baliabidea eskualdean agregakina merkaturatzen duten enpresen bitartez erabiliz, dela erauzketa-guneak aurkituz, horien ustiapena ukitutako guneen ingurumen-balioen kontserbazioarekin bateragarria bada. Lursail landatuak edo larre zein belardiak ukitzen dituzten kokalekuak lehenetsiko dira, landare estaldura naturala duen azalera ukitzen dutenen aldean. Ahal dela, mailegu baten emaitza topografikoa lurzoru mugakideena baino kota askoz txikiagoa duen zulo iraunkorra bada, mailegu hori saihestuko da. Nolanahi ere, ahal dela jatorrizko topografia lehengoratu edo imitatuko da, hondeatutako zuloak obraren beraren soberakinekin betez.

Jarduketek lur soberakinak sortzen badituzte, aurretiaz isurketarako guneei buruzko proiektua eginen da. Lehentasuna emanen zaie narriatuta dauden kokalekuei, horien gainean lurra botatzeak lehengoratu eginen direla esan nahi duenean.

Gainera, jarduketa osagarri horien eta inguru hurbilean aurreikusita dauden edo eginen diren beste obra batzuen arteko elkarreragina aztertuko da, sortzen ahal diren eragin metakorrak aztertzeko (Nafarroako Ubidea, Nafarroako Ubideari lotutako hainbat ureztaketa sektore ureztatzea, instalazio fotovoltaikoak, azpiestazio elektrikoak, linea elektrikoak, etab.) eta eraginak murriztuko dituzten maileguak edo baterako zabortegiak diseinatzea. Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak, egokiak diren administrazio prozeduren barnean, egokitzat jotzen diren baterako soluzioak koordinatuko ditu.

-Agregakinak berrerabiltzea, zoladurak birziklatzea.

Plana garatzen duten proiektuek obran bertan nahiz inguruetan egiten ari diren obretan eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko zentroetan egiturak eraistearen ondorioz sortzen diren agregakinak eta zoladurak berrerabiltzeko aukera aurreikusi beharko dute, baliabide naturalen erabilera murrizteko, betiere hori bideragarria bada. Proiektuek hondakinen tratamenduari buruz eskuragarri dauden teknikarik onenak aplikatzea kontuan hartu beharko dute, bereziki errepide zaharren tarte abandonatuetako asfalto eta hormigoi hondarrei dagokienez.

Urtebeteko epean, arestian aipatu diren irizpideak obra berrietan txertatzeko moduari buruzko proposamen justifikatua egin beharko da.

-Bideak ingurune ekologikoan eta paisaian egoki txertatzea.

Trazaduraren soluzioak edo alternatibak baloratuko dira baldin eta horien diseinuari esker azpiegitura behar bezala egokituko bada, paisaiaren testuinguru batzuk zein besteak oinarri hartuta. Alternatibak aztertzean lehentasuna emanen zaie lurren konpentsaziorik onena lortzen duten proposamenei, tunelak edo tunel faltsuak eraikitzea aurreikusten dutenei eta altuera zein malda txikieneko ezpondak ezartzen dituztenei.

Eraiki beharreko azpiegituretan ikusgai den eremua aztertu eta kartografiatuko da, erliebean sortutako aldaketek nahiz lur erauzketa eta lubeten azalera denudatuek paisaian sortuko duten ukipena kuantifikatuko da.

Proiektuetan malda etzanak dituzten ezpondak sartuko dira, egokiro landareztatzeko eta paisaiari egokitzeko moduko landare lurreko geruzari eusteko gai direnak, baldin eta lurzoruaren orografiak horretarako aukera ematen badu, eta azalera handiagoa okupatzeagatik abantailak konpentsatuko ez dituen eragina sortzen ez bada. Hala egiterik ez badago, ezpondak lehengoratzeko eskuragarri dauden teknikarik onenak aplikatuko dira.

Proiektu batek ibai-ibilgu bat ukitzen badu, obrak amaitu ondoren ibilgu hori lehengoratu beharko da. Ubidea birgaitu beharko da eta bazterrak landareztatu beharko dira, ingurune ekologikoan behar bezala integratu arte. Kasu horietan, bioingeniaritzako teknikak erabiltzeko aukera planteatuko da.

Proiektuetan, lehengoratzeari buruzko kapituluan, mailegu eta zabortegien guneak lehengoratzea aurreikusiko da.

-Zarata.

Nafarroako Errepideen III. Planak zerbitzuko azpiegituretan Zaratari buruzko Legea aplikatzeko Ekintza Plana garatzea aurreikusten du, sarean legez ezarritako maila akustikoak gainditzen dituzten puntuak beharrezkoak diren neurriekin zuzentzeko, kontuan hartuta zortasun akustikoko guneak, dagozkion zarataren mapetan mugatuta daudenak (Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zona akustikoei, kalitate helburuei eta zarata emisioei dagokienez).

Bide azpiegitura berrien proiektuetan onetsitako eta aurreikusitako hirigintzako plangintzarekiko koordinazioa ezarri beharko da, soinu-aztarnaren barneko espazioak eta erabilera egokienak mugatzeko. Gainera, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako hots immisioaren mugak gainditzen dituzten zarata-mailak gune akustikoen kanpoko ingurumenean ez transmititzeko.

-Uholde eremuen ukipena

Uholde eremuak ukitzen ahal dituzten jarduketetan proiektuaren eraginpean dagoen gunearen uholde-arriskuaren mapak agertu beharko dira. Bidezkoa bada, urak har ditzakeen guneen ukipena justifikatu beharko da, eta horrez gain uholde-lautadak okupatzearen ondorioak arintzeko hartutako neurriak, uretan gerta daitekeen oztopo-eraginaren azterketa, etab.

-Argi-kutsadura.

Bide azpiegitura berriek luminariak behar-beharrezkoak diren lekuetan soilik erabili beharko dituzte, eta hori energia eraginkortasunik handiena duen eta argi-kutsadura gutxien sortzen duen teknologia erabilita. Gutxienez Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legean agertzen diren determinazioak bete beharko dira.

-Abelbideak.

Abelbideak ukitzen dituzten errepide proiektu oro idaztean Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalari aldez aurretik txostena egin dezala eskatu beharko zaio, proposatutako soluzioen bideragarritasunarekin ados dagoela adierazteko.

Proiektu bakoitzari dagozkion ingurumen eraginaren edo ukipenen azterlanetan proiektu horiek ukitutako abelbide guztiak agertu beharko dira, eta kasu bakoitzean lehengoratzeko edo zeharkatzeko hartutako soluzioak azaldu. Zeharkatzearen kasuan, gainetik edo azpitik zeharkatzea aurreikusi beharko da beti.

Bidea luzetara okupatzen bada, lehengoratzeko nahikoa den lur-zerrenda kontuan hartu beharko da, desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legea bete beharko da.

-Ondare historiko eta kulturala.

Bide azpiegituren proiektu guztiek aldez aurretik Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalaren txostena beharko dute. Txosten horretan plana ondare historiko eta kulturalaren kontserbazioarekin bateragarria dela adieraziko da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen honen berri ematea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari.

Iruñean, 2010eko apirilaren 8an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1006430