63. ALDIZKARIA - 2009ko maiatzaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

49/2009 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuak onetsi zuen Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua aldatzen duena.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Erregelamendu hori ondo aplikatu da oro har, nahiz eta hura onetsi zenetik igarotako urteetan izan den esperientziak aldaketa batzuk egitea gomendatzen duen, aplikaziotik ondorioztatutako zenbait arazo konpontzeko.

Izan ere, 8. artikulua ("Onuradunek bete beharreko baldintzak labore iraunkorretan izandako galeraren kalte-ordaina jasotzeko") aldatu da, kalte-ordainaren zenbatekoari dagokionez: kopuru hori handituko da eta, aldi berean, kalte-ordaina jasotzeko beste kasu batzuk onartuko dira. Horiek eskatzeko epeak finkatuko dira kasuan kasu eta, horrez gain, beste jabe batzuengandik laboreak jasotzeko eta obren ondoriozko ukipenak konpentsatzeko aukera ezarriko da.

Era berean, 10. artikulua ("Nekazaritza azpiegituretako jarduketen onuradunek obrak burutu aurretik bete beharreko baldintzak") aldatu da, onuradunek obren kostua emateko unea obren finantzaketa onetsi arte atzeratzeari dagokionez.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko maiatzaren 4an egindako bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuak onetsi zuen Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 8. eta 10.a) artikuluak aldatzea.

Bat. Honelako testua izanen du 8. artikuluak:

"8. artikulua. Onuradunek bete beharreko baldintzak labore iraunkorretan izandako galeraren kalte-ordaina jasotzeko.

1. Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 2. artikuluan adierazten diren nekazaritza azpiegituretako jarduketek ukitzen dituzten pertsonek, baldin eta, interes orokorreko obrak amaitu ondoren, ordezko loteetan lehen adinako labore iraunkorreko produkziorik ez badute, kalte-ordainerako eskubidea izanen dute, artikulu honetan aipatu bezala.

2. Interesdunek eskaera Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura bidali beharko dute, hurrengo epeen barnean:

a) Lehorreko lurzati berrantolamenduei dagokienez, obrak jaso eta hurrengo urtearen barnean.

b) Ureztalur bihurtzeari dagokionez, ureztatzea abiatzeko deklarazioa egin eta hurrengo urtearen barnean.

c) Ureztalurrak modernizatzeari dagokionez, obrak jaso eta hurrengo urtearen barnean.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baloratuko du zenbateko kaltea egin zaion eskatzaile bakoitzari ordezko lursailak adjudikatzean, lurzati berrantolamenduko obrak egitean edo interes orokorreko obrak egitean, lurrak ureztalur bihurtu eta modernizatzen diren kasuetan.

4. Produkzio galera zehaztutakoan, dagokion kalte-ordaina finkatuko da: gehienez ere, urteko produkzio gordinaren ehuneko berrogei, hiru urteko epean.

5. Kalte-ordaina jasotzeko, labore iraunkorraren jabeek landareak errotik atera, eta motzondoak kendu beharko dituzte, lurzatia laborantzarako moduan utzita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laboreei ordezko lursailetan eutsi behar zaiela berariaz jakinarazi ezik.

6. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko estatistika zerbitzuek ezarriko dituzte laboreen produkzioari eta prezioei buruzko datuak, Foru Komunitateak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak sinatutako hitzarmenaren barrenean, eta aplikatzeko, honako hau hartuko da kontuan:

a) Alde batetik, laborearen batez besteko produkzioa azken bost kanpainetatik hirutan, handiena eta txikiena kenduta.

b) Bestetik, batez besteko prezioa, azken bost kanpainetatik hirutan, handiena eta txikiena kenduta.

7. Kalte-ordain horietarako, belarki laboreak ez dira labore iraunkortzat hartuko.

Bi. Honelako testua izanen du 10. artikuluaren a) idatz-zatiak:

"10. artikulua. Nekazaritza azpiegituretako jarduketen onuradunek obrak burutu aurretik bete beharreko baldintzak.

a) Obrak egiteko kontratua sinatu baino lehen, Ureztatzaile Elkarteek, legez onartu edo parekatutako elkarteek eta toki entitateek dagokien zenbatekoa ordaindu beharko dute. Hori kalkulatzeko, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 73. artikuluari jarrraituko zaio, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak obra horien finantzaketa onetsi ondoren, edo Nafarroako Gobernuak, bestela. Foru Komunitateko Administrazioaren edo sozietate publiko kontratugilearen kontuan sartuko da dirua."

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko maiatzaren 4an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0915218