94. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

1594/2006 EBAZPENA, ekainaren 28koa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Ingurumen Ondorioen Deklarazioa egiten da ondoko proiektuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren gainean: "E15 sareko elikadura APA ardatz berria (G05), G-04 Kok./Ledea (Nafarroa)", Gas Natural Distribución SDG, S.A.k sustatua.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko proiektu sektorialei ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen ondorioen deklarazioa egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Nafarroako Gobernuak 2006ko urtarrilaren 9an hartu eta 2006ko urtarrilaren 27ko 12. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutako Erabakiaren bidez, aipatutako foru legearen 33. artikulua betez, jendaurrean jarri zen, ingurumen ondorioen azterlanarekin batera, honako udalez gaindiko proiektu sektorial hau: "E15 sareko elikadura APA ardatz berria (G05), G-04 Kok./Ledea (Nafarroa)".

Jendaurreko epean alegazio idazki bat jaso zen, Ledeako Udalak aurkeztua. Idazki horretan proiektuaren inguruko zenbait gai azaltzen dira, segurtasunari, lanen exekuxioari eta bide batzuetan eraginen dituzten ukipenei buruzkoak.

2006ko martxoaren 29an, Gas Natural Distribución SDG, S.A.k alegazioen erantzuna aurkeztu zuen, eta Arroilako bideetan lanek izanen duten eragina ahal den txikiena izan dadin, beste trazadura bat proposatu du, hasierakotik hurbil joanen dena; Irati ibaia gurutzatzeko tokia "el Vado" izeneko tokira aldatuko da, eta hortik aurrera lurzatien artean dagoen bidean aurrera eginen du Ledeako udalerriko mugaraino.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txostenaren arabera, proiektua garatzean bete beharko dira, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ezarririko neurri zuzentzaile guztiak ez ezik, ebazpen honetan adierazitako baldintzak ere; bestalde, Gas Natural Distribución SDG, S.A.k alegazioei erantzunez aurkeztu duen aldaketaren balorazio ona egiten du ingumenean izanen dituen ondorioei dagokienez.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez nire esku utzi dituen ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumenaren gaineko ondorioen deklarazio hau egitea: ingurumenaren aldetik egokia da onestea "E15 sareko elikadura APA ardatz berria (G05), G-04 Kok./Ledea (Nafarroa)" jartzeko udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Gas Natural Distribución SDG, S.A.k sustatua; hasierako espedientean jasota dauden neurri zuzentzaileak eta sustatzaileak 2006ko martxoaren 29an proposatutakoak ez ezik honako baldintza hauek ere bete beharko dira:

_Gasbidearen trazadura, Irunberriko udal mugapeko Magdalena alderdiko lurzatietan, hein batean aldatzea, "Leireko mendilerroa-Arbaiungo arroila" ES0000125 BILean eragina izanen duelako. Hortaz, lurzatien ertzera mugitu behar da, Iruña-Huesca N-240 errepide aldera.

_Irati ibaiarekiko gurutzegunean kondukzio gidatua egiteko behar diren plataformak ibaitik eta haren inguruko landareditik ahalik eta urrutien paratuko dira, eta bukatzean, ukitutako eremua lehen zegoen bezala utziko da.

_Arkeologiako teknikari tituludun bat izanen da jarduketak ikusten, lanetan bertan, katalogatu gabeko kultur ondarea uki ez dadin.

_Ukitutako eremu guztiak lehengoratu eginen dira, eta horretarako gramineoak eta lekadunak ereinen dira; bestalde, zortasun iraunkorra ez duten eremuetan ondoko espezieak jarriko dira: Populus nigra, Alnus glutinosa, Fraxinus angustifolia, Salix alba eta Prunus spinosa.

2. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Irunberriko eta Ledeako udalei eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko ekainaren 28an._Ingurumen zuzendari nagusia, Juan José Grau Lasheras.

I. ERANSKINA

Udalez gaindiko proiektu sektorialaren deskripzioa

Proiektu sektorialaren xedea da gas berrelikadurarako adar bat paratzea, Irunberriko eta Ledeako udalerrietan, gehienbat aurreikusiriko kontsumitzaileei, Smurfit enpresari eta EHNri hornitzeko, inguruetan baitaude.

Eraiki nahi den adarra, 4.830 metrokoa, ENAGAS APA 72 bar-eko sareko G-04 kokagunetik abiatuko da; horretarako G-650 motako ERM 72/16 bat paratuko da. Hodiak, DN 6"-koa, G-04 kokalekutik abiatu eta lehorreko lurretan zehar hego-ekialderantz eginen du (frutarbolak, mahastiak, zereal alorrak eta bideak).

Trazadura aireko instalazio elektrikoekin edo telefonia finkokoekin gurutzatzen den guneez gain, puntu berezi hauek nabarmendu behar dira:

Trazadurarainoko distantziak Puntu berezien deskripzioa G-04 kokagunetik:

275 metro: _Murillo el Fruto-Zaraitzu altxonbidearekiko gurutzagunea.

1.075, 1.555 eta 1.880 metro: Collares-La Magdalena errekarekiko gurutzaguneak.

1.255 metro: N-240 errepidearekiko eta Iruña-Jaka autobia izanen denarekiko gurutzagunea.

2.050 metro: Irunberriko eta Ledeako udal mugapeen arteko gurutzagunea.

3.500 metro: "Irati/Urrobi ibai sistema" ES 2200025 BILarekiko gurutzagunea.

4.345 metro: Iruña-Jaka autobia izanen denaren trazadurarekiko gurutzagunea.

4.830 metro: Ledeako herrigunea.

Iruña-Huesca N-240 errepidearekiko gurutzagunea zulatze horizontalaren bidez eta babes hodia paratuta eginen da. Irati ibaiarekiko gurutzagunea zulatze zuzenduaren bidez eginen da eta beharrezkoak izanen dira horretarako plataformak ibaiaren bi aldeetan. Gainerako gurutzagunean aire zabalean eginen dira, hodi lastadunekin, babes hodia ere izan dezakeena.

Zangak ireki eta hodiak paratzeko aurreikusi da aldi baterako okupatuko den lan-pistak 10 metroko zabalera izanen duela. Hodiak sortuko duen zortasun iraunkorra hiru metro zabal izanen da; zabalera bera izanen du konexiorako kableen eta babes katodikorako elementuen zortasun iraunkorrak eta gehienetan bi zortasunak elkarren gainean geldituko dira.

Zuinketa, obren exekuzioa, probak eta kargan jartzea egiteko bost hilabete beharko direla kalkulatu da.

Dokumentazioari atxikitako Ingurumen Ondorioen Azterlanak modu laburrean garatzen du ohiko metodologia, eta behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen ditu.

Iragarkiaren kodea: F0611261