58. ALDIZKARIA - 2010eko maiatzaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

170/2010 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, berrikuntza proiektuetarako 2010-2011 ikasturteko deialdiaren arauak onesten dituena.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa eta Europar Batasunak hezkuntza arloan emandako gidalerroak bat datoz gazteen hezkuntzaren helburua zein den esatean: "Hezkuntza horrek egungo gizartean beharrezkoak diren oinarrizko jakintzak eta gaitasunak hartuko ditu kontuan, herritartasun demokratikoaren praktikaren, elkarbizitzaren eta gizarte-kohesioaren euskarri diren balioak garatzeko aukera eman behar du, eta gazteengan ikasten jarraitzeko gogoa eta haien kabuz ikasteko gaitasuna piztu behar du".

Hezkuntza ikerkuntzaren eta berrikuntzaren sustapena hezkuntza politika ororen oinarrizko helburuetako bat da. Era berean, hezkuntza politika hainbat jarduketatan oinarritzen da, besteak beste, irakasleek ikastetxeetan irakaskuntzan aritzen direnean hezkuntza eta pedagogia berritzeko egiten duten lanean laguntza ematean. Lan hori berrikuntza proiektu gisa aurkezten da, eta modu horretan, deialdi honen eta beste hainbaten bidez, funtsezko tresnak diren berrikuntzan eta ebaluazioan oinarritutako aldaketa-prozesuak bideratzen dira.

Lan garrantzitsu horri bultzada handiagoa emateko, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntzan jarduteko hainbat programa sustatu du, eta berrikuntza horretarako pizgarriak eman ditu erakundeen laguntza gisa, berrikuntza proiektuen finantzaketarako deialdien, kulturartekotasunari laguntza emateko deialdien eta ezarritako berrikuntza arloetako proiektuetarako sari deialdien bitartez.

Deialdi honen bidez, hezkuntza berrikuntzako jarduketa-ildoen lehentasunak definitu nahi dira, eta ahal den neurrian, hezkuntza berrikuntzako proiektuetarako programen eta laguntzen modalitate batzuei zein besteei laguntza emateko deialdiak taldekatu, deialdi horiek batzuetan ikastetxeei eta bestetan irakasleen lantaldeei ematen baitzaizkie, hori guztia hezkuntza berrikuntzako proiektuak ikastetxeen hezkuntza jardueran eta ikastetxe horien urteko programazioan txerta daitezela bultzatzeko, eta izaera berritzailea duten hezkuntzako material eta baliabideak lantzeko.

Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak deialdi honen egokitasunari buruz aurkeztutako txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2010-2011 ikasturtean hezkuntza berrikuntzako proiektuak egiteko deialdia onestea. Deialdia ebazpen honen I. eranskinean ageri diren oinarriek arautuko dute.

2. Ikastetxe publikoetako proiektuei dagokien gastua, gehienez 16.500 eurokoa, 2010eko gastuen aurrekontuko "Hezkuntza berrikuntzako programak" izeneko 425004 42350 2269 321200 kontu-sailaren 0040001354 Espedienteari egoztea. Horretarako baimena Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 15ean emandako 120/2010 Ebazpenaren bidez eman zen.

3. Ikastetxe itunduetako proiektuei dagokien gastua, gehienez 8.500 eurokoa, 2010eko gastuen aurrekontuko "Hezkuntza berrikuntzako programak" izeneko 425004 42350 4819 321200 kontu-sailaren 0040001447 Espedienteari egoztea. Horretarako baimena Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak martxoaren 11n emandako 112/2010 Ebazpenaren bidez eman zen.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Hezkuntza Berrikuntzaren Atalari eta Berrikuntza Programen Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko apirilaren 19an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Ikastetxeetako berrikuntza proiektuetarako deialdiaren oinarriak, 2010-2011 ikasturterako

0.-Xedea.

Hezkuntza berrikuntzako esperientziak garatzen dituzten proiektuen deialdia arautzea. Esperientzia horiek oinarrizko trebetasunen hobekuntzari buruzkoak izanen dira, baita Hezkuntza Departamentuak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetan azaldutako hezkuntza berrikuntzako lehentasunezko ildoen garapenari buruzkoak ere.

1.-Deialdiaren helburuak.

1.1. Irakasleek, curriculumari begira, oinarrizko gaitasunen garapenean oinarritutako ikuspuntua har dezaten sustatzea, proposamen errealista eta bideragarrien bitartez.

1.2. Nafarroako irakasleen jardunbide egokiak sustatu eta ezagutaraztea hezkuntza berrikuntzako lehentasunezko ildo hauetan:

-Ikasleen irakurtzeko gaitasuna garatzea eta eskolako liburutegiaren erabilera sustatzea.

-Matematikarako gaitasunaren eta mundu fisikoa ezagutu eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna garatzea.

-Ikasten ikasteko gaitasuna garatzea.

-Gaitasunak diziplina anitzeko ikuspuntutik garatzea.

-Hezkuntza Departamentuak bultzatzen dituen plan eta programekin lotutako hezkuntza-esperientziak garatzea, honako lehentasun hauekin:

  • Eskolako bizikidetza.
  • Berdintasuna eta hezkidetza.
  • Eskolaren esparruan zeharkako gaiak txertatzea: osasunaren sustapena, ingurumena, garapenerako hezkuntza, kontsumoa, bide-hezkuntza eta beste batzuk.
  • Aniztasunarekiko arreta eta kultur aniztasuna.
  • Hezkuntza orientabidea.
  • Atzerriko hizkuntzak: eleaniztasuna.
  • Kalitatea ikastetxeetan.
  • Antolatzeko autonomia.
  • Hezkuntza komunitateko sektoreen inplikazioa ikastetxeetan.

1.3. Ikasgelako eta ikastetxeko eguneroko zereginetan irakasleek egiten duten lana aintzat hartzea.

2.-Finantzaketa.

Berrikuntza proiektuetarako deialdiak bi fase izanen ditu:

Lehenengo fasean, 2010-2011 ikasturtean garatuko den proiektuaren lan plangintza aurkeztuko da hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Aurkeztutako proposamen guztien artean, ebazpen honen 6. idatz-zatian xedatuta dagoenaren arabera puntuaziorik handiena lortzen duten proiektuak aukeratuko dira. Aukeratzen diren proiektuek gehienez 1.500 euro jasoko dituzte garapen gastuak finantzatzeko laguntza gisa.

Bigarren fasean, aukeratutako proiektuek ikasturtean egindakoaren memoria aurkeztuko dute. Memoria 2011ko maiatzaren 31 baino lehen entregatuko da. Egindako lanen memoriak baloratu ondoren, ebazpen honen 8. idatz-zatian aipatzen diren ziurtagiriak emanen dira.

3.-Deialdiko partaideak.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ari diren irakasle guztiek parte har dezakete deialdian. Aukera hauek izanen dira:

a) Departamentu didaktiko batek parte hartzea, Bigarren Hezkuntzan, edo ziklo batek, Haur eta Lehen Hezkuntzan.

b) Diziplina anitzeko lan talde batek parte hartzea, ikastetxe bereko irakasleek osaturik.

c) Hainbat ikastetxetako irakasleek osatutako lan talde batek parte hartzea. Arlo edo irakasgai bereko irakasleak elkar daitezke, edo bestela arlo desberdinetakoak, diziplina anitzeko ikuspuntuaren bila.

4.-Proiektuen ezaugarriak.

4.1. Proiektuak bi fasetan aurkeztuko dira, 2. atalean xedatutakoarekin bat. Lehenengo fasean, 2010-2011 ikasturtean garatuko den proiektuaren lan plangintza aurkeztuko da.

Bigarren fasean, ikasturte horretan zehar gelan edo ikastetxean egindakoaren memoria aurkeztuko da. Azken memoria horrek programazioa, gelako garapena eta ebaluazioa bilduko ditu.

4.2. Proiektuetan honako baldintza hauek kontuan hartu beharko dira:

a) Ahal dela, planteamendu errealista eginen da, irakasle guztientzat eta gelako ohiko egoera guztietarako balioko duena.

b) Proposamenek prestakuntza integralean oinarritutako ikuspuntua agertuko dute, gaitasun mota guztiak bilduko dituena: kognitiboak, afektiboak eta sozialak.

c) Parte-hartzaileek nahi duten ikuspuntu didaktikoa hartzen ahalko dute.

4.3. Parte-hartzaileek Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari aholkua eskatzen ahalko diote.

4.4. Memoriak euskarri informatikoan aurkeztuko dira, IV. eranskineko ereduaren arabera.

4.5. Material didaktiko lagungarriak eransten ahalko dira edozein euskarritan (grafikoa, ikus-entzunezkoa, informatikoa, etab.).

5.-Eskabideak tramitatzea.

5.1. Eskabideak eta agiriak.

Deialdian parte hartu nahi duten irakasleek II. eranskineko ereduaren araberako eskabidea egin beharko dute, eta Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariari zuzendu. Eskabidearekin batera proiektuaren lan plangintza aurkeztuko da, III. eranskineko ereduaren arabera.

5.2. Aurkezteko epea eta lekua.

Erantsi beharreko agiriak deialdi honen 2. puntuan ezarri den epearen barnean aurkeztu beharko dira, azken eguneko 14:00ak baino lehen (Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 20 egunetan) aurkeztuko dira, Hezkuntza Departamentuaren erregistroan (Santo Domingo, 8 - 31001 Iruña), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren bideetatik, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak sortu eta arautu duen Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan. Hezkuntza Departamentuko Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuari zuzendutakoa izan beharko du.

5.3. Akats zuzenketa.

Eskabidea behar bezala aurkezten ez bada, dela gaizki bete delako, dela erantsi beharreko agiriak ez daudelako, eskatzaileari egindako akatsen berri emanen zaio, jakinarazi eta hamar eguneko epean zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko da, aurretik horri dagokion ebazpena emanda.

6.-Hautapen prozesua.

6.1. Hautapen batzordea.

Batzorde batek hautatuko ditu proiektuak. Batzordean honako hauek izanen dira: Hezkuntza Berrikuntzaren Ataleko burua, batzordeburu; Irakasleen Prestakuntzako Ataleko burua, edo berak izendatzen duena; Berrikuntza Programen Bulegoko Burua, idazkari; Ebaluazio Ataleko ikuskatzaile bat, eta Baliabide Didaktikoen Bulegoko Burua.

6.2. Hautatzeko irizpideak.

Aurkeztutako proiektuak hautatzeko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

-Proposamenaren justifikazioa: eduki berritzailea eta hezkuntza aukera berriak: 10 puntu.

-Ezarritako planaren kalitatea (helburuak, edukiak eta metodologia): 10 puntu.

-Deialdi honetan lehenetsitako arloekiko egokitasuna: 5 puntu.

-Proiektuaren originaltasuna: 10 puntu.

-Oinarrizko gaitasunen garapenean oinarritutako ikuspuntua: edukiaren eta metodologiaren eragina praktikaren hobekuntzan eta oinarrizko gaitasunen garapenean.

-Proiektuaren garapenean IKTak erabiltzea: 5 puntu.

-Inplikatutako irakasle-taldea eta proiektuaren diziplinartekotasuna: 5 puntu.

-Gelako lanerako bideragarria izatea: 10 puntu.

-Hura orokortzeko interesa: 10 puntu.

-Eskola-elkartearen parte-hartzea: 5 puntu.

Guztira: 80 puntu.

6.3. Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak puntuazioen arabera ordenatuko ditu aurkeztutako proiektuak. Hautatutako proiektuen kopuruak eta proiektuetarako laguntzen zenbatekoa hautatutako proiektuen kopuruaren eta deialdi hau finantzatzeko erabili beharreko aurrekontuko zuzkiduraren araberakoak izanen dira. Zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko da. Hezkuntza Departamentuak eskatzaileei jakinaraziko die aurkeztutako proiektua hautatu den ala ez, eta jakinarazpen hori telematika bidez bidaltzen ahalko da, baldin eta interesdunak Helbide Elektroniko Bakarra badu, eta eskabide telematikoan erantzun hori espresuki eskatzen badu.

6.4. Proiektuen jarraipena.

Prestakuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzuak deialdi honetan hautatutako proiektuen jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko neurriak hartzen ahalko ditu.

7.-Zuzkidura.

7.1. Proiektu bakoitzerako zuzkidura, gehienez, 1.500 eurokoa izanen da. Kopuru hori aurrerakin gisa ordainduko da 2010eko gastuen aurrekontuaren kargura, 2. idatz-zatian aurreikusten den deialdiaren lehenengo fasea ebatzi ondoren.

7.2. Gastu hauek justifikatuko dira: materiala, bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroetara joatea eta bibliografia, eta proiektua garatzeko beharrezkoak diren beste gastu arrunt batzuk. Inola ere ez dira laguntza honen kargura ordainduko proiektuan parte hartzen duten irakasleen soldata eta haborokinak.

8.-Irakasleen orduak ziurtatzea.

Hautatutako proiektuetan parte hartzen duten irakasleei 5 kreditu edo 50 ordu aitortzen ahalko zaizkie berrikuntza proiektuko partaide gisa. Proiektuaren kalitatea saritzeko, 7 kreditu edo 70 ordu bitarte handitzen ahalko dira.

9. Argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak saritutako lanak argitaratzen ahalko ditu eta argitalpenak memoria guztia edo zati bat edukitzen ahalko du. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak aipatu beharko ditu. Deialdian parte hartzeak proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakar berekin. Oso-osorik argitaratzen ez bada, egileei baimena eskatuko zaie.

10. Jatorrizkoak berreskuratzea.

Saritu gabeko lanak berreskuratzen ahalko dira, hiru hilabeteko epean, deialdia ebatzi eta biharamunetik hasita.

II. ERANSKINA

Hezkuntza berrikuntzako proiektuen deialdian parte hartzeko eskabidearen eredua

1. Parte hartzen duten irakasleen datuak.

Egilea edo koordinatzailea:

IFZ:

Helbidea:

Herria eta posta kodea:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Espezialitatea:

Parte hartzen duten irakasleak:

IFZ

ESPEZIALITATEA

IKASTETXEA

2. Ikastetxe koordinatzailearen datuak.

Izena:

Helbidea:

Herria eta posta kodea:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

3. Lanaren datuak.

Izenburua:

Proposatutako arloak / gaiak:

Lehenetsitako lan-ildoak:

Hezkuntzako zein etapatan gauzatuko den:

4. Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen aitorpena:

............................... jaunak/andreak, ..................... NANa duenak, ...................... (e)ko berrikuntza proiektuaren koordinatzaile arduraduna baita, aitortzen du proiektu hori argitaratzeko eskubideen jabe dela eta argitaratzeko baimena Nafarroako Gobernuaren esku uzten duela.

.......................(e)(a)n, 2010eko ................ (a)ren .... (e)an.

Sin.: Koordinatzailea

5. Ikastetxeko zuzendaritzaren txostena.

.......................... jaunak /andreak, ........................ ikastetxeko zuzendariak, ikastetxeentzako 2010-2011 ikasturteko berrikuntza proiektuen deialdiko ...................... (e)ko berrikuntza proiektuaren aldeko txostena eman du, eta uste du proiektu horrek ikastetxearen hezkuntza jarduera hobetzen laguntzen duela.

.......................(e)(a)n, 2010eko ................ (a)ren .... (e)an.

Ikastetxeko zuzendaria

III. ERANSKINA

Berrikuntza proiektuaren lan plangintza diseinatzeko gidoia

1. Justifikazioa: proiektua justifikatzen duen eduki berritzailea, proiektu horrek hezkuntza aukera berririk ekartzen duen, baita oinarrizko gaitasunen garapenarekin loturarik duen ere.

2. Berrikuntza proiektuaren helburuak.

3. Berrikuntza proiektuaren edukiak.

4. Lan metodologia.

5. Inplikatutako irakasle-taldea.

6. Ikasleak.

7. Eskola-elkartearen parte-hartzea.

8. Gehituko diren IKTak.

9. Faseak.

10. Epeak.

11. Zeharkako gaiak.

12. Aurrekontua.

13. Prestakuntza.

IV. ERANSKINA

Memoriaren eredua

Memoriak 2010eko maiatzaren 31n aurkeztuko dira beranduen, eta atal hauek izanen dituzte:

a) Oinarrizko gaitasunak egindako proposamenean integratzeko planteamenduaren justifikazioa.

b) Programazioa, hautaturiko ikuspuntuaren eta egituraren araberakoa.

c) Gelan nola gauzatuko den. Edozein irakaslek orokortzeko moduko alderdi interesgarrienak aipatuko dira.

d) Proiektuko helburuak betetzea:

  • Hasiera batean proposatuak.
  • Proiektua bukatzean lortuak.

Proiektuan parte hartu duten eragileak.

Egindako jarduerak:

Proiektuan izaniko aldaketak hura egiten ari zela:

  • Helburuak.
  • Edukiak.
  • Jarduerak.
  • Metodologia.
  • Baliabideak.
  • Ebaluazioa.
  • Bestelakoak.

Proiektuan erabilitako ebaluazio-prozesuaren laburpena.

e) Ondorioak: proiektuan lortutakoa, emaitzak eta aurrera egiteko aukerak.

f) Hautatutako ikuspuntua orokortzeko aukeren balorazio pertsonala eta, kasua bada, taldearena.

g) Erabilitako materialak eranskinean sartuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1007055