64. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

866/2007 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, "Alloko saihesbidea NA-122 errepidean (Lizarra-Andosilla)" izeneko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektua.

Proiektua, bere ezaugarriengatik, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) atalean sailkatuta dago. Beraz, lege horretan xedatutakoaren arabera, Ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozesua egin behar zaio.

Prozedurari hasiera ematearren, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2006ko ekainaren 2an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari laburpen-memoria aurkeztu zion, aurretiazko kontsulten tramitea betetzeko, 4/2005 Foru Legearen 38. artikuluan ezarritakoarekin bat. 19 entitateri egin zitzaien kontsulta eta 5ek erantzun zuten.

2006ko abuztuaren 22an erantzunak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari igorri zitzaizkion, Ingurumen eraginaren azterlanean jorratu behar ziren alderdi nagusien zerrendarekin batera, 39. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Tramite horren laburpena jaso da I. eranskinean.

2006ko abenduaren 20an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Lizarratik Andosillara doan NA-122 errepidean Alloko saihesbidea egiteko proiektua aurkeztu zuen, bere Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, eta 2007ko urtarrilaren 3an Ingurumen zuzendari nagusiak Ingurumen eraginaren azterlana onartzeko txostena eman zuen, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 39.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Proiektua eta Ingurumen eraginaren azterlana labur azaltzen dira II. eranskinean.

Herri Lan kontseilariak otsailaren 8an emandako 16/2007 Foru Aginduaren bidez (2007ko 25. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, otsailaren 26an), Ingurumen eraginaren azterlana jendaurrean jarri zen, proiektuarekin batera.

Jendaurreko aldian 4 alegazio aurkeztu dira. Horietatik 3 dira ingurumenari buruzko edukia dutenak eta horien laburpena III. eranskinean dago, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak emandako erantzunekin batera.

4/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen eraginaren adierazpena egin dadin, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak, 2007ko apirilaren 23an, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari bidali dio espedientea, hau da, agiri teknikoa, Ingurumen eraginaren azterlana eta jendaurreko informazioaren emaitza.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak adierazi du ingurumen alderdi guztiak ebaluatu direla eta behar ziren zuzenketa neurriak garatu direla.

Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenean esandako alderdiak sartu dira proiektuan eta obren baldintzetan.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, Ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura bete dela eta alegazioak aztertu direla kontuan izanik, Ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 1.b) idatz-zatiarekin bat, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Alloko saihesbidea NA-122 errepidean (Lizarra-Andosilla)" izeneko proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Sustatzailea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua da. Proiektua bideragarria da ingurumenaren aldetik; betiere, Ingurumen eraginaren azterlanean eta proiektuan jaso diren zuzenketa neurri guztiak hartu behar dira, eta honako baldintza hauek bete:

_Obrak hasi aurretik behin betiko proposamena aurkeztuko da, mailegu eremuen eta hondakindegien profilak eta horiek lehengoratzeko neurriak barne.

_Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari obren plana igorriko zaio, jarduketak egiteko ezarri den kronograma eta obrak egin bitartean ingurumena zaintzeko programa barne.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumen eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelamenduaren 22. artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Plangintza eta Laguntza Atalari, Alloko Udalari eta Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2007ko apirilaren 26an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Las Heras.

I. ERANSKINA

Aurretiazko kontsulten izapidearen emaitza

Kontsulta egin zaien erakundeen zerrenda eta eman dituzten erantzunen laburpena:

Alloko Udala

Deikazteluko Udala X

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua X

Vianako Printzea Erakundea X

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzua X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa X

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa

UGT

LAB

Nafarroako Unibertsitatea

ELA

UAGN

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

CCOO

EHNE

GOROSTI

GURELUR

Nafarroako Ehiza Federazioa

Nafarroako Ehiztarien Elkartea (ADECANA)

Hona hemen erantzunen edukia, ingurumenari dagokionez:

.Deikazteluko Udala:

Deikaztelu eta Arellanoko egungo sarbideek dituzten arriskuak azaldu ditu, eta eskatu du Deikazteluko iparraldeko sarreran (NA-6342) gaineko edo azpiko pasabidea egin dadila "Alloko saihesbidea" proiektuaren barnean.

.Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Plangintza eta Laguntza Atalak honakoa adierazi du:

_Errepidearen egungo trazadurak bat egiten du P-13 iraganbidearekin herrigunearen hegoaldean, 13 k.p.tik 200 metro atzerago dagoen bidegurutzeraino. Saihesbide berriak ukituko duen 350 metroko tartean, egungo altxonbidearen batez besteko zabalera 20 metrotik gorakoa da, errepidea barne hartuta.

_Desjabetzeen fasean kontuan hartu beharko da errepidearen mendebaldeko ertzeko arekatik neurtuta gutxienez 20 metroko zabalera duen zerrenda erreserbatu behar dela, obrek ukituko duten zatian, P-13 iraganbidea berregiteko.

_Proiektaturiko saihesbideak P-13 iraganbidea gurutzatzen du Alloko herrigunearen hegoaldean, saihesbide berriaren eta NA-122 errepide zaharraren arteko elkargunearen parean. Saihesbidearen eta altxonbidearen gurutzagune horretan bi mailako pasabidea egin behar da.

_Obrak egiten diren bitartean ordezko pasabidea jarri beharko da aziendaren bidea ez eteteko.

.Oihanak Kudeatzeko Atalak adierazi duenez, oihanei dagokienez ez dago eragozpenik saihesbidearen trazaduraren kontra.

.Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak adierazi du proposaturiko aukera bideragarria dela ondarearen ikuspegitik, eta garatu beharreko prebentzio eta zuzenketa neurriak ezarri ditu.

.Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak adierazi du lurraldearen ikuspegitik badirela garrantzizko bi kontu: Alloko herrigunea zeharkatzen duten ibilgailu astunen arazoa konpondu beharra dagoela, eta Jurramendiko hegoaldeko bi sakanak herrigunean uholdeak eragin izan dituztela. Zereal ekoizleen kooperatibarako sarbidea egin beharraz eta Alloko Udal Plan Orokorraren tramitazioaren egoeraz informatu dute.

.Ebroko Konfederazio Hidrografikoa / Ingurumen Ministerioak ohartarazi du Jurramendiko hego maldetako urak jasotzen dituzten hainbat erreka daudela saihesbidearen inguruan. Ingurumen eraginaren azterlanean ezarri behar diren prebentzio eta zuzenketa neurri nagusiak azaldu ditu zehatz-mehatz.

II. ERANSKINA

Proiektuaren eta Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Proiektuaren xedea da errepide berria egitea, NA-122 errepideak Alloko herrigunea zeharkatu ez dezan, eta herrigunearen kanpoaldean errepide hori NA-6310 errepidearekin lotzea, Arroitzera joateko, eta NA-6666 errepidearekin, Sesmara joateko.

Obra paisaiari ahalik ongien egokitzeko, lur-erauzketetako eta lubetetako ezpondek 2H/1V-ko malda izanen dute. Horrela landare lurra zabaldu eta ereite hidraulikoa egin ahal izanen da. Lur-erauzketetako ezponden behealdean 0,75 m zabaleko berma eginen da landare lurrari eusteko. 2 metrotik beherako garaiera duten lubetetan ezpondek 3H/1V-ko malda izanen dute.

Proiektaturiko saihesbideak La Celadillako erretena moztuko du eta ubide bat diseinatu da, baina gainez egindako ur lasterrak ere moztuko ditu eta horiek kanalizatu eginen dira. Zehazki, jarduketa hauek egin nahi dira:

_La Hoya, La Celadilla eta Pradopozosko erretenetatik gainez egindako ur lasterrak kanalizatzea: 10+500 k.p.tik 11+120 k.p.raino, sekzio trapezoidala, hormigoizko zolarekin.

_La Celadillako erretena handitzea: saihesbideko gurutzagunetik La Hoyako erreteneraino, 2,5 m-ko sekzio trapezoidala, 2 m garaiko hormak, 1H/2V-ko ezpondekin.

_Bide eta errepideen azpiko pasabideak: Artaibela erreteneko pasabideak Viñarredonda bidearen azpitik, saihesbidearen azpitik eta Arroitz eta Sesmako errepideen azpitik, hormigoi armatuzko 3 x 2 m-ko markoekin. Artaibela erreteneko pasabidea San Cristóbal bidearen azpitik, hormigoi armatuzko 3,2 x 2,5 m-ko markoarekin.

_Artaibela erretenaren azken zuzenketa: 3 m zabaleko eta 2 m garaiko ubidea eta 1H/3V-ko harri-lubetak.

53.000 metro kubiko mailegu-material behar dira eta obratik 110.000 metro kubiko soberakin geratuko dira. Iturmayor aldean aurreikusitako maileguak bete behar dituen baldintzak ezarri dira. Ustiapenaren proiektua aurkeztu beharko da, tramitatu dadin, eta Ega ibairaino behar adinako distantzia utzirik diseinatuko da. Halaber, hondakindegiari buruzko konponbidea aurkeztu beharko da. Ahal dela, hondakinak mailegu eremua betetzeko erabiliko dira.

Ingurumen eraginaren azterlanean modu egokian deskribatzen da saihesbideak ukitu dezakeen ingurune naturala, balio nagusiak identifikatzen dira eta arreta bereziz aztertzen dira inguruko animalia espezie mehatxatuenak. Ingurune sozioekonomikoa ere deskribatzen da, eta lurraldearen erabileren gainean eta paisaiaren gainean proiektuak izanen duen eragina zehatz azaltzen da.

Behin zuzenketa neurriak aplikatutakoan obrek izanen duten eragin orokorra moderatutzat jotzen da. Erreken gaineko hiru pasabideen neurriak eta ezaugarriak egokitu egin dira: 3 x 2 m-ko kaxak, eta animaliak lehorretik igarotzeko barne-espaloiak.

Landareztatze egokia eginen da, errepidea paisaiari hobeki egokitzeko.

III. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko izapidearen emaitza

1. alegazioa: Elga Hermoso Luzuriaga andrea, José Luis Hermoso Iñigo jaunaren izenean.

1. Alloko lurzati berrantolamenduko 22. poligonoko 1647 (FA-143 eta AL-283), 1648 (FA-142) eta 1649 (FA-141) finken zati bat hartzen bada hondakindegirako, lurzati berrantolamenduan egindako aurreikuspena eta alegatzaileak mahastia handitzeko duen aukera bakarra deuseztatuko lirateke. Horregatik finka horiek baztertzeko eskatzen du.

2. Kalte-ordaina eskatzen du berrantolamenduko 22. poligonoko 1670 lurzatiko mahastiagatik. Saihesbidearen trazaduraren ondorioz, mahatsondo lerroak saihesbidearen perpendikularrak izanen dira eta mahastizaintza ez da errentagarria izanen.

_Erantzuna:

1. Onartu egin da eskatutakoa. Alloko lurzati berrantolamenduko 22. poligonoko 1647, 1648 eta 1649 lurzatiak ez dira okupatuko. Horren ondorioz, 1646 (AL-284) lurzatian aurreikusitako okupazio partziala ere baztertuko da, eremu hori isolatuta geratuko bailitzateke; eta, antzeko edukiera lortzeko, 1644 (FA-144) eta 1643 (FA-145) lurzatien aldi baterako okupazioa partziala izan ordez osoa izanen da.

2. Proiektu honek ez du ukituko lurzati berrantolamenduko 22. poligonoko 1670 lurzatia.

2. alegazioa: J. Carmelo Salvatierra Macua jauna, Deikazteluko Udalaren izenean.

1. Proiektuan adierazten denez, NA-122 errepidea Foru Komunitatearen intereseko errepidea da. Beraz, 80 km/h-ko abiadurarako diseinatu behar da.

2. El Perilloko erretenean eta saihesbideak zeharkatuko dituen erreten guztietan, pasabideetan 3 x 2 m-ko markoak jartzeko eskatzen du, noizbehinka uholde handiak izaten dituzten erretenak direlako.

3. Saihesbideak ukituko dituen lurzati berrantolamenduko bide guztietan, errepidearekiko gurutzaguneetan, 20 bat metroko tartea asfaltatzeko eskatzen du.

4. Saihesbidetik finketara zuzenean egiten diren sarreretan arekaren gaineko pasabidea jartzeko eskatzen du.

5. Deikazteluko 4. poligonoko 387 lurzatiko J barrutian aurreikusitako ukipena okerrekoa izan daitekeela uste du, eta eskatzen du hondakindegi gisa ager dadila, eta gero alor gisa lehengoratu dadila.

6. Obrak egin ondoren bideak orain duten kontserbazio egoera berean uzteko eskatzen du.

_Erantzuna:

1. Nafarroako Errepideen 2002-2009rako II. Plan Zuzentzailean ezarritakoaren arabera, Foru Komunitatearen intereseko errepideak 80 km/h-ko abiadura espezifikorako proiektatuko dira.

2. Fabrika-obrek 100 urtean behingo uholdea bideratzeko adinako neurriak izanen dituzte. El Planilloko erretenean 1.800 mm diametroko hodia jarriko da.

3. Proiektuan ere ezarrita dago 15 metroko tartea asfaltatuko dela saihesbidearen eta bideen arteko gurutzaguneetan, eta alegatutakoa onartu egin da.

4. Lurzati guztiei berriz eginen zaie sarrera, eta saihesbidetik egiten diren sarreretan arekaren gaineko pasabidea eginen da.

5. Deikazteluko 4. poligonoko 387. lurzatiko J barrutiak 12.611 m² ditu eta gaur egun horren puska bat harrobi gisa ustiatzen da. Jendaurreko informazioa zuzena da; proiektuak DI-170 finka honetako 3.276 m² aldi baterako hartzea aurreikusten du maileguetarako. Bestalde, lurzati hau eta mailegu eremuko lurzati mugakideak egokitu eginen dira, berriz ere egokiak eta erabilgarriak izan daitezen. Horretarako landare lurra berrezarriko da.

6. Obretarako erabiltzen diren bideak orain duten kontserbazio egoera berean utziko dira.

3. alegazioa: J. Sergio Aisa Ochoa jauna, Alloko Udalaren izenean.

1. Proiektuak saihesbidearen eskuinaldean ubidea egitea aurreikusten badu ere, ez da proiektatu emari txikieneko erretena kanalizatzea, hain zuzen ere herrigunean eragin handiena duena, aldian behin gainez egiten duelako: La Hoyako erretena. Erreten hori proiektaturiko kanalarekin bat egin arte kanalizatzeko behar diren obrak proiektuan aurreikus daitezela eskatzen du.

2. Hegoaldeko elkarguneak ez ditu konponduko zereal ekoizleen kooperatibak errepidean sortzen dituen segurtasun arazoak. Proiektaturiko elkargunearen ordez kooperatibaren inguruetan biribilgune irekia egiteko eskatzen du.

_Erantzuna:

1. Lehen puntuari dagokionez, esan behar da erretena kanalizatzeko eskatzen diren obrak ez direla proiektu honen xede.

2. Zereal ekoizleen kooperatibak eragiten duen trafikoaren ondorioz hegoaldeko elkargunean dauden segurtasun arazoak konpontzeko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak lotune bat sartuko du proiektuan, saihesbidearen azpiko pasabidea eginen da eta mugimendu guztietarako behar diren adarrak eginen dira. Lotune hori eginen denez, proiektaturiko hegoaldeko elkargunea eta galibo txikiko pasabidea kenduko dira.

Iragarkiaren kodea: F0707806