118. ALDIZKARIA - 2010eko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

484/2010 EBAZPENA, abuztuaren 16koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Oteitzako udal mugapeko 1. poligonoko 401. lurzatian haizea neurtzeko antena bat instalatzeko proiektua baldintza batzuekin baimentzen duena. Proiektua M. Torres Desarrollos Energéticos, S.L. enpresak sustatu du.

2010eko apirilaren 14an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen Oteitzako udal mugapeko 1. poligonoko 401. lurzatian haizea neurtzeko antena bat instalatzeko proiektuari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua M. Torres Desarrollos energéticos, S.L. enpresak sustatu du. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O letran sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen. Hori horrela, proiektuak Ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Proiektu horren arabera, haizearen abiadura, tenperatura eta presio atmosferikoa neurtzeko dorre meteorologiko bat instalatuko da aldi baterako, eremu horretan aprobetxamendu eolikorako oinarriak ezartze aldera. Instalazioa sareta metalikozko 60 metroko altuerako euskarri dorrean eginen da, eta neurketa-ekipamenduen artean, besteak beste, anemometroak izanen ditu, eta dagozkion balizak ere bai.

Instalazioa nekazaritzako lurretan kokatuko da, lurzatiaren mendebaleko mugaren ondoan, Villatuertako mugaren ondoan, lurzatiaren latitudearen arabera zentratua. Ukipenen azterlanaren arabera, kontserbaziorako balio handien duen faktorea hegazti-fauna da, izan ere kokaleku horretan ez dago intereseko landaredi naturalik edota bestelako elementurik. Bestalde, eremu horretan makineriarentzako sarbide egokia dago eta ez da inolako kanalizaziorik aurreikusten hori abian jartzeko.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak proiektuaren aldeko txostena eman du lurzoru urbanizaezinari dagokionez, eta determinazioen artean sustatzailearen obligazioa sartu du, obrak hasi aurretik organo eskudunetatik lortu behar diren baimen guztiez hornitzeko, jarduera egitean eraginpean izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunetan esku hartu ahal izateko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Oteitzako udal mugapeko 1. poligonoko 401. lurzarian haizea neurtzeko antena bat instalatzeko. Proiektua M. Torres Desarrollos Energéticos, S.L. enpresak sustatu du.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Landare lurra ez diren indusketa hondakinak eta soberan dauden gainerako materialak horien izaera aintzat hartuta baimendutako hondakindegira eramanen dira.

-Lanen hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta hondeaketatik datozen gainerako materialetatik bereizirik pilatuko da. Lur hori zimentazioen inguruetan zabalduko da, berreskuratzeko moduan, gerora, dorrea desmuntatzen denean, lurzoruaren erabilera berreskuratze aldera.

-Neurketa helburuak beteta, eta antena instalatzen denetik gehienez ere bi urte igaro baino lehen, antena hori desmuntatu eta okupatutako eremua lehengoratuko da.

-Sustatzaileak, lanak hasi baino lehen, organo eskudunek eman beharreko baimen guztiak lortu beharko ditu, jarduerak ukitutako azpiegitura eta zortasunetan esku hartu ahal izateko.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin beharreko jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da artikulu horretan), dagozkion baldintzekin.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Oteitzako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abuztuaren 16an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1014304