125. ALDIZKARIA - 2009ko urriaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

526/2009 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, ikastetxeen bidez gauzatu beharreko eskola adineko kirol programaren deialdia (2009-2010 ikasturtea) onetsi eta eskola adineko kirol programaren antolaketa orokorraren gastuei 2009-2010 ikasturtean aurre egiteko gastua, osotara 100.000,00 euro, baimentzen duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari erabateko eskumena esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskolako mailetatik, beste edozein kirol jardueraren aurretik, funtsezkotzat jotzen baita hori kirolak maila guztietan aurrera egin dezan Nafarroan.

Gauzak horrela, kirolari buruzko foru araudiak, 14. artikuluan, xedatzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak, Foru Komunitateko hezkuntza administrazioa, toki erakundeak, Nafarroako kirol erakundeak eta beste erakunde publiko eta pribatuak lagun, eskola adineko kirola bultzatzeko programak egitea sustatuko duela. Programa hauen jomuga izanen da hezkuntza integralaren, nortasunaren garapen orekatuaren, baldintza fisikoen eta osasun ohitura prebentiboen osagarri izatea. Halaber, hezkuntza behar bereziak dituzten eskola-ikasleak integra daitezen sustatu beharko dute.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen martxoaren 17ko 18/2008 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomoak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko titularraren planifikazio, zuzendaritza eta babesaren mende, Nafarroako Gobernuari dagozkion kirol arloko eskumenak gauzatuko dituela, estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirol Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean hauek daude:

-Kirola bultzatu, koordinatu eta sustatzea.

Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legean aipatzen diren helburuak lortu eta gauzatzeko berariazko programak gauzatzea.

Helburu hau lortze aldera eta Foru Komunitateko ikasleen kirol ibilbidean bide berri bat eratzeko asmoz sortu da ekimen hau. Ekimenak Nafarroako Kirolaren Institutuak sustatutako eta Foru Komunitateko hamar ikastetxek 2008-2009 ikasturtean gauzatutako esperientzia pilotuaren babesa du.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen martxoaren 17ko 18/2008 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eskuordetu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuetan 2009-2010 ikasturtean gauzatzeko eskola adineko kirol programaren deialdia, haren oinarriak eta irizpideak onestea. I. eranskinean daude.

2. 100.000,00 euroko gastua baimentzea, 2009-2010 ikasturterako eskola adineko kirol programaren antolaketa orokorraren gastuei aurre egiteko, 2009ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako Kirol Jokoak eta eskola adineko jarduera fisikoa eta kirol jarduera" izeneko 40002-95110-2269-336102 kontu-sail ekonomikoaren kargura.

3. Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirolaren lnstitutuari, hango Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuari, Ekonomia eta Prozedura Kudeaketarako Bulegoari eta Kirol Zuzendariordetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko irailaren 21ean.-Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Javier Esparza Abaurrea.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

Lehenbizikoa.-Deialdia.

Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuetan 2009-2010 ikasturtean gauzatzeko eskola adineko kirol programaren deia egiten da.

Bigarrena.-Xedea.

Ekimen honen xede nagusia da nafar ikasleek egindako josteta eta jolaserako jarduera fisikoak sustatzea, bertan heziketa eta jolas osagaia nagusia izaki, ondorengo adinetan modu jarraian aritzea ahalbidetuko duen ohitura fisikoa sortzeko, bizimodu osasungarria sustatzeko eta, horrela, zenbait gertakari, umeen egoneko bizitza eta loditasuna, besteak beste, ekiditeko.

Eskola orduetatik kanpo jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egiten dituzten ikasleen kopurua handitu nahi da, ikastetxearen babesean, hura baita proiektua oinarritzeko ardatza.

Hirugarrena.-Proiektua.

Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahalko du. Alabaina, hezkuntza ziklo batzuei dagozkien irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, ziklo bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektua aurkeztea onartuko da. Proiektu bakoitza egitea Gorputz hezkuntzako Departamentuari dagokio. Ikastetxeko irakasleek eurek koordinatuko dute eta ikastetxearen hezkuntza proiektuari gehituko zaio.

Ezinbestekotzat jotzen da proiektuaren eta Gorputz hezkuntzako irakasgaian egiten diren jardueren arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio tresnak sortzea. Horrela proiektua irakasgai honen curriculum garapenari lotuko zaio.

Ikastetxeak proiektua gauzatzeko egiten dituen sustapen ekintza guztietan sartu beharko du "Nafarroako Gobernuaren laguntzaz", bai eta Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala ere, jardueraren laguntzaile gisa.

Laugarrena.-Jarduerak.

Jarduerak bideratuko dira eskolako hezkuntza integrala osatzera, nortasuna armonikoki garatzera, eta ondorengo adinetan kirol jarduera etengabea ahalbidetuko duen prestakuntza eta baldintza fisikoak zein osasunekoak lortzera.

Araututako lehiaketa ofizialetan edo dagoeneko ezarrita dauden programetan parte hartzeari lotuta ez dauden jarduera fisikoak eta kirol jarduerak eginen dira, kirol prestakuntza, bai prestakuntza alderdian bai jolas-alderdian, osatuko dutenak. Bi modalitate izanen dira:

-Jolas-izaerako jarduera fisikoak eta kirol jarduerak.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sortuko dituzten izaera ludikoko jarduerak lehenetsiko dira eta parte-hartzaileek ikasten duten mailako irakaskuntzen curriculum garapena, batez ere gorputz hezkuntzarekin lotuta daudenena, sostengatuko dute.

-Lehia-izaerako kirol jarduerak.

Kirolean hasteko kirol bakarreko edo kirol askotako jarduerak egin ahalko dira eta, proiektuak hautatzerakoan, lehentasuna izanen dute kirol askotako jarduerak gauzatzen dituztenek, betiere ikastetxearen eremura mugatzen badira.

Bosgarrena.-Iraunaldia.

-Aldizkotasuna:

Proiektuaren iraunaldia ikasturtea izanen da, nahiz eta ezarritako iraupena baino txikiagoa duten beste proposamenak onartu ahalko diren, gauzatutako jardueren ezaugarriak edo ikastetxeak behar bezala justifikaturiko inguruabarrak kontuan hartuta. Gutxieneko iraunaldia bost hilabete izanen dira. Iraunaldi luzeagoa ezartzen duten proiektuek lehentasuna izanen dute hautapenean.

-Jardueren maiztasuna:

Egiten den jardueraren mota edozein izanda ere, gutxieneko iraunaldia ezartzen da, asteko bi lan saio gutxienez ere, eta lehentasuna izanen dute ordutegi zabalagoa azaltzen duten proposamenek.

Seigarrena.-Ordutegia.

Ikastetxe bakoitzak finkatuko du jarduerak gauzatzeko ordutegia.

Zazpigarrena.-Langileak.

Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du eta horretarako, behar bezala gauza dadin, beharrezko langileak jarriko ditu.

Aurkeztutako proiektu bakoitzean sartutako langileek honako profil hau izan beharko dute:

-Arduraduna:

Ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako Departamentuak proiektua diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du eta, hortaz, arduradun edo koordinatzaile nagusiak lan horrek eskatzen dituen prestakuntza eta esperientziaren jabe beharko du izan.

-Gainerako langileak:

Jarduerak gauzatzeko ardura duten langileek beharrezko prestakuntza izan beharko du, gauzatu beharreko lanaren arabera. Gutxienez ere, gauzatu beharreko jarduera zehatzaren begirale titulazioa izanen da.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, prestakuntza ikastaroak emanen ditu, jarduera gauzatzeko gaituko dutenak.

Ikastetxeek, proiektuak gauzatzeko, kirol federazio eta kluben laguntza izan ahalko dute.

Zortzigarrena.-Parte-hartzaileak.

Foru Komunitateko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatu guztiek parte hartu ahalko dute 2009-2010 Eskolako Kirol Programan.

Deialdiaren xede nagusiari erreparatuz, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen prozesuak egitearen ondorioz. Proiektua ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua eta ezin izanen da kirol-praktikarako gaitasunetatik eratorritako murrizketarik egin.

Elbarritasuna duten ikasleak hezkuntza sistema normalizatuan sartzeak isla izan behar du praktika fisiko eta kirol praktikak beren ikaskideekin egin ditzaten erraztuz.

Bederatzigarrena.-Instalazioak eta materiala.

Ikastetxeak berak proiektuaren eskura paratuko ditu bere instalazioak eta programan sarturiko jarduerak gauzatzeko beharrezko materiala.

Hamargarrena.-Osasun laguntza.

Eskola adineko kirol programan parte hartzen duten ikasleek egindako kirol jardunaren ondorioz behar duten laguntza, oro har, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hartuko du bere gain.

Hamaikagarrena.-Diru-zuzkidura.

Nafarroako Kirolaren Institutuak proiektu bakoitzari gehienez ere 4.000 euro arteko kopurua eman ahalko dio, aurrekontuan dagoen diruaren eta hautaturiko ikastetxeen kopuruaren arabera.

Proiektu bakoitza finantzatuko duen kopurua finkatuko da bertan aurkeztutako gastu eta diru-sarreren aurrekontuaren arabera eta, hautaturiko proeiktu guztiekiko dagoen kreditu erabilgarri osoaren hainbanaketaren arabera.

Nafarroako Kirolaren Institutuak bere gain hartu beharreko kopuruak ezin izanen du, inola ere, proiektua gauzatzetik etorritako defizita gainditu.

Kontuan har daitezkeen kontzeptuak hauek dira: material suntsigarria, gastu orokorrak, langileen gastuak (koordinazioa, begiralea, besteak) eta prestakuntza. Ez dira kontuan hartuko material inbentariagarriaren gastuak, ezta instalazioetako erabilerakoak ere.

Ikastetxeak ordaindu beharreko kopurua justifikatuko du jasotzaile Nafarroako Kirolaren Institutua izanen duen faktura bakar bat aurkeztuz.

Hamabigarrena.-Parte hartzeko eskaerak.

-Banakako proiektuak:

Nafarroako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuek aurkeztu ahalko dute parte hartzeko eskaera.

-Proiektu mankomunatuak:

Parte-hartzaile kopuru askirik ez duten ikastetxeak beste ikastetxe batzuekin elkartu ahalko dira, hurbiltasun geografikogatik, proiektuan parte hartzeko interesa duten ikasleei erantzuna emateko. Ildo honetan, elkarrekin parte hartzeko eskaerak onartuko dira.

-Aurkezteko tokia eta epea:

Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistro ofizialean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun balioduneko epean, gehienez ere.

-Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskabidearekin batera, gauzatu beharreko kirol proiektua aurkeztuko da. Haren edukiak, gutxienez, honako alderdi hauek izanen ditu:

  • Helburuak.
  • Eginen diren jarduerak eta haien ezaugarriak.
  • Programaren iraunaldia eta ordutegia.
  • Giza baliabideak eta baliabide materialak.
  • Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua.

Hamahirugarrena.-Proiektuen hautapena.

Proiektuek, arestian finkaturiko helburuekin bat egiteaz gain, bere bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta kudeaketakoa bermatu beharko dute.

Lehenago aurreikusitako alderdiekin batera, besteak beste, ondoko hauek baloratuko dira:

-Ikastetxeak Haur-loditasunari aurrea hartzeko kanpainan parte hartzen duen.

-Bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta kudeaketa arlokoa.

-Gauzatu beharreko jardueren aniztasuna eta berrikuntza.

-Eskola komunitatearen inplikazioa.

-Jarduera osagarriak: elikadura eta ohitura osasungarriei buruzko hitzaldiak, prestakuntza jarduerak, etab.

Irekitako epearen barruan aurkeztu diren proiektuak erregistro ordenaren arabera ebaluatu eta hautatuko dira.

Aurkezteko epea bukaturik, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bitartez zehaztuko da hautaturiko proiektuetako bakoitzari emanen zaion behin betiko kopurua, hautaturiko proiektu guztiekiko dagoen kreditu erabilgarri osoaren hainbanaketaren arabera.

Hamalaugarrena.-Jakinarazpena, jarraipena eta kontrola.

Aurkeztutako proiektuak baloraturik, Nafarroako Kirolaren Institutuak onartutako ikastetxeei jakinaraziko die eskola adineko kirol programan parte hartuko dutela.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko, gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatu eta ebaluatzeko ardura izanen du.

Proiektua behar bezala gauzatzeak baldintzatuko du proiektuaren finantzaketa.

Hamabosgarrena.-Oinarrien onarpena.

Deialdian parte hartzen duten ikastetxe guztiek oinarri hauen eduki oso-osoa onartu behar dute.

Iragarkiaren kodea: F0922961