103. ALDIZKARIA - 2007ko abuztuaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

GALAR

Karguen izendapena eta eskumenen gaineko eskuordetzea

Galar Zendeako alkateak, Alkatetzaren uztailaren 2ko 77/2007 Dekretuaren bidez, ebazpen hau eman zuen:

Udal hauteskundeak egin eta Udal berria eratuta, Udalaren jarduketa arinagoa eta eraginkorragoa egitearren Alkatetza honek beharrezkotzat jotzen du Gobernu Batzarreko kideak eta zinegotzi eskuordeak izendatzea, betiere Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 eta 23.4 artikuluek apirilaren 21eko 11/1999 Legeak emandako testu berriaren arabera ematen dizkioten ahalmenak erabiliz.

Horiek horrela eta kontuan hartuz aipatutako legediaren arabera Alkatetza honek zinegotziak eskuordetzen ahal dituela bere eskurantzetan aritzeko, salbu eta aurreikusitako kasu batzuetan, aurreikusi non eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21.3 artikuluan, egungo testuaren arabera, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13. artikuluan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako testu berriaren arabera, horietan arautzen baita zein eskumenetarako ezin den inor eskuordetu.

Horrenbertzez, Alkatetza honek legez dituen eskurantzak erabiliz,

Ebatzi dut:

Lehenbizikoa._Cecilio Lusarreta Echarri Udal honetako alkateorde izendatzea, indarra duen legeriak aitortzen dizkion ahalmenekin.

Bigarrena._Zinegotzi hauek Tokiko Gobernu Batzarreko kide izendatzea:

_Epaimahaiburua: alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

_Kideak: Cecilio Lusarreta Echarri, Miguel Echeverría García eta Esteban Lizarbe Aristu.

Hirugarrena._Gobernu Batzarra eskuordetzea, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen 21.1.j) eta 21.1.q) artikuluek Alkatetza honi hirigintza arloan eta obra lizentzien emateari dagozkionetan esleitzen dizkioten eskumenetarako.

Laugarrena._Ondotik aipatzen diren Udalbatzako kideak eskuordetzea dagozkien jarduketa alorretako aferak kudeatu eta ebazteko eskurantzetarako oro har, jarraian aipatzearren ematen diren jarduketa eremuetan ari daitezen:

Zinegotzia: Alorra: Kultura eta Kirola.

Esparru funtzionala: alorrarekin lotutako oro.

Zinegotzi eskuordea: Cecilio Lusarreta Echarri.

Zinegotzia: Alorra: Etxebizitza eta Ingurumena.

Esparru funtzionala: alorrarekin lotutako oro.

Zinegotzi eskuordea: Alfredo Erro Maeztu.

Zinegotzia: Alorra: Herri lanak, Argiak eta Lorezaintza.

Esparru funtzionala: alorrarekin lotutako oro.

Zinegotzi eskuordea: Miguel Echeverría García.

Zinegotzia: Alorra: Lana.

Esparru funtzionala: alorrarekin lotutako oro.

Zinegotzi eskuordea: Luis Valero Erro.

Osasun eta Ongizate alorrari eta Aukera Berdintasunetakoari dagokion eskuordetzea egin gabe gelditu da, hurrengo batean egitekotan.

Zinegotzi horiendako eginiko eskuordetze orokor horrek bere baitan izanen ditu dagokion alorra zuzentzeko nahiz kudeatzeko ahalmena, baina ez ebaztekoa, ebazpen ahalmena Alkatetzarena izanen baita betiere.

Borzgarrena._Udal honetako zinegotzi guztiak eskuordetzea Kode Zibileko 51.1 artikuluak, abenduaren 23ko 35/1994 Legeak emandako testu berriaren arabera, Alkatetza honi ematen dizkion eskumenetarako, hain zuzen ere udal mugapean egiten diren ezkontza zibilak baimentzeko.

Eskuordetze horrekin zinegotzi guztiek baimentzen ahalko dituzte ezkontza zibilak. Ezkontza bakoitzean ezin izanen du zinegotzi batek baino gehiagok parte hartu.

Seigarrena._Zinegotzi hauek administrazioaren ordezkari izendatzea, organo hauetan ari daitezen:

Erredakzio Kontseilua: Cecilio Lusarreta, Alfredo Erro, Carmen Oslé, Javier Nuin, Joaquin Videgain eta Luis Valero.

Iruñerriko Mankomunitatea, Konpentsazio Batzordeak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa: Ricardo Ariz.

Zazpigarrena._Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gainean azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 44. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eskuordetze horiek indarra izanen dute ukitutako zinegotziei dekretu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta mugagabeak izanen dira, Alkatetza honek eskumen horiek bereganatzeko duen ahalmena deusetan ukatu gabe.

Eskuordetutako zinegotziak kanpoan badira, eri badaude, kargua hutsik badago edo bertzelako edozein eragozpen delarik, Alkatetza honek bertzerik gabe zuzenean bere gain hartuko ditu eskuordetzean sartutako eskumenak, bera baita eskumenen jatorrizko titularra. Kasu horretan bereganatze ahalmena erabili duela ulertuko da, ebazpen honetan oinarrituz, ez baita hartarako berariazko bertze ebazpenik eman beharko.

Eskuordetzean sartutako eskurantzak eskuordetze honetan ezarri bezala erabili beharko dira, eta betiere ezarritako mugen barnean. Horien titularrek ezin izanen dute bertze organo edo zinegotzirik eskuordetu haietarako.

Zortzigarrena._Ebazpen hau ukitutako zinegotziei jakinaraztea. Eskuordetzea onartua izan dela ulertuko da isilbidez, hurrengo 24 orduko epean ez bada kontrakorik adierazten edo eskuordetze hori erabiltzen bada.

Bederatzigarrena._Osoko Bilkurari ebazpen honen berri ematea lehenengo bilkuran, eta haren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaleko Informazio Aldizkarian argitaratzea, arestian aipatutako legearen 44.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Argitara ematen da, orok jakin dezan.

Getze Galarren, 2007ko uztailaren 4an._Alkatea, Ricardo Ariz Imízcoz.

Iragarkiaren kodea: L0711457