80. ALDIZKARIA - 2007ko ekainaren 29a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERRIOBEITI

Aldaketa ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2007ko martxoaren 6an egin osoko bilkuran, erabaki zuen aldaketa hasiera batean onestea Artikako María de Maeztu Udal Kultur Etxeko espazioak eta baliabideen antolaketa eta kudeaketa arautzen dituen udal ordenantzan. Hura 2007ko 50. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, apirilaren 23an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31eko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantzako aldaketa hori behin betikoz onetsi da eta argitaratzeko xedatu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriobeitin, 2007ko maiatzaren 29an._Alkatea, José María Irisarri.

ARTIKAKO MARIA DE MAEZTU UDAL KULTUR ETXEKO ESPAZIOAK ETA BALIABIDEEN ANTOLAKETA ETA KUDEAKETAREN GAINEKO ARAUDIA

I. KAPITULUA

Definizioa

1. artikulua. María de Maeztu Kultur Etxea, Artikako La Fuente karrikako 1ean, udal ondasuna da, jabari eta zerbitzu publikokoa, eta haren erabileraren erantzukizuna Berriobeitiko Udalarena da. Kultur etxe honetako xede nagusia da kultura bere alderdi guztietan sustatzea eta Berriobeitiko udalerriko bizilagunendako partaidetzarako bidea eta erreferentzia izatea gizarte-gaien eta kulturaren arloan.

2. artikulua. María de Maeztu Kultur Etxea Udalaren Kultur Zerbitzuaren egoitza izanen da. Haren espazioak egitekoak diren jarduerak kultura edo kultura eta gizarte arlokoak izanen dira, musikaren, antzerkiaren, zinemaren eta arte plastikoaren esparruetan, tarteka bertzelako jardueretarako erabiltzen ahalko bada ere.

3. artikulua. Berriobeitiko Udala, Kultur eta Kirol Zinegotzigoaren bitartez, Kultur Etxearen barnean egiten diren jarduera guztien kudeaketaz eta haien segimenduaz arduratuko da, baita instalazioen zainketaz eta haien hobekuntzaz ere.

4. artikulua. Kultur Etxea udalerriko taldeen kudeaketarako egoitza izaten ahalko da.

II. KAPITULUA

Ordutegia

5. artikulua. Kultur Etxea, oro har, honako ordu hauetan egonen da irekia:

_Urtarriletik ekainera eta irailetik abendura, 9:00etatik 22:30etara egonen da irekia astelehenetik ortziralera, eta 9:00etatik 14:00etara larunbatetan. Liburutegia honako ordu hauetan egonen da irekia: 16:00etatik 21:00etara astelehenetik ortziralera, eta 9:00etatik 14:00etara larunbatetan.

_Ikuskizunen bat programatua badago larunbatean, aitzineko puntuan sartu ez den orduan, edo igandean, orduan jarduera egiteko moduko ordutegia irekiko da aldi horretarako.

_Uztaila-abuztua: jendearendako itxia. Administrazio eta liburutegi zerbitzua baizik ez da izanen (opor egunak kenduta). Liburutegia 9:00etatik 14:00etara irekiko da, astelehenetik larunbatera.

6. artikulua. Berriobeitiko Udalak ordutegi hori aldatzen ahalko du, antola litezkeen jardueren beharren ariora, betiere eraikina kudeatzeko hartutako konpromisoekin bateragarria bada eta diru galerarik ekartzen ez badio Udalari, ezta eskubideen murrizketarik ere langileei.

III. KAPITULUA

Jarduerak

7. artikulua. Kultur Etxean eginen diren jarduerak izanen dira nagusiki kultura, arte eta hezkuntza arlokoak, gizarte eta kultur arlokoak eta jostetakoak, eta merkataritza edo irabazi asmorik gabeak,eta halakotzat hartzen dira honako hauek:

_Antzerki edo dantza emanaldiak.

_Kontzertuak, entzunaldiak.

_Ikus-entzunezko proiekzioak.

_Ikastaro, lantegi eta mintegiak.

_Solasaldi eta mintzaldiak.

_Erakusketak.

_Liburutegiko espazioak berezko dituen jarduerak. Irakurtzera bultzatzeko kanpainak. Irakurketa dramatizatuak.

_Liburu aurkezpenak.

Arestian aipatutako jarduera guztiak lehentasunezkotzat jotzen dira. Hauek ere egiten ahalko dira:

_Jarduera politikoak.

_Ezkontza zibilak.

8. artikulua. Jarduerek, egin ahal izateko, Kultur Zinegotzigoaren hasierako onespena beharko dute.

9. artikulua. Merkataritza eta/edo irabazizko helburuetarako bada, Udalak beretako gordeko du Kultur Etxeko espazioak alokatzeko eskubidea, horretarako onesten diren ordenantza eta tasei heldurik.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileak

10. artikulua. Kultur Etxearen erabiltzailea da haren barrenean egiten diren ikastaro eta gainerako jardueretan aritzen den oro, ikusle, irakurle edo partehartzaile.

11. artikulua. Kultur Etxearen elkarte eta/edo talde erabiltzailea da jarduerak egiteko kultur guneko espazioak erabiltzen dituena.

12. artikulua. Hauek dira erabiltzaileen betebeharrak:

_Ezarritako ordutegiak begiratzea.

_Bertan diren altzariak begiratzea eta egokiro erabiltzea.

_Kultur Etxeak duen azpiegitura zuzen erabiltzea.

_Lokala txukun eta garbi uztea, erabili ondoan bertze eskatzaile batzuek erabiltzeko maneran.

_Udalak baimendutako langileek eman ditzaketen jarraibideei kasu egitea.

_Kultur Etxean inon ere ez erretzea.

_Kultur Etxean inon ere ez jatea, ostatu-kafetegian ez bada edo salbuespeneko arrazoiak direla-eta halako une batzuetan Kultur Zinegotzigoak egoki ikusten dituen aldeetan.

_Txarteldegiko ordutegiak errespetatzea.

_Aktoreen nahiz gainerako ikusleenganako begiruneagatik, puntualak izatea eskatzen da. Sakelako telefonoak eta erlojuetako ordu-seinaleak eta alarmak deskonektatuko dira.

_Ikuskizuna, emanaldia edo proiekzioa hasita baldin badago, ez da inor aretoan sartzen ahalko.

_Programaturiko jarduera eta ikuskizunetako guztietan garbi adieraziko da zein adinetako jendearentzat diren. Arreta jartzea eskatzen da.

13. artikulua. Berriobeitiko Udalak berea du aipatutako oharrak begiratzen ez dituzten pertsonak onartzeko eskubidea. Espazioak behar ez bezala erabiltzeak handik bidaltzea ekartzen ahal du.

14. artikulua. Kontrakoa erabaki ezik, espazioak lagatzeak ez du ekarriko Udalak inolako materialik altxatu eta biltegiratzea. Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta Kultur Zinegotzigoak horretarako baimena ematen duen aldioro, erabiltzaileek Kultur Etxeko biltegiguneak erabiltzen ahalko dituzte, trasteak, tresneria, eszenako materiala, etab. altxatzeko.

15. artikulua. Ikus-entzunezko baliabideak Kultur Etxeko langile arduradunek erabiliko dituzte edo entitate antolatzaileak behar bezala kreditaturiko adituek, Udalak bere adostasuna eman ondotik.

V. KAPITULUA

Espazioak

16. artikulua. Kultur Etxean hiru espazio mota daude, bere ezaugarriei begiraturik:

A._Erabilera esklusiboko espazioak.

_Etxezaindegia.

_Administrazioaren eremuak:

.Koordinaziorako bulegoa.

.1. bilera gela.

.2. bilera gela.

_Erdisotoko biltegia.

_Koadroen aretoak.

_Garbiketa gela.

B._Erabilera berariazkoko espazioak.

_Ekitaldi aretoa eta aldagelak.

_Agertokiko biltegia.

_Liburutegia.

_Ostatu-jatetxea.

C._Askotarako espazioak.

_Foyer-erakusketa eremua.

_Erabilera anitzetako 1. aretoa (erdisotoa).

_Erabilera anitzetako 2. aretoa (erdisotoa).

_Erabilera anitzetako 3. aretoa (bigarren solairua).

_Erabilera anitzetako 4. aretoa (bigarren solairua).

_Erabilera anitzetako 5. aretoa (bigarren solairua).

_Erabilera anitzetako 6. aretoa (bigarren solairua).

_Erabilera anitzetako 7. aretoa (bigarren solairua).

VI. KAPITULUA

Kultur Etxeko espazioen erabilera eta hura lagatzeko irizpideak

17. artikulua. Entitate edo norbanakoek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak edo Artikako Kontzejuak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menpe.

18. artikulua. Espazioen erabilpena elkarte eta taldeei esleitzeko tenorean, lehentasuna izanen dute Berriobeitiko udalerrian kokaturiko elkarte eta taldeek.

19. artikulua. Egoerak aukera ematen badu, elkarlanerako hitzarmenak sina daitezke Udalaren eta pertsona edo taldeen artean, Kultur Etxeko espazioak erabiltzeko.

20. artikulua. Kultur Etxeko espazioen erabilerari dagokion arlo ekonomikoan, kasuan kasuko ordenantza fiskalean aipatzen diren tarifak erabiliko dira, Udalak baimentzen dituen doako erabileretan izan ezik.

21. artikulua. Kultur Etxeko espazio bakoitza lagatzeko eta erabiltzeko irizpideak honelakoak dira:

A._Erabilera esklusiboko espazioak:

A.1. Etxezaindegiaren eremua Udaleko langileek baizik ez dute erabiliko; espazio hau ez da lagatzen ahal.

A.2. Administrazioaren eremuak Udalaren langileek baizik ez dituzte erabiliko; espazio hau ez da lagatzen ahal.

A.3. Erdisotoko biltegia Udalaren langileek baizik ez dute erabiliko; espazio hau ez da lagatzen ahal.

A.4. Koadroen aretoak Udalaren langileek baizik ez dituzte erabiliko; espazio hau ez da lagatzen ahal.

A.5. Garbiketa gela Udalaren langileek baizik ez dute erabiliko; espazio hau ez da lagatzen ahal.

B._Erabilera berariazkoko espazioak:

B.1. Ekitaldi aretoa eta aldagelak:

_Udalaren Kultur Zerbitzuaren programazioa gauzatzeko izanen dira nagusiki.

_Gelak entitate edo norbanakoei lagatzen zaizkienean, betiere lagapena Kultur Zerbitzuak, Udalak edo haren erakunde autonomoek, edo Artikako Kontzejuak programaturiko jarduerarik ez dagoenean izanen da.

_Lagapen hauen tratamendu ekonomikoa horretarako onetsitako ordenantzaren menpe egonen da.

_Berriobeitiko Udalak, kultura eta ekonomia aldetik espazio honi etekin hobea ateratzeko asmoz, kontratu edo hitzarmenak egiten ahalko ditu norbanakoekin, entitateekin edo arte taldeekin, erabilera lagatzeko eta arautzeko, dela halako une batzuetarako, dela modu jarraituan, dela puska baterako (konparaziorako, hiru hilabeterako, sei hilabeterako, denboraldirako, urtebeterako, etab.).

_Horrelako lagapenak akordio idatzien bidez eginen dira eta egokitzat jotzen diren konpentsazio bideak zehaztuko dira.

_Lagapen hauen ordutegia eta baldintza teknikoak Udalak ezarriko ditu.

_Ikus-entzunezko baliabideak Kultur Etxeko langileek erabiliko dituzte edo entitate antolatzaileak behar bezala kreditaturiko adituek, Udalak bere adostasuna eman ondotik.

B.2. Agertokiko biltegia:

_Ekitaldi aretoa erabiltzen duten entitate edo norbanakoek erabiltzen ahalko dute, dela halako une batzuetan, dela denbora batean, trasteak, tresneria, eszenako materiala, etab. altxatzeko.

B.3. Liburutegia:

Liburutegia Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko lehen solairuan dago eta haren erabilpena ez zaie hirugarrenei lagatzen ahal. Haren funtzionamendua Nafarroako Gobernuaren eta Berriobeitiko Udalaren artean hura kudeatzeko sinatzen duten hitzarmenak araberatuko du.

B.4. Ostatu-kafetegia:

Ostatu-kafetegia Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko beheko solairuan dago eta haren erabilpena ez zaie hirugarrenei lagatzen ahal. Haren funtzionamendua zerbitzu horren zeharkako kudeaketaren errentamendu kontratuan ezarritako baldintzek araberatuko dute.

C._Askotarako espazioak:

C.1. Foyer-erakusketa eremua:

Erakusketa eremua araudi honi eransten zaion erregelamendu berariazkoan ezartzen denarekin bat erabiliko da.

Ezkontzak eta bertzelako egintzak egiteko ere erabiltzen ahalko da espazio hau, aitzinetik eskaria egin eta Kultur Zinegotzigoak ikus- onetsita.

C.2. Erabilera anitzetarako 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7. aretoak.

Zer premia diren, zer espazio dauden eskura eta egin beharreko jarduera zer motatakoa den eta zer ezaugarri dituen, halakoen araberako erantzuna emanen zaie espazioak lagatzeko eskaerei.

Ikasturte bakoitzaren hasieran, Kultur Etxea erabiltzen duen norbanako edo talde bakoitzak hura erabiltzeko jarduera egutegi bat edo ordutegi bat aurkeztuko du. Horrek bat egin behar du kultur guneak oro har irekitzeko eta izateko dituen ordutegiekin.

Udalak komenigarritzat jotzen badu, lokalen lagapena kendu ahal izanen zaie beren jardueratik etekinak ateratzen ari diren talde edo kolektiboei, kultur jardueran hasi berriak diren taldeei emateko.

Orobat, Kultur Etxean eskatzen duten talde guztiei lagatzeko adina lokal ez badago, aintzat hartuko dira ondoko alderdi hauek lokalen erabilera zeini lagako zaion erabakitzeko: udalerriko herrietan erroldatutako kide gehien dituen taldeei emanen zaie lehentasuna; gisa berean, aintzat hartuko da eta taldea lehenesteko arrazoi izanen da, laga zaizkion lokalak erabili eta gero taldeak kultur ekintza edo jarduerak antolatu izana edo halakoetan parte hartu izana, nolabait herriari edo ibarrari eskainiz lokala erabili duen bitartean egindako kultur lanaren emaitza. Lokala erabili eta gero talde batek ez badu parte hartu inongo kultur ekimenetan, lokala bertze talde eskatzaile bati lagako zaio.

22. artikulua. Kultur Etxeko espazioak lagatzeko, baldintza hauek ezarri dira:

a) Espazioak erabiltzeko eskarien aurkezpena udal bulegoetan egin beharko da eta, instalazioaz zer egunetan baliatu nahi den, 15 egun lehenago gutienez ere. Eskarian honako dokumentu hauek sartu beharko dira:

_Eskaria egiteko inprimaki berariazkoa, zuzen betea. Inprimaki hori eskatzaileen eskura egonen da udal bulegoetan.

_Eskatzailearen eta/edo entitate antolatzailearen NAN/IFZ.

b) Lagapenak erabaki idatzi baten bidez eginen dira, eta hura eskatzaileari ailegaraziko zaio.

c) Eguna edo ordutegia aldatzeko eskariak, baita jadanik baimendutako jarduera bakoitzaren denbora handitu edo murriztekoak, kultur koordinatzaileak ebazten ahalko ditu, programazioari eta espazioen erabileren koordinazio zuzenari begiraturik, eta betiere aldaketa horiek ez badute funtsean bertzelakotzen jarduera baimendua.

d) Nornabakoak izan nahiz taldeak izan, erabiltzaileek ez dute Kultur Etxearen menpeko espazio eta tokietako giltzarik batere izanen. Norbanako edo talde bakoitzari esleitutako tokiak erabiltzeko, administrazio eta/edo etxezaindegiaren zerbitzura jo beharko dute, huraxe arduratuko baita irekitzeaz eta ixteaz eta haiek beren jardueran aritzeko behar duten materialaz hornitzeaz.

e) Erabiltzaileen kontura izanen dira:

_Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea, behar denean.

_Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.

_Administrazioaren permiso eta baimenak.

_Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolamendua Udalarena ez denean, eta betiere, Udaleko langile baimenduek aldiro ematen dituzten oharrei kasu egin beharko diete.

f) Udalak baimendutako langileek noiznahi ikuskatzen ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarriak muntatu eta kentzeko lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

g) Jarduera bat burutzean, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak erabiltzeko ongi gelditzen ote diren, jarduera hasi aitzinetik zeuden egoera berean.

h) Kultur Etxean egiten diren jardueren antolatzaileek jarduera bakoitzaren edukieraren berri ematen duten materialak paratzen ahalko dituzte atalondoan horretarako prestatu diren aldeetan.

i) Kultur gunean egiten diren jarduera guztietan, publizitaterik egiten bada, Udalaren armarria eta Kultur Etxearen logotipoa paratu beharko dira, laguntzen duen entitatea den aldetik.

VII. KAPITULUA

Zehapenak

23. artikulua. Erantzukizunak, arau-hausteak eta zehapenak.

a) Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal eta administratibo, eta berdin lan nahiz zerga arlokoak, edo edozein moldetakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Udala horietatik arrunt salbu geldituko baita.

b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen jarduerarako.

c) Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.

d) Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez duen berak zuzenean egin behar diren konponketen ardura hartzen, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

24. artikulua. Arau-haustetzat joko dira:

a) Jabetzaren kontrako hutsegite eta delituak.

b) Instalazioak eta zerbitzuak behar ez den bezala erabiltzea.

c) Lokaletan dauden ondasun higigarri nahiz higiezinetan hondamen edo kalteak eragitea.

25. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren ondoriozko zehapenak jarriko dira kalte-galerengatik bidezkoa gertatzen den ordaindu beharrekotik aparte.

26. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatutako erantzukizun eta zehapenak betearazpen bidearen bitartez gauzatu eta betearaziko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Bakarra._Udalari dagokio erregelamendu honetan jaso ez diren kasuen ebazpena eta zalantza sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa, Kirol Zinegotzigoaren bitartez, edo, bertzenaz, ezinbertzean, dagokion udal organoari.

I. ERANSKINA

ARTIKAKO MARIA DE MAEZTU KULTUR ETXEKO ERAKUSKETA ARETOA ERABILTZEKO ERREGELAMENDUA

Ikusgai jarri beharrekoa arte, gizarte eta kultura edo eskulangintza arlokoa denean baizik ez du Berriobeitiko Udalak bere erakusketa aretoa lagako. Aretoa erabiltzeko baldintza hauek bete behar dira:

1. Eskaera.

Erakusketariak aretoa erabiltzeko eskaera eginen du idatziz, eta horretarako erregelamendu honi eransten zaion inprimakia beteko du eta Berriobetiko Udaleko Erregistroan aurkeztuko (Udal Plaza, 1).

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Historia profesionala.

b) Egindako erakusketen zerrenda.

c) Eskuratutako sarien zerrenda.

d) Prentsako iruzkin kritikoak.

e) Erakutsi beharreko obraren txosten fotografikoa (gutienez ere 10 argazki, gutienez ere 9 x 12 cm tamainakoak).

f) Egindako erakusketen katalogoen laginak.

2. Iraupena.

Erakusketek, normalean, gutienez ere 10 egun iraunen dute eta 30 egun gehienez ere. Data horiek kalitatearen eta salaren irizpidearen ariora erabakiko dira.

Irekitzeko orduak ikusgai jarriko dira jendearendako eta ondotik zehazten den bezala izanen dira:

_Astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara

_Igandeak eta jaiegunak, 11:00etatik 14:00etara

3. Eskaeren onarpena.

Eskaerak onartzeko kontuan hartuko dira erakusketariaren curriculum vitae-a, obraren kalitatea, haren originaltasuna, etab.

Udalak idatziz adieraziko dio eskatzaileari eskaera onartu zaiola eta erakusketarako egun jakin batzuk eman dizkiotela. Bere eskaerari erantzunez erakusketarako egun jakin batzuen jakinarazpena biltzen duen erakusketariak adostasuna agertu beharko du 7 egunean. Hala egiten ez badu, adierazitako datei uko egiten diela ulertuko da eta bazterturik geldituko da eskaera egin duen urteko erakusketarien zerrendatik, aldez aurreko programazioaren ordena egokia ez bertzelakotzeko.

Nonalahi ere, Udalak beretako gordetzen du halako obra batzuk onartzeko eskubidea.

Erakusketen egutegia urtekoa da (urtarrila-abendua). Programazioa aitzin urteko irailetik abendura bitarte prestatuko da, jasotako eskaerekin.

4. Garraio eta asegurua.

Bidaltzeko eta itzultzeko gastu guztiak erakusketariaren bizkar izanen dira; hark bere aldetik eta bere kontura aseguratzen ahalko ditu obrak, hala nahi badu.

5. Erantzukizuna.

Berriobeitiko Udalak ez du erantzunkizunik bere gain hartuko, baldin eta istripu, lapurreta, sute edo bertzelako arrazoiren batengatik obrak osorik edo parte batean suntsitzen badira.

Erakusketariak edo lagapenaren titularrak Berriobeitiko Udala osotara salbuetsiko du egin beharreko jarduera gauzatzen ari dela izan daitezkeen inguruabar eta goiti-beheitiengatik izanen liratekeen erantzukizunetatik, eta espresuki uko eginen dio Udal horren aitzinean egin lezakeen edozein eskari egiteari, kalte-galeren ordaina barne.

6. Muntaia.

Muntaia egiteko orduak 8:00etatik 13:00etara izanen dira. Kultur Etxeak ez du langile espezializaturik ianen erakusketaren muntaia eta desmuntaia egiteko. Aretoko apaingarriak bertzelakotazea edo haren paretak hondatzen ahal dituzten materialak erabiltzea badakar, ez da aldaketarik batere onartuko.

Artistak eskura izanen du aretoko materiala, eta erabili ondoan berak arduratu beharko du bere lekuan uzteaz.

7. Publizitatea.

Berriobeitiko Udalak erakusketa iragartzeko txartel bat eta afixa bat argitaratuko ditu, osotara bere kontura eta erakusketariarekin adostuta, edo bertzenaz aukera emanen dio nahi duena bere kasa eta bere kontura egin dezan, are erakutsitako obraren katalogo bat ere. Nolanahi ere, erakusketariak Udalari emanen dio egiten duenaren berri eta Udalak zehazten dizkion ezaugarriak, maketa eta formatoa onartu beharko ditu, halakorik egiten bada.

Berriobeitiko Udalak txartelak eta afixak igorriko dizkie kultur entitate, erakunde eta korporazio ofizialei, baita hedabideei ere. Norbanakoei igortzea erakusketariaren kontura izanen da.

Udalak prentsan iragarriko du erakusketa, bere jarduera programaren barnean, baita Udaleko Informazio Aldizkarian ere.

Lagapenaren titularrak publizitate osagarria egiten ahalko du, bere kontura, Berriobeitiko Udalak egindako hedabide beretan eta ezaugarri berekin.

8. Aretoko gastuak.

Aretoaren lagapena doakoa da eta erakusketariak ez du deus ordaindu beharko zaindaritzagatik, argiagatik, garbiketagatik, etab.

Udalak baimena emanda, erakusketariak bere kontura hartzen ahalko ditu nahi dituen segurtasun neurriak. Alde horretatik gertatzen ahal diren goiti-beheiti guztiak erakusketariak hartuko ditu bere gain, Udalak ez baitu kalte-galerengatik batere ordaindu beharko.

9. Jurisdikzioa.

Erregelamendu hau aplikatzeak ekartzen dituen auzietan, erakusketarik men eginen dio Iruñeko auzitegi eta epaitegien jurisdikzio eta eskumenari, bertze guztiei uko eginda.

Aurreikusi gabeko orotan eta arau hauen interpretazioaren inguruko zalantza edo arazoetan, Berriobeitiko Udalak erraten duena bete beharko da eta ezin izanen da haren erabakiaren aurka jo.

10. Baldintzak jakin, onartu eta sinatzea.

Baldintza hauek jakin eta onartzeak berekin ekarriko du eskatzaileari lagapena esleitzen zaion unean Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko erakusketa aretoaren erabilpena lagatzeko hitzarmena sinatu beharra, baita horren ondorioz edozer goiti-beheiti gertatuz gero Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legean eta hura garatzeko 280/90 Foru Dekretuaren bidez onetsi zuen Ondasunen gaineko Erregelamenduan ezarritako aginduei men egitea.

Eskabide eredua

Izena: ............................. Adina: ........... N.A.N zenbakia: .............. Karrika: .......................... P.K.: ............. Herria ............................... Telefonoa ............... e-posta ..................

Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko erakusketa aretoan nire obrak ikusgai jartzeko baimena eskatzen diot Berriobeitiko Udalari.

Ikusgai jartzeko obra mota

Ikusgai jartzeko obra kopurua

Obren gehieneko eta gutieneko neurriak

Oharrak:

Sinatzailea naizen honek erakusketa egiteko erregelamendu erantsian agertzen diren baldintza guzti-guztiak dakizkidala diot eta horiek guztiak onartzeko konpromisoa hartuko dudala, eskaera hau ontzat hartuz gero.

Berriobeiti, .................................................

Sinadura: Eskatzailea,

Iragarkiaren kodea: L0709120