19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

6/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 9koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan, aldez aurreko erretiroa hartzeko eskaerak aurkezteko epea behin-behinekoz ixten duena.

Nafarroako Foru Komunitateak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta haren antolaketarekin bat, Nafarroaren barruan jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa Nafarroako Foru Komunitateari dagokio.

Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, LGENF-Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bitartez kudeatzen diren nekazaritzaren garapenerako laguntzei buruzkoa baita, neurri bat ezartzen du nekazariak eta nekazaritzako langileak lehenago erretiratzeko.

Landa Garapenerako 2007-2013 Programak bere baitan hartzen du neurri hori, kudeaketarako baldintza eta errekerimendu multzo bat ezarriz, aurrekontuko zuzkidurako aurreikuspen batekin batera.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren apirilaren 16ko 109/2007 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan nekazariek eta nekazaritzako langileek aldez aurreko erretiroa hartzeko laguntzei buruzko arauak ezarri ziren.

2007. eta 2008. urteetako exekuzio maila eta finantza baliabideak ikusirik, ezinbestekoa da laguntza hauek emateko prozedura egokitzeko neurri batzuk onestea, diruz laguntzen ahal diren espedienteen kopurua finantza aurreikuspenetara egokitzeko. Hortaz, bidezkoa da neurri honetan aurreikusitako laguntza eskaerak onartzeko epea behin-behinekoz ixtea. Hala ere, aurrekontu-baliabide gehiago izateagatik edo Nafarroako Landa Garapenerako 2007-2013 Programa egokitzeagatik sortzen den egoera ikusita egokia baldin bada, epea berriz ere irekitzen ahalko da.

Foru agindu hau urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenaren babesean eman da. Dekretu horretan, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez finantzatzen diren gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea onetsi eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezarri zen. Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak baimena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, foru dekretua garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, bereziki, Europako nekazaritza funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren apirilaren 16ko 109/2007 Foru Aginduaren bidez, nekazariek eta nekazaritzako langileek aldez aurreko erretiroa hartzeko laguntzak eskatzeko epea behin-behinekoz ixtea. Foru agindu horren bidez, nekazariek eta nekazaritzako langileek aldez aurreko erretiroa hartzeko laguntzak ezarri ziren, Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren barruan.

Xedapen gehigarri bakarra.-Foru agindu hau indarrean sartu baino lehen aurkeztutako laguntza eskaerak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak apirilaren 16an emandako 109/2007 Foru Aginduarekin bat tramitatu eta ebatziko dira.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 9an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0900529