4. ALDIZKARIA - 2010eko urtarrilaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DONEZTEBE

Ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, zorupe eta hegalkinean interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena argitara eman zen 2009ko 139. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 11n. Jendaurreko epea iragan denez haren kontrako erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Donezteben, 2009ko abenduaren 23an.-Alkatea, Miguel San Miguel Azpiroz.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAN
INTERES OROKORREKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIAREN
TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduko 93. artikuluan eta hurrengoetan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, hori guztia udal eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzeko, herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Tasa honen zergapeko egintza dira udal eremu publikoko zoru, zorupe edo hegalkinean eginiko erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu bereziak, hala nola hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko; lineetarako zutoinak; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burdin-barrak, baskulak, salmenta automatikorako makinak eta gisakoak, zerbitzua egitearekin ikustekoren bat badute eta interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek egiten badituzte, herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta bertze komunikabide moten hornidurak egonen dira, udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

4. artikulua. Tasa horren zenbatekoa, hurrengo artikuluan jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek bertze enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen du ordainetan onuradunak.

Ukituta gerta daitezkeen ondasunen edo balioaren arabera finkatuko da gordailu hori, udal teknikariak txostena aldez aurretik eginda. Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldirotasun batez egiten badituzte, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko gordailu oso bat eratzen ahalko da, itunean ezarri aldietan ikuskatu daitekeena, aipatu aldietan aprobetxamendu horietan usteko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Gordailua berreskuratu ahal izateko aldeko txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

5. artikulua. Telefonia mugikorreko enpresek tasa zehazteko araubide orokorra hartu beharko dute bere gain jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarengatik. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

6. artikulua. Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiruhilero aurkeztu beharko dute udal mugapean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aitzineko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, enpresek dagokien tasaren zenbatekoa horretarako ezarri erakundean sartu beharko dute.

8. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin (enpresa horiek urtero izanen dira subjektu pasiboak) salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek beste entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

10. artikulua. Hornidura zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziren bat egin behar dutenean, hori egiteko behar den lizentzia eskatu beharko dute.

Erabilera edo aprobetxamendu hori egin ahal izateko obra egin behar denean, enpresek behar den obra lizentzia eskatu beharko dute.

11. artikulua. Iruzurtzat hartuko dira arau-hauste berezi hauek:

a) Erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egitea, horretarako behar den lizentzia izan gabe.

b) Zerga-oinarria zehazteko behar diren datuak gezurrezkoak izatea.

c) Bestelako arau-hausteetarako Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeari eta harekin bat datozen arauei.

12. artikulua. Arau-hausteen ondorioz sortzen diren zehapenen gainerako kontuetarako, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta horrekin bat datozen gainerako arau orori ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordezko gisa aplikatuko da toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, 2/1995 Foru Legea aldatu zuen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean eta 6/1990 Foru Legean ezarritakoa.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Eginbidea.-Ordenantza hau, 12 artikulu eta 2 azken xedapen baititu, Udalak onetsi zuen hasiera batean 2009ko urriaren 30ean eginiko osoko bilkuran.

O.E.

ALKATEA

IDAZKARIA

Iragarkiaren kodea: L0928997