26. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 26a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

IRUÑEKO LEHEN AUZIALDIKO 7. EPAITEGIA

Enkante publikoa. 1721/2009 hipoteka-betearazpena

Iruñean, 2009ko azaroaren 12an.-Idazkaria, Aránzazu Chocarro Úcar.

Aditzera ematen dut: organo judizial honetan bideratzen ari diren 1721/09 hipoteka-betearazpenaren autoetan erabaki da ediktu honen atal nagusian azaltzen diren ondasun bereziki hipotekatuen enkante publikoa egitea, eta halaxe adierazten da ekitaldia organo honetako entzunaldi-aretoan 2010eko apirilaren 15eko goizeko hamarretan egin dadin, baldintza hauei jarraikiz:

Lehenbizikoa.-Posturak egiteko baldintzak. enkantean parte hartzeko, lizitatzaileek beren nortasuna frogatu beharko dute. Enkantearen baldintzak ezagutzen dituztela aitortu beharko dute. Gordailu eta kontsignazioen 0030 8025 0000 0000 0000 zenbakiko kontuan, 2757 0000 05 1721 09 kontzeptua adieraziz, enkantean jartzen diren ondasunen balioaren %30 sartu izanaren gordekina aurkeztu beharko dute edo, bestela, kopuru hori adinako banku-abala jarri izanarena. (Gordailu osoa edo zati bat hirugarren batengandik jasotako diruarekin egiten bada, gordekinean azaldu beharko da). Alderdi betearazleak enkantean parte har dezake, bakar-bakarrik, lizitatzailerik badago. Kasu horretan, ez du enkantean parte hartzeko dirurik jarri beharko. Posturak egin eta errematea hirugarren bati lagatzeko ahalmena alderdi betearazleari dagokio, ez beste inori (PZLaren 647., 669.1 eta 666. artikuluak).

Bigarrena.-Idatzizko posturak. Idatzizko posturak enkantea iragartzen denetik hura hasi arte egin daitezke. Gutun-azal itxietan aurkeztuko dira, adierazitako baldintza berberetan. Gutun-azalak enkantearen ekitaldiaren hasieran irekiko dira. Gutun-azaletako posturak jendaurrean eginen dira, besteekin batera, eta ahoz egiten direnen ondorio berberak izanen dituzte (PZLaren 648. artikulua).

Hirugarrena.-Titulazioa eta zamak. Enkantean parte hartzeak berarekin dakar posturagileek autoetan agertzen den titulazioa askitzat hartzea edo, hala bada, titulaziorik ez dagoela onartzea. Era berean, auzi-jartzailearen kredituaren aurreko zamek eta kargek bere horretan segitzen dutela onartuko dute, halakorik bada, eta errematea beren alde esleituz gero, kredituen erantzukizunean subrogatuko direla.

Erregistroko ziurtagiriak eta, hala badagokio, ondasunen titulazioa epaitegiko idazkaritzan daude ikusgai (PZLaren 668. eta 669.2. artikuluak).

Laugarrena.-Errematea onesteko baldintzak, onartzen diren posturak.

1. Posturarik onena enkantean jarri den ondasunaren balioaren %70ekoa edo handiagoa bada, errematea posturagile onenaren alde onetsiko da, eta horrek hogei eguneko epea izanen du jarritako diruaren eta errematearen azkeneko prezioaren arteko aldea ordaintzeko.

2. Postura guztiak enkantean jartzen den ondasunaren balioaren %70etik gorakoak badira, baina behar adinako banku- edo hipoteka-bermea aurkeztu eta epeka ordaintzea eskaintzen badute, postura horietatik onenaren aldeko errematea onesten ahalko da, salbu eta alderdi betearazleak hurrengo hogei eguneko epean eskatzen badu higiezina berari esleitzea enkantearen hasierako balioaren %70 ordainduta.

3. Enkanteko posturarik onena enkantean jartzen den ondasunaren balioaren %70etik beherakoa bada, honako baldintza hauek bete beharko dira posturagile onenaren aldeko errematea onesteko:

-Posturarik onena tasazio-balioaren %50etik gorakoa izatea edo, baxuagoa bada, abiarazitako betearazpenaren zenbatekoa berdintzea gutxienez, interesetarako eta kostuetarako aurreikusten den dirua barne.

-Betearazpenpeko alderdiak ez erabiltzea PZLaren 670. artikuluaren 4. lerroaldean aitortzen zaion ahalmena (postura hobetzen duen hirugarren bat aurkeztea).

-Edo aurreko inguruabarra gertatu gabe, alderdi betearazleak ez eskatzea higiezina tasazio-balioaren %70 ordainduta esleitzea edo kontzeptu guztien ordainean zor zaion diruaren truke, betiere diru kopuru horrek posturarik onena gainditzen badu (PZLaren 670. artikulua).

Bosgarrena.-Posturak egin ahal izateko gordailuen xedea. Errematea onetsita, posturagileei jarritako dirua itzuliko zaie, posturagile onenari izan ezik. Gainerako posturagileek eskatzen ahalko dute bakoitzak jarritako dirua epaitegiaren esku gelditzea, erremategileak gainerako dirua ordaindu ezean, haren ondotik daudenen aldeko errematea onets dadin, egindako posturen arabera. (PZLaren 652. artikulua).

Seigarrena.-Enkantearen porrota. Erremategileak falta den dirua ezarritako epean ordaintzen ez badu edo bere erruagatik salmenta ondoriorik gabe gelditzen bada, egindako gordailua galduko du. (PZLaren 653. artikulua).

Betearazpenpekoei enkantearen eguna jakinarazterik ez badago, ediktu honek legezko jakinarazpen gisa balioko du.

Enkantean jartzen den finka: "Venta Vieja" izeneko etxea, Bertizaranako Oteitza auzoan. Iruñeko 5. Erregistroan inskribatua: 3.253. liburukia, 156. orria, 199. finka. Balorazioa: 190.000 euro.

Iruñean, 2010eko otsailaren 5ean.-Idazkari judiziala, Aránzazu Chocarro Ucar.

Iragarkiaren kodea: J1002241