141. ALDIZKARIA - 2007ko azaroaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARBIZU

Udal ordenantza, jarduera sailkatuen alorrean baimenak emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2007ko abuztuaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolaren arloan baimenak emateko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2007ko 112. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, irailaren 7an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Arbizun, 2007ko urriaren 17an.-Alkatea, Jesús María Mendinueta Urdánoz.

ORDENANTZA FISKALA, INGURUMENA BABESTE ALDERA KONTROLATU BEHARREKO JARDUERA SAILKATUETARAKO ETA JARDUERA KALTEGABEETARAKO BAIMENAK EMATEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza zerbitzu tekniko eta administratiboak egitea da ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan aritzeari, hirigintzako txostenak jaulkitzeari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu behar diren espedienteak tramitatzeari dagokionez, ondoko kasuetan:

a) Jarduteko lizentzia.

b) Jarduteko lizentzia berrikustea.

c) Irekitzeko lizentzia.

d) Irekitzeko lizentziaren aldaketa.

e) Hirigintzako udal txostenen jaulkipena, partikularrek eskatuta.

f) Udal Planeko hirigintzako aldaketak, xehetasun azterlana, birzatiketa proiektua, urbanizazio proiektua.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Lizentzia eskatzean, hirigintzako espedientea hasteko eskatzean edo hirigintzako txostena eskatzean, halakoxeetan sorraraziko da tasa. Ez da ordaindu beharko, interesdunak eskabideari uko egiten badio, Udalak lizentzia emateko erabakia hartu baino lehen.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaindu behar dituzte pertsona fisiko eta juridikoek, bai eta nortasun juridikorik ez izan arren, batasun ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateek ere, baldin haien izenean lizentzia eman, aldatu, eskualdatu edo berraztertzen bada.

Tarifak

5. artikulua. Tarifak arau honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

6. artikulua. Jarduteko eta irekitzeko lizentziak eskuratu nahi dituztenek eta berdin hirigintzako txostena edo espedientea nahi dutenek eskabidea aurkeztuko dute Udaletxean, eta harekin batera, dagozkien udal ordenantzetan eskatzen den dokumentazioaz gain, honako hauek zehaztuko dira: lokalean egin beharreko jarduera edo jarduerak, horren kokapena eta zer lur-zati edo eraikinen gainean egin behar den txostena edo tramitatu hirigintzako espedientea.

7. artikulua. Lizentzia onartu, txostena jaulki edo hirigintzako tramitazioa hasitakoan eta tasa honen likidazioa onetsitakoan, interesdunak zenbateko bat ordaindu beharko du borondatezko kobrantza aldiaren barrenean, jakinarazpena jasotzen duenetik aitzina; bestela, inolako gaztigurik gabe, premiamendu bidez kobratuko da.

8. artikulua. Onartutako lizentziek balioa galduko dute dagokien araudian ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

9. artikulua. Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Titular berriaren aldeko lizentzia egiaztatzen duen titulua eskuratzeko, dagokion tasa ordaindu beharko da.

Arau-hausteak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

ERANSKINA

Tarifak

I. epigrafea.-Jarduteko lizentzia edo jarduteko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4D eranskinean zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak: 200,00 euro.

II. epigrafea.-Jarduteko lizentzia edo jarduteko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4A, 4B eta 4C eranskinetan zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak: 400,00 euro.

III. epigrafea.-Irekitzeko lizentzia edo irekitzeko lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4D eranskinean zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak: 200,00 euro.

IV. epigrafea.-Jardueren lizentzia edo jarduera lizentziaren berrikuspena, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 4A, 4B eta 4C eranskinetan zehaztutako jarduera sailkatuen proiektuei buruzkoak: 500,00 euro.

V. epigrafea.-Hirigintzako udal txostenak: 10,00 euro.

VI. epigrafea.-Udal Planeko aldaketa: 600,00 euro.

Urbanizazio proiektuaren tramitazioa: 100,00 euro.

Birzatiketa proiektuaren tramitazioa: 200,00 euro.

Xehetasun azterlana: 100,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0716888