147. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2009 FORU LEGEA, azaroaren 19koa, pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako,

FORU LEGEA, PERTSONA TRANSEXUALAK GENERO-NORTASUNAGATIK EZ BAZTERTZEARI ETA HAIEN ESKUBIDEAK AITORTZEARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Martxoaren 15ean, Diputatuen Kongresuak Pertsonen Sexuaren Aipamena Erregistro Zibilean Zuzentzea arautzen duen 3/2007 Legea onetsi zuen. Lege horren bidez, Estatuko legegileak, erregistroak eta tresna publikoak antolatzeko dituen eskumen esklusiboak erabiliz -1978ko Konstituzioaren 149.1.8 artikuluak esleitzen dizkion eskumenak-, espresuki arautu zituen bi egoera pertsonal, zeinak baitira transexualitatea eta genero-nortasuna, eta izaera bat, zeina baita pertsonaren sexua, hertsiki lotuta daudenak Nafarroako Zuzenbide Zibilean eta Espainiako gainerako zuzenbide zibil guztietan betidanik kontuan hartu diren eskubideekin, nortasunaren garapen librearekin, duintasunarekin eta intimitatearekin. Arautze partziala izan da, ordea; izan ere, soilik hartu dira kontuan Erregistro Zibilean pertsonaren sexuari buruzko inskripzioa aldatzeko beharrezkoak diren betekizunak.

Halaber, beharrezkoa da gogora ekartzea Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua; horren arabera "espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal edo sozialak aintzat hartuta".

Nafarroako ordenamendu juridikoaren interpretazioan eta aplikazioan oinarrituta, foru lege honen xedea da, aipatu lege xedapenak kontuan hartuta, transexualen izaera zehaztea, zalantzan jarri gabe, agerikoa denez, Estatuaren eskumena, arautzeko, erregistro zibilaren arloan, transexualek sexua eta izena aldatzeko bete behar dituzten baldintzak.

Edonola ere, foru lege honetan ez da zehazten zein kasutan alda daitekeen erregistroko izena; aldiz, zehazten du legegilearentzat zer den pertsona transexual bat eta nola egiaztatzen den izaera hori, foru lege honetan ezartzen diren eskubideak eraginkorrak izan daitezen Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen-esparruan.

Horrekin lotuta, Orientazio sexualari edo genero-nortasunari buruzko giza eskubideen nazioarteko legeria aplikatzearen gaineko Yogyakartako printzipioen sarreran aipatzen denez -printzipio horiek 2007ko martxoaren 26an aurkeztu ziren, Genevan (Suitza) egin zen Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluaren laugarren bilkuraren barruan, Legelarien Nazioarteko Batzordeak eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zerbitzuak proposatuta-, gaur egun estatu askok dituzte berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubideak bermatzen dituzten legeak eta konstituzioak, sexuagatiko, sexu-orientazioagatiko edo genero-nortasunagatiko bereizketarik gabe.

Sexua, eta hori hartu behar dugu abiapuntu, jaiotzeko unean izaten diren kanpoko organo genitalen ikuste hutsetik harago doa: zientzia modernoak erakutsi duenez, errealitate konplexua da, kromosomekin, gonadenik eta hormonekin, besteak beste, zerikusia duten gertakarien kate baten ondorio. Gertakari horiek, elkarren segidan, zehazten dituzte gizonezkoak edo emakumezkoak bezala ezagutzen ditugunak. Bestetik, batzuetan gertakarien kate horrek hausturak eta bereizketak izaten ditu, eta horren emaitza izaten da bi sexuen ezaugarri gurutzatuak dituzten pertsonak izatea. Alabaina, intersexualitatea agertzen bada ere neurri batean edo bestean bi sexuen ezaugarri fisikoak dituzten pertsonetan, medikuntzak eta psikologiak egiaztatutako errealitatea da badirela zenbait pertsona, bilatzen dutenak beren kanpoko itxura fisikoa egokitzea berezko sentitzen duten sexura eta jaio zireneko unean zuten sexuaz bestea hartzen dute gizartearen aurrean, dirudienez erabaki hori hartzeko kanpoko arrazoi fisikorik gabe. Gertakari hori transexualitate izenez ezagutzen da, eta ez du aurrekoarekin zerikusirik.

Martxoaren 15eko 3/2007 Legeak honela definitu zuen transexualitatea: "hasieran inskribaturiko sexu morfologiko edo genero fisiologikoaren eta eskatzaileak sentitzen duen genero-nortasunaren edo sexu psikosozialaren arteko disonantzia egonkorra eta iraunkorra". Beraz, transexualitateak lotura du sexuaren kontzeptu ez erabat biologiko batekin -hala erabaki zuen aho batez Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2002ko bi epai garrantzitsutan-, baizik eta, batez ere, kontzeptu psikosozial batekin; izan ere, aitortzen da pertsonetan bere izaera egituratzen duten ezaugarri psikologikoak gailentzen direla azkenean, eta horiek direla giza adimenari eta espirituari lehentasuna ematen dietenak, edozein kontu fisikoren gainetik.

Izan ere, genero-nortasunaren kontzeptuak harremana du generoaren barneko eta norberaren bizipenarekin, pertsona bakoitzak bere sakonean sentitzen duen moduan, kontuan hartuta gorputzaren bizipen pertsonala eta generoaren bestelako adierazpenak, hala nola janzkera, hitz egiteko modua edo jokamoldea. Nortasun hori ez datorrenean bat jaiotzeko uneko sexuarekin -aipatu legea desadostasun horri buruzkoa da, hain zuzen-, bat ez-etortze horrekin batera agertzen da, eskuarki, beste sexuko pertsona bat bezala bizitzeko eta onartua izateko nahia, eta, horren ondorioz, norberaren gorputza aldatzeko nahia, metodo hormonal, kirurgiko edo bestelakoen bidez, berezkotzat hartzen den sexuarekin ahalik eta kongruenteen egiteko gorputz hori.

Orduan, gatazka sortzen da pertsonaren eta bere gorpuztasunaren eta bere ingurune pertsonalaren artean; izan ere, pertsona horren portaera berez justifikatzen duten ageriko zeinu fisikorik izan ezean, ingurukoek ezin dituzte ulertu bere jokamoldearen arrazoiak. Pertsona bakoitzaren idiosinkrasia islatuz, pertsona transexualaren jokabideak eta bilakaerak erakusten dute bizi duten borroka, hala bere burua ezagutzeko eta bere nortasuna onartzeko, nola sozialki garatzeko bere baitan egiazki sentitzen duen sexuaren arabera. Zailtasunak kontaezinak dira, eta prozesu horrek eragiten duen sufrimendua handia. Egiten den ahalegin normatibo orok prozesu hori errazteko balio behar du, eta ahalbidetu behar du pertsona ahalik eta trauma arinenarekin egokitzea pixkanaka eta bere giza ahalmenak erabat garatzea.

Hori dela eta, legegilearen ustez, urrats garrantzitsua da Diputatuen Kongresuak martxoaren 15eko 3/2007 Legea onetsi izana; izan ere, lege horrek ahalbidetu du pertsona horiek Erregistro Zibilean agertzen diren sexua eta izena aldatu ahal izatea, eta, horrela, errazagoa izatea pertsona horren izenean dauden administrazio-agiri guztiak bere egiazko genero-nortasunera egokitzea. Hala ere, pertsona transexualen egoeraren konplexutasunak Erregistroko esparrutik harago doan arreta integrala behar du: genero-nortasuna, nortasunaren eskubideen zati den aldetik, lotzen da pertsonaren duintasunerako eskubidearekin -Konstituzio Auzitegiak apirilaren 11ko 53/1985 epaiaren bidez horrela definitu zuen: "pertsonari datxekion balio espiritual eta morala, bereziki adierazten dena norberaren bizitzaren autodeterminazio kontziente eta arduratsuan, eta besteen aldetiko errespetu-nahia dakarrena"-, bai eta nortasunaren garapen libreari buruzko eskubideekin eta osasunerako, integritate psikofisikorako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideekin ere.

Horrenbestez, legeak, lehenik eta behin, pertsona batek legezko sexua ondorio guztietarako aldatzeko duen borondatea aitortu ez ezik, orobat aitortu behar du pertsona transexualek badutela barru-barruko beharrizana, askatasunez adierazten denean, tratu mediko egokia jasotzeko eta fisikoki hartutako sexura ahalik eta gehien gerturatzeko.

Horrekin lotuta, pertsona transexualen osasuna zaintzeko laguntza integralak psikologiaren eta medikuntzaren arloan zehaztutako prozedura multzo bat biltzen du, pertsona transexualak lehen eta bigarren mailako sexu-ezaugarriak bere genero-nortasunera egokitu ahal izateko, kasuaren arabera, kontuan hartuta, agerikoa baita, pertsona transexualen artean askotariko jokamolde eta erantzunak izaten direla.

Pertsona transexual guztiek ez dute modu berean bizitzen beren transexualitatea; horrenbestez, egiten den esku-hartzea ezin da homogeneoa izan eta, horrekin lotuta, foru legeak kontuan hartzen du aniztasun hori eta aitortzen du beharrezkoa dela irizpide mediko, sozial eta psikologiko banakatuak eta pertsona bakoitzari egokituak ezartzea. Hala, pertsona transexualaren genero-nortasuna erabat errespetatuz, ezartzen da pertsona transexualari eman beharreko laguntza ez dela soilik sexua berresleitzeko ebakuntza egitea -baginoplastia eta klitoriko ebakuntza emakume transexualei; metaidoioplastia edo faloplastia gizonezko transexualei-, hori ez baita, kasu askotan, sexua berresleitzeko prozesuaren funtsa. Prozesu horrek zenbait prozedura hartzen ditu bere baitan, hala nola laguntza psikoterapeutikoa -arreta berezia jarri behar da autolaguntza mekanismoen eraikuntzan, gizarte- eta familia-ingurunearen gaitzespenari eta gizarte- edota lan-bazterketari aurre egiteko-, sexu morfologikoa norberaren genero-nortasunera egokitzeko ordezko hormona-terapiak, pertsona identifikatzeko nabarmenak diren ezaugarri morfologikoen -gorputz-enborra eta zintzur-sagarra, esate baterako-ebakuntza plastiko-kirurgikoak, batzuetan beharrezkoak direnak, edota ahotsaren tonu eta modulazioa edo aurpegiko ilea bezalako kontuetarako laguntza osagarriak.

Bigarrenik, bistakoa da areagotu egin direla sexua berresleitzeko prozesuaren diziplina anitzeko izaera eta berezko zailtasunak -nahikoa da aipatzea gizonezko transexualen genitaletako ebakuntzak, horiek baitira gutxien egiten direnak, duten arriskuagatik eta ondorengo funtzionaltasun urologiko eta sexualei buruzko zalantza dela eta-. Horren arrazoia izan da botere publikoek izan duten erreparoa halako ebakuntzak beren gain hartzeko, eta horren erakusgarri da soilik duela 25 urte despenalizatu zirela pertsona transexualei eginiko genitalen ebakuntzak. Hori dela eta, beharrezkoa da transexualitatearen arloko ikerketa zientifikoa sustatzea eta arlo klinikoan etengabeko eguneratzea bultzatzea, transexualitatearekin zerikusia duten tratamenduetan egiten diren aurrerapen zientifiko eta teknologikoei dagokienez.

Hirugarrenik, komenigarria da gogoraraztea Europar Batasuneko Parlamentuaren 1989ko irailaren 12ko Transexualen Bazterketari buruzko Erabakiak aitortzen duela pertsona bakoitzak duen eskubidea, gizakia den aldetik, bere nortasunaren xehetasunak ezartzeko, eta, horretaz gain, estatu kideak premiatzen dituela zenbait neurri gauza ditzaten, besteak beste sexua aldatzeko tratamenduak kasuan kasuko osasun sistema nazionalean sartzea, gizarte-laguntzak ematea sexu-egokitzapen dela-eta lana edo etxebizitza galdu duten pertsona transexualei, kontsultategiak jartzea pertsona transexualentzat, autolaguntzarako erakundeei laguntza finantzarioa ematea, neurri bereziak hartzea pertsona transexualek lana izan dezaten sustatzeko, eta jaiotza agirian eta nortasun agirian izena aldatzeko eta sexua inskribatzeko eskubidea onartzea.

Azkenik, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 32. artikuluak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 36. artikuluak edota Eskubide sozialen gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legearen 1. artikuluak aitortzen dute Nafarroako Foru Komunitateak eskumena duela gisa horretako gai gehienak arautzeko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafarroako administrazio publikoei dagokie, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 5 eta 6. artikuluei jarraikiz, pertsona transexualen taldea bezalako batek osasun arloan, arlo psikologikoan eta sozialean dituzten beharrizanei erantzutea eta horretarako ahalik eta baliabide gehien erabiltzea -eta lesbianen, homosexualen, transexualen eta bisexualen elkarteek egindako lan garrantzitsua aitortzea botere publikoek ezer egiten ez zuten urteetan-, programa eta neurri multzo bat abian jartze aldera, hala nola transfobiaren aurkako kanpainak eta ekintzak, osasun arloko zerbitzu berariazkoak, aholkularitza juridikorako eta laguntza psikologiko eta sozialerako zerbitzuak, bai pertsona transexualarentzat bai bere familia eta hurbilekoentzat, edota diskriminazio positiboko politika aplikatzea lan arloan, pertsona horiek pairatzen dituzten bazterketa, estigmatizazio eta eskubide-ukatze egoerak ekiditeko.

Hartara, komenigarria da segurtasun juridikoari zehaztasuna ematea, arlo horretan adingabeen eskubideak ere babestu behar baitira, eta, horrekin lotuta, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44. artikuluaren arabera, Foru Komunitateak eskumen osoa du ondoko gai hauen gainean: gizarte laguntza, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika, ongintza- eta laguntza-elkarteak eta adin txikikoen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimendu publikoak.

Argudio horrekin batera, gainera, esan behar da Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legeak xedatutakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa dela lurralde horretan adingabeen prebentzio eta babesaren eta organo jurisdikzionalek hartutako neurriak betetzearen arloko eskumena duen entitate publikoa, foru lege horretan ezarritako moduan eta legeria zibilean eta arlo honetan aplikatzekoak diren estatuko gainerako legeetan xedatutakoarekin bat. Gainera, 3. idatz-zatian ezartzen denez, adingabeei buruzko eskumenak bere gain dituen departamentuak eginkizun hauek izanen ditu: a) Neurri babesleak hartu eta bertan behera uztea eta erreforma neurriak gauzatzea, Ministerio Fiskalari eta adingabeen arloan eskudun diren organo jurisdikzionalei dagozkien eginkizunak galarazi gabe.

Pertsona transexualen taldeak bereziki pairatzen ditu langabezia eta bazterkeria. Testu arautzaile honek sentiberatasuna agertzen du arazo zehatz horrekin, eta Administrazioak bultzatu nahi ditu, alde batetik, abian jar ditzaten diskriminazio positiboko mekanismoak, eta, bestetik, zaindu dezaten Konstituzioaren aipatu 14. artikuluan ezarritakoa betetzen dela. Administrazioak berak baditu jada bi tresna batez ere, talde horri enplegua lortzea errazteko: Kontratu Publikoei buruzko Legearen 51. artikulua eta gizarte-enplegu babestua. Lehenengo kasuan, duela gutxi onetsi zen Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legeko 51. artikulua aldatzeko otsailaren 19ko 1/2009 Foru Legearen 2.artikukuko c) letran ezarritakoaren arabera, "Administrazio klausulen orrietan aldez aurretik definituta, eta kontratatu beharreko prestazioen erabiltzaile edo onuradun gisa azaltzen diren populazio-maila bereziki kaltetuen beharrizanak asetzea helburu, beharrizan horiei erantzuten dieten irizpideak jasoko dira, hala nola zuzentzen zaizkienak ezgaitasuna duten pertsonei, lan merkatuan kaltetutakoei eta enplegu-kolokatasunean daudenei edota zuzenduta daudenak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzera, Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenak betearaztera edo pertsona ororentzako irisgarritasun eta diseinu unibertsaleko irizpideak ziurtatzera". Horrenbestez, helburua da talde hori sartzea enplegurako programa berezietan.

Halaber, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa ezarri zuen 69/2008 Foru Dekretuan aurreikusten da gizarte enplegu babestua deituriko prestazio ez-bermatua. Prestazio horren onuradunak dira gizartean bazterturik edo hala gertatzeko arriskuan dauden eta enplegu bat lortzeko edo mantentzeko zailtasunak dituzten pertsonak kontratatzeko proiektuan sustatzen dituzten toki entitateak edo irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateak.

12. artikuluaren helburua da transexualitatearen errespetua eta, horrenbestez, generoari buruzko bizipen aniztasunaren errespetua zehaztea. Hori guztia Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak ezarritako lege-esparruaren barruan eta Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarriko 2. idatz-zatiko c) letran aipatzen diren eskumenetan sartu gabe. Hala ere, zioen azalpen honetan garrantzia ematen zaio transmititzeari hezkuntzan, oinarrizko eskubide eta askatasunen eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunaren errespetuaz gain, aintzat hartu behar direla sexu-orientazio eta genero-nortasun desberdinen errespetua, bai eta edozein genero-nortasun edo genero-adierazpen besteak baino gutxiago edo gehiago izatearen gaitzespena ere.

Horrenbestez, foru lege honen xedea da, alde batetik, talde horren berezitasunei erantzutea eta, bestetik, berezitasun horiek kontuan hartuta, erantzutea pertsona transexualek duten berdintasunaren zentzuari beren eskubide mediko eta sozialak ziurtatzerakoan. Eta, horretaz gain, jasotzea Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikuluaren espiritua, bertan ezartzen baita botere publikoen betebeharra dela beharrezkoak diren baldintzak sustatzea banakakoaren eta berau sartzen den taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen; horien betetasuna galarazten edo zailtzen duten eragozpenak kentzea eta politika, ekonomia, kultura eta gizartearen arloan herritar guztiek parte har dezaten erraztea.

Hori dela eta, foru lege honek integrala izan nahi du; izan ere, helburua da pertsona transexualen taldeak Nafarroako gainerako herritarren bizi baldintza berdinak izan ditzan, eta, horretarako, osasunaren arloko neurriez gain, beharrezkoa da baita ere diskriminazio positiboko neurriak hartzea lan arloan, dauden sinergiak baliatuta, eta hezkuntzaren esparruak eta funtzionarioenak sentiberak izatea foru lege honetan aldarrikatzen den aniztasunarekin.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da pertsonei bermatzea ezen eskubidea izanen dutela, baldin eta jaiotzean esleitutako sexuaz bestea hartzen badute gizartearen aurrean, jasotzeko Foru Administraziotik arreta integrala eta beren beharrizan mediko, psikologiko, juridiko eta bestelakoetara egokitua, gainerako herritarrek jasotzen duten moduan, Nafarroari dagozkion eskumenen esparruan.

2. artikulua. Foru Administrazioaren tratamendua.

Foru Administrazioak, parte hartzen duen kasu guzti-guztietan, jardunen du kontuan hartuta pertsonak beren genero-nortasunaren arabera tratatu behar direla, hau da, nork bere egindako sexuaren arabera, pertsona horrela aurkezten baita gizartean.

3. artikulua. Onuradunak.

1. Foru lege honetan zehazten diren prestazioen onuradunak izanen dira, oro har, Nafarroako edozein udalerritan bizi diren pertsona transexualak, zein ere den haien lege nahiz administrazio egoera, eta prestazioak egiazko berdintasun baldintzetan emanen dira.

2. Foru lege honen ondorioetarako, pertsona transexualak dira, martxoaren 15eko 3/2007 Legearekin bat, Erregistro Zibileko sexuari buruzko aipamena aldatu dutenak.

3. Foru lege honetan ezarritako prestazioen onuradun izan ahalko dira, erregelamendu bidez ezartzen denari jarraikiz, sexuari buruzko inskripzioa aldatzeko izapideak hasi dituzten pertsonak, baldin eta babesa behar badute genero-nortasun berrirako iragaite-egoeraren ondoriozko diskriminazioa gainditzeko.

I. TITULUA

Osasun arloko laguntza pertsona transexualentzat

4. artikulua. Nafarroako osasun sistema publikoaren bidezko laguntza.

1. Nafarroako osasun sistema publikoak eginen ditu foru lege honetan eta legea garatzen duten arauetan ezarritako diagnosiak eta tratamenduak, osasun publikoaren arloko prestazioen esparruan.

2. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 5. artikuluan jasotako eskubideen titularrak dira pertsona transexualak. Bereziki, ondoko eskubideak dituzte ospitale eta erietxe publiko zein pribatuetan:

-Beren genero-nortasunari dagokion tratua jasotzera eta hari dagozkion geletan edo zentroetan ingresatua izatera, sexuaren arabera areto desberdinak daudenean, eta beren genero-nortasunari dagokion tratua jasotzera.

-Bai tratamenduari dagokion espezialitate zehatzean, bai, oro har, transexualitatearen arloan esperientzia duten profesionalen arreta jasotzera.

-Beharrezkoak diren administrazioaren arloko eta bestelako neurriak har daitezen, pertsona transexualaren ugalketa-eskubideak ziurtatze aldera, bazterketarik gabe sexu-orientabidea edo genero-nortasuna dela eta.

3. Espresuki debekatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan abertsio-terapiak erabiltzea pertsona transexualekin, ez eta bestelako prozedurarik ere, pertsona transexualaren nortasuna suntsitzeko ahalegina bada, edo beste edonola iraintzea edo tratu baztertzaile, umiliagarri, edota bere duintasun pertsonalaren aurkakoa ematea badakar.

4. Erregelamendu bidez arautuko da Nafarroako Osasun Zerbitzuan erreferentzia izanen den transexualitateari buruzko unitate bat. Unitate hori osatuko dute zehazten diren osasun laguntzako eta arreta psikologiko, psikoterapeutiko eta sexologikorako zerbitzuko langileek, eta xede izanen du zehaztea, dagokion Estatuko erreferentziako unitatearekin lankidetzan, pertsona transexualak jarraitu beharreko prozesua, kontuan hartuta bere egoera pertsonala, osasun egoera eta berezko sentitzen duen sexura egokitzeko ezaugarri morfologikoa aldatzeko nahia.

5. Foru lege honetan zehaztutako zenbait tratamendu edo ebakuntza bideratu ahalko dira sexua berresleitzeko ebakuntzan espezializatutako zerbitzua duten eta kalitateari buruzko estandar egokiak dituzten ospitale publiko edo pribatu batzuetara. Kasu horretan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain hartuko ditu pertsona transexualaren joan-etorriei, ostatuari eta tratamendu mediko-kirurgikoari buruzko gastuak.

5. artikulua. Adingabe transexualen arreta.

Pertsona transexual adingabeek erabateko eskubidea dute diagnosi egokia eta beren transexualitateari buruzko tratamendu medikoa jasotzeko, bereziki hormonen bidezko terapia. Ematen den osasun laguntza, adingabeei ematen baldin bazaie, maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeak ezartzen dituen baldintzetan emanen da; izan ere, foru lege horren bidez gaixoaren zenbait eskubide ezartzen dira, hain zuzen ere biziaren gaineko aurretiazko borondateak egitekoa eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzekoa. Halaber, azaroaren 14ko 41/2002 Legea bete beharko da -oinarrizko lege horrek arautzen ditu gaixoaren autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren alorreko eskubide eta betebeharrak-.

6. artikulua. Gida klinikoa.

1. Erregelamendu bidez ezarriko da pertsona transexualei laguntzeko gida kliniko bat, zeinaren xedea izanen baita profesionalen arteko adostasun nahikoa lortzea esparru psikologiko, mediko, eta kirurgikoan, kontuan hartzea nazioartean arlo horretan aplikatzen diren irizpide objektibo eta estandarrak, eta zehaztea profesionalek zer kualifikazio beharko duten jarduera bakoitzerako eta zein izanen diren bideratze-zirkuitu egokienak.

2. Hala ere, aipatu gida klinikoak ondoko ildoak jaso beharko ditu gutxienez:

a) Pertsona transexualei aitortuko zaie eskubidea dutela beren beharrizanetarako eta berariazko helburuetarako egokienak diren tratamenduak jasotzeko, bai eta bere garapen pertsonala erraztuko duen osasun arloko arreta integrala jasotzeko ere.

b) Pertsona transexualek bermatuta izanen dute eragiten dieten tratamenduen formulazioan parte hartzeko eskubidea, betiere pertsona transexualaren autonomia aitortzetik abiatuta, sexu-orientazioagatiko edo genero-nortasunagatiko bereizketarik gabe eta errespetu osoz.

c) Bermatuko da hormonen bidezko terapiak, bularretako edo gorputz-enborreko kirurgia plastikoa, edota sexua berresleitzeko ebakuntzak -baginoplastia, klitoriko ebakuntza, metaidoioplastia edo faloplastia- behar den unean eginen direla eta ez direla beharrik gabe ukatuko edo atzeratuko.

Nolanahi ere, bermatu eginen da transexualek prozesuari buruzko informazioa jasotzeko eta prozesuari berari buruz kontsultatuak izateko eskubidea.

3. Laguntza psikologikoaren eta psikoterapeutikoaren arloan, aplikatzekoa izanen den gida klinikoak xede gisa ezarri beharko duena da pertsona transexualak lortzea bere eginiko generoaren rolean bizitzeko beharrezkoa den abilezia, tratamendu somatikoak eskaintzen dizkion aukeren eta mugen balorazio errealista eginda, bai eta gizarte- eta familia-egokitzapen prozesua erraztea eta balizko gizarte-bazterkeria egoerei aurre egiteko baliabideak ematea ere.

4. Laguntza endokrinologikoaren arloan, laguntza hori emanen da transexualitatearen arloan esperientzia duen psikologo kliniko edo sendagile espezializatu batek emandako gomendio-txostenaren ondoren, eta arlo horretan esperientzia duen endokrino batek emanen du.

5. Laguntza kirurgikoaren arloan, laguntza hori emanen zaie pertsona adindunei, transexualitatearen arloan esperientzia duen psikologo espezializatu batek eta kasuan kasuko pertsonaren hormona bidezko terapia ikuskatzen duen endokrinologoak horretarako gomendio-txostenaren egin ondoren.

6. Sexua berresleitzeko ebakuntzak aldez aurretik egin izana ezin izanen da jarri baldintza gisa aurpegiko ilearen fotodepilazioa, tirokondroplastia edo ahotsaren tonua eta modulazioa hobetzeko tratamendua bezalako tratamendu osagarriak jasotzeko.

7. artikulua. Estatistikak eta datuen tratamendua.

1. Pertsona transexualen osasun arloko laguntzaren jarraipenean sartuko da, baita ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak estatistikak sortzea egiten diren tratamendu, terapia eta ebakuntza desberdinen emaitzei buruz. Estatistika horietan zehaztuko dira erabilitako teknikak, izandako arazoak eta erreklamazioak, bai eta laguntzaren kalitatearen balorazioa ere.

2. Estatistiketarako datu horiek biltzean, isilpekotasun, gardentasun, espezialitate eta proportzionaltasunaren printzipioei jarraituko zaie. Estatistiken isilpekotasuna dela eta, Nafarroako administrazio publikoek ezin izanen dituzte inolaz ere zabaldu pertsona transexualei buruzko datu pertsonalak, edozein dela ere haien jatorria.

3. Lehen idatz-zatian aurreikusitako estatistikak egiteko, fitxategi automatizatu bat sortuko da. Nafarroako Osasun Zerbitzua izanen da fitxategi horren titularra, eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa aplikatuko du.

8. artikulua. Profesionalen prestakuntza.

Foru Komunitateko osasun arloko administrazioak beharrezkoak diren neurriak ezarriko ditu, kasuan kasuko elkarte profesionalekin eta Nafarroako edo Estatuko unibertsitateekin lankidetzan, ziurtatze aldera profesionalek duten eskubidea transexualitatearen arloko kalitatezko prestakuntza jasotzeko, baita pertsona transexualek duten eskubidea ere, arlo horretan esperientzia nahikoa eta egiaztatua duten profesionalen arreta jasotzeko.

II. TITULUA

Lan arloko laguntza pertsona transexualentzat

9. artikulua. Lanean ez baztertzea.

Nafarroako administrazio publikoek eta hari atxikitako erakunde publikoek ziurtatuko dute, langileen kontratazioak eta sustapen-politiketan, ez dela bereizkeriarik eginen sexu-orientabidea edo genero-nortasuna dela eta.

10. artikulua. Diskriminazio positiboko neurriak lan arloan.

Nafarroako administrazio publikoek diskriminazio positiboko neurri egokiak prestatuko dituzte, jada badauden enplegagarritasun eta laneratze baliabideak erabilita, pertsona transexualen kontratazioa eta enplegua sustatzeko. Neurri horien xedea izanen da pertsona transexualak bizitza sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalean txertatu eta parte hartzeko aukerak hobetzea, gizartean aktiboki esku hartzeko ahalmena handituz eta gizartearen baitako desberdintasunak gainditzen lagunduz.

III. TITULUA

Gizarte-laguntza pertsona transexualentzat

11. artikulua. Transfobiaren aurkako neurriak.

Nafarroako administrazio publikoek honakoak eginen dituzte:

a) Programa ardaztuak abian jarriko dituzte, xede izanen dutenak gizarte-laguntza ematea trantsizio edo genero-berresleipen prozesu bat iragaten ari diren pertsonei.

b) Bazterketari, aurreiritziei eta beren genero-nortasuna dela-eta zenbait pertsonen osasunari eragiten dieten beste faktore sozial batzuei aurre egiteko programak garatu eta ezarriko dituzte.

c) Trebatze eta sentsibilizazio programak ziurtatuko dituzte, jarrera sexista, aurreiritzi eta estereotipo nagusiei buruzko analisiaren, gogoeta kritikoaren eta ekintza partikularren bitartez borrokatzeko era guztietako bazterkeriaren aurka, eta, halatan, laguntza emateko pertsonek elkar ezagut dezaten, elkarrekin harremana izan dezaten eta euren burua onets dezaten, autoestimua eta duintasuna sustatuz.

IV. TITULUA

Pertsona transexualei laguntzeko beste neurri batzuk

I. kapiTULUA

Transexualitatearen trataera hezkuntza sisteman

12. artikulua. Transexualitatearen trataera oinarrizko hezkuntzan.

Nafarroako administrazio publikoen xedea izanen da, Estatuko Administrazioarekin lankidetzan, ziurtatzea hezkuntzako metodoak, curriculumak eta baliabideak baliagarriak izan daitezen, besteak beste, genero-nortasunen aniztasuna ulertzeko eta errespetatzeko, eta ulertzeko eta errespetatzeko, halaber, ikasleek, haien gurasoek eta familiek arlo horretan dituzten beharrizanak.

13. artikulua. Transexualitatearen arloko jarduerak.

Nafarroako administrazio publikoek honakoak eginen dituzte:

a) Trebatze eta sentsibilizazio programak abiaraziko dituzte, giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen eta berdintasun eta diskriminaziorik ezari buruzko printzipioen gainekoak, genero-nortasunari buruzkoak barne, hezkuntza sistema publikoko maila guztietako ikasle eta irakasleentzat.

b) Neurri egoki guztiak hartuko dituzte, hezkuntza eta gaikuntza programak barne direla, generoko nortasunean oinarrituriko edozein bazterkeria deuseztatu ahal izateko.

c) Gizartean bazterturik egoteko arriskuan dauden transexualen laneratze planak garatuko dituzte.

14. artikulua. Pertsona transexualei buruzko jarduerak.

1. Nafarroako administrazio publikoek honakoak eginen dituzte:

a) Beharrezkoak diren legegintza-, administrazio- eta bestelako neurriak hartuko dituzte, bermatzeko pertsona guztiek berdintasunean izanen dutela hezkuntzarako sarbidea eta hezkuntza sisteman berdintasunezko tratua emanen zaiela ikasle, langile eta irakasle transexualei, bazterketarik gabe genero-nortasuna dela eta.

b) Baliabide-sistema publiko bat ezarriko dute irakaskuntzako maila, gradu eta mota bakoitzera iritsi eta bertan parte hartu ahal izateko aukera bermatzeko, pertsona transexualen ezaugarri, baldintza eta beharrizanei egokituriko curriculum eta berariazko prestakuntza-eskaintzen bitartez.

2. Erregelamenduzko prozedura bat ezarriko da ahalbidetzeko transexualek aukera izan dezaten aldi baterako dokumentazio administratiboa edukitzeko eskoletan, gizarte zerbitzuetan eta osasun zerbitzuetan, hain zuzen ere hobeki integratu ahal izan daitezen trantsizio prozesuan zehar, beharrik gabeko sufrimendu edo bazterkeria egoerak saihestuta.

II. KAPITULUA

Transexualitatearekin eta pertsona transexualekin zerikusia
duten beste laguntza-neurri batzuk

15. artikulua. Aholkularitza eta laguntza zerbitzua pertsona transexualentzat eta haien familientzat.

1. Nafarroako Foru Komunitateak izanen du pertsona transexualei aholkularitza juridikoa emateko zerbitzu bat. Zerbitzu horren bidez, laguntza emanen zaie trantsizio edo genero-berresleipen prozesuetan daudenei, Nafarroako bizitza sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalean parte hartzeko aukerak hobetzen lagunduko dieten alderdi guztietan, hala nola agiriak aldatzen.

2. Halaber, pertsona transexualen familiei eta hurbilekoei laguntza psikologikoa eta soziala emateko zerbitzu bat atxikiko zaio 4. artikuluaren 4. idatz-zatian aipatzen den erreferentziako zerbitzuari.

3. Artikulu honetan aipatzen diren zerbitzuak eman ahalko dituzte pertsona transexualen giza eskubideak sustatu eta babesten dituzten erakundeek, bereziki pertsona transexualen elkarteek, Nafarroako administrazio publikoekin eginiko lankidetza-hitzarmenen bidez.

16. artikulua. Nafarroako administrazio publikoek hartu beharreko beste neurri batzuk.

Nafarroako administrazio publikoek honakoak eginen dituzte:

1. Egokitzat jotzen diren neurri guztiak hartuko dituzte, hezkuntza eta gaikuntza programak barne direla, generoko nortasunean oinarrituriko edozein bazterkeria deuseztatu ahal izateko.

2. Sentsibilizazio kanpainak abiaraziko dituzte, bai herritar guztientzat, bai indarkeria erabiltzen dutenentzat edo erabil dezaketenentzat, genero-nortasunarekin loturiko indarkeriaren azpian dauden aurreiritziak desagerrarazte aldera.

3. Trebatze eta sentsibilizazio programak abiaraziko dituzte, giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen eta berdintasun eta diskriminaziorik ezari buruzko printzipioen gainekoak, genero-nortasunari buruzkoak barne, ondokoei zuzenduak:

a) Epaile, idazkari eta fiskalei, eta Nafarroako Justizia Administrazioko langileei.

b) Foruzainei eta Nafarroako udalerrietako udaltzainei.

c) Espetxe Erakundeetako Nafarroako langileei.

d) Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioei eta lan kontratudunei.

4. Ziurtatuko dute titulartasun publikoko hedabideen ekoizpena eta antolamendua pluralista eta ez baztertzailea izanen dela sexu-orientazioarekin eta genero-nortasunarekin zerikusia duten gaiei dagokienez.

5. Pertsona transexualen giza eskubideak sustatu eta babesten dituzten elkarte, talde eta erakundeen aitortza eta kreditatzea babestuko dute.

6. Sustatuko dute Nafarroako unibertsitateetako esparru akademiko guztietan jasotzea eta sustatzea sexu-hezkuntzari buruzko eta zehazki transexualitateari buruzko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa, eta lankidetza hitzarmenak eginen dituzte ondoko xedeekin:

-Ikerketa eta sakontze teorikoari bultzada ematea.

-Pertsona transexualen errealitateari buruzko azterlan soziologikoak prestatzea.

-Pertsona transexualen prestakuntzarako eta enplegurako planak egiteko orientabidea eta laguntza ematea.

-Prestakuntza planak egitea osasun arloko eta transexualitatearekin harremana duten beste ezagutza-arlo batzuetako langileentzat.

Lehen xedapen gehigarria.-Gida klinikoa.

Sei hilabeteko epean, adituen batzorde bat osatuko da, pertsona transexualei arreta integrala emateko gida klinikoa prestatzeko. Aipatu batzordea transexualitatearen arretaren arloko profesional adituen diziplina anitzeko talde batek osatuko du. Psikologiaren, sexologiaren, ginekologiaren, urologiaren, laguntza kirurgikoaren eta gizarte zerbitzuen arloko adituak egonen dira talde horretan, bai eta transexualen elkarteetako kideak ere.

Hala ere, gida kliniko horietan arreta berezia jarriko da ziurtatzen pertsona transexualak baimen informatua emanen duela fase bakoitzean tratamenduen aukeren, mugen eta balizko ondorioen, bai eta foru lege honetan ezarritakoaren arabera dagozkion eskubideen ezagutza osoa eta errealista duela.

Bigarren xedapen gehigarria.-Erreferentziako unitatea.

Foru lege hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean arautuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren barruan sortuko den transexualitatearen arloko erreferentzia unitatea, 4.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Justizia Administrazioko eta espetxeetako langileen prestakuntza.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio beharrezkoak diren hitzarmenak sina ditzan Justizia Ministerioarekin eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, 16.3 artikuluko a) eta c) letretan xedatutakoa betetze aldera.

Azken xedapenetan lehena.-Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau aplikatu eta garatzeak eskatzen dituen erregelamendu mailako xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko azaroaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F0927086