19. ALDIZKARIA - 2008ko otsailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2008ko urtarrilaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onesten duena. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 19an egindako bilkuran erabaki zuen "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, jendaurrean jartzea eta Baztango Udalari entzunaldia ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioak bete zitezen. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

Azterlanaren helburua N-121-B errepidean Irurita-Elizondoko saihesbidea zehaztea da. Saihesbide hori Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean aurreikusita dago, "Iruña-Frantzia Belaten barna" Interes Orokorreko Sarearen 35. jarduketa gisara, Mugairin eta Arraiozen egin diren saihesbideei jarraipena emateko.

Erabaki hura 2007ko maiatzaren 2ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (55. zk.) eta jendaurrean egon zen epean hamabi alegazio-idazki aurkeztu ziren. Ondotik azaltzen da bakoitzaren edukia eta eman zaien erantzuna.

I.-Aurkeztutako alegazioak.

1.-Alejandro Galarregui Galarregui jaunak aurkeztua, Industrias Pevi, S.A. ordezkatuz.

Edukia:

Proiektatutako trazadura guztiek bere lurzati bat ukitzen dutela alegatu du, hots, Baztango 18. poligonoko 188. lurzatia. Lurzati horretan hiru iturburu daude, eta horietatik datorren ura Industrias Pevi, S.A. enpresaren eta horren eremuan dagoen etxebizitzaren ur-hornidura egiteko erabiltzen den biltegi batera eramaten da. Eskatu du saihesbidearen eraikuntza fasean behar diren aurreneurriak eta neurriak har daitezela iturburuak, hoditeriak eta biltegiak aldaketarik izan ez dezaten, edo bestela, kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen, enpresak ohi bezala jardun ahal izateko.

Erantzuna:

Alegazioa onartu da. Ur-hornidura bere horretan utziko da edo, ukituz gero, lehen bezala jarriko da.

2.-Juan Gamio Etxeberria jaunak aurkeztua.

Edukia:

Alegazio-egileak, Oharrizko bizilagunak, 2. hautabidea nahiago du, 3. hautabideak bere belai gehienak ukitzen dituelako eta, hori aukeratuz gero, abeltzain lanetan segitzea galaraziko diolako.

Erantzuna:

Alegazioa onartu da eta, horrenbestez, 2. hautabidea aukeratu da: alegazio-egileak nahiago duen hautabideak (bigarrenak) baloraziorik altuena izan du Informazio Azterlanean eta, horixe da, aldaketa txiki batzuk gorabehera, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak behin betikoz onesteko proposatu duena.

3.-M.ª Cristina Elizalde Juanicotena andreak aurkeztua.

Edukia:

Alegazio-egileak, Oharrizko bizilagunak, 2. hautabidea nahiago du, kalterik gutxien sortzen duena eta naturalena dela uste baitu, eta horretarako zenbait arrazoi azaldu ditu.

Erantzuna:

Alegazioa onartu da, aurreko alegazio-idazkiari emandako erantzunean adierazitakoaren arabera.

4.-Juan José Urrutia Sanzberro jaunak aurkeztua, Elena Sanzberro Istilart andrea ordezkatuz.

Edukia:

Elena Sanzberro andreak alegatu du berak duen lurzati bakarra Elizondoko 16. poligonoko 609. lurzatia dela. Lurzati horretan familia bakarreko etxebizitza bat eraiki nahi zuen baina Elizondoko saihesbidea egiteko proiektatu diren hautabide guztiak bertatik igarotzen dira. Herri lan horretarako bere lurzatia ez dezatela erabili eskatu du edo, bestela, prezioa finkatzeko orduan hirilurtzat har dezatela.

Erantzuna:

Hautabide guztiak toki horretatik igarotzen dira eta lurzati hori ukitzen dute ezinbestean. Beraz, eskatutakoa aintzat hartzea ezinezkoa denez, alegazioa ezetsi da.

Bestalde, finkaren prezioa baliospen fasean finkatuko da, lurzatiaren ezaugarrien arabera eta irizpide objektiboei jarraikiz. Okupazio aitzineko aktak sinatzeko unean, alegazio-egileak prezioa finkatzeko egoki iruditzen zaion guztia adierazten ahalko du eta horretarako nahi beste datu ekartzen ahalko ditu.

5.-Juan José Urrutia Sanzberro jaunak aurkeztua, Francisco Javier Goñi Eugui jauna ordezkatuz.

Edukia:

Baztango 14. poligonoko 236. lurzatia berea dela adierazi ondoren, errepide berriak lurzati hori ez ukitzea eskatu du, edo bestela, lurzatiaren hegoaldean mugakide den menditik ahalik eta hurbilen eramatea errepidea.

Erantzuna:

2. hautabidearen trazadura (hori da aukeratu den hautabidea) menditik ahalik eta hurbilen doa. Bestalde, trazadura hegoaldera eramanez gero, garai bateko trenbidea okupatu gabe, proiektuaren ingurumen eragina handituko da. Horrenbestez, alegazioa ezetsi da.

6.-Sinforosa Iparrea Iturralde andreak aurkeztua.

Edukia:

Elbeteko saihesbidearen azkeneko tartean, proiektaturiko glorieten artean, 3. hautabidearen trazadura aukera dezatela eskatu du, topografiari hobekien egokitzen zaiona delakoan eta, bestalde, bere lurren intereserako egokiena delako.

Aurrekoa aintzat hartu ezean, 2. hautabidearen azkeneko tarte horren trazadura iparralderago eraman dezatela eskatu du, horrela, ingurumen ukipena berdintsua izanda ere, lurra ustiatzeko ohiko moduei -belardiak- kalte gutxiago eraginen litzaiekeelako, izan ere, ustiabide horiei esker ohiko paisaiari eta erabilerei eutsi zaie eta ingurumena egoki zaindu da.

Erantzuna:

Alegazioa hein batean onartu da: hasiera batean proposaturiko 2. hautabidea da Informazio Azterlanean, oro har, hobekien baloratu dena eta azkenean horixe hautatu da. Hala ere, bukaerako tartean, iparralderago eramanen da ahal den neurrian. Bestalde, IEA-Ingurumen eraginaren adierazpenean alegazio honi buruz emandako erantzunean azaldu bezala, lekualdaketa hori eginez gero, inguruko ikusmenean sortzen den eragina nabarmenagoa izanen da, zelaitze-lan handiagoak egin behar direlako, baina eskualdearen berezko balio paisajistikoa oso-osorik babesten da.

7.-Salvador Sobrino Fernández jaunak aurkeztua.

Edukia:

2. eta 3. hautabideek Lekarozko 15. poligonoko 296. lurzatia ukitzen dutela alegatu du. Lurzati hori berea da eta familia bakarreko etxebizitza bat eraikitzeko erabili behar zuen. Horregatik, hori aintzat har dezatela eskatu du. Alegatu du, orobat, zuhaitzak botatzeak eragina izanen duela ingurumenean. Bestalde, bere lurzatiarekin trukea egiteko aukerari buruzko informazioa eskatu du, haren partez Arraioz eta Elizondo artean beste herrilur bat eskuratzeko, sarbidea izan behar duena.

Erantzuna:

Trazadura guztiek lurzatiren bat ukituko dute, nahitaez. Bestalde, Baztanen zaila da zuhaitzak botatzea saihestea; dena dela, Ingurumen eraginaren adierazpenean 2. hautabidea balioetsi da, hots, aukeratu den trazadura, eta hartu behar diren zuzenketa neurriak ezarri dira. Azkenik, balioespen prezioa ordaintzeko modua Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 48.2 artikuluan ezarrita dago eta bertan ez da trukea egiteko aukerarik aurreikusten. Horrenbestez, alegazioa ezetsi da.

8.-Fernando Marchessi Domínguez jaunak aurkeztua, Isabel Eugui Echenique andrea eta beste batzuk ordezkatuz.

Edukia:

Alegazio-egileak Baztango 18. poligonoko 170. eta 184. lurzatien eta 59. poligonoko 221. eta 222. lurzatien jabeak dira, besteak beste. Adierazi dute saihesbidearen bukaera partean, Elbeteko iparraldean egin beharreko biribilguneen arteko tartean, 3. hautabidea dela egokiena, lur mugimendu gutxiago egitea eskatzen duelako eta, horrenbestez, ukipena txikiagoa delako, trazadura hobea duelako, zuhaiztirik ukitzen ez delako eta udal planeamenduari hobeki egokitzen zaiolako. Bestalde, adierazi dute baso-pistetan sartzeko biderik ez omen dela aurreikusi eta pista horiek lehengoratu beharko liratekeela.

Erantzuna:

Alegazioa ezetsi da: Informazio Azterlanean 2. hautabidea izan da baloratuena, oro har. Balorazio horretan ingurumenaren arloko irizpideak (%40), irizpide soziekonomikoak (%40) eta funtzionalak (%20) hartu dira aintzat.

Zuhaiztien gaineko ukipenei dagokienez, adierazi beharra dago IEAn alegazio honi ematen zaion erantzunean esaten dela "erliebearen gaineko ukipena nabarmena bada ere, kenduko diren zuhaitzen ondoriozkoa ez da hain garrantzitsua izanen, koniferoen basoberritze bat baita, basoa ustiatzeko asmoz egina".

Era berean, adierazi beharra dago 3. hautabidearen trazadura Baztango indarreko Udal Planean aurreikusitako saihesbidearen trazadurarekin konparatuta askoz ere diferentea dela 2. hautabidearena baino. Bestalde, beste alegazio batzuei emandako erantzunetan adierazi den bezala (6., 10. eta 11. idazkietan), 2. hautabidearentzat hasiera batean proposatutako trazadura iparralderantz eraman da azkeneko tarte honetan, eta horren ondorioz, Udal Planean aurreikusitako trazaduraren oso antzekoa izanen da. Alegazio-egileen lurren gaineko ukipenak ere antzekoak izanen dira, Udal Planeko trazadurak eta 2. hautabidearen hasiera bateko trazadurak eraginen lituzketen ukipenekin konparatuta.

Azkenik, ukitutako baso-pisten sarbideei eta lehengoratzeari dagokienez, adierazi beharra dago alderdi horiek eraikuntza proiektuan zehaztuko direla, ukitutako ondasun eta eskubideekin batera.

9.-José Antonio González de Andrés jaunak aurkeztua.

Edukia:

1. Aurreikusi den saihesbidea egiten bada, Baztango 17. poligonoan berak duen 33. lurzatia bitan zatituta geldituko da eta finkaren iparraldean dagoen iturburutik datorren ur-hornidura etenda. Hortaz, hornidura hori berriz ezartzea aurreikusi beharko litzateke.

2. Baztango 16. poligonoko 421. lurzatia bere semearena da eta, saihesbidearentzat aurreikusitako trazadura aukeratuko balitz, bertan dagoen oilategi bat ukituko litzateke. Beraz, trazadura iparraldera eramatea proposatu du oilategia ez ukitzeko.

Erantzuna:

1. alegazioa onartu da. Ur-hornidura bere horretan utziko da edo, ukituz gero, lehen bezala jarriko da.

2. alegazioari dagokionez, aurreikusitako hautabide guztien trazadura -besteak beste 2. hautabidearena, horixe aukeratu baita- inguruko orografiaren eta hirigintza arloko baldintzen arabera finkatzen da eta, horrenbestez, trazadura guztiek ukitzen dituzte alegazio-egilearen jabariak modu batean edo bestean. Horrenbestez, alegazioa ezetsi da, nahiz eta eraikuntza proiektua prestatzean ahaleginak eginen diren eraikin horren gaineko ukipena ahalik eta txikiena izan dadin.

10.-Elena Ramírez Michelena andreak aurkeztua.

Edukia:

Adierazi du Elbeteko 168. eta 169. lurzatien jabea dela eta aurreikusitako saihesbideak bere finkak zatitzen dituela, ia erabilezin uzteraino. Hortaz, beharrezko aldaketak egin daitezela eskatu du, trazadura bere finken iparraldetik eramateko, erantsi duen agirian adierazten den bezala.

Erantzuna:

Alegazioa hein batean onartu da: 2. hautabidearentzat hasiera batean proposatutako trazadura iparraldera eramanen da azkeneko tartean, ahal den neurrian.

11.-Alberto Ballarín Marcial jaunak aurkeztua, Agropecuaria Baztanesa, S.L. ordezkatuz.

Edukia:

Baztango 16. poligonoko 418., 186. eta 187. lurzatien jabea Agropecuaria Baztanesa, S.L. dela adierazi ondoren, zera alegatu du:

1. "Alegazioen eduki orokor" gisa, indarrean dagoen Baztango Udal Planean aurreikusitako trazadura aukera dezatela.

2. Informazio Azterlaneko trazadurak bere ordezkatuaren ustiategiaren batasun ekonomikoa hausten duela eta proiektuaren gizarte onarpena baloratzeko irizpideen kontra doala.

3. Udal Planeko trazadurak ez dituela baldintzatzen errepide berriarentzat nahi diren ezaugarri nagusiak, aitzitik errespetatu egiten ditu. Informazio Azterlaneko trazadura, berriz, ez dator bat ezaugarri nagusi horiekin.

4. Informazio Azterlaneko trazadurak arriskutan jartzen dituela ingurumen balio batzuk eta Udal Planeko trazadurak, berriz, balio horiek errespetatzen dituela.

5. Informazio Azterlaneko trazadurak ukipen larriak eragiten dizkiola Nafarroako Ondare Historiko-Artistikoaren ondasun bati eta Udal Planeko trazadurak ez diola ukipenik eragiten.

6. Udal Planean aurreikusitako trazadura errespetatzea nahitaezkoa dela.

7. Jarduketa hori udalez gaindikotzat jotzea ez dagoela justifikatua. Adierazpen horren kontra dago, proiektua gauzatzeko desjabetu beharreko lurren balioespena egiteari begira, ondorioak izan ditzake eta. Alegazio-egileak berriz azaldu du, proiektatutako azpiegiturarentzat aurreikusitako ezaugarriak tokiko sistema orokor batenak izanik, gomendagarria dela Udal Planean aurreikusitako trazadura aukeratzea eta ez jendaurrean jarri den Informazio Azterlaneko trazadura; bestalde, desjabetu beharreko lurrak lurzoru urbanizagarri gisa baloratu behar direla gaineratu du.

Erantzuna:

1. alegazioa hein batean onartu da: hasiera batean proposatu zen 2. hautabidea, hots, aukeratu dena, iparraldera eramanen da azkeneko tarteetan (Elizondo-Elbeteko ipar-ekialdean), ahal den neurrian. Horren ondorioz, alegazio-egilearen lurrei dagokienez, aukeratutako trazaduraren eragina hark eskatzen duen trazadurarena, hots, Baztango Udal Planean aurreikusitako trazadurarena, bezalatsukoa izanen da.

Alegazio honi emandako erantzunarekin -alegazio-egileak "alegazioen eduki orokorra" azaltzeko egindako alegazioa denez-, uste dugu alegazio guztiak erantzuten direla, lehenbiziko alegazio horrek alegazio-egilearen funtsezko asmoak eta eskaerak biltzen dituelako eta ondorengo alegazio guztietan funtsezko alegazio hori argudiatu eta sendotu besterik ez baita egiten. Horren osagarri, adierazi behar da 4. eta 5. alegazioetan ageri diren ingurumen arloko zenbait alderdi Ingurumen eraginaren adierazpenean halako alegazioei emandako erantzunean jorratu direla. Hala ere, bidezkoa da zerbait azaltzea 2., 6. eta 7. alegazioei buruz.

2. alegazioan alegazio-egileak dio Informazio Azterlaneko trazadurak "Proiektuaren gizarte-onarpena baloratzeko irizpideen" kontra jotzen duela, izan ere, Informazio Azterlanaren puntuazio taulan eta irizpide askoren araberako balorazioan, 2. hautabideak, "gizarte-onarpenaren" atalean, 32,40 puntu lortu zituen 36ren artetik, eta horren atzetik 1. hautabidea utzi zuten, Udal Planeko hautabidearen oso antzekoa dena, 21,60 puntu lortu baitzituen.

6. alegazioan adierazi da nahitaezkoa dela Udal Planean aurreikusitako trazadura errespetatzea. Horri dagokionez, adierazi beharra dago Baztango Udal Plana indarrean jarri zen egunean, hots, 2002ko irailaren 22an, Nafarroako Errepideen Babesari buruzko 11/1986 Foru Legeak indarra zuela. Haren bigarren xedapen gehigarriak ezarri zuen Hiri Antolamenduko Planen onespenek ez zutela mugatuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Errepideen Planeko aurreikuspenen arabera eta foru lege hartan berean ezarritakoari jarraikiz, dagozkion eskumenak erabiltzeko ahalmena.

Edonola ere, Saihesbidearen Informazio Azterlanak proposatzen duen hautabideak, hots, 1.ak, Baztango Udal Planean aurreikusitako bide-erreserba ahalik eta gehien aprobetxatzen du eta, horren ondorioz, 1. hautabidearen trazadura eta Udal Planekoa oso antzekoak dira. Hala ere, trazadura hori aztertu eta baloratuz gero, agerian gelditzen da, alegatutako erabakian azaldu bezala, ez dagoela toki aski Lekarozera doan NA-4403 errepidearekin lotzeko glorieta bat egiteko, ez eta saihesbidea bera modu egokian egiteko ere. Horregatik, tunel aizu bat behar da. Bestalde, orain aukeratu den hautabideak, hots, bigarrenak, 1. hautabideak ukipen nabarmeneko edo sarbide zaileko eremuetatik pasatzean sortuko lituzkeen arazoak saihestu nahi ditu, baina Baztango Udal Planeko bide-erreserba ahalbait gehiena aprobetxatuz. Horren ondorioz, 1. hautabidearen antzeko trazadura bat proposatu da, erdiko tartean izan ezik, hor agertzen baitira lehen aipatutako zailtasunak. Horiek saihesteko, trazadura iparraldera eramanen da, baina Udal Planean aurreikusitako hirigintza egitura inolaz ere ukitu gabe.

7. alegazioan adierazi da ez dagoela justifikatua jarduketa UPS gisara onestea. Horri dagokionez, bidezkoa da alegatutako erabakian adierazitako argudio berberak errepikatzea orain: Proposaturiko azpiegiturak udalerri bakar bat ukitu arren, udalez gaindiko eraginaren adierazpena Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailearen testuinguruan kokatu behar da (Nafarroako Parlamentuak 2002ko azaroaren 12an onetsi zuen plan hori), izan ere, plan horretan aurreikusten da N-121-B errepidean Irurita-Elizondo saihesbidea egitea "Iruña-Frantzia Belaten barna" Interes Orokorreko Sarearen barrenean (35. jarduketa). Planaren arabera, jarduketa hori Mugairiko eta Arraiozko saihesbideen luzapena da eta harekin bukaera ematen zaio Baztanen zirkulazio handiena duen tartearen trazadurari.

Horrezaz guztiaz gainera, adierazi beharra dago Nafarroako Errepideen Babesari buruzko 11/1986 Foru Legearen 29. artikuluak (lege hori da prozedura honetan aplikatu behar dena, hasiera datari erreparatuz gero) zehazten duela Errepideen Plana plan sektorialtzat hartuko dela eta lotzailea dela toki entitateentzat, eta plana garatzen ahalko dela bide-planen bitartez. Plan horiek onetsi aurretik, udal interesdunei entzunaldia eman beharko zaie. Kasu honetan horrelaxe jokatu da. Era berean, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak, 28.2 artikuluan, adierazten du Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzailea lurraldea antolatzeko tresna bat dela eta, foru lege horrek esplizituki esaten ez badu ere, logikoa da, ikuspuntu operatibo batetik, lurraldearen antolamendurako tresna horren aurreikuspenak, hots, Nafarroako Errepideen Plan Zuzentzailearenak, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa garatu ahal izatea. UPS deklaratzeko proposatu den azpiegituraren udalez gaindiko izaera baloratzeko testuingurua hori delarik -deklarazioa egitea Nafarroako Gobernuaren eskumena da, eta egoki iruditu zaio egitea-, gogorarazi behar da, gainera, hemen "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" proiektuaz ari garela, hau da, errepide nazionaleko tarte batean egin beharreko lanak dira eta, lanen garrantzia eta ezaugarri bereziak direla-eta, horien eragina ukitzen duen udalerri bakarretik haratago doa, hots Baztandik haratago.

Azkenik, bidezkoa da hiru ñabardura aipatzea: lehena: azpiegitura hori Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramitatzea desjabetze prozedura batean lurrak baloratzeko aintzat hartu beharreko irizpideetatik aparte doa (alderdien arteko adostasuna izanez gero, ez litzateke desjabetzea egin beharko); bigarrenik, ez dago inolako trabarik UPSaren trazadurak Udal Planean aurreikusitako trazaduraren ezaugarri tekniko eta funtzional berberak izateko (sekzioa, biraketen erradioa, biribilguneak). Ezaugarri horiek, gainera, Informazio Azterlanean adierazitako trazadurenak bezalatsukoak dira, oro har; eta hirugarrenik, alegazio-egilearen lurzatiak (16. poligonoko 418., 186. eta 187. lurzatiak), azpiegitura honek partez ukitzen dituenak, lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta daude indarra duen Baztango Udal Planaren arabera.

12.-Antonio Goyeneche Irungaray jaunak aurkeztua, Harri-Lan, S.L. ordezkatuz.

Edukia:

Adierazi du Lekarozko 12. poligonoko 362. lurzatian Harri-Lan, S.L. enpresa kokatuta dagoela eta, bere iritziz, 0+700 k.p.an Oharrizera joateko aurreikusi den azpiko pasabidearen partez hobe litzateke biribilgune zatitu bat egitea eta biribilgune zatitu berri horren eta N-121-B errepidearen arteko errepide-tartea kentzea. Horrenbestez, zera eskatu du:

1. 0+700 k.p.an Oharrizera joateko aurreikusi den azpiko pasabidearen partez biribilgune zatitu bat egitea, Oharrizko herrigunean eta Harri-Lan, S.L. enpresan sartzeko.

2. Proposatutako konponbidea eraiki ondoren, N-121-B errepidearen gurutzetik errepide berrira doan egungo errepidearen tartea desafektatzeko espedientea hastea, Harri-Lan S.L.ri adjudikatzeko.

Erantzuna:

Proposamen hori ezin da onartu ez baita gomendagarria bide-segurtasunaren aldetik. Gainera, ematen du ez dagoela toki aski biribilgune bat behar bezala egiteko. Era berean, ez da bidezkoa alegazio-egileak proposatzen duen errepide-tartea erabiltzetik gelditzea, are gutxiago proiektuan aurreikusita ez dagoela ikusita. Hortaz, egindako alegazioak ezetsi dira.

II.-Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren 19an harturiko Erabakiaren determinazioak betetzea.

"N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlana Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzeko Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren 2. eta 3. puntuetan determinazio hauek finkatu ziren:

"2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea, azkenean aukeratzen den hautabidea onetsi aurretik, espedientea osatu behar dela erabaki honen IV. eta V. idatz-zatietan adierazitakoarekin.

3. Ondare historikoaren babesari dagokionez, erabaki honen azalpen zatian aipatu den arlo horren gaineko txostenean azaltzen diren jarduketak egin beharko dira eta han zehazten diren neurriak hartu."

2007ko urriaren 4an, Herri Lan Departamentuak txostena aurkeztu du determinazio horiei erantzuteko eta hurrengo epigrafeetan aipatzen diren proposamenak egiteko. Txostenaren ondorioetan proposatzen da "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" proiektuaren gaineko Informazio Azterlaneko 2. hautabidea onestea. Txostenarekin batera, hautabide horren behin betiko trazaduraren planoa aurkeztu du, non trazaduran egindako aldaketak azaltzen diren (ikus alegazioei emandako erantzunak). Funtsezko aldaketa Elbete aldean gertatuko da, trazadura iparraldera eramanen baita, 75 metro inguru gehienez. Arraiozko saihesbidearekin lotzeko glorieta ere beste toki batera eramanen da, hasiera batean proiektatutako tokitik ekialdera, 150 metro inguru.

II. 1.-Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoeta, erabakiaren azalpen zatiko IV. atalean jaso zena.

1.-Saihesbidearen 2. edo 3. hautabidea aukeratu beharko litzateke, edo bien arteko konbinazio bat. Hautabide horiek dira, hain zuzen, Baztango Udalaren iritziz udalerriaren interesetarako egokienak.

Adierazi den bezala, Herri Lan Departamentuak 2. hautabidea proposatu du behin betikoz oensteko, lehen aipatutako aldaketak eginda betiere.

2.-2. hautabideak ibilgailuendako pasabide bat proposatzen du Oharrizko meandroan barna, gaur egun ez dagoena. Pasabide horren ondorioak aztertu eta, beharrezkoa balitz, kontrolatu beharko lirateke. Iparraldeko Ur Konfederazioaren txostenean azpimarratzen da "1. eta 2. hautabideek bide ematen dutela etorkizunean Bidasoa ibaiak Oharrizen egiten duen meandroaren ibar naturala urbanizatzeko, urak har dezakeena, eta hori kontuan hartu beharko litzatekeela ukipenak baloratzeko orduan".

Horri dagokionez, Herri Lan Departamentuak adierazi du errepidearen proiektuak ez duela gerorako hirigintza garapenetarako sarbiderik aurreikusi eta, sarbide horiek egin behar izanez gero, haien sustatzaileak tramitatu beharko lituzkeela Departamentuan, honetatik aparte. Horrez gainera, adierazi beharra dago, indarra duen Baztango Udal Planaren arabera, meandro horretako lurzorua urbanizaezin gisa sailkaturik dagoela eta lurzoru horren hirigintza araubidea aldatzeko proposamenak kontrolatzea, lehen-lehenik, Baztango Udalari dagokiola. Lur horretan, bestalde, urak estaltzeko arriskua handia da.

Horri dagokionez, Herri Lan Departamentuak gaineratu du saihesbidea eraikitzeko proiektu fasean urak lurra hartzeko arriskuari buruzko azterketa sakon bat eginen dela, ukipenik ez eragitearren saihesbideak behar duen sestra-kota finkatzeko. 100 urteko birgertatzealdiko uholdeak errepidea ez hartzeko moduan finkatuko da kuota hori (5.2-IC jarraibidea).

3.-Erabakian bi txosten aipatzen dira, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuarena eta Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Zerbitzuarena, 2. hautabideak Oharrizko meandrotik pasatzean Elizondo-Irun garai bateko trenbidearen gainean izanen lukeen eraginari buruzkoak. Horri dagokionez, erabakian adierazten da gomendagarria litzatekeela hautabide horrek meandroaren tarterako proposatzen duen trazadura berrikustea, trenbidearekin ahalik eta bateragarriena izan dadin.

Herri Lan Departamentuak horri buruz adierazi du eraikuntza proiektuan jasoko dela ukitzen den tartea lehengoratzea, saihesbidearen trazadurak eta trenbidea bateragarriak izan daitezen. Trenbidea saihesbidearen hegoaldetik doa. Hortaz, lehengoratze-lanak hegoaldetik eginen dira. Trenbidea eta saihesbidea behar baino gehiagotan gurutzatzea saihestuko da, izan ere, gurutzaketek, trazadura zailtzeaz gainera, azpiko pasabideak egitea eskatzen dute, eta hori ez da gomendagarria, ez ekonomiaren aldetik, ez eta funtzionaltasunaren aldetik ere.

Dena den, kontu hori II. 3 epigrafean aipatzen den Erabakiaren 3. puntuan ezarritako determinazioan ere jorratu da, baita Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 28an emandako 2445/2007 Ebazpenaren bidez onetsitako Ingurumen Eraginaren Adierazpenean ere. Bertan ezarri dira kontu horren gainean bidezko diren baldintzak. Hortaz, arlo horri dagokionez, Ingurumen Eraginaren Adierazpenera jo beharra dago.

4.-Erabakiaren arabera, gomendagarria litzateke aztertzea bidezkoa ote den Elizondotik hego-mendebaldera dauden herriguneetara (Irurita, Etxerri, etab.) iristeko bide berri bat egitea, aukeratzen den hautabidea NA-4445 errepidearekin gurutzatzen den tokitik abiatuta.

Herri Lan Departamentuak uste du herrigune horietan sartzeko saihesbidean aurreikusi diren biribilguneak aski direla eta, bide-segurtasunaren ikuspegitik, ez dela gomendagarria saihesbidean beste bideregurutze bat egitea.

II.2.-Ingurumen arloaren gaineko txostena, erabakiaren azalpen zatiko V. atalean jaso zena.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak 2006ko abenduaren 11n egindako txostenaren ondorioetan azaltzen da, azkenean aukeratzen den hautabidearen proiektua onetsi aurretik, beharrezkoa litzatekeela hondakindegi gisa erabili nahi den eremuaz gainera beste toki batzuk proposatzea, izan ere, lur soberakinak aukeratutako lurzatian biltzeak (Baztango 14. poligonoko 236. lurzatian) "Artesiagako errekaren ibairatzea" izeneko ES2200023 BILean ukipenak eragin litzakeelako. Bertan hartu beharreko prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriak eta egin beharreko obra osagarriak argi eta garbi adieraz daitezela ere eskatzen da.

Hondakindegi gisa hautatutako eremuari dagokionez, Proiektu, Trenbide eta Lan Hidraulikoen Zerbitzuko zuzendariak 2007ko urriaren 4an egindako txostenean adierazi du eraikuntza proiektua egin ondoren ikusiko dela behar den lurren bolumen zehatza, bai maileguetarako, bai hondakindegietarako, eta hondakindegi gehiago non jarri aztertuko dela. Dena dela, aurreratzen da hondakindegira eramanen diren lurren bolumena 18.000 m³ ingurukoa izanen dela kalkulatzen dela, eta bi aukera hauek proposatzen direla hondakindegi horren ordezko gisa: Baztango 14. poligonoko 236. lurzatia (lurra bertan nola zabalduko den ere azaltzen da) eta eskutik utzita dagoen harrobia, udal zabortegi gisa erabiltzen dena. Txostenaren ondorioetan adierazten da eraikuntza proiektuaren fasean kokagune gehiago aztertuko direla.

Aurrekoa gorabehera, gai horren inguruko gogoetak eta ingurumen eragina gutxitzeko hartu beharreko prebentzio, zuzenketa eta konpen- tsazio neurriak IEAn biltzen dira eta horretan ezarri dira, orobat, bete behar diren baldintzak. Hortaz, arlo horiei dagokienez IEAra jo beharra dago.

II.3.-Ondare historikoaren babesari dagokionez.

Nafarroako Gobernuko erabakiak ezartzen du, ondare historikoaren babesari dagokionez, haren azalpen zatian aipatzen den Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2005eko ekainaren 17ko txostenean azaltzen diren jarduketak egin beharko direla eta han zehazten diren neurriak hartu.

Nolanahi ere, alderdi hori IEAn aztertu da. Bertan bete behar diren baldintzak ezarri dira, Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren 2006ko maiatzaren 15eko txostenean xedatutakoaren arabera. Txosten horrek lehen aipatutakoa osatu eta hobetzen du. Hortaz, alderdi horri dagokionez, IEAra jo beharra dago.

III.-2445/2007 Ebazpena, azaroaren 28koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egin zuena.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 28an emandako 2445/2007 Ebazpenaren bidez, "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko proiektuaren gaineko Informazio Azterlanari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustaturik. Adierazpenaren arabera, proiektua bideragarria da ingurumenaren arlotik.

Ebazpen horren 2. puntuan ezartzen da N-121-B errepideko Irurita-Elizondo tartea Ingurumen Eraginaren Azterlanean eta Proiektuan azaltzen diren zuzenketa neurri guztiak eta ebazpenean berean agertzen diren baldintzak betez eginen dela.

N-121-B errepideko Irurita-Elizondo tartea eraikitzeko proiektua prestatu ondoren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari agiri bat igorri beharko dio Ingurumen eraginaren adierazpen honetan ezartzen diren determinazio guztiak bete direla egiaztatzeko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. "N-121-B errepidea eraikitzea, tartea: Irurita-Elizondo" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala onestea, 2. hautabidearen arabera eta, orobat, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak proposaturiko aldaketak onestea, erabaki honen azalpen zatian adierazi direnak. Proiektua Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du.

3. Saihesbidearen eraikuntza proiektuan eta/edo dagozkion obrak egiteko orduan, Ingurumen eraginaren adierazpenak dioena beteko da.

4. Nolanahi ere, obren exekuzioa baldintzatzen duten edo ukituta gelditzen diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, departamentu sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetatik.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari eta Kultur Ondaren Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea.

6. Erabaki hau Iparraldeko Ur Konfederazioari, Baztango Udalari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dutela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2008ko urtarrilaren 22an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0801217