133. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

164/2009 FORU AGINDUA, urriaren 9koa, Hezkuntzako kontseilariarena; horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probei buruzko zenbait alderdi garatu dira.

2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa. Lege horren 38. artikuluan ezarri da unibertsitate ikasketak egiteko ezinbestekoak direla batxilergoko titulua edukitzea, ikasleen heldutasun akademikoa eta batxilergoan lortu dituzten ezagutzak baloratuko dituen proba gainditzea, eta unibertsitateko ikasketak amaitzeko gaitasuna edukitzea.

1892/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Espainiako unibertsitate publikoetan graduko ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak eta prozedurak arautzen dituena. EDU/1434/2009 Agindua, maiatzaren 29koa, aurreko errege dekretuko eranskinak eguneratu dituena; eta agindu horri egindako zuzenketak, 2009-3-28ko eta 2009-7-21eko Estatuko Aldizkari Ofizialetan argitaratutakoak. Bada, arestian aipatutako Lege Organikoko 38. artikuluan xedatutakoa betetzeko eman dira arau horiek guztiak.

Azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 7.2. artikuluan ezarri da hezkuntza administrazioek eta unibertsitate publikoek antolatuko dutela unibertsitatera sartzeko proba. Zehazki, Errege Dekretu horren 9.5. artikuluaren arabera, beste hizkuntza koofizial bat duten autonomia erkidegoek bosgarren ariketa bat sartu behar dute sarrera probako fase orokorrean: hizkuntza koofizialari buruzko ariketa. Era berean, Errege Dekretu horren 16.1. artikuluan ezarri da hezkuntza administrazioek sarrera proba antolatzeko batzordea eratuko dutela.

Bestalde, azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren V. kapituluan beste bide batzuk ezarri dira adina kontuan hartuta unibertsitatera sartzeko, hau da, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsonentzako bideak ezarri dira. Kasu horretan, 25 urtetik gorakoak eta 45 urtetik gorakoak sartzeko proba arautu behar da. Horrez gain, garrantzitsua da Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak sarrera probari dagokionez duten koordinazioari eustea.

Horregatik guztiagatik, graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probari buruzko alderdiak zehaztu behar dira Nafarroako Foru Komunitaterako, azaroaren 14ko 1892/2008 Errege dekretuan ezarritakoa osatu eta betetze aldera.

Hori dela bide, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen helburua da graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera probari buruzko alderdiak garatzea, azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren artikuluaren ("Unibertsitatera sartzeko prozedurak") 1, 5 eta 7. ataletan aipatzen diren pertsonei dagokienez. Horrela, errege dekretu horretan ezarritakoa osatu eta betearazi ahal izango da.

2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Nafarroako Unibertsitatean (soilik 25 urtetik gorakoak eta 45 urtetik gorakoak sartzeko probei dagokienez) eta Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoa ematen duten bigarren hezkuntzako ikastetxe eta institutuetan.

2. artikulua. Probaren xedea.

1. Sarrera probak modu objektiboan baloratuko ditu ikaslearen heldutasun akademikoa eta graduko unibertsitate ikasketa ofizialak amaitzeko duen gaitasuna, baita, batxilergoa egin duten ikasleen kasuan, maila horretan lortu dituzten ezagutzak ere.

2. Aurreko puntuan aipatu den balorazioari zenbakizko kalifikazioa emango zaio, eta horren arabera ordenatuko dira eskainitako plazak adjudikatzeko onartu diren eskabideak.

II. KAPITULUA

Graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera proba, batxilergoko titulua edo horren baliokidea dutenentzat

3. artikulua. Probaren egitura.

1. Batxilergoko bigarren mailako ikasgaien curriculumera egokitu behar da proba. Hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen egitura eta curriculuma ezartzen dituen maiatzaren 12ko 49/2008 Foru Dekretuan arautu da curriculum hori.

2. Probak bi fase ditu: fase orokorra eta berariazko fasea. Fase orokorra nahitaezkoa da eta berariazko fasea borondatezkoa. Azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 9 eta 11. artikuluetan ezarri da fase bakoitzaren antolaketa.

3. Azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 9.5. artikuluarekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateak fase orokorrean bosgarren ariketa bat sartu behar du, "D" hizkuntza ereduan ikasi dutenentzat eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta batxilergoa "A" hizkuntza ereduan egin dituztenentzat. Bosgarren proba hori Euskara eta Euskal Literatura ikasgaiari lotutako gaitasun eta edukiei buruzkoa izango da.

4. "D" ereduan ikasi duten ikasleen bosgarren ariketa iruzkin bat izango da; informazio edo dibulgaziozko testu baten (espezializatu gabea) iruzkina egin beharko dute idatziz. "A" ereduan ikasi duten ikasleen bosgarren ariketa, aldiz, euskarazko testu baten idatzizko proba izango da, hizkuntza komunean egingo dena; horren bidez, hizkuntzaren irakurmena eta idazmena baloratu ahal izango dira.

5. Fase orokorreko ariketak egiteko bi aukera emango dira, eta ikasleak horietariko bat aukeratu beharko du. Fase orokorreko hirugarren ariketa, bestalde, ikasleak aukeratu duen atzerriko hizkuntzan egin beharko da.

6. Berariazko faseko ariketak egiteko aukera bakarra egongo da.

4. artikulua. Sarrera proban izena ematea.

1. Bigarren hezkuntzako ikastetxe eta institutuek batxilergoko bigarren mailan matrikulatuta dituen ikasleen datuak bidaliko dizkio Nafarroako Unibertsitate Publikoari, honek adierazitako epean.

2. Ondoren, unibertsitateak ezarritako epearen barruan, ikasle horien zerrenda ziurtatua aurkeztu beharko dute. Zerrenda horretan batxilergoko batez besteko nota eman beharko da, dokumentazio ofizialean jasota dagoena, eta nota hori kalkulatzeko Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 4ko 191/2008 Foru Aginduaren 19. artikuluan xedatutakoa bete beharko da edo, hala dagokionean, Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 1eko 123/2009 Foru Aginduaren 11. artikuluan xedatutakoa.

3. Ikasleek batxilergoko bigarren maila egin duten ikastegiaren bitartez eman beharko dute izena sarrera proban. Informazio hori Nafarroako Unibertsitate Publikora bidaliko da, euskarri informatikoan eta ezarritako formatuan.

4. Ikasleak izena emateko eskabidean adierazi beharko du sarrera probako fase orokorreko bigarren, hirugarren eta laugarren ariketetan, hurrenez hurren, zein ikasgai komun (Filosofiaren Historia edo Espainiako Historia), zein atzerriko hizkuntza (alemana, frantsesa, ingelesa, italiera edo portugesa) eta bigarren mailako zein modalitate-ikasgai hartu beharko zaizkion kontuan azterketa egiteko.

5. Berariazko faseko azterketari dagokionez, ikasleak gehienez bigarren mailako hiru modalitate-ikasgai adierazi beharko ditu izena emateko eskabidean, fase orokorreko laugarren ariketarako aukeratu dena ez diren beste hiru, alegia.

5. artikulua. Kalifikazioak.

1. Fase orokorreko ariketa bakoitza 0tik 10era bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Ariketa guztietan lortu diren kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da fase orokorreko nota, milaren hurbilenera biribilduta eta, zenbakia bi milarenen erdian badago, gora.

2. Berariazko faseko ikasgai bakoitza 0tik 10era bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Ikasgai bat gainditutzat emango da 5 puntu edo gehiago lortzen direnean. Berariazko faseko ikasgai bakoitzaren kalifikazioak bi ikasturtetan izango dira baliodunak.

6. artikulua. Sarrera probaren nota.

1. Sarrera probaren nota kalkulatzeko, batxilergoko batez besteko notaren %60aren eta fase orokorreko kalifikazioaren %40aren arteko batez besteko ponderatua egingo da, baldin eta fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu badira. 5 puntu edo gehiago lortzen direnean gaindituko da proba.

2. Fase orokorra gainditzeak balio mugagabea izango du.

3. Sarrera proba gaindituta badu, ikaslea geroko deialdietara aurkeztu ahal izango da fase orokorreko edo berariazko faseko edozein ikasgaiko kalifikazioa igotzeko. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

7. artikulua. Onartua izateko nota.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu jakin batean eskaini den plaza kopurua baino eskabide gehiago aurkeztu bada, formula baten bidez kalkulatuko da onartua izateko nota. Notak hiru zifra dezimal izango ditu eta milaren hurbilenera biribilduko da eta, zenbakia bi milarenen erdian badago, gora. Hona hemen erabiliko den formula:

Onartua izateko nota = sarrera proban lortutako nota + a*M1 + b*M2

2. M1 eta M2, berariazko fasean gainditu diren modalitate-ikasgaien kalifikazioak dira, ponderazio-parametroez biderkatuta dagokion irakaskuntzan onartua izateko nota altuena ematen dutenak.

3. a eta b berariazko faseko ponderazio-parametroak dira. Parametro hauek 0?1 puntuko balioa izango dute, baina unibertsitateak 0?2 puntuko balioa eman ahal izango diete.

4. Onartua izateko notan berariazko faseko ikasgaien kalifikazioak sartu ahal izateko ikasgai horiek ikasi nahi den irakaskuntzako ezagutza-arlora atxikita egon beharko dira, horrela ezarri da azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuko eranskinak eguneratu dituen maiatzaren 29ko EDU/1434/2009 Aginduan.

8. artikulua. Sarrera proba antolatzeko batzordea.

1. Sarrera proba antolatzeko batzordea (azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 16. artikuluan aipatzen dena) ondokoek osatuko dute:

-Unibertsitatera sartzeko koordinatzailea: batzordeko lehendakari gisa jardungo du.

-Unibertsitatean sartzeko probarako koordinatzailea, Hezkuntza Departamentukoa.

-Unibertsitateko irakasle bat.

-Batxilergoko irakasle bat, ikastetxe publiko batekoa.

-Emaitza akademikoen azterketan aditua den pertsona bat.

-Idazkari gisa jardungo duen pertsona bat, hizpidearekin baina botorik gabe.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak izendatuko ditu unibertsitatera sartzeko koordinatzailea, unibertsitateko irakaslea eta proba antolatzeko batzordeko idazkaria. Halaber, Hezkuntza Departamentuko Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak honako hauek izendatuko ditu: Hezkuntza Departamentuko koordinatzailea izango den ikuskatzailea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta; batxilergoko irakaslea, eta aurreko puntuan aipatu den emaitza akademikoak aztertzeko aditua.

9. artikulua. Proba antolatzeko batzordearen egitekoak.

1. Azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 16. artikuluan esleitzen zaizkionez gainera, sarrera proba antolatzeko batzordeak honako egitekoak izango ditu:

a) Sarrera proben deialdia egin eta non, noiz eta zein ordutan egingo diren zehaztu.

b) Sarrera probak batxilergoko ikasleen ikasgaien curriculumera egokitzen direla zaindu.

c) Ezgaitasuna duten ikasleei proba berdin-berdin egin ahal izango dutela bermatuko dieten bidezko neurriak ezarri, azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

d) Sarrera proben inguruan sortzen diren gorabehera guztiak konpondu.

e) Proben garapenari eta emaitzei buruzko urteko txostena landu. Horretarako, bigarren hezkuntzako ikastetxe eta institutuek behar duen informazio guztia emango diote proba antolatzeko batzordeari.

10. artikulua. Unibertsitatera sartzeko koordinatzailea.

1. Proba antolatzeko batzordeko lehendakaria izango da unibertsitatera sartzeko koordinatzailea.

2. Proba antolatzeko batzordeak berez dituen zereginez gain, honako egitekoak ere izango ditu:

a) Ikasgaien aholkulariak izendatu edo kargutik kentzeko proposatuko dio unibertsitateko errektoreari.

b) Aholkulariek beren lana betetzeko behar dituzten bitartekoak emango dizkie.

c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak agintzen dizkion beste egiteko batzuk.

11. artikulua. Hezkuntza Departamentuko koordinatzailea.

1. Unibertsitatera sartzeko probarako izendatu den Hezkuntza Departamentuko koordinatzailea proba antolatzeko batzordeko kide-aholkularia izango da.

2. Batzordeko kide gisa dituen zereginez gain, honako egitekoak ere izango ditu:

a) Ikasgaien koordinatzaileak izendatzeko edo kargutik kentzeko proposamenak egin Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiari.

b) Ikasgai bakoitzaren gaineko koordinazio bilerak behar bezala egiten direla bultzatu eta zaindu.

c) Ikasgaien koordinatzaileek beren lana betetzeko behar dituzten bitartekoak eman.

d) Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak agintzen dizkion beste egitekoak.

12. artikulua. Unibertsitateko ikasgaien aholkulariak.

1. Unibertsitateko errektoreak izendatuko ditu unibertsitateko ikasgaien aholkulariak, ikasgai horri lotuta dauden departamentuetako unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasleen artean. Salbuespen gisa, batxilergoko irakasle bat ikasgaien aholkulari izendatu ahal izango da, Hezkuntza Departamentuko koordinatzaileari kontsulta egin ostean.

2. Egitekoak:

a) Probetan eskatzen dena curriculum ofizialera behar bezala egokitzeko behar diren alderdi guztien berri eman ikasgaien koordinatzaileari.

b) Dagokion ikasgaiko azterketa-proposamenak egin, sarrera proba antolatzeko batzordeak ezarri dituen irizpideak errespetatuz eta Hezkuntza Departamentuko ikasgaien koordinatzaileak egiten dituen ekarpenak eta iradokizunak betez. Ariketen protokoloen barruan sartuko dira 1892/2008 Errege Dekretuaren 16.5. artikuluan ezarritako zehaztapenak.

13. artikulua. Hezkuntza Departamentuko ikasgaien koordinatzaileak.

1. Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak izendatuko ditu Hezkuntza Departamentuko ikasgaien koordinatzaileak, Departamentuko koordinatzailearen proposamenez. Izendapen hori jaso ahal izango dute dagokion ikasgaiaren koordinazio didaktikorako departamentuetako espezialistek, baldin eta gutxienez hamar urtez lan egin badute karrerako funtzionario gisa eta katedradunen kidegoan badaude, edo, halakorik bada, bigarren hezkuntzako irakasleek eta dagokion espezialitateko Hezkuntza Departamentuan lanean ari diren ikuskatzaileek.

2. Hala ere, aurreko baldintzak betetzen ez dituen irakasle funtzionarioa ikasgai jakin bateko koordinatzaile izendatu ahal izango da ikasgai horretarako baldintzak betetzen dituen irakasle espezialistarik ez badago.

3. Hezkuntza Departamentuko ikasgaien koordinatzaileak honako egitekoak izango ditu:

a) Probetan eskatzen dena curriculum ofizialera behar bezala egokitzeko behar diren alderdi guztien berri eman unibertsitateko ikasgaien aholkulariari.

b) Ikasgaiko azterketa-proposamenetarako iradokizunak eta ekarpenak egin unibertsitateko ikasgaien aholkulariari.

c) Ikastegietako koordinazio didaktikorako departamentuetako ordezkariekin biltzeko deialdia egin eta bileretan lehendakari gisa aritu.

d) Dagokion ikasgaiko programazio didaktikoak homogeneoak direla zaindu.

e) Koordinazio didaktikorako departamentuetako ordezkarien proposamenak jaso.

f) Unibertsitateko ikasgaien aholkulariarekin bileraren akta sinatu, baita sarrera probako ariketen edukiari eta itxurari buruzko proposamena ere.

g) Aurreko atalean aipatu diren agiriak proba antolatzeko batzordeari bidali.

14. artikulua. Proba antolatzeko koordinazioa.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Hezkuntza Departamentuak koordinatuta lan egingo dute. Proba antolatzeko batzordearen, unibertsitateko ikasgaien aholkularien eta Hezkuntza Departamentuko koordinatzaileen bitartez emango da, hain zuzen ere, koordinazio hori.

2. Ikasturtea hasi baino lehen, eta probak batxilergoko bigarren mailako curriculumera egokitzeko asmoz, ikasgai bakoitzeko gutxienez bilera bat egingo dute Hezkuntza Departamentuko ikasgaien koordinatzaileak eta unibertsitateko ikasgaien aholkulariak.

3. Bilera horietan proposatuko da zein izango diren probaren edukiak eta itxura, eta zein irizpide bete beharko diren zuzenketak egiteko eta kalifikazioa jartzeko.

4. Aurkeztutako proposamenaren gaineko akordio guztiak eta ikasgaien aholkulariaren eta koordinatzailearen artean desadostasunak eragin dituzten alderdiak azken bileraren aktan jasoko dira. Biek sinatuko dute akta hori eta gero proba antolatzeko batzordeari bidaliko diote, honek proposamena azter dezan. Aktan jasotako akordioak eta proba antolatzeko batzordearen erabakia aintzat hartuta zehaztuko dira dagokion ikasgairako probak izango dituen edukiak, itxura eta bestelako ezaugarriak.

5. Proba antolatzeko batzordeak ikastetxeetako zuzendariei bidaliko dizkie sarrera probaren edozein alderdi aldatzeko erabakiak.

6. Ikasturtean zehar, ikasgai bakoitzeko koordinatzailea gutxienez behin bilduko da departamentuko buruekin edo, salbuespenez, horiek aukeratzen dituzten ordezkariekin. Bilera horretan programazioen jarraipena egingo dute eta, halaber, Hezkuntza Departamentuko ikasgaien koordinatzaileak eta unibertsitateko ikasgaien aholkulariak egin beharreko bilerara eramango diren iradokizunak edo aldaketa-proposamenak egingo dituzte.

7. Ikasgaien koordinatzaileak departamentuko buruekin egindako bileretan ikasgaien koordinatzailea arituko da lehendakari gisa. Unibertsitateko ikasgaien aholkularia bilera horietara joan daiteke, nahi izanez gero eta koordinatzaileak gonbidatu badu.

15. artikulua. Epaimahai kalifikatzaileak.

1. Proba antolatzeko batzordeak izendatu eta eratuko ditu sarrera probaren epaimahai kalifikatzaileak, horrela ezarri baita azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 16.3 e) artikuluan.

2. Proba antolatzeko batzordeak ikasgai bakoitzerako gutxieneko parte hartzea bermatu behar du: gutxienez partaideen %40 unibertsitateko irakasleak izan behar dira eta %40 katedradunak eta batxilergoa ematen duten bigarren hezkuntzako irakasle espezialistak. Era berean, emakume eta gizon kopuru orekatua izan beharko du, behar bezala justifikatutako arrazoi sendoak eta objektiboak direla medio hori ezinezkoa denean izan ezik.

3. Unibertsitateko irakasleak epaimahai kalifikatzaileko kide izateko, proba deitzen den urtean irakasten egon beharko dira. Hala ere, unibertsitateko ikasgaien aholkulariek lehentasuna izango dute.

4. Katedradunak eta bigarren hezkuntzako irakasleak epaimahai kalifikatzaileetako kide izateko, azterketaren xede den batxilergoko ikasgaia irakasten egon beharko dira. Hala ere, Hezkuntza Departamentuko ikasgaien koordinatzaileek lehentasuna izango dute.

III. KAPITULUA

Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera proba,
batxilergoko titulurik ez duten 25 urtetik gorakoentzako

16. artikulua. 25 urtetik gorakoen parte hartzea sarrera proban.

1. Unibertsitateek urtero sarrera proba bat deituko dute 25 urtetik gorakoentzat. Proba horretan parte hartu ahal izango dute batxilergo titulua edo baliokidea ez duten pertsonek, baldin eta proba egiten den urte naturaleko urriaren 1a baino lehen 25 urte badituzte edo egun horretan betetzen badituzte, azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Izangaiek 25 urtetik gorakoentzako sarrera proba zein unibertsitatetan egin aukera dezakete, baina egin nahi dituen ikasketak unibertsitate horretan ematen direla kontuan hartuta, betiere.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarriko du ikasturte bakoitzean izango den plaza kopurua sarrera-modalitate honetan.

17. artikulua. 25 urtetik gorakoentzako sarrera probaren egitura.

1. Azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 29. artikuluan ezarritakoa betez, 25 urtetik gorakoentzako sarrera probak bi fase ditu: bata orokorra eta bestea berariazkoa.

2. Fase orokorrean hiru ariketa egingo dira, honako arloei buruz:

a) Testu baten iruzkina edo gaur egungo gai orokor baten garapena.

b) Gaztelania.

c) Atzerriko hizkuntza.

3. Berariazko fasean bost aukera emango dira, hurrengo bost ezagutza-arloei lotuta:

a) A aukera (arteak eta giza zientziak)

b) B aukera (zientziak)

c) C aukera (osasun zientziak)

d) D aukera (gizarte eta zuzenbideko zientziak)

e) E aukera (ingeniaritza eta arkitektura)

4. Izangai bakoitzak bi ikasgairen azterketak egingo ditu, eta deialdia egin duen unibertsitateak proposatutako ikasgaien artean aukeratuko ditu, onartzeko eskatu dituen graduko unibertsitate ikasketa ofizialak kontuan izanda.

18. artikulua. Kalifikazioak.

1. Fase orokorreko ariketa bakoitza 0tik 10era bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Ariketa guztietan lortu diren kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da fase orokorreko nota, milaren hurbilenera biribilduta eta, zenbakia bi milarenen erdian badago, gora.

2. Berariazko faseko ariketa bakoitza 0tik 10era bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Ariketa guztietan lortu diren kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da berariazko faseko nota, milaren hurbilenera biribilduta eta, zenbakia bi milarenen erdian badago, gora.

3. Azken kalifikazioa fase orokorrean eta berariazko fasean lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da, milaren hurbilenera biribilduta eta, zenbakia bi milarenen erdian badago, gora. Dena den, fase orokorrean eta berariazko fasean gutxienez 4 puntu lortu behar dira.

4. Sarrera proba gainditutzat joko da azken kalifikazioan 5 puntu edo gehiago lortzen direnean.

5. Proba gainditu ostean, sarrera probak balio mugagabea izango du; hori gorabehera, izangaiak geroko deialdietara aurkeztu ahal izango dira kalifikazioa igotzeko. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

19. artikulua. Erreklamazioak.

Izangaiak bost egun baliodun izango ditu (kalifikazioak argitaratu diren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita) erreklamazioa aurkezteko. Arrazoitutako idazkia aurkeztu behar du eta proba egin duen unibertsitateko errektoreari zuzendu.

Errektoreak erabakiko du zein izango den erreklamazioa ebazteko organo eskuduna.

Organo eskudunak hogei egun baliodunean ebatziko du, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita.

20. artikulua. 25 urtetik gorakoentzako sarrera proba antolatzeko batzordea.

1. 25 urtetik gorakoentzako unibertsitateko sarrera proba antolatzeko batzordea (azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 35. artikuluan aipatzen dena) ondokoek osatuko dute:

-Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea edo berak aukeratzen duen ordezkaria.

-Nafarroako Unibertsitateko errektorea edo berak aukeratzen duen ordezkaria.

-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia edo berak aukeratzen duen ordezkaria.

-Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkari bat.

-Nafarroako Unibertsitateko ordezkari bat.

-Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko kide bat.

-Idazkari gisa jardungo duen pertsona bat, hizpidearekin baina botorik gabe. Hezkuntza Departamentuak izendatuko du pertsona hori.

2. Bi errektoreetako bat izango da lehendakaria, edo berak aukeratzen duen ordezkaria, eta urtero txandakatuko dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea izango da lehenengo lehendakaria.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak bere ordezkaria izendatuko du, Nafarroako Unibertsitateko errektoreak berea, eta Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak izendatuko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko ikuskatzailea (zerbitzuak proposatuta) eta proba antolatzeko batzordeko idazkaria.

21. artikulua. 25 urtetik gorakoentzako sarrera proba antolatzeko batzordearen egitekoak.

1. Azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 35. artikuluan esleitzen zaizkionez gainera, sarrera proba antolatzeko batzordeak honako egitekoak izango ditu:

a) Unibertsitate bakoitzak proposatzen dituen egutegiak onartu.

b) Proben ezaugarriak eta irizpide orokorrak zehaztu. Kalifikazioak emateko eta zuzenketak egiteko irizpideak ere ezarriko ditu.

c) Proben garapenari eta emaitzei buruzko urteko txostena landu.

d) Ezgaitasuna duten izangaiei proba berdin-berdin egin ahal izango dutela bermatuko dieten bidezko neurriak ezarri, azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 32. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Proba antolatzeko batzordeak zehaztuko ditu foru agindu honetan arautzen ez diren ezaugarriak, probaren fase orokorrerako nahiz berariazko faserako.

22. artikulua. 25 urtetik gorakoentzako sarrera probaren epaimahai kalifikatzaileak.

1. Proba antolatzeko batzordeak izendatuko ditu epaimahaietako kideak, dagokion unibertsitateko errektorearen proposamenez.

2. Epaimahaiak ondokoek osatuko dituzte: lehendakaria, izangaiek aukeratutako ikasgaiak zuzentzeko beharrezkoak diren epaimahaikide espezialistak eta idazkari bat. Azken hori dagokion epaimahaiko lehendakariak izendatuko du epaimahaikide guztien artean.

3. Epaimahaiaren zeregina amaitzean, epaimahaiko lehendakariak eta idazkariak txosten bat bidaliko diote proba antolatzeko batzordeari. Txosten horretan jasoko dira probara aurkeztu diren izangaiek lortutako emaitzak eta prozesuan zehar izan diren gorabeherak, aurkeztutako erreklamazioak eta horien ebazpenak barne.

IV. KAPITULUA

Graduko unibertsitate ikasketa ofizialetarako sarrera proba batxilergoko titulurik ez duten 45 urtetik gorakoentzat

23. artikulua. 45 urtetik gorakoen parte hartzea sarrera proban.

1. Unibertsitateek urtero sarrera proba bat deituko dute beste bide batzuetatik unibertsitatera sartzeko titulu akademikorik ez duten 45 urtetik gorakoentzat.

2. Los candidatos podrán realizar la prueba de acceso para mayores de 45 años en la universidad de su elección, siempre que existan en ésta los estudios que desean cursar.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarriko du ikasturte bakoitzean izango den plaza kopurua sarrera-modalitate honetan.

24. artikulua. 45 urtetik gorakoentzako probaren egitura.

1. Azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuaren 38. artikuluan ezarritakoa betez, 45 urtetik gorakoentzako sarrera proban bi ariketa egingo dira, honako arloei buruz:

a) Testu baten iruzkina edo gaur egungo gai orokor baten garapena.

b) Gaztelania.

2. Aurreko puntuan aipatu den probaz gainera, izangaiekin zuzenean hitz egingo da. Izan ere, elkarrizketa horren ondorioz "gai" kalifikazioa lortu beharko dute eskatutako irakaskuntzetan sartu nahi badute.

25. artikulua. 45 urtetik gorakoentzako sarrera probako kalifikazioak.

1. Ariketa bakoitza 0tik 10era bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Bi ariketetan lortu diren kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da azken nota, milaren hurbilenera biribilduta eta, zenbakia bi milarenen erdian badago, gora.

2. Sarrera proba gainditutzat emango da ariketa bakoitzean 4 puntu edo gehiago lortzen direnean eta azken kalifikazioa 5 puntukoa edo gehiagokoa denean.

3. Sarrera proba gainditu ostean, izangaiak unibertsitate berean egiten diren geroko deialdietara aurkeztu ahal izango dira kalifikazioa igotzeko. Kalifikazio berria aurrekoa baino altuagoa bada bakarrik hartuko da kontuan. Deialdi berrian izangaiak beste unibertsitate bateko sarrera proba egiten badu, unibertsitatera sartzeko soilik hartuko zaio kontuan azken honetan lortu duen kalifikazioa.

26. artikulua. Erreklamazioak.

Izangaiak bost egun baliodun izango ditu (kalifikazioak argitaratu diren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita) erreklamazioa aurkezteko. Arrazoitutako idazkia aurkeztu behar du eta proba egin duen unibertsitateko errektoreari zuzendu.

Errektoreak erabakiko du zein izango den erreklamazioa ebazteko organo eskuduna.

Organo eskudunak hogei egun baliodunean ebatziko du, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita.

27. artikulua. 45 urtetik gorakoentzako sarrera proba antolatzeko batzordea.

Proba hau antolatzeari dagokionez, proba antolatzeko batzordearen eraketa eta egitekoak foru agindu honen 20 eta 21. artikuluetan (hurrenez hurren) xedatutakoak izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.-Genero berdintasuna.

Foru agindu honen gaztelaniazko bertsioan izen maskulinoak erabili dira subjektu, kargu edo lanpostu jakin batzuk aipatzean ("profesor", "alumno", "coordinador", "asesor", eta abar), baina adierazpen horiek laburtzearren egin da. Izen horiek modu generikoan erabiltzen dira eta, beraz, emakumezkoak nahiz gizonezkoak hartzen dituzte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetutako arauak.

Indarrik gabe utzi dira Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren otsailaren 18ko 42/2000 Foru Agindua eta Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 27ko 46/2006 Foru Agindua, bai eta foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko arau guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko urriaren 9an.-Hezkuntzako kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0924407