62. ALDIZKARIA - 2007ko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

441/2006 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena "N-121-A errepidean, Endarlatsan, Bidasoa ibaiaren gainean zubi bat egiteko proiektuaz". Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du proiektu hori.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, proiektu hau Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3C eranskineko C multzoko a) letran sarturik dago eta, beraz, Ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura bete behar du.

Espedientearen xede den trazadura alboko tarte hauetarako proiektatutakoen artean sartzen da: Bera/Endarlatsa, Nafarroan, eta, Endarlatsa-Behobia (Irun), Gipuzkoan. Jarduketaren oinarrizko elementuak hauek dira: Endarlatsako Bidasoa ibaiaren gaineko zubiaren egitura berezia, eta izen bereko lotunea, egungo N-121-A errepideko zubiarekin lotutakoa.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak azaroaren 18an eman zuen 0579/2005 Foru Aginduaren bidez, "N-121-A errepidea, Bera-Endarlatsa tartea" izeneko proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Proiektuaren xedea zen N-121-A errepideko azken tartea egitea, Berako hirigunearen irteeratik Endarlatsako zubiraino, Lesakako eta Berako udal mugapeetan. Ingurumen eraginaren ebaluazio horretan, 4 km horietarako teknikoki eta ingurumenaren aldetik aukerarik egokiena aztertu eta aukeratu zen, Endarlatsako zubia kenduta, baina Gipuzkoarekin lotzeko konponbidea aurreikusita utzita. Informazio azterlanari buruz egin zen Ingurumen eraginaren adierazpenaren bidez, proiektua ingurumenari dagokionez bideragarria izateko neurri zuzentzaileak ezarri ziren, Bidasoa ibaiko BILean izanen lituzkeen ondorioak aztertu eta gero.

2005eko urriaren 4an, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak "N-121-A errepidean, Endarlatsan, Bidasoa ibaiaren gainean zubi bat egiteko proiektua" aurkeztu zuen, departamentu horrek berak egindako Ingurumen eraginaren azterlanarekin batera, 4/2005 Foru Legearen 39.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako. Ingurumen zuzendari nagusiak Ingurumen eraginaren azterlanaren nahikotasun txostena aurkeztu zuen.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak urriaren 5ean eman zuen 156/2006 Foru Aginduaren bidez, jendaurrean paratu ziren, 30 egun balioduneko epean, "N-121-A errepidean, Endarlatsan, Bidasoa ibaiaren gainean zubi bat egiteko proiektua" eta Ingurumen eraginaren azterlana. Erabaki hori 2006ko 123. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, urriaren 13an.

Epe horretan, Berako Udalak alegazio bat aurkeztu du. Alegazioan, trazadura aldatu eta Guardia Zibilaren koartela mantentzea proposatu eta obrek dirauten bitartean trafikoan ahalik eta eraginik txikiena sortzeko eskatzen da.

Jendaurrean egoteko epea amaiturik, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak espedientea aurkeztu du, tramitatzen jarraitu ahal izateko, 4/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Halaber, jasotako alegazioaren gainean, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak jakinarazi du trazaduraren arrazoi teknikoen ondorioz ez dela bideragarria koartel zaharra mantentzea. Aditzera ematen du, baita ere, obra fasean aurreikusi dela trafikoa aintzat hartzea, ahalik eta kalterik gutxien sortzeko.

Zubi berriaren proiektuak Informazio azterlanean tramitatutako lotunearen tipologia errespetatu eta hura mugitzen du, ibaiarekiko distantzia handituz. Zubiaren ezaugarriek betetzen dituzte balio ekologiko handia duen eremu horretako ingurumen irizpideak. Informazio azterlana hiru alderditan aldatzen dute, funtsean.

_Trazadura hegalerantz mugituko da, tartearen hasieran. Proiektatutako trazadurak Bidasoaren ibaiertza hartzen zuen 100 m inguruan eta uholde arriskuko eremuan sartzen zen 5 urteko ur-etorriarekin. Trazadura mugitzean, ibaiertza gehiago errespetatu eta nabarmenki murriztuko da haltzadiari egiten ahal zaion kaltea. Hegalean indusketa gehiago eginen da eta ezpondaren gehieneko altuera eta soberakinen bolumena handituko da.

_Lotunearen diseinu berria eginen da, egungo errepidearen eta ibaiaren eskuineko bazterreko hormaren arteko eremuaren behin betiko okupazioa murriztuko duena; eremu horren zati bat Bidasoa ibaiko BILari dagokio.

Eremu hori behin-behinean okupatuko da, obrek dirauten bitartean, aurreikusten baita solidoak eutsi eta dekantatzeko sistemak eraikitzea, horiek Bidasoa ibaira ez iristeko eta uraren kalitatea zaintzeko obren bitartean. Obrak bukatutakoan, aipatu sistemak eraitsi eta ukitutako azalerak lehengoratuko dira.

_190 metroko luzerako zubi berezi bat proiektatu da. Zubiak bao bakar bat izanen du. Euskarri bakarrak ibaiaren bi alboetako estribuak izanen dira. Zubia apur bat mugitu da, Endara errekaren bukaeran eraginik ez izateko, hortxe izokin arrabaleku bat baitago. Ez da pilarerik jarriko Bidasoa ibaian, bereziki sentibera den eremu batean, putzu interesgarri bat dagoelako izokinaren biologiarentzat. Zubia ibaiaren eskuineko bazterreko estribuan egiten hasiko dira eta zubian bertan aurrera eginez eraikiko dute. Makinek ibaia N-121-A errepideko egungo zubitik gurutzatzen ahalko dute, ibaiaren ibilgua ez ukitzeko.

IEAk proiektu berrian sortutako eraginak baloratu ditu eta 2005eko Ingurumen eraginaren adierazpenean ezarri ziren eragin maila berberak eta neurri zuzentzaile berberen beharra mantendu du, klimari, atmosferari, lurzoruaren galerari eta obrek sortzen dituzten zarata mailei dagokienez.

Isurketek eta lerratzeek ibaian eragina izateko aukerak saihesteko sistema bat sortzea ezarri da lotunearen eremuan. Instalazio osagarriak, material metaketak, etab. zubi berriaren alboan eginen dira. Lotunearen azalera okupatu eta eremu hori eta haren ingurua egokituko dira obren hasieran, iragazgaizte eta ur bilketa sistema baten bidez; ur horiek solidoak eusteko sistema batera bideratuko dira. Sistema horretara iritsiko dira, baita ere, ezpondaren indusketa eremuko materialak herrestaka eramaten dituzten urak. Eragin arriskua nabarmenki murriztuko da, sistema horiek behar bezala funtzionatzen dutela bermatuz gero.

Ibai-ohearen alterazioaren ondoriozko eragina ere murriztuko da, neurri handiagoan edo txikiagoan, saiatuko baitira hormetako lan guztiak ibaiaren ibilgutik kanpo egiten.

Landarediaren gaineko eragina bateragarria izanen da, haltzadia gutxiago kaltetu eta zuhaitz bereziak ukituko ez direlako. Txilardi-otadiak gehiago eta ibaien inguruneko komunitateak gutxiago ukituko dira. Komunitate horiek ez dute berezitasun ekologikorik, baina BILaren kontserbazioa hobetuko duten komunitate azalerak lehengoratzea ahalbidetzen dute.

Eraikuntza proiektuaren arabera, animalien pasabide bat eginen da, zeharkako drainatze obra batean. Pasabidea behar bezala egokituko da, 2005eko Ingurumen eraginaren adierazpenari jarraikiz.

Areagotuko dira lotune proiektu berria dela-eta eginen den lur-erauzketatik ateratako soberakinak. Hortaz, zabortegi eremu egoki bat beharko da. 10 kokaleku alternatibo aztertu eta, azkenean, ingurumen irizpideak, irizpide teknikoak eta kudeaketa irizpideak kontuan hartuta, proposatu egin da Beratik Endarlatsara bitarteko errepide tartearen proiektuan aurreikusitako soberakin biltegia handitzea. Handitze horren ondoriozko kalteak aztertu eta hartu behar diren neurri zuzentzaileak proposatu dira.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du, tramitean agertu dokumentazioa aztertu eta gero, proiektua bideragarria dela ingurumenaren aldetik; hortaz, bidezkoa da Ingurumen eraginaren adierazpena egitea eta, horrekin batera, proiektua gauzatu daitekeela adieraztea, ingurumenari dagokionez.

Horrenbestez, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 40.1 artikuluak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko eginkizunak esleitzeko ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatutako "N-121-A errepidean, Endarlatsan, Bidasoa ibaiaren gainean zubi bat egiteko proiektuari" buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, ingurumenari dagokionez soilik, baldintza hauek betez betiere:

a) Obrak hasi aurretik ingurumeneko jarraipen batzorde bat eratuko da, eta bere zeregina izanen da proiektua ingurumenean ongi integratzen den eta egoki garatzen den begiratzea, kontuan hartuta Ingurumen eraginaren azterlanean, horren osagarria den dokumentazioan eta Ingurumen eraginaren adierazpen honetako baldintzetan ezarritakoa.

b) Ingurumena Zaintzeko Programa aurkeztuko da, obra aldirako eta errepidearen erabilera aldirako prestatuta, IEAn aurkeztutako Ingurumena Zaintzeko Programan ageri diren jarraibideekin bat. Programa horren bidez, eraginak kontrolatzen ahalko dira, bai eta Eraginaren azterlanean eta adierazpenaren baldintzetan ezarritako neurri zuzentzaileen eraginkortasuna ere.

c) Lur-erauzketaren eta beste jarduketa batzuen indusketatik ateratako urak dekantatu eta biltzeko sistemen definizio zehatza aurkeztuko da, 2006ko iraileko Ingurumen eraginaren azterlanean ezarritakoarekin bat.

d) Zubia eta eustormak egiteko, makinen mugimenduak ibaiaren barrutik ez lan egiteko programatuko dira, bereziki habitat salmonikolako eremurik sentiberenetan. Makinek egungo zubitik gurutzatuko dute ibaia.

e) Obrak egin aurretik, egin bitartean eta egin ondoren hartzen diren neurrien xedea da eraginak ahalik eta txikienak izatea eta landaredia leheneratzea, hondatzen den tokietan. Neurri horien artean, aipagarri ditugu:

_Obrak egin bitartean, zuhurtziazko neurri hauek hartzea, naturguneak ahalik eta gutxien honda daitezen: obra eremua murriztea, makina eta langileen alferrikako mugimenduak saihestea, etab.

_Ur bazterreko landaredia sartzea eta dagoenaren kontserbazio egoera hobetzea.

_Lubetetan eta lur-erauzketetan bertako espezieak sartzea.

f) Ingurumen eraginaren azterlanean aztertu ez diren obra osagarriek edo aldi baterakoek Ingurumen ukipenen azterlana beharko dute eta, gero, leheneratze lana egin beharko da.

g) Obren agindu tekniko partikularren agiriari erantsiko zaizkio IEAn aurkeztutako neurri zuzentzaileak, Adierazpenean jasotakoak eta Zainketa Programa betetzearen ondoriozko jarduerak. Horietan guztietan memoria, planoak eta aurrekontua agertuko dira. Ingurumena Zaintzeko Planak sortzen dituen gastuak baloratuko dira.

2. Ingurumen eraginaren adierazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 40.2 artikuluan ezarririkoari jarraikiz.

3. Foru agindu hau Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Berako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko azaroaren 27an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0707308