58. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

606/2010 EBAZPENA, apirilaren 8koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Arguedas-Valtierrako saihesbiderako maileguaren eta zabortegiaren proiektuari buruz Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak sustatu du proiektu hori.

2010eko martxoaren 17an Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak ebazpen honen izenburuan aipatzen den espedientea eta horri dagokion Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu ditu.

Hona hemen proiektuaren ezaugarri teknikoak: bi urte baino gutxiago iraunen du eta urtebetean 200.000 m³ baino gehiago erauziko dira. Ezaugarri horiek direla-eta, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3 B eranskineko A.1. puntuan sartuta dago. Beraz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar du.

Mailegua eta zabortegia Arguedasen daude, Jugatillo izeneko alderdiko nekazaritza lurretan, "Senda Viva" Naturaren Parkera sartzeko errepidearen ekialdean, eta Arguedasko katastroko 5. poligonoko 5101, 5102, 5103, 5104, 5113, 5114, 5115, 5116, 5119, 5120, 5121, 5165 eta 5167 lurzatiak ukitzen dituzte. Dena dela, 5167. lurzatia oso handia da eta batik bat basogintzarako erabiltzen da, eta horregatik, oso ukipen txikia izanen da.

Proiektuak 160.000 m² inguruko azalera okupatuko du, eta horietatik 145.000 m², gutxi gorabehera, Arguedas-Valtierrako saihesbidea egiteko maileguari dagozkio. Mailegu horretatik saihesbidearen lubetarako beharrezkoa den materiala erauziko da, gutxi gorabehera 1.000.000 m³ Erauzteko gehieneko potentzia 14 m-koa izanen da. Zulo horren zati bat lurren eta lubetarako balio ez duten materialen zabortegi gisa beteko da, eta zulo horren hego-mendebaldean material horiek zuloan behin betiko utzi arte aldi baterako metatzeko gune bat gaituko da. Zabortegiak guztira 113.000 m³ beharko dituela kalkulatzen da.

Mailegua aukeratzeko eta obratik mailegu horretara sartzeko bidea aukeratzeko, alternatiben azterlanak egin dira. Horrenbestez, sustatzaileak adierazi duenez, alde batetik, kokalekuaren ezaugarriak direla-eta, mailegu hori (5 edo 5b zenbakidun mailegua deitzen dena) aukerarik onena da, beharrizan guztiak estaltzen ahal dituelako eta obraren erdigunean dagoelako. Beste alde batetik, mailegurako sarbiderik onena "Senda Viva" Naturaren Parkera sartzeko errepidea bera da, obrara sartzeko distantzia txikiagoa duelako eta ibilgailu iraulkidunetarako egokia delako.

Aurkeztutako ustiatze planean mailegua sei gunetan sektorizatzea planteatzen da. Guneetako bi, adierazi den bezala erauzketa lekuaren hego-mendebaldean daudenak, soberakinak aldi baterako metatzeko erabiliko dira, maileguan sortzen den zuloa lehengoratzen erabiltzen diren arte. Gainerako 4 guneetatik, ekialdeko muturretan dauden biak zabortegi gisa ere erabiliko dira, lehengoratzea hobeto egiteko; mendebaldeko muturrean dauden biak, berriz, mailegu gisa soilik erabiliko dira.

Sektore bakoitzean honela eginen da hondeatze-lana: 5 m inguruko zabalera duten kaleak eta 4 m inguruko altuera duten mailak sortuko dira, eta gehienez 3 maila egiten ahalko dira material gehiena erauzten den aldeetan. Makina hauek erabili beharko dira: 50 tona inguruko atzerakako beldar-hondeamakinak, 12 m³-ko kamioi iraulkidunak, beldar-bulldozerrak eta nibelatzeko makina. Proiektu osagarri horren ustiapena nahiz lehengoratzea apurka egin beharko dira, saihesbidea gauzatzeko faseen garapenarekin koherentea den moduan.

Sustatzaileak, hasieran, mailegu gisa soil-soilik erabili behar diren bi sektoreetan 10 m inguruko sakonera duen zuloa sortzea proposatzen du, zulo horrek barnerantz 2H:1V malda duten ezpondak izanen dituela. Zuloa hego-mendebaldean Jugatillo izeneko alderdiko mazeletarantz begira egonen da El Molinaz alderantz; gainazaleko ur jarioei irtenbidea emanen zaie lehengoratzea egin ondoren. Beteko diren bi sektoreetan, hondeatze-lana egin aurretik gaur egungoaren antzeko lurzati bat lurzoruaren azpitik 2 m inguruko kotan uztea proposatzen da.

Proiektu osagarri honen lanak eta ustiapenaren egutegia obra nagusiari egokituko zaizkio. Lehengoratzea amaitzeko gehieneko epea saihesbideko obraren beraren epea izanen da, 10 hilabete inguru, mailegu-zabortegia ustiatzen hasten denetik aurrera zenbatuta.

Ingurumen eraginaren azterlanak egokiro aztertzen ditu proiektuak ingurumenean sortzen dituen eragin nagusiak. Beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu, ingurumenean eragin nabarmenik sor ez dadin. Horri dagokionez, nabarmenena hau da: proiektuaren eremua markatzea, landare lurrak kudeatzeko proposamena egitea, sektorez sektore ustiatzeko proposamena bera, landareztatzeko gai diren amaierako ezponda ez bertikalak definitzea, ukitutako guneko nekazaritza-erabilerak lehengoratzeko eta, landatzeko gai ez diren ezpondak sortuz gero, horietan ereite hidraulikoa egiteko proposamena. Gainera, espedientean agertzen diren neurri zuzentzaileak bete daitezela bermatuko duen ingurumen-zaintzako programa proposatzen du.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean (2010eko 17. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 8koa) argitaratu zen Herri Lan, Garraio eta Komunikazioko kontseilariaren urtarrilaren 22ko 11/2010 Foru Aginduaren bidez, behin-behineko onespena eman zitzaion maileguaren eta zabortegiaren proiektuari, eta jendaurrean jarri zen 30 egun baliodunean, Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren eta ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako.

Jendaur reko epe horretan, ez zen ingurumenari buruzko alegaziorik jaso.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak ezartzen duenaren arabera, Ingurumen eraginaren adierazpena egin behar da aipatu xedapenen eranskinetan ageri diren obra, instalazio edo jarduerak gauzatu edo baimentzeko, zein den kasua, administrazio ebazpena eman aurretik.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa osorik dagoela iritzita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10ean emandako 426/2007 Foru Aginduarekin bat (haren bidez Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitu ziren),

EBATZI DUT:

1. Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuak sustatu duen proiektuari, NA-134 errepidean (Ebroko Ardatza) Arguedas-Valtierrako saihesbiderako mailegu eta zabortegiaren proiektuari buruz, Ingurumen eraginaren adierazpena egitea.

2. Jarduera egiteko, goiburuan aipatutako espedienteko agiri teknikoetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, baita baldintza hauek ere:

-Maileguko belar-sastraken garbiketa obra nagusiaren multzoari buruz egiten ari den arkeologia arloko jarraipenaren barnean sartuko da, eta nolanahi ere, arkeologia ondarearen babeserako Kultura eta Turismo Departamentuak ematen dituen jarraibideak beteko dira.

-Sustatzaileak azkenean "Senda Viva" parkeko errepidea ez diren beste sarbide batzuk erabili edota atontzea planteatzen badu, kontuan hartu beharko da eskualdeko sakanen osotasunari eutsi behar zaiola eta sarbide alternatiboen ondoan dauden sastrakadi-larreetan ukipen nabarmenik ez dela sortu behar, eta horrez gain, sarbide horietako batzuetan abelbideak daudela. Ibilbideek ezin izanen dituzte inola ere ukitu "Bardea" izeneko ES2200037 Europar Batasunaren Intereseko Lekuko lurzoruak.

-Hala gertatzen bada, edo "Senda Viva" parkeko errepidea nola edo hala hondatzen bada, eta horregatik errepide hori atondu edo berreraikitzeko obra berriak egin behar badira ondoko lurzoruak eta ondoan dagoen sakana gehiago okupatuta, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari berariazko dokumentu teknikoa eta espero daitezkeen ukipenen ingurumen arloko balorazioa aurkeztu beharko zaizkio.

-Maileguaren hedadura eta sakonera kontuan hartuta, paisaian ahalik eta ondoen integratzeko, zuloaren perimetroak zein azalerak forma biribila izan dezatela eta jarduketaren eremuak nekazaritzako erabilera osorik berreskura dezala lortu beharko da.

-Beraz, zuloaren ipar-mendebaldeko, ipar-ekialdeko eta hego-ekialdeko bazterretako ezpondak 4H:1V-tik beherako maldarekin diseina daitezela proposatzen da, modu horretan lehengoratu ondoren osorik landatu ahal izateko. Horretarako, honako konponbide hauek proposatzen dira:

  • Erauzketa lekua bazterretan moldatzea, eta adierazi diren ezaugarriak dituen ezponda uztea.
  • Mailegua lehengoratzen ari den bitartean gehiago hondeatzea, aurreikusita dagoen okupazioaren kanpoalderantz, mailegua birprofilatzeko.
  • Maileguko soberakinak aipatu bazter horietan jartzea.
  • Jarduketaren sektorizazioa aldatzea, aurreikusita dagoen betelana perimetroan, ezpondetan zehar, barreiatu ahal izateko; hala eginez gero, erauzketa-lana perimetroko gune horretatik hasi beharko litzateke, eta maileguaren beraren landare lurrak uzteko lekua berriro aztertu.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 64. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Arguedasko Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 8an.-Ingurumeneko zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1006431